127. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

168/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 4koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, amaiera ematen diena Elizondoko Francisco Joaquín Iriarte Zahar Etxearen eta ASPACEren Elkarrekiko Harremanetarako Zentroaren antolaketaren aldaketei, eta Javier Zugasti Morionesen eginkizun-esleipenari behin-behineko zentroko zuzendari izateko. Esleipen hori hainbat zentro soziosanitarioren zuzendaritzan eta koordinazioan laguntzeko zen.

Martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduaren bidez hainbat neurri osagarri ezarri ziren gizarte zerbitzuetako egoitzen esparrua antolatzeko eta haietan informazioa banatzeko COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketari buruz. Agindu horren hirugarren apartatuan ahalmena ematen zaio kasuan kasuko autonomia erkidegoko agintaritza eskudunari agindu horren xedeko egoitzetan esku hartzeko, egoitza bakoitzean dagoen egoera epidemiologiko eta asistentzialaren arabera, betiere behar eta proportzionaltasun irizpideei jarraikiz.

Apartatu horrekin bat, beste jarduketa batzuen artean, esku-hartze horren ondorioz, behar diren neurriak ezartzen ahalko dira, batetik, egoitza berriak abian jartzeko eta daudenen edukiera edo antolaketa aldatzeko, eta, bestetik, administrazio publiko horretako langile bat izendatzeko, zentroan martxoaren 19ko SND/265/2020 Aginduaren 2.1 apartatuko b), c) eta d) multzoetan sailkatutako erabiltzaileak dauden kasuetan, bertako jarduera asistentziala zuzendu eta koordina dezan.

Apirilaren 6ko 6/2020 Foru Legearen bidez, premiazko neurriak onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Foru lege horren 4. artikuluan ezartzen denez, organo eskudunek aparteko zerbitzuak esleitzen ahalko dizkiete enplegatu publikoei, edozein dela ere haien lanpostua eta araubide juridikoa, pertsonak, ondasunak eta tokiak babesten direla bermatzeko xedez. Orobat, ezartzen da hartzen diren neurrien helburua izan daitekeela langile horiei esleitzea haien lanpostuari, kategoriari edo espezialitateari ez dagozkien eginkizunak, baldin eta langile horiek esperientzia edo gaikuntza tekniko nahikoa badute esleituriko eginkizun horiek betetzeko; mugigarritasun geografikoko neurriak ere hartzen ahalko dira.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 30eko 141/2020 Foru Aginduaren bidez, zenbait neurri ezarri ziren martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan aurreikusitako egoerak gertatzen direnerako, egoitza bakoitzaren egoera epidemiologikoaren eta asistentzialaren arabera. Halaber, apirilaren 12ko 151/2020 Foru Aginduaren bidez, adierazi zen esku hartu beharra zegoela Elizondoko Francisco Joaquín Iriarte Zahar Etxea zentro soziosanitarioan, eta baimena eman zen zentro horretako zenbait egoiliar eramateko ASPACEk Lekarozen duen Elkarrekiko Harremanetarako Zentrora.

Halaber, Eskubide Sozialetako kontseilariaren apirilaren 16ko 154/2020 Foru Aginduaren bidez, Javier Zugasti Moriones jaunari esleitu zitzaizkion Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zentroko zuzendari eginkizunak Elizondoko Francisco Joaquín Iriarte Zahar Etxeko zuzendaritza eta koordinazio asistentzialeko lanetan eta ASPACEren Elkarrekiko Harremanetarako Zentroko arreta soziosanitarioan laguntzeko.

Une hauetan, COVID-19aren osasun krisia egonkortu da, eta ASPACEren Elkarrekiko Harremanetarako Zentroaren jarduna eten da. Beraz, ez da beharrezkoa behin-behineko zentroko zuzendaria egotea aipatu zentroen zuzendaritzari laguntzeko.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 23ko SND/275/2020 Aginduan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuan, eta koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituen martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuan ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Elizondoko Francisco Joaquín Iriarte Zahar Etxearen eta ASPACEren Elkarrekiko Harremanetarako Zentroaren antolamenduaren aldaketari amaiera ematea. Agindu honek 2020ko ekainaren 4tik aurrera hartuko du indarra.

2. Javier Zugasti Morionesen Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako behin-behineko zentroko zuzendari izateko eginkizun-esleipenari amaiera ematea, 2020ko ekainaren 4tik aurrera. Esleipen hori eman zitzaion Elizondoko Francisco Joaquín Iriarte Zahar Etxeko zuzendaritza eta koordinazio asistentzialeko lanetan eta ASPACEren Elkarrekiko Harremanetarako Zentroko arreta soziosanitarioan laguntzeko.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabidearen Zuzendariordetzari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 4an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2005716