120. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1462E/2020 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2020rako gastua baimentzen duena Nafarroako irabazi-asmorik gabeko enplegu zentro berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak emateko, eta maiatzaren 5eko 1198/2017 Ebazpenaren bidez horretarako onetsi ziren oinarri arautzaileak aldatzen dituena. DDBN identifikazioa: 501355.

Azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duenak, desgaitasuna duten pertsonak lanean txertatzeko baliabide gisa hartzen ditu enplegu zentro bereziak. Orobat, Estatuko araudiak, 1998ko urriaren 16ko Ministro-Aginduaren bidez, zentro horiek eskura ditzaketen laguntzak ezartzen ditu; besteak beste, inbertsioak egiteagatiko laguntzak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du dirulaguntzak kasuan-kasuan onesten diren oinarri arautzaileei jarraikiz emanen direla, eta oinarri horiek eta dagokion deialdia modu ofizialean argitaratu behar direla. Foru lege horren 17.1 artikuluak ezartzen du, orobat, dirulaguntzak emateko ohiko prozedura norgehiagokako araubidea izanen dela.

Horrekin batera, bidezkoa da oinarri arautzaileak aldatzea, haien ezaugarri eta beharretara egokitutako sostengu formulak emateko.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen duen aukerarekin bat, interes orokorra babesteko ezinbestekoa da dirulaguntzen deialdi hau tramitatzea, deialdi honen azken onuradun izanen diren pertsonak gizarte bazterketa egoeran daudelako eta COVID-19aren inpaktuak prekarietate eta gizarte bazterketa egoera larriagoan jarriko dituelako; horrek arrazoitzen eta babesten du etendura kentzea.

Aurrekoa gorabehera, etenda daude deialdiaren kontra gora jotzeko errekurtsoak aurkezteko epeak. Epeen zenbaketa berriz hasiko da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak edo haren luzapenek indarra galtzen dutenean.

Era berean, eskaerak aurkezteko epea etenda dago. Dena dela, entitate edo pertsonaren batek eskaera etenaldi horretan aurkezten badu, onartuko zaio, eta epe barruan aurkeztutzat joko da.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 200.000 euroko gastua baimentzea 2020rako gastu-aurrekontuko “Inbertsiorako laguntzak enplegu zentro berezietan” izeneko 950001 96100 7709 241203 partidaren kargura; laguntza horien oinarri arautzaileak maiatzaren 5eko 1198/2017 Ebazpenaren bidez onetsi ziren (DDBN: 501355).

2. Aldatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 5eko 1198/2017 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdia, Nafarroan dauden irabazi-asmorik gabeko enplegu zentro berezietan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak ematekoa; hau da aldaketa:

2.1. “Xedea” izeneko 1. oinarriko bigarren paragrafoa aldatzea, testu hau izateko:

“Oinarri hauen babesa izateko, enplegu zentro bereziek Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokietan egin beharko dituzte inbertsioak, eta helbide fiskala ere erkidego horretan izan beharko dute, zein den ere enpresaren helbide soziala”.

2.2. Deialdiaren 4. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

“4.–Zentro onuradunek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren debekuetatik bakar bat ere ez urratzea. Hori “erantzukizunpeko adierazpen” baten bidez frogatu beharko du dirulaguntza eskatzen duen entitateak edo zentroak.

c) Helbide fiskala Nafarroan izatea.

d) Irabazi-asmorik ez izatea.”

2.3. “Inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak” izeneko 5. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

“5.–Inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.

Diruz lagungarriak izateko, inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Urte bereko urtarrilaren 1etik azaroaren 5era egin eta ordaindutako inbertsioak izatea.

b) Inbertsio kontzeptu bakoitzerako gutxieneko zenbatekoa ezartzen da, 400 eurokoa (BEZa kenduta) unitate bakoitzeko, ulertuta unitatea dela multzo homogeneo funtzional bat eta ez haren elementuak edo zatiak.

c) Zentroak inbertsioa finantzatzen laguntzea, gutxienez inbertsioaren %20 jarrita.”

2.4. 6.1.g) oinarria aldatzea, testu hau izateko:

“g) Jardueran aritzeko bakarrik diren nahitaezko ibilgailuak. Industriarako edo merkataritzarako ibilgailuak bakarrik izaten ahalko dira laguntzen xede, alegia:

–Fitxa teknikoan 03, 04 edo 06rekin hasten ez diren sailkapen kodeak dituzten ibilgailu guztiak.

–Bidaiarien zerbitzu publikorako diren autoak, horretarako administrazio-baimena dutela.

–Gaixoak edo istripu izandakoak eramateko bereziki egokitutako ibilgailuak.”

2.5. 10. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

“10.–Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan “Tramitatu” aukeratuz.

2.6. 11.1. oinarriaren b) eta c) letrak aldatzea, testu hau izateko:

“b) Egin beharreko inbertsioaren proiektua (III. eranskina), informazio hau jasoko duena:

–Kontzeptu diruz lagungarria(k), egin beharreko inbertsioaren proformako fakturak erantsita edo, inbertsioa egina badago eskaera aurkeztu aurretik, haien fakturak erantsita.

–Negozio lerro berriak, merkatu berriak eta/edo bezero berriak lortzeko aurreikuspenak.

–Plantillaren osaera, langile guztien kopuru osoa zein den eta egindako kontratu motak adieraziz. Egin beharreko balizko kontratazioen aurreikuspenak edo mugagabe bihurtuko diren kontratuenak.

c) Helburu bererako beste administrazio publiko batzuei eskaturiko edo horiek emaniko laguntzak edo dirulaguntzak azalduko dituen adierazpena, edo horrelakorik eskatu ez duela dioen berariazko adierazpena, hala bada; orobat, helburu bererako dirulaguntza edo laguntza eskaera berriak eta lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean idatziz jakinarazteko konpromisoa ere.”

2.7. 12.3. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

“12.3. Berdinketa izanez gero, finantzaketari laguntzeko zati handiena jartzen duen entitateari emanen zaio lehentasuna. Berdinketa horrela hautsi ezean, kontratu mugagabeen portzentaje handiena duen entitateari emanen zaio lehentasuna.”

2.8. 13. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

“Prozeduraren instrukzioaz arduratuko den organo eskuduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.

Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, aurkezten diren eskaerak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala ebaluazioaren emaitza azaltzeko.

Balorazio Batzordearen irizpena loteslea izanen da. Organo horrek kide hauek izanen ditu:

Batzordeko burua: Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekidea: Enplegu Programa Integralen Ataleko burua.

Batzordekidea: Desgaitasuna duten Pertsonentzako Enplegu Programen Ataleko burua.

Instrukzio organoak, Balorazio Batzordearen ebaluazioa eta txostena ikusirik, ebazpen proposamena eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.”

2.9. Deialdiaren 15. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

“15.–Balorazio irizpideak.

Aurkezten diren eskaerak baloratzeko, Balorazio Batzordeak ondoren aipatzen diren irizpideak izanen ditu kontuan:

a) Enpleguari eustea: 10 puntu.

10 puntu emanen zaizkio enpleguari eusten dion entitateari.

Ulertzen da enpleguari eusten zaiola entitateak plantilla %5 baino gutxiago handitu edo gutxitu badu, betiere inbertsioa hasi aurreko hiru hilabeteekin alderatuta, hau da, inbertsioaren lehen faktura eman aurrekoekin.

b) Desgaitasuna dutenen kontratazio berriak: gehienez 15 puntu.

Inbertsioa egiten duenetik aurrera zentroak kontratatzen dituen edo kontratatu asmo dituen langileek desgaitasuna baldin badute, 5 puntu emanen dira horietako langile bakoitzeko, betiere inbertsioa gauzatu baino hiru hilabete lehenago desgaitasuna zutenen langile kopurua handituz gero.

Kontratazio berriak aurtengo urriaren 31 baino lehen egin beharko dira.

c) Aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzea (10 puntu gehienez):

2 puntu emanen dira entitateak edo zentroak inbertsioa egiten duenetik aurrera mugagabe bihurtzen duen kontratu bakoitzeko (desgaitasuna duten pertsonen kasuan), betiere, inbertsioa egin baino hiru hilabete lehenago entitateak (edo zentroak) desgaitasuna duten pertsonekin eginak zituen kontratu mugagabeen kopurua handitzen bada.

Aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzeko aldaketak aurtengo urriaren 31 baino lehen egin beharko dira.

d) Enpleguaren kalitatea: 15 puntu gehienez.

Entitate batek kalitatezko enplegua duela ulertzen da, deialdi honen ondorioetarako, plantilla osoa hartuta kontratu mugagabeen portzentajea handia denean.

Honela emanen dira puntuak:

Plantilla osoa hartuta, kontratu mugagabeen kopurua %75etik %80ra bitartekoa bada: 5 puntu.

Plantilla osoa hartuta, kontratu mugagabeen kopurua %81etik %89ra bitartekoa bada: 10 puntu.

Plantilla osoa hartuta, kontratu mugagabeen kopurua %90ekoa edo handiagoa bada: 15 puntu.

e) Zentroak proiektuaren finantzaketan laguntzea: 20 puntu gehienez.

–Zentroak inbertsioaren %20 eta %30 arteko finantzaketa jartzen badu: 5 puntu.

–Zentroak inbertsioaren %31 eta %40 arteko finantzaketa jartzen badu: 10 puntu.

–Zentroak inbertsioaren %40 baino gehiago jartzen badu: 20 puntu.

Irizpide horiek aplikatuta 30 puntura iristen ez diren eskaerak ezetsiko dira.”

2.10. Deialdiaren 16. oinarriaren c), d) eta j) letrak aldatzea, testu hau izateko:

“c) Diruz lagundutako inbertsioa 2 urtez bederen mantentzea, dirulaguntza ematen denetik, non eta entitate onuradunak ez duen ezinbesteko arrazoiren bat justifikatzen. Kasu horretan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak nahikotzat jo beharko ditu arrazoi horiek ebazpen baten bidez. Inbertsioa erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunak eskuratu, eraiki, zaharberritu eta hobetzeko bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritako epeak beteko dira.

Era berean, balorazioa egiteko aintzat hartu diren lanpostu berriak dirulaguntza eman eta bi urtez bederen mantendu beharko dira. Kontratatzen diren pertsonetako bati baja ematen bazaio, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituen beste pertsona batek ordeztu beharko du hilabete bat igaro baino lehen.

d) Dirulaguntza emateko unean kontuan hartutako inguruabar eta baldintzetan nahiz onuradunak bere gain hartutako konpromiso eta betebeharretan, eta bereziki inbertsioa mantentzeari buruzkoetan, edozein aldaketa izanez gero, horren berri ematea gertatu eta hilabeteko epean.

j) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauetako bat gertatzen bada:

1) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

2) Emandako dirulaguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa denean.

Horretarako, bi inguruabar horiek betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, NL-NEZi zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.”

2.11. Deialdiaren 17.1. oinarriko bigarren paragrafoa aldatzea, testu hau izateko:

Onuradunak kasuan kasuko urteko azaroaren 5a baino lehen aurkeztu beharko du espedientearen likidazioa egiteko behar den dokumentazio guztia: justifikazio-kontua, gastuaren frogagiriak eta memoria ekonomiko bat; azken horretan, lortutako diru-sarreren eta dirulaguntzarekin lotutako gastu diruz lagungarrien zerrenda sailkatua sartuko da. Ondorio horietarako, egiazki ordaindutako fakturen kopia aurkeztu beharko da, baita frogatako antzeko balioa duten bestelako kontabilitate agiriak ere, eginiko inbertsioak frogatuko dituztenak. Faktura bakoitzari ordainagiria erantsiko zaio, hau da, bankuko transferentziak edo bankuko karguak edo kontu laburpenak. Txekea ez da onartuko ordainagiri gisa.

2.12. Deialdiaren 23. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

“23.–De minimis araubidea.

Dirulaguntza hauek “de minimis” araubidearen menpe daude, Batzordearen apirilaren 25eko 360/2012 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).”

3. Dirulaguntza deialdi honen aldaketaren tramitazioa babesten du martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duenak, hirugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan babestu ere, krisi horren ondorioekin lotura zuzena duelako.

Aurrekoa gorabehera, etenda daude deialdiaren kontra gora jotzeko errekurtsoak aurkezteko epeak. Epeen zenbaketa berriz hasiko da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak edo haren luzapenek indarra galtzen dutenean.

Era berean, eskaerak aurkezteko epea etenda dago. Dena dela, entitate edo pertsonaren batek eskaera etenaldi horretan aurkezten badu, onartuko zaio, eta epe barruan aurkeztutzat joko da.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 20an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2005170