118. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

52/2020 EBAZPENA, martxoaren 18koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntzen deialdi bat onesten duena babes zibileko boluntarioen udal taldea duten Nafarroako udalentzat eta babes zibileko boluntarioen toki elkarteentzat, 2020. urtean haien funtzionamenduan laguntzeko. Bi kasuetan, ezinbestekoa da babes zibilaren arloan lankidetzan aritzeko hitzarmena sinatua izatea Nafarroako Gobernuarekin. DDBN identifikazioa: 500869.

Urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Bestetik, zerbitzu publiko horren antolaketan, funtzionamenduan eta gauzatzean bateko eta besteko administrazio publikoek eta herritarrek parte hartzen dute, dagozkien betebeharrak betez eta borondatezko laguntza emanez. Sistema publiko hori multzo egituratu eta koordinatua da, larrialdi egoeretan arreta eta laguntza materiala emateko orduan ahalegin publikoak eta pribatuak bateratzen dituena. Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 39. artikuluan aurreikusten da sistema hori, eta, besteak beste, babes zibileko boluntarioen toki erakundeek parte hartzen dute, kontuan hartu gabe udalek sortutako berezko nortasun juridikorik gabeko toki taldeak/erakundeak diren edo nortasun juridiko berezitua duten toki elkarteak diren.

Nafarroako Gobernuak lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu du Cintruenigoko, Milagroko eta Tuterako udalekin babes zibilaren arloan, herri horietako babes zibileko boluntarioen udal taldeentzat. Halaber, Nafarroako Gobernuak eta Sartagudako babes zibileko boluntarioen toki elkarteak lankidetzarako hitzarmen bat sinatu zuten elkarte hori Nafarroako babes zibilaren sistemari atxikitzeko.

Hitzarmen horien ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, konpromisoa hartu du babes zibileko toki erakunde horien jarduerak diruz laguntzeko, gastu arruntak eta inbertsioak finantzatzen dituzten dirulaguntzen bidez, baldin eta Babes Zibilerako Zerbitzuaren jarraibideen arabera beharrezkotzat jotzen badira babes zibileko boluntarioen toki erakundeen eta haien instalazioen funtzionamendurako edo hobekuntzarako.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ogasuneko Kontu-hartzailetza delegatuaren aldeko txostena izanik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea babes zibileko boluntarioen udal taldea duten Nafarroako udalentzat eta babes zibileko boluntarioen toki elkarteentzat, hain zuzen, Nafarroako Gobernuarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatu dutenentzat, 2020. urtean talde horien funtzionamenduan laguntzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Guztira 90.000,00 euroko gastua baimentzea, honelaxe banaturik:

–70.000,00 euro, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 054001 02500 4609 134100 partidaren kargura (“Babes zibileko toki erakunde eta entitateentzako dirulaguntzak”), babes zibileko boluntarioen udal taldeen eta toki elkarteen gastu arruntetarako.

–20.000,00 euro, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 054001 02500 7609 134100 partidaren kargura (“Babes zibileko toki erakunde eta entitateentzako dirulaguntzak –inbertsioak–”), babes zibileko boluntarioen udal taldeen eta toki elkarteen inbertsio-gastuetarako.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Deialdiaren eta bere oinarri eta egintzen aurka, interesdun diren administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan. Administrazio Publikoak ez diren interesdunek, berriz, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko, eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

5. Ebazpen hau igortzea Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko Boluntarioen Bulegora, Suhiltzaileen eta Babes Zibilaren arloetako Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen Kontu-hartzailetza delegatura eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera.

Iruñean, 2020ko martxoaren 18an.–Barneko zuzendari nagusia, Amparo López Antelo.

DIRULAGUNTZA DEIALDIA BABES ZIBILEKO BOLUNTARIOEN UDAL TALDEA DUTEN NAFARROAKO UDALENTZAT ETA BABES ZIBILEKO BOLUNTARIOEN TOKI ELKARTEENTZAT. OINARRIAK

1. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da babes zibileko boluntarioen toki erakundeen funtzionamenduan laguntzeko Barne Zuzendaritza Nagusiak 2020. urtean emanen dituen laguntza ekonomikoak arautzea, erakunde horiek eta Nafarroako Gobernuak babes zibilaren arloan sinatutako hitzarmenetan adostutakoarekin bat. Erakunde horiek udalen menpeko taldeak izan daitezke, edo udalekin lankidetzan aritzen diren elkarte independenteak.

Diruz laguntzen den jarduerak onura publiko eta soziala du; izan ere, babes zibilarekin loturiko zerbitzu emate guztiak zerbitzu publiko gisa hartu behar dira, zalantzarik gabe, eta administrazio publikoekin batera jarduteko libreki eta beren borondatez elkartzen diren boluntarioen sustapena ere gisa horretara hartu behar da.

Babes zibileko boluntarioen toki erakundeak zein bere udal esparruan eta ondoko ingurune geografikoan aritzen dira eta, elkarrekin adostuta, beste eremu batzuetan aritzeko ere eskatzen ahal zaie.

2. Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da (2020ko aurrekontuko partiden arabera):

–70.000,00 euro gastu arruntetarako, 054001 02500 4609 134100 partidaren kargura (“Babes zibileko toki erakunde eta entitateentzako dirulaguntzak” –gastu arruntak–”).

–20.000,00 euro inbertsioetarako, 054001 02500 7609 134100 partidaren kargura (“Babes zibileko toki erakunde eta entitateentzako dirulaguntzak” –inbertsioak–”).

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Babes zibileko boluntarioen udal talde bat izan eta babes zibilaren arloan Nafarroako Gobernuarekin lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu duten Nafarroako udalak izaten ahalko dira laguntza hauen onuradun, bai eta Nafarroako Gobernuarekin babes zibilaren arloan lankidetzarako hitzarmena sinatu duten babes zibileko boluntarioen toki elkarteak ere.

Orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

–Babes zibileko boluntarioen udal taldeen kasuan, tokiko korporazioko alkateak edo buruak sinatuta aurkeztuko dira eskaerak, oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskabide ereduari jarraituz; eranskin horretan adierazitako dokumentazioa gehituko da nahitaez.

–Babes zibileko boluntarioen toki elkarteen kasuan, elkarteko lehendakariak sinatuta aurkeztuko dira eskaerak, oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskabide ereduari jarraituz; eranskin horretan adierazitako dokumentazioa gehituko da nahitaez.

Betiere, laguntzen eskaerak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, zuzenean helbide honetan eskura baitago: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1 Edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekatik abiatuta.

Eskaerak Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari zuzenduta aurkeztuko dira, Boluntarioen Bulegoari hain zuzen.

Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari errekerimendua eginen zaio, errekerimendua egin eta hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Interesdunen batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5. Gastu diruz lagungarria.

Babes zibileko boluntarioen udal talde eta toki elkarteen funtzionamendurako eta haien instalazio, jantzi, ekipamendu eta ibilgailuen mantentze-lanetarako behar dena jotzen da gastu diruz lagungarritzat, eta zehazki:

–Erakundearen funtzionamendurako gastu arruntak:

  • Babes zibileko boluntarioen toki erakundeko kideen eta ibilgailuen aseguruak.
  • Aldizkako/ohiko gastu arruntak (jardueran etengabe sortzen direnak):
  • Esku hartzeko ibilgailuen eta beste ekipamendu batzuen erregaiak, mantentze-lanak, ordezko piezak, konponketak eta IATak.
  • Entrenamendu, maniobra, praktika eta esku-hartzeetan sortutako gastuak.
  • Esku-hartzeetarako material xehea, osasun materiala, material suntsikorra.
  • Ura eta hondakinak, argindarra, gasa.
  • Telefonia mugikorra, telefonia finkoa, Internet.
  • Beste ekipamendu batzuen konponketa (bulegokoena, osagarriena...).
  • Bulegoko material suntsigarria.
  • Aldizkakoak ez diren/ohiz kanpoko gastu arruntak:
  • iIbilgailu bereziak gidatzeko baimenak lortzeko gastuak.
  • Boluntarioen ohiz kanpoko (ohikoak edo aldizkakoak ez diren) prestakuntza ekintzetan sortutako gastuak.
  • Norberaren ekipamendua eta esku hartzeko berariazko materiala (ez-inbentariagarria).
  • Esku hartzeko ibilgailuen eta ekipamenduen alokairua (bere modalitate guztietan).
  • Eraikinen konponketa.

–Herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak gauzatzeko beharrezkoak diren inbertsioak:

  • Baseko eraikinetako instalazioak eta obrak, hura aldatzen dutenak, fatxadak barne, proiektu teknikoa behar badute.
  • Material inbentariagarria erostea larrialdietarako eta babes zibileko boluntarioen elkartearen funtzionamendurako.
  • Ibilgailuak, motorrak, itsasontziak eta motoponpak eta bestelako ekipamendua erostea, larrialdietan esku hartzeko.

Erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuan duen balioa baino handiagoa.

Dirulaguntzaren xedetik kanpo daude gastu hauek berariaz:

–Erakundearen behar operatiboei edo funtzionamendu beharrei ez dagozkienak.

–Zehaztugabeko gastuak.

–Maniobra eta esku-hartzeetatik kanpoko otorduak.

6. Balorazio irizpideak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak irizpide hauen arabera eta hurrenkera honetan emanen dira:

–Gastu arruntak:

  • Boluntarioen eta ibilgailuen istripu aseguruak: %100eko dirulaguntza izanen dute, ezinbestekoak direlako pertsonen segurtasunerako. Boluntarioen aseguruak gehienez ere 60 euro bitarte lagunduko dira boluntario bakoitzeko.
  • Aldizkako/ohiko gastu arruntetarako (deialdiaren 5. oinarrian ezarritako sailkapenaren arabera): 130 euroko modulu bat ezartzen da boluntario bakoitzeko, eta 550 eurokoa ibilgailu bakoitzeko. Ondorio horietarako, eskabideari atxikitzen zaizkion boluntarioen zerrenda (III. eranskina) eta ibilgailuen eta ekipamenduen zerrenda (IV. eranskina) hartuko dira kontuan.
  • Aldizkakoak ez diren/ohiz kanpoko gastu arruntak (deialdiaren 5. oinarrian ezarritako sailkapenaren arabera): eskatutakoen artean, %100eko dirulaguntza emanen da, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen baditu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, erakundearen funtzionamendua edo aritzeko era arriskuan ez jartzeko.
  • Aldizkakoak ez diren/ohiz kanpoko gastu arruntak, 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen ez baditu: gastu arrunten partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera emanen da dirulaguntza (aurreko ataletan emandako zenbatekoak kendu ondoren), kontzeptu horietarako aurkeztutako eskaeren zenbatekoen proportzioan.

–Inbertsioak:

  • Instalazioak eta instalazioetako obrak, edo material inbentariagarria, ibilgailuak, motorrak, motoponpak eta esku hartzeko bestelako ekipamendua erostea: eskatutako inbertsioak %100eko dirulaguntza izanen du, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen badu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, erakundearen funtzionamendua edo aritzeko era arriskuan ez jartzeko.
  • Bestelako inbertsioak (batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen ez dituenak): inbertsioen partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera, oso-osorik diruz lagunduko dira erakundearen jarduerarako lehentasunezkotzat jotzen diren inbertsioak. Gainerako erosketei dagokienez, aurkeztutako eskaeren zenbatekoen arabera diruz lagunduko dira, behar bezala arrazoituak baldin badaude (%100ean diruz lagundutakoak kenduta).

Aurkeztutako eskaeran (II. eranskinaren arabera), argi eta garbi azalduko da aurreikusitako aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu zehaztua, banaketa ezartzeko:

–Aseguruak (pertsonak eta ibilgailuak).

–Aldizkako/ohiko gastu arruntak:

  • ibilgailuetarako eta esku hartzeko beste ekipamendu batzuetarako gastuak.
  • Entrenamendu, maniobra, praktika eta esku-hartzeetan sortutako gastuak.
  • Esku-hartzeetarako material xehea.
  • Hornidurak (ura, gasa, argindarra, telefonia, eta abar).
  • Konponketak eta bulegoko material suntsigarria.

–Aldizkakoak ez diren/ohiz kanpoko gastu arruntak: banakako xehakapena (zehaztua erosketa edo gastu bakoitzeko).

–Aurreikusitako inbertsioak: banakako xehakapena (zehaztua erosketa bakoitzeko).

Aurkezten diren aurrekontuak errealistak eta zehatzak izanen dira, albait, eta kopuruak behar bezala arrazoituak (aurreko urteekin konparatuz, argibide tekniko egokiak emanez edo hornitzaileekin kontsultatuz).

7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak eginen duen beharren balorazioa errazteko, aldizkakoak ez diren/ohiz kanpoko gastu arrunten atalean eta inbertsioen atalean eskatutako kontzeptu guztiak behar bezala arrazoitu eta justifikatu beharko dira, banan-banan, eta ahal den zehatzen emanen da aurreikusitako kostua. Gastua beharrezkoa edo egokia dela azaltzen duten segurtasun, funtzionamendu edo eraginkortasun arrazoiak adierazi beharko dira, oraingo (eskuratu aurreko) egoera eta eskurapenaren ondoriozko onurak azalduz, edo, kasua bada, ez eskuratzearen ondorioak.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

Barne Zuzendaritza Nagusia izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

Kide hauek osatutako batzorde teknikoak baloratuko ditu eskaerak:

–Batzordeko burua: Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordeko kidea: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Boluntarioen Bulegoko burua.

Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak edo informazio eskariak egiten ahalko ditu, aurkeztutako eskaera bakoitza zehatz-mehatz baloratu ahal izateko.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena loteslea izanen da. Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendariak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdia ebazteko proposamena eginen dio Barneko zuzendari nagusiari.

6. oinarriko irizpideen arabera proposatzen diren zenbatekoek zehaztuko dute zenbatekoa den dirulaguntza osoa udal edo elkarte bakoitzaren gastu arrunt eta inbertsioetarako. Zenbateko horiek egotzi eta gauzatuko dira aipatu oinarrian ezarritako lehentasunaren arabera (lehenik %100eko dirulaguntza dutenak, eta gero besteak), kontuan hartuta aurrekontuarekin alderatuta kalkulu-desbideratzeak egon litezkeela azken gastuan. Lehentasun irizpidea lehenetsiko da beti, aurrekontuaren irizpidearen aurretik.

8. Dirulaguntza emateko ebazpena.

Barneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira laguntzak, eta hartan jasoko dira dirulaguntzak hartzen dituzten entitate eskatzaileak, dirulaguntzen helburua eta zenbatekoa, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Ebatzi eta jakinarazteko epea gehienez hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, deialdi honen 15. oinarrian adierazitako moduan.

Laguntzak banatzen dituen ebazpena jakinaraziko da Nafarroako Atariko web-orrian (www.navarra.eus) argitaratuz, tramiteen katalogoan dagokion fitxan.

9. Onuradunek bete beharrekoak.

I.–Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga betebeharrak egunean izatea.

–Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

–Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainontzeko dokumentuak behar bezala auditatuak izatea, legeriak eskatutako moduan.

–Deialdi honetan zehaztutako xede eta helburuetarako erabiltzea laguntza, ez beste ezertarako.

–Organo emaileari frogatzea egoki egin direla diruz lagundutako jarduerak, eta egoki gauzatu gastuak.

–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

–Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

–Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

–11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

–Gardentasun betebeharrak:

  • Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.
  • Dirulaguntza eman zaiola jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate pribatu onuradunek telematikoki aurkeztu beharko dute gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, V. eranskineko ereduaren araberakoa. Horretarako, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoa erabiliko dute.
  • Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
  • Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

II.–Orobat, laguntzaren xedeari buruz, entitateak betebehar hauek ditu:

–Boluntarioak aseguratuta izan beharko ditu.

–Erakundearen jardueretan erabiltzen diren ibilgailu guztiak aseguratuta izan beharko ditu.

–Diruz laguntzen den jarduera, izenpetutako lankidetzako esparru-hitzarmenean adierazitako moduan gauzatu beharko du.

–Organo emaileari komunikatu beharko dio diruz lagundutako jardueren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu. Edozein aldaketa egiteko, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren adostasuna beharko da; adostasun hori ofizioz emanen da baldin eta aldaketak onetsitako laguntza funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

–2020ko urriaren 31 baino lehen egitea eraikinetako obrak edo erosketak.

–Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, birgaitu eta hobetuz gero, onuradunak ondasunak dirulaguntzaren helbururako erabili beharko ditu, horien balio-bizitza osoan, Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduan, abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoan, adierazitako amortizaziorako gehieneko epeen taula ofizialen arabera. Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira. Ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, nolanahi ere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli egin beharko da, 11/2005 Foru Legearen 24. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan ezarritako moduan.

–11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean, obra bat gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen horniduraren edo zerbitzu prestazioen kasuan, entitateak frogatu beharko du proiektua efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Kudeaketa-unitateak ezarritako moduan justifikatuko dira kontu horiek.

–Gidabaimen berezia ateratzeko dirulaguntza hartzen duen boluntarioari eskatzea sina dezala konpromiso bat udalarekin edo elkartearekin, hitz emateko erakundearen jardueretan jarraitu eta parte hartuko duela 4 urtez gutxienez.

Oinarri hauetan berariaz jasotakoez gain, entitatearen betebeharrak izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako guztiak.

10. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

Dirulaguntzak badu aldi bat: ekitaldia aurreko urteko azaroaren 1ean hasten da eta aurtengo urriaren 31n bukatzen. Horregatik, 2019ko azken bi hilabeteetako gastuak onartzen dira, aurreko dirulaguntzarik jaso ez badute.

Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko zuzendariak txostena egin ondoren ordainduko da dirulaguntza, baldin eta ordaintzeko eskaera 2020ko azaroaren 13an edo lehenago aurkezten bada. Eskaera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko da, honako agiri hauekin batera:

a) Ordaintzeko eskatzen den unera arte egindako jarduerei buruzko memoria teknikoa. Honako hauek azaldu beharko dira: zerbitzuarekin lotura zuzena izanik egin diren jarduerak, prestakuntza ekintzak, entrenamenduak eta maniobrak, baita prebentzio ekintzak eta esku-hartze operatiboak ere. Azaldu beharrekoak dira, orobat, material eta ekipamenduen erosketak eta kontrataturiko hornidurak eta zerbitzuak, aldizkako/ohiko gastu arruntetan ez daudenak, hala nola aparteko konponketak, gidabaimen bereziak lortzea etab.

b) Zer gastu egin diren eta gastu horiek egindako jarduerekin eta dirulaguntzaren xedearekin bat datozela azaltzeko txostena edo deklarazioa, idazkariak/kontu-hartzaileak sinatua eta alkateak ikus-onetsia (udalen kasuan) edo elkartearen idazkariak sinatua eta elkarteko buruak ikus-onetsia (elkarteen kasuan), eta, horrekin batera, fakturen zerrenda bat, Barne Zuzendaritza Nagusiak emandako Excel formatuan. Ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, laguntza behar bezala justifikatzeko eta kontabilitatearen jarraipena egiteko, 2019ari dagozkion gastuak 2020ari dagozkionetatik bereiziko dira. Horregatik, fakturen bi zerrenda aurkeztuko dira: bat 2019ko azken bi hilabeteetakoak izanik aurreko dirulaguntzarik jaso ez duten fakturenak, eta beste bat 2020ko gastuei dagozkien fakturenak. Deialdi honen 6. oinarrian ezarritako blokeen ordena bera izanen dute zerrenda horiek.

c) Fakturak, egindako ordainketen frogagiriekin batera. Aurreko b) puntuan adierazitako zerrenden ordena berean aurkeztuko dira.

Udalen menpeko udal taldeen kasuan, udal idazkariak, fede-emaile publikoa den aldetik, ahalmena izanen du jatorrizko fakturen eta kopia soilen ordez eta ordainketen frogagirien ordez idazkariaren ziurtagiri bat aurkezteko, toki entitateko alkate udalburuak ikus-onetsia, b) puntuko fakturen zerrendekin batera, fede emanez egiaztatu duela zerrendetan aipatzen diren datu guztien egiazkotasuna. Datu hauek azaldu beharko dira, gutxienez, kontabilitateko dokumentu bakoitzeko:

–Hornitzailea.

–Fakturaren edo ordainagiriaren zenbakia.

–Zenbatekoa.

–Ordainketaren data.

–Kontzeptua. Behar bezain zehatza eta osoa izan beharko du, gastua diruz lagungarria izan daitekeen egiaztatu ahal izateko.

Aipaturiko ordena eta blokeak mantendu beharko dituzte zerrendek, baita batuketa partzialak ere, eta Excel formatuan aurkeztuko dira.

Kudeaketa unitateak agertzen duen edozein zalantza argitu eta zehazteko beharrezkoa den informazio guztia eman beharko du idazkariak.

Unitate kudeatzaileak beretzat gordeko du entitate interesdunei jatorrizko agiriak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko.

d) Berariazko deklarazioa, entitateko idazkariak sinatua eta alkateak edo lehendakariak ontzat emana, adierazten duena aurkezten diren fakturak hornitzaileengandik jasotakoak direla. Aurkeztutako agirietan edo datuetan zehaztasunik eza edo faltsukeria atzemanez gero, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatuko dira.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideak lortu izana adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, eta, beste ekarpen batzuk jaso badira, 2020rako aurreikusitako gastuak adieraziko dira, VI. eranskinaren arabera.

f) Egindako gastuaren erabilera eraginkorra bermatzeko, gidabaimen berezia lortzeko dirulaguntza eman zaion boluntarioari eskatuko zaio sina dezala udalarekin edo elkartearekin 4 urtez, gutxienez, jarraitzeko konpromisoa eta taldeko jardueretan parte hartzekoa; konpromiso hori gastuen justifikazioan sartuko da.

Frogatzea eta horren ondoriozko ordainketak zatika egin daitezke, justifikazio partzialak eginez fakturen eta ordainagirien bidez, zerrendak eta deskribapen taulak erantsita, bai eta egindako jardueren memoria teknikoa ere, eta eskatutako gainerako agiriak, justifikatu beharreko aldi edo jarduerari dagokienez. Azken ordainketan behar diren doikuntzak eginen dira, eta klausula honetan eskatzen diren gainerako dokumentuak sartuko dira.

Ibilgailuen berariazko gastuak eskaerako zerrendan ageri diren ibilgailuen matrikularekin identifikatuta aurkeztu beharko dira. Hornitzailearen kontu orokorren kasuan, udalak edo elkarteak frogatuko du ibilgailu horiei dagokien zatia. Orobat, egiaztatuko da hornidurak (telefonia, Internet, argindarra, gasa eta abar) kasuan kasuko talde edo elkartearenak direla.

Erosketak eta obrak urriaren 31 baino lehen bukatu behar dira; horrela, azken ordainketari begira, frogagiriak urtea bukatu baino lehen aurkeztu eta ordaintzen ahalko dira.

Fakturak legearen arabera egin beharko dira, Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Udalaren gastuak eta zerbitzuak biltzen dituzten fakturen kasuan, boluntarioen elkarteari dagokion kopurua zehaztuko da.

Kontzeptu diruz lagungarriak zehaztuta daude 6. oinarrian. Hortaz, diruz laguntzen ahal den gastu gehiagorik ez da sortuko. Eskatutako kontzeptuetan aparteko aldaketak egin nahi badira urtean zehar, udalak edo elkarteak arrazoizko idazki bat aurkeztuko du behar dena aldatu edo gehitzeko, eta unitate kudeatzailearen esku izanen da diruz laguntzen ahal den kontzeptu berri edo aldaketa hori onartzea ala ez.

11. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan jasotako laguntzak bateragarriak dira jarduera berengatik jasotzen ahal diren beste batzuekin. Nolanahi ere, laguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin batuta, gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli beharko da, eta kasuan kasuko berandutze-interesa eskatuko da.

12. Finantzaketaren publizitatea.

Egiten diren publizitate eta iragarki guztietan aipatu beharko da udal taldea edo toki elkartea Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin finantzatzen dela.

Jardueran erabiltzen diren ibilgailuek Nafarroako Gobernuaren logotipoa eramanen dute eta 112 zenbakia erakutsiko dute larrialdiei arreta emateko zenbaki gisa.

13. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

Itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, 11/2005 Foru Legearen 34. artikulutik 37.era eta 42.etik 46.era xedatutakoaren arabera jokatuko da.

14. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri hauetan espresuki aurreikusirik ez dagoen orotan, 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta xedearen araberako gainerako xedapenak aplikatuko dira.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen aurka eta aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, administrazio publikoak ez diren interesdunek, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

I. ERANSKINA

Dirulaguntza-eskabidea.

II. ERANSKINA

Babes zibileko boluntarioen taldearen/elkartearen aurrekontua.

III. ERANSKINA

Babes zibileko boluntarioen taldea/elkartea osatzen duten kideen zerrenda.

IV. ERANSKINA

Babes zibileko boluntarioen taldeak/elkarteak dituen ibilgailuen eta bestelako ekipamendu eta baliabideen zerrenda.

V. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

VI. ERANSKINA

Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2004217