126. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

116E/2020 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, eskatutako aldaketa onesten duena Tuterako udal mugapean hondakinen tratamendu zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia hartzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integraturako ezarritako funtzionamendu baldintzetan. Instalazioaren titularra Erriberako Mankomunitatea da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 13ko 2549/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 23ko 73E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2020ko martxoaren 24an, ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko eskatu zuen titularrak. Eskatu zuen, zehazki, LER 030309 kodea duen hondakin berri bat sartzeko ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri den kudeatutako hondakinen zerrendan: paper fabrikako kaltzio karbonatoko lohiak.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, ikusi da gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, uste baita aldaketa espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, espediente hau tramitatu da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, titularra isilbidez ados delarik (martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua indarrean sartu ondotik egin baitzuen eskaera).

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onestea Tuterako udal-mugartean dagoen hondakinen tratamendu zentroa eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegia hartzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioaren titularra Erriberako Mankomunitatea da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen. Alarma egoera martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratu zuen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Erriberako Mankomunitateari eta Tuterako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2005281