120. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

39E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 1ekoa, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariarena, idatzizko prentsan, irratietan eta online komunikabideetan euskara erabiltzeko laguntzen 2020ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 508334.

Abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, euskararenak, 27. artikuluan, Nafarroako Administrazio Publikoak premiatzen ditu hedabide sozial publiko eta pribatuetan euskara sustatzera, horietan gero eta maizago ager dadin.

Aipatutako legezko xedapena betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak Nafarroako hedabide sozial publiko zein pribatuetan euskararen presentzia sustatzeko, eta laguntza material zein ekonomikorako planak eta hitzarmenak gauzatzeko eginkizuna du esleituta, baita Nafarroako hedabide sozial publiko zein pribatuetan euskara sustatzeko deialdiak kudeatzea eta ebaluatzea ere, aipatu erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 303/2019 Foru Dekretuak xedaturikoari jarraiki.

Deialdi honek 2020an idatzizko prentsan, irratietan eta online hedabideetan euskararen presentzia sustatzeko 780.000 euroko dirulaguntzen banaketarako oinarriak xedatzen ditu.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2020ko aurrekontuko ekitaldian, Nafarroan zabaltzen den idatzizko prentsan, irratietan eta online hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko laguntzak emateko deialdia onestea, Foru Agindu honekin batera doazen oinarriak eta eranskinak izanen dituena.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean biltzen direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira, baina aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaeren arabera:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4709-334100: (E) Hedabideetan euskararen presentzia sustatzeko laguntzak

2020

780.000,00

4. Foru Agindu hau, arauak eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru Agindu hau eta bere eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Ekonomiko eta Administratiboaren Atalera, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Programen Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzan.

6. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 1ean.–Herritarrekiko Harremanetako Kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroan zabaltzen diren idatzizko hedabideetan, irratietan eta online hedabideetan euskararen presentzia sustatzeko 2020. urteko laguntzak arautzea.

2.–Aurrekontu erabilgarria eta denbora-eremua.

2.1.–Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 780.000,00 eurokoa da, gehienez ere, 2020ko gastuen aurrekontuko “Hedabideetan euskararen presentzia sustatzeko laguntzak” izeneko B30002 B3200 4709 334100 partidaren kargura.

2.2.–Diruz laguntzen diren jarduerak 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 15era bitartekoak izanen dira.

3.–Onuradunak.

Laguntza hauek eskuratzen ahalko dituzte Nafarroan zabaltzen den hedabide bateko titular diren pertsona fisiko edo juridiko guztiek, hauen artean baldin badira:

–Eguneroko prentsa edo aldizkariak, haien zabalkunde eremua Nafarroako Foru Komunitatearena bada, eta haien argitaratze jarduera etengabe gauzatu bada deialdi hau argitaratu arte. Toki mailako aldizkariek gutxienez ere 4 ale atera beharko dituzte urtean, eta gutxienez ere 8 orrialde izan, ale bakoitzeko, argitaraldi guztietan.

–Nafarroako Gobernuak irratiz emititzeko ematen dituen lizentzien titularrak diren irratiak, lizentzia eskuratzea ahalbidetu zieten baldintza teknikoetan eta programaziokoetan emititzen badute deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epean.

–Euskarazko online hedabideak, edo euskara erabiltzen dutenak, hala Nafarroan zabaltzen den hedabide baten euskarri digitala direnak nola beren lana online bakarrik zabaltzen dutenak.

4.–Dirulaguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Hedabideen jarduerari dirulaguntza emanen zaio, modalitate eta kopuru hauen arabera:

4.1.–Euskaraz bakarrik aritzen den eguneroko prentsa (egunkariak). 85.000 euroz hornitutako modalitatea.

4.2.–Euskara erabiltzen duen eguneroko prentsa (egunkariak). 60.000 euroz hornitutako modalitatea.

4.3.–Nafarroan euskara hutsez zabaltzen diren aldizkariak. 285.000 euroz hornitutako modalitatea.

4.4.–Euskara erabiltzen duten aldizkariak, Nafarroako hizkuntza eremu mistoan eta/edo ez-euskaldunean zabaltzen badira. 40.000 euroz hornitutako modalitatea.

4.5.–Euskara hutsez aritzen diren irratiak. 190.000 euroz hornitutako modalitatea.

4.6.–Eremu mistoan, ez euskaldunean edo bietan euskara erabiltzen duten irratiak. 20.000 euroz hornitutako modalitatea.

4.7.–Euskarazko online hedabideak, edo euskara erabiltzen dutenak, Nafarroan zabaltzen den beste hedabide baten euskarri digitala direnak. 40.000 euroz hornitutako modalitatea.

4.8.–Euskara hutsez online bakarrik aritzen diren hedabideak. 60.000 euroz hornitutako modalitatea.

5.–Deialditik kanpo.

Ondoko hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Alderdi politikoek, izaera politikoa duten elkarteek, sindikatuek, lanbide elkargoek eta antzekoek argitaratutakoek.

b) Elkarteek, kirol elkarteek, fundazioek edo antzekoek haien barne kontsumo eta banaketarako argitaratutakoak.

c) Eskola aldizkariek, aldizkari espezializatuek, kultura berripaperek, eta kultura agerraldi zehatzei buruzkoak edo irakurle espezializatuei zuzendutakoek.

d) Ikuskizun gidek, denbora-pasakoek eta antzekoek.

e) Udalen informazio aldizkariek eta informazio orokorra ematen ez duten udal argitalpenek.

f) Informazio espezializatua ematen duten informazio orriek.

g) Idatzizko hedabideen kasuan, beste hedabide baten barnean banatzen diren tartekoak.

h) Lege-gordailu zenbakirik ez duten argitalpenak.

i) Haien eskrituretan lan hau xede sozial gisara legez jasota ez duten online hedabideek.

j) Online modalitatean ez dira onartuko haien orrien % 50ean gutxienez euskaraz nabigatzea ahalbidetzen ez dutenek

k) Online modalitatean ez dira onartuko azpi-domeinuak edota birbidaratzeak.

l) Enpresek beren produktuen promoziorako garatutako argitalpenek, interes orokorreko berriak barne izanda ere.

6.–Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

6.1.–Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta aurkeztu beharko dira derrigorrez telematikoki Nafarroako Gobernuko web Atarian (www.navarra.es) dagokion fitxaren bitartez (aurrerantzean laguntza-fitxa); horretarako derrigorrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.

6.2.–Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, zein bere izenarekin identifikatuta.

6.3.–Eskaerak aitzineko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun baliodunean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena eman ondotik.

6.4.–Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa tratatzeko ere, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoari jarraituko zaio. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak aipatutako legerian oinarriturik erabiliko dira Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan.

7.–Eskatzen den dokumentazioa:

7.1.–Nafarroako Gobernuaren Atariko laguntza-fitxa betetzea:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/8478/Idatzizko-prentsarako-irratietarako-eta-online-hedabideetan-euskararen-erabilera-sustatzeko-laguntzak-2020

7.2.–Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa frogatzen dutenak:

a) Eratzeko edo, hala behar badu, aldatzeko eskritura, behar bezala inskribatua Merkataritza Erregistroan, enpresa pertsona juridikoa bada.

b) Elkartea bada, Nafarroako Gobernuko Barneko zuzendari nagusiaren ebazpena, elkartea Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan inskribatzen duena, baita elkartearen estatutu legeztatuak ere.

c) Eskatzailea beste baten izenean edo hura ordezkatuz ari bada, horretarako emandako ahalordearen egiaztagiria, notario eta erregistro bidez egina.

d) Irratiei dagokienez, Nafarroako Gobernuak emititzeko emandako kontzesio administratiboaren egiaztagiria behar da.

e) NANaren fotokopia, eskatzailea pertsona fisikoa balitz.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duena.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluekin bat.

Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan eta noiz aurkeztu zen edo luzatu zuten.

Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gutxiago iragan direnean.

7.3.–Dagokion komunikabideko euskararen erabilerari buruzko proiektu zehatza, honako xehetasun hauek dituena:

a) 2020an zehar garatuko diren jardueren proposamena, euskarazko programazioa edo edizioa eta bertan aurreikusten diren handitzeak bereziki aipatuta. Aldizkako argitalpenak izanez gero, editatutako azken zenbakia ere aurkeztuko da.

Hedabidea online ere ari bada edo online bakarrik aritzen bada, bukatutako azken hiruhilekoaren gaineko txostena gehituko da, hedabidearen online bertsioaren zabalkundeari buruzko datuekin, edo bestela sarbide bat aktibatuko zaio Euskarabideari, zuzenean kontsultatzeko. Txostenak zehaztuko ditu ikustaldiak, ikusitako orriak/edukiak, eta ikustaldien batez besteko denbora.

b) Euskarazko programazio edo argitalpenen ezaugarriak, laguntza-fitxan beteko direnak, honako erreferentzia hauekin:

Idatzizko hedabideek orrialde kopurua aipatuko dute, non argitaratzen den (hala behar badu), aldizkotasuna, argitalpen egunak, gaiak, Nafarroako eduki berariazkoak, tokiko esamolde eta Nafarroako euskalkien erabilerarik ote den, egitura, eta proiektuaren ikuspegi zehatza transmititzeko behar diren argibide guztiak, hala nola inprimatutako aleen kopurua, zabalkundea, harpidedunen kopurua, salmentak (ordainduzkoa bada) eta irakurle kopuruaren kalkulua.

Irratietarako laguntzak eskatzen dituztenek aipatuko dute espazioen iraupena, zer egun eta ordutan emititzen diren, gaiak, programazioaren egitura, eta proiektuaren ikuspegi zehatza transmititzeko behar diren argibide guztiak, hala nola entzuleen kopuru potentziala, erabilitako euskalkiak edo ahozko erregistroak, ekoizpen propioko ordubeteko grabazioa ekarrita.

Irrati-ekoizpen propiotzat hartzen dira irratiari atxikitako langileek edota kolaboratzaileek lizentziaren titularrak daukan instalazioetan egindako programak, lizentzia lortzeko aurkeztu zuen proposamen teknikoarekin edo emisio estudioen izaera eta egoitzen gainean Nafarroako Gobernuak ondoren emandako baimenarekin bat.

Ez dira ekoizpen propiotzat onartuko ekoiztetxeei edota irratiei erositako edukiak, lehenago beste hedabide batzuetan edo berean (birdifusioak) emititu badira.

Beste komunikabideekin batera egindako programazioen berri eman beharko dute berariaz, horrelakorik balego.

7.4.–Aurrekontu zehaztua, diruz lagundu beharreko hedabidearen gastu zuzeneko eta zeharkakoen eta jarduerari egozten ahal zaizkion diru-sarreren gaineko agiriak aurkezturik Laguntza-fitxako aurrekontu-laburpena ere bete beharko da. Beste hizkuntza batzuetako hedabideek euskararen erabilerari egozten ahal zaizkion gastu eta diru-sarreren aurrekontua aurkeztuko dute, ez hedabidearen gastu guztiak. Honako alor hauetako gastuak izanen dira diruz lagungarriak: langileria, funtzionamendua, mekanikoak, banaketa eta ekoizpena, inbertsioak ez direnak. Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera.

Ondorio hauetarako, euskarazko lanak egiteko langileak eta kolaboratzaileak kontratatzetik sorturiko gastuak, ustiapen gastu orokorrak eta funtzionamendu eta banaketa gastuak hartuko dira kontuan, betiere deialdi honetako Baloraziorako Batzorde Teknikoak onartzen baditu, laguntzaren xede den jarduerari egozten ahal zaizkion kontabilitateko printzipioak, eskuarki onarturikoak, aplikatuta.

7.5.–Adierazpena, Gardentasunari buruzko Legeak ezarritako baldintzak betetzen direla (VI. eranskina).

7.6.–Entitate eskatzailea ez badago Nafarroako Gobernuko Transferentzia bidezko Ordainketa Sisteman alta emanda (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm), edo datu horiek aldatu nahi baditu, Euskarabideari betetako jatorrizko inprimakia aurkeztuko dio, edo Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalean aurkeztu izanaren agiria.

7.7.–Aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, egiaztagiria aurkeztuko da, zeinean justifikatuko den zein izan den hornitzaile aukeratua hautatzeko jarraitu den prozedura.

8.–Instrukzioa.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak prozedura bideratuko du, eskariak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusita, ebazpen proposamena eginen du.

Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

Onuradunari jarduera bera egiteko beste dirulaguntza bateragarri batzuk ematen bazaizkio, horien zenbatekoa ez da inola ere izanen, berez edo beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuk eta dirulaguntzaren xede den jardueraren baliabide propioak gehituta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Instrukzio organoak eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideak erabiliz.

9.–Balorazioa: Batzorde Teknikoa eta balorazio irizpideak.

9.1.–Baloraziorako Batzorde Teknikoa.

Aurkeztutako eskaeren azterketaz arduratuko da, bere erabakia loteslea izanen da eta kide hauek izanen ditu:

–Euskararen Sustapena eta Plangintza Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetutakoa, batzordeburu arituko dena.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetutakoa.

–Euskararen Egiaztapenen eta Prestakuntzaren Ataleko burua edo hark eskuordetutakoa.

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena eta hitza eta botoa izanen dituena.

–Nafarroako Gobernuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Komunikazio Zerbitzuak izendaturiko pertsona bat.

Baloraziorako Batzorde Teknikoak, aurkeztutako programen edukiaren arabera, egoki iruditzen zaizkion aditu teknikoen aholkularitza eskatzen ahalko du.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak, batzordearen ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari.

9.2.–Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.

Baloraziorako Batzorde Teknikoak eskaeren egokitasun tekniko eta ekonomikoa aztertuko ditu eta baloratuko ditu dirulaguntzen esleipena proposatuz, betiere jarraian adierazten diren gutxieneko baldintzak betetzen badituzte:

9.2.1.–Euskaraz bakarrik aritzen den eguneroko prentsa.

Euskaraz egunero 6 orri eta 1000 kopia ekoiztu zenbakiko.

9.2.2.–Euskara erabiltzen duen eguneroko prentsa.

1etik 100era baloratuko da euskararen presentzia garatzeko proposamena, eta proposamenik onenak onetsiko dira, betiere betetzen badituzte eskatzen diren gutxienekoak, eta 50eko edo gehiagoko puntuazioa eskuratzen badute; zenbatekoa 40.000 eurokoa izanen da gehienez proposamen bakoitzeko, jasotako puntuazioaren arabera, betiere onartutako aurrekontuaren %80 baino txikiagoa bada. Hauek dira erabiliko diren irizpideak:

–Euskarazko orri kopurua (gutxienez orrialde bat egunean edo 8 astean).

  • Orrialde bat egunean edo 8 astean, 10 puntu.
  • 2 orrialde egunean edo 16 astean, 20 puntu.
  • 3 orrialde egunean edo 24 edo gehiago astean, 50 puntu.

–Nafarroan banatutako kopien kopurua ale bakoitzeko (Gutxienez 12.000).

  • Gehienez ere 50 puntuko balorazioa emanen zaio kopia gehien duen argitalpenari, eta kopia kopuruaren proportzioan jaitsiko da puntuazioa, zenbaki osotara biribilduta.

9.2.3.–Nafarroan zabaltzen diren euskara hutsezko aldizkariak.

Gutxienez 4 ale egitea urtean.

9.2.4.–Euskara erabiltzen duten aldizkariak, Nafarroako hizkuntza eremu mistoan eta/edo ez-euskaldunean zabaltzen badira.

Edukien %4 gutxienez euskaraz izatea; horretarako, zenbatuko dira euskaraz dauden moduluak, publizitatekoak bazter utzita.

9.2.5.–Euskara hutsez aritzen diren irratiak.

Ekoizpen propioko 8 orduko emisioak egitea astean gutxienez.

9.2.6.–Eremu mistoan, ez-euskaldunean edo bietan euskara erabiltzen duten irratiak.

Ekoizpen propioko emisio orduen %10 gutxienez euskaraz izatea.

9.2.7.–Beste hedabide batzuen online euskarriak.

Gutxienez hamabostean behin berritzea edukiak, eta edukien %10 gutxienez ekoizpen propiokoak eta euskaraz izatea.

9.2.8.–Online bakarrik aritzen diren hedabideak webgune bat bada, gutxienez hamabostean behin berritzea edukiak, eta edukien %10 gutxienez ekoizpen propiokoak izatea.

Euskarri mugikorra soilik duten bitartekoen kasuan, diruz laguntzeko moduko 11 edizio bereizi beharko dira gutxienez, eta ekoizpen propioko edukien % 10 izanen da gutxienez. Gainera, edukien ekoizpen osoaren % 25, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitatearekin lotuta egonen da.

9.2.9.–Irizpide orokorrak:

Hedabide eskatzaileek emandako euskarazko ekoizpenaren gutxieneko eskakizunak eta baloraziokoak egiaztatzeko, kontuan hartuko da laguntzen deialdi hau argitaratu ondorengo ekoizpena.

Dirulaguntza, gehienez ere, onartutako aurrekontuaren %80 adinakoa izanen da.

Euskara hutsezko irratien kasuan, onartutako aurrekontuari faktore zuzentzaile bat aplikatuko zaio, %1,8 igotzekoa, udal irratiak direnean, haien ezaugarriak direla-eta ez dutelako publizitatetik datorren sarrerarik.

Euskara hutsez eta online bakarrik aritzen diren hedabideen kasuan, onartutako aurrekontuari goranzko faktore zuzentzaile bat aplikatuko zaio, 2,0koa, euskarri mugikorretarako propio sortuak direnean.

9.3.–Zenbatekoen kalkulua.

a) Hartutako eskaeretan oinarriturik, Baloraziorako Batzorde Teknikoak zenbatekoak esleituko ditu modalitate bakoitzaren barnean, deialdian araututako gehieneko portzentajeak aplikatuz.

b) Zenbateko guztiak batu ondoren behar den kopurua deialdiari esleitutakoa baino handiagoa bada, proportzioan gutxituko da esleitutako gehieneko kopuruarekin bat etorri arte.

c) Zenbatekoen batura deialdiari esleitutakoa baino txikiagoa bada, berriz, proportzioan handitzen ahalko da dirulaguntzaren gehienekora iritsi ez diren guztietan.

10.–Ebazpena.

10.1.–Ikusirik Baloraziorako Batzorde Teknikoak prestatutako proposamena, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, bertan azalduz eskaera bakoitzari onartutako aurrekontua, lortutako puntuazioa eta guztira esleitutako dirulaguntza, eta dirulaguntza ukatzen den kasuan horretarako arrazoiak aipatuko dira.

10.2.–Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web orriko tramiteen katalogoan laguntza honi dagokion fitxan ere, 7.1.1 oinarrian adierazten den helbidean.

11.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako dirulaguntzari, dirulaguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hau egingo da Nafarroako Gobernuko irudi ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideen arabera (https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala), kasu bakoitzerako aurreikusitako elementuen arabera eta jardunaren hedapen garai osoan mantenduko da.

12.–Gardentasun betebeharrak.

12.1.–Entitate onuradunek irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautu zen gardentasun betebeharra gorde beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura dirulaguntzak eskuratzen dituztenean eta ondoko bi egoerak ematen direnean:

a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako dirulaguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Bi egoera horietan dauden onuradunek, dirulaguntza eman izana jakinarazi edo, kasua bada, horri buruzko ebazpena argitaratzen den egunetik hasita hilabeteko epean, honako informazio hau aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari zuzenduta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

12.2.–Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

12.3.–Entitate onuradunek emandako informazioa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Gobernu Irekiko Atarian argitaratuko da, eta argitaratu eta urtebetez izanen da eskuragai, eta gehienez ere 15 hilabetez, informazioa kudeatzeko organoan sartzen den unetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

12.4.–Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

12.5.–Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako dirulaguntza ez da ordainduko, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

13.–Laguntzak ordaintzea.

13.1.–Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da: lehen zatia, %50ekoa gehienez ere, 2019ko azaroaren 1etik 2020ko apirilaren 30a bitarte egindako zabalkunde lanean eta exekutatutako gastuetan oinarritua, eta bigarren zatia, likidazio izaerakoa, dirulaguntza ematea eragin zuten zabalkunde lana eta jarduera ekonomikoa osorik kontuan hartuta, beharrezkoak diren doiketak aplikatuta, urtea amaitu baino lehen eginen dena.

13.2.–Nolanahi ere, lehenbiziko ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, 12. oinarrian araututakoari jarraikiz.

14.–Pertsona edo entitate onuradunek aurkeztu beharreko frogagiriak.

Pertsona edo entitate onuradunak beharturik daude egindako jardueraren gastuei eta sarrerei dagozkien frogagiriak bi epetan aurkeztera, onartzen diren bideetako edozein erabiliz; lehenbiziko epea borondatezkoa izanen da:

–Lehen ordainketa partzialean 2019ko azaroaren 1etik 2020ko apirilaren 30a bitarte egindako eta ordaindutako gastuak sartuko dira. Justifikazioaren dokumentazioa esleipenaren jakinarazpena jasotzen den egunetik 15 eguneko epean aurkeztuko da.

–Bigarren ordainketan 2020ko urriaren 15a bitarte egindako eta ordaindutako gastua sartuko da, eta dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2020ko urriaren 20a izanen da.

a) Diruz lagundutako aldian egindakoaren memoria zehaztua.

b) Idatzizko hedabideek diruz lagundutako aldian argitaraturiko zenbaki guztien lagina aurkeztuko dute. Ale horiek paperean edo euskarri informatikoan aurkeztea bada. Ez da beharrezkoa izanen aurkeztea argitaratu ahala Euskarabidera bidali izan badira.

c) Diruz lagundutako aldiari dagozkion gastuen zerrenda eta haien ordainketen gordekinak (BEZa kanpo), jatorrizkoak edo kopia soilak, zazpigarren oinarrian aipaturiko aurrekontuaren arabera. Euskarabideak eskubidea izanen du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko edozein unetan, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu (II. eranskina). Zerrendatzen diren gastuak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote.

d) Diruz lagundutako aldiari dagozkion sarreren zerrenda eta frogagiriak, jatorrizkoak edo kopia soilak, zazpigarren oinarriak dioen bezala. Euskarabideak eskubidea izanen du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko edozein unetan, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu (III. eta IV. eranskinak). Zerrendatzen diren sarrerak eta dirulaguntzak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote.

e) Langileak kontratatuz gero, gastuak legez bidezko den bezala justifikatu beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeari jarraikiz. Halakoetan, deialdi honen bidez diruz lagundutako jarduerak egiteko kontrataturiko langileek EGA edo titulu baliokideren bat izan beharko dute, hizkuntza-gaitasun aitortua dutenek izan ezik.

II., III., IV. eta V. eranskinak Excel formatuan beteko dira, deialdi honen bidez onesten den ereduaren arabera. V. eranskina bide telematikoen bidez aurkeztu beharko da. Entitatean horretarako eskumena duen pertsonak zigilatuko eta sinatuko du Excel bereko V. eranskina (balantzea).

Indarrean dagoen legeriaren arabera betetako fakturak aurkeztuko dira kolaborazio lanak egiten dituzten pertsona edo entitateei egindako ordainketak justifikatzeko.

Justifikatutako gastuen aurrekontuak handiagoa izan beharko du jasotako sarreren, beste esleipen batzuetatik jasotako laguntzen eta esleipen honetatik jaso beharreko kopuruaren batura baino. Txikiagoa balitz, jaso beharreko kopurua gutxituko litzateke, baturak berdindu arte.

Ulertuko da dirulaguntza deialdiaren xedea beteta dagoela proposatutako jarduera komunikatibo osoa gauzatu dela frogatuta dagoenean.

15.–Jardueren kontrola.

15.1.–Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu esleitutako laguntzak hartzeko ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Betebeharrak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

15.2.–Onuraduna behartua dago laguntza ematen dion organoari jakinaraztera xede bererako beste dirulaguntza batzuk bildu baditu beste autonomia erkidego batzuetako beste edozein administrazio publikotatik, edo beste edozein erakunde edo ente publiko nahiz pribatutatik.

15.3.–Proiektuetarako laguntzak eskatzen dituzten pertsona edo enpresek eskaeran programaturiko epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, eta horren arabera dagokion zenbatekoa gutxitu edo osorik deuseztatuko du, hala behar badu.

15.4.–Pertsona edo enpresa onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan bai zabaltzen dituzten edukietan.

16.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.

16.1.–Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra egonen da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Baloraziorako Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

16.2.–Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

17.–Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.

17.1.–Modalitate hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoak, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

17.2.–Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

17.3.–Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

II. ERANSKINA (JUSTIFIKAZIORAKO)

Gastuen justifikanteak.

III. ERANSKINA (JUSTIFIKAZIORAKO)

Sarreren justifikanteak.

IV. ERANSKINA (JUSTIFIKAZIORAKO)

Dirulaguntzen Justifikanteak.

V. ERANSKINA (JUSTIFIKAZIORAKO)

Justifikazioaren balantzea.

VI. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Zenbatekoak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2005389