126. ALDIZKARIA - 2020koekainaren11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

12/2020 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Iruñeko Txantrea auzoko jabeen 3 erkidegotarako.

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean bizitegi multzoen berroneratze alorrean egin beharreko esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbearekin harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aipatutakoarekin bat, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskaera egin da 108 etxebizitzatarako, 3 ataritan banatuak, Iruñeko Txantrea auzoan, zehazki, Alesbes kaleko 8, 10 eta 11 zenbakidunak.

1970eko hamarkadan eraikitako hiru eraikin dira: auzo sozial batean eraikitako etxebizitza sozialak. Berokuntza sistema zentralizatua dute, Orvina II osatzen duten dorre guztiei beroa ematen diena.

Jarduketan, hiru eraikinen inguratzaile termikoak hobetuko dira, eta Alesbes kaleko 11 zenbakiko eraikina irisgarritasun unibertsalari buruzko berariazko araudira egokituko da. Itxurari eta materialei dagokienez, egina dagoenaren ildotik joko da.

Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Iruñeko Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Iruñeko Udalaren parte-hartzearen betebeharra betetzat jotzen dira, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Iruñeko Txantrea auzoko jabeen erkidego hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua: Alesbes kaleko 8, 10 eta 11 zenbakiak.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezen birgaitze jarduketa babestu gisa.

Gaur egungo egoera kontuan harturik, behin-behineko kalifikazioa eskatu beharko da indarrean dagoen alarma egoera bukatzen denetik lau urteko epean. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunak hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Iruñeko Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.vivienda.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko apirilaren 8an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2005301