118. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

152/2020 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, martxoaren 12ko 76/2020 Ebazpena aldatzen duena. Haren bidez, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako deia egin zen 2020. urtean.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 54. artikuluan, goi mailako arte ikasketetan sartzeko modua aurreikusten du baldintza akademikoak ez dituztenentzat: hezkuntza administrazioek araututako sarrera-proba gainditzea.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu da COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma egoera luzatzen duen maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuak honakoa ezartzen du 7. artikuluan, “Neurriak malgutzea unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren esparruan” izenekoan:

“Luzapen honek indarra duen bitartean, eta, 3.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, lurralde eremu bat II. fasera edo hurrengora igarotzea erabakitzen bada, hezkuntza administrazioek xedatzen ahalko dute euste neurriak malgutzea eta jarduera presentzialei ekitea unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren esparruan, eta administrazio horien eskumena izanen da neurri horiek gauzatzea.

Denbora horretan, hezkuntza arloko jardueretarako urruneko eta online modalitateak ere mantentzen ahalko dira, posible denean, nahiz eta ikastetxean ez izan hori irakaskuntzarako berariazko modalitate gisa ezarrita dagoena.”

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 25eko 48/2020 Foru Aginduak xedatzen du euste neurriak malgutuko direla eta zenbait jarduerari ekinen zaiola berriz unibertsitatez kanpoko hezkuntza esparruan 2019-2020 ikasturterako, eta, zehazki, baimena ematen du aurrez aurreko probak egiteko goi mailako arte ikasketetan sartzearren.

Bestalde, Hezkuntzako zuzendari nagusiak martxoaren 12an eman 76/2020 Ebazpenaren bidez, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako deia egin zen 2020. urtean. Ebazpen hori tramitatu zen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak indarra hartu baino lehen, zeinaren bidez alarma egoera deklaratzen baita COVID-19ren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez.

Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako deialdia araututa, posible da araudian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten herritarrek goi mailako arte ikasketa horietan sartzeko aukera izatea, baldin eta hezkuntzako administrazioek deitutako sarrera-proba gainditzen badute; izan ere, funtsezkotzat jotzen da interes orokorra babesteko, eta oinarrizkotzat hezkuntzako zerbitzu publikoaren funtzionamenduari begira.

Aldi berean, Hezkuntzako Estatu Idazkaritzak eta Lanbide Heziketako Idazkaritza Nagusiak ebazpen bateratu bat eman dute unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxeetan, funts publikoekin finantzatutakoetan, ikasleak onartzeko prozeduren hasierari eta jarraipenari buruz, sarrera-probei eta ikasketa tituluak lortzeko probei buruz, eta ikasleen matrikulazioari buruz; haren bidez, besteak beste, ebazten da arte ikasketetarako sarrera-probei dagokienez hezkuntza administrazio eskudunek bete beharreko prozedurei jarraipena ematea, ezinbestekoak direlako interes orokorra babesteko eta hezkuntzako zerbitzu publikoaren funtzionamendurako.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du, ebazpen baten bidez martxoaren 12ko 76/2020 Ebazpena aldatzeko, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako 2020ko deialdia garatu eta kudeatzeko zenbait alderdiri eta haren egutegiari dagokienez.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 12ko 76/2020 Ebazpena aldatzea, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako deia egin zuena 2020. urtean, ebazpen honen eranskinean xedatutakoaren arabera.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

4. Ebazpena eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Ikasketak Antolatzeko Atalari, Inklusio Atalari, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari, Arte Ikasketen Atalari, Eskolatze Bulegoari, Orientazio Bulegoari eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 25ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Aldaketa Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 12ko 76/2020 Ebazpenean, zeinak goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako deia egin baitzuen 2020. urtean

1. Martxoaren 14ko 76/2020 Ebazpenaren I. eranskineko 1.10 oinarriko testua aldatzea. Honela idatzita agertuko da:

Honako hau da probak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten pertsonek aurkeztu behar duten dokumentazioa:

a) Proba egiteko egokitzapenak, desgaitasuna izateagatik. Desgaitasuna frogatzeko hurrengo agirietako bat aurkeztu beharko da, heldutasun proban izena emateko eskabidearekin batera entregatuko dena:

–Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) ebazpena; edo Lanaren, Migrazioen eta Gizarte Segurantzaren Ministerioarena; edo Defentsa Ministerioarena.

–Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandako txartela, desgaitasun maila aitortzen duena, identifikatzeko baliozko dokumentu batekin batera.

b) Proba egiteko egokitzapenak, ikasteko zailtasun berariazkoak, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua edo hezkuntza premia bereziak izateagatik hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituztenentzat. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen egoera egiaztatzeko, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen ziurtagiria aurkeztuko da, derrigorrezko edo derrigorrezkoaren ondoko ikasketak zein ikastetxetan egin dituen, hango orientatzaileak sinatua, martxoaren 14ko 76/2020 Ebazpenaren VI. eranskineko ereduari jarraikiz (ebazpen horren bidez, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako deia egin zen 2020. urtean). Ziurtagiria aurkeztu beharko da sartzeko probetan izena emateko eskabidearekin batera. Agiri horretan zehaztuko da zer egokitzapen mota egin behar den”.

2. Martxoaren 14ko 76/2020 Ebazpenaren I. eranskineko 3.1 oinarriko testua aldatzea. Honela idatzita agertuko da:

Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proban inskribatzeko epea 2020ko ekainaren 1etik 5era arte izanen da, biak barne.

3. Martxoaren 14ko 76/2020 Ebazpenaren I. eranskineko 4.1.b) oinarria aldatzea, atal horretan hirugarren puntu bat gehituta. Honela idatzita agertuko da:

Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikaslea dela egiaztatzen duen agiria, zer egokitzapen mota behar duen adierazita, eranskin honen 10. puntuan jasotako ereduari jarraikiz.

4. Martxoaren 14ko 76/2020 Ebazpenaren I. eranskineko 4.2 oinarriko testua aldatzea. Honela idatzita agertuko da:

Arte Ikasketen Atalak honako agiri hauek bidaliko dizkio proben koordinazio epaimahaiari, 2020ko ekainaren 15a baino lehen:

–Proba egitetik salbuesteko eskariak, frogatzeagatik heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinetan zati komuna gainditua duela, 2008tik 2018ra bitartean (urte horiek barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean.

–Proba egitetik salbuesteko eskariak, frogatzeagatik Arteen eta Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetako zati komuna gainditua duela 2019. urtean.

5. Martxoaren 14ko 76/2020 Ebazpenaren I. eranskineko 5. oinarriko testua aldatzea. Honela idatzita agertuko da:

5.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

5.1. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak (horietan adieraziko dira baztertzeko arrazoiak) 2020ko ekainaren 12an argitaratuko ditu Arte Ikasketen Atalak Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan.

Orobat, izangaiek eskatutako proba egokitzapenak ebatziko dira zerrenda horietan, bai eta eskatutako salbuespenak ere.

5.2. Erreklamazioak egiten ahalko dira 2020ko ekainaren 15etik 17ra bitarte, biak barne, eranskin honen 3. oinarrian agertzen diren tokietan, IV. eranskineko ereduaren arabera:

–Onartua/baztertua izateari buruzko erreklamazioak Arte Ikasketen Atalera zuzenduko dira.

–Egokitzapen-eskaerei buruzko erreklamazioak, proben koordinazio epaimahaiaren buruari zuzenduko zaizkio.

5.3. Erreklamazioak ebatzirik, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak 2020ko ekainaren 19an argitaratuko dira Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan.

Izangaiei dagozkien proba egokitzapenak ebatziko dira zerrenda horietan, bai eta heldutasun probatik salbuestekoak ere. Orobat, zerrenda horietan izangaien banaketa agertuko da, epaimahaien araberakoa, baita zein ikastetxetan eginen den ere heldutasun proba, goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituena.

6. Martxoaren 14ko 76/2020 Ebazpenaren I. eranskineko 8. oinarriko testua aldatzea. Honela idatzita agertuko da:

8.–Probak egiteko egutegia.

8.1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba 2020ko ekainaren 23an eginen da, V. eranskinean adierazitako ikastetxeetan eta orduetan.

8.2. Proba egiteko, aldean izan behar da nortasun agiri nazionala, pasaportea, nortasuna egiaztatzen duen bidaia agiri bat, bisa edo atzerritarren identifikazio txartela, eta, horretaz gain, ariketak egiteko behar den materiala. Nortasuna egiaztatzeko behar den agiriren bat ekartzen ez bada, ezin izanen da proba egin. Halaber, probara joan beharko da osasun agintaritzak egun horretan ezarritako neurriak hartuta.

8.3. Heldutasun probaren ariketak honela eginen dira:

PROBA

EGUNA ETA ORDUA

GAIA

ARIKETAREN IRAUPENA

Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba

Ekainaren 23an, 10:00etan

Gaztelania edo Euskara

Hiru azterketak banatuko dira, eta ikasleek denbora hau izanen dute ariketak egiteko:

2 ordu Espainiako Historiaren azterketa eginez gero

2 ordu eta erdi Artearen Historiaren azterketa eginez

Espainiako Historia edo Artearen Historia

Atzerriko hizkuntza (Ingelesa edo Frantsesa)

8.4. Proba egiteko gaitutako ikastetxeak: ekainaren 19an argitaratuko da zein diren probak egiteko ikastetxeak; horretarako, aintzat hartuko dira osasun agintariek emandako gomendioak, batez ere mugikortasunari buruzkoak. Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen “Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba” tramiteen fitxan egin daiteke kontsulta, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8520/Prueba-de-madurez-para-las-ensenanzas-artisticas-superiores-2020

8.5. Ariketaren bat egitera aurkezten ez diren izangaiak “ez aurkeztutzat” joko dira ariketa horretan, eta, batez besteko nota kalkulatzearen ondorioetarako beharrezkoa denean, ariketa horren puntuazioa 0 izanen da.

7. Martxoaren 14ko 76/2020 Ebazpenaren I. eranskineko 9.1 oinarriko testua aldatzea. Honela idatzita agertuko da:

9.1. Emaitzak argitaratuko dira proba egin den ikastetxean eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan, jarraian adierazten diren egunetan:

Behin-behineko emaitzak

2020ko ekainaren 26a

Erreklamazioak

2020ko ekainaren 26tik 30era (14:00ak arte), biak barne.

Behin betiko emaitzak

2020ko uztailaren 2a

8. Martxoaren 14ko 76/2020 Ebazpenaren I. eranskineko 10.2 oinarriko taula aldatzea. Honela idatzita agertuko da:

Interesdunek heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiria jasotzen ahalko dute Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketen Atalean, 2020ko uztailaren 3tik aurrera.

9. Martxoaren 14ko 76/2020 Ebazpenaren V. eranskina aldatzea. Honela idatzita agertuko da:

Proba egiteko gaitutako ikastetxeak: ekainaren 19an argitaratuko da zein diren probak egiteko ikastetxeak; horretarako, aintzat hartuko dira osasun agintariek emandako gomendioak, batez ere mugikortasunari buruzkoak. Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan dagoen “Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba” tramiteen fitxan egin daiteke kontsulta, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8520/Prueba-de-madurez-para-las-ensenanzas-artisticas-superiores-2020

10. Martxoaren 14ko 76/2020 Ebazpenaren VI. eranskina aldatzea. Honela idatzita agertuko da:

VI. ERANSKINA

Goi mailako arte irakaskuntzetako sarbidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2005234