126. ALDIZKARIA - 2020koekainaren11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 3an hartua, presakotzat deklaratzen duena, nahitaez desjabetzearen ondorioetarako, honako proiektu honen lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa: “Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzen duen udalez gaindiko proiektu sektoriala”. Proiektua Ega ibaiaren arroa hornitzen duen adarraren trazaduraren aldaketari buruzkoa da.

Nafarroako Gobernuak 2013ko irailaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztatuaren 1. fasea handitzeko udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi zuen, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak sustaturik (2013ko 195. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 9koa). Nafarroako Ubidearen 1. fasea handitzearen ondoriozko eremu ureztagarria Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planeko jarduketen zerrendan sartzea irailaren 5eko 102/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen (2012ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 20koa). Foru dekretu horren bidez onetsi zen egin beharreko jarduketen onura publikoa eta interes orokorra deklaratzea, martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legearen 3.1 artikuluari jarraikiz.

Nafarroako Gobernuak 2017ko uztailaren 19an hartutako Erabakiaren bidez (2017ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 11koa) onetsi zen proiektu hau aldatzeko espedientea: “Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzen duen udalez gaindiko proiektu sektoriala”. Proiektua Ega ibaiaren arroa batez ere Leringo eta Carcarko udal-mugarteetan hornitzen duen adarraren trazaduraren aldaketari buruzkoa da, eta Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak sustatu du.

Erabakian jasotzen denez, “eraiki ahal izateko, desjabetuz edo Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko 1/2002 Legearen babesaren bidez lortuko da lurrak okupatzeko bermea, nekazaritzako azpiegituren jarduketaren onuradun diren lurrentzat, Nafarroako Gobernuak jarduketa horretarako dekretua eman ondoren”.

2020ko maiatzaren 20ko idazki baten bidez, Aguas de Navarra SA sozietate emakidadunaren ordezkaritzak, hura desjabetzearen onuradun den aldetik, desjabetze espedienteari hasiera emateko eskaera egin dio INTIA SA sozietate kontzesio-emaileari.

Proiektua gauzatzeko, beharrezkoa da ahalik eta lasterren ekitea obrei. Hala, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak azkartzearren, nahitaezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakotzat jotzea; hori dena, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57 b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomikorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakotzat deklaratzea, nahitaez desjabetzearen ondorioetarako, honako proiektu honen lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa: “Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarriaren 1. fasea handitzen duen udalez gaindiko proiektu sektoriala”. Proiektua Ega ibaiaren arroa hornitzen duen adarraren trazaduraren aldaketari buruzkoa da.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik beretik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau igortzea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura eta Azpiegitura Berrien Zerbitzura, eta jakinaraztea INTIA SA sozietate kontzesio-emaileari eta Aguas de Navarra SA sozietate emakidadunari.

Iruñean, 2020ko ekainaren 3an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2005515