11. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Aldaketa, Tafallako Kultura Arloko Kontseiluaren Erregelamenduan. Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2019ko irailaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Tafallako Kultura Arloko Kontseiluaren Erregelamenduan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2019ko 205. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 16an, baita Tafallako Udaleko iragarki-taulan ere.

Jendaurrean egoteko epea bururatu ondoan, eta hasiera batean onetsitako testuari alegaziorik inork aurkeztu ez dionez, behin betiko onetsi da Tafallako Kultura Arloko Kontseiluaren Erregelamenduko aldaketa; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da behar diren ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen honako erregelamendu honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tafallan, 2019ko abenduaren 11n.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.

TAFALLAKO KULTURA ARLOKO KONTSEILUAREN ERREGELAMENDUA

Zioen azalpena

Gizarte demokratikoak finkatu eta sendotu egiten dira gizarte zibilaren protagonismoaren bidez eta herritarrek ondasun eta zerbitzu publikoen administrazioan eta kudeaketan eta politiken eta azpiegituren diseinuan duten parte-hartzearen bidez. Herritarren parte-hartzea jendeak zer nahi duen jakiteko metodo bat izateaz gainera, herritarren eskubidea da, eta ez betebeharra.

Herritarren parte-hartzea ekimen multzo bat da, gizakia eta kolektibitatea harremanean jartzen dituena politika publikoen eraikuntzan, erabaki publikoak hartzea eraginkorragoa izan dadin. Arlo zabal horretan kokatzen dira kontseiluak, lan partekaturako eremuak diren heinean.

Tokiko Autonomiaren Europako Gutunak aitortzen du “herritarrek afera publikoen kudeaketan parte hartzeko duten eskubidea”.

Espainiako Konstituzioaren 23.1 artikuluaren arabera, “herritarrek eskubidea dute gai publikoetan parte hartzeko bi modutara, zuzenean edo sufragio unibertsalaren bidez hautatutako ordezkarien bitartez”.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko abenduaren 16ko 57/2003 Legeak egin aldaketarekin, instituzionalizatu egiten du herritarren parte-hartzea, ezartzen baitu udalek, prozedura arauen bidez eta organo egokien bidez arautu beharko dutela herritarren parte-hartzea eraginkorra izan dadin herritarrei zuzenean eragiten dieten tokiko aferetan.

Araudi horrek guztiak eta Tafallako Udalaren Erregelamendu Organikoak aintzat hartzen dute parte-hartzerako arloko kontseilu iraunkorrak sortzeko aukera. Kontseilu horiek udal politikaren arlo zehatz bateko gaien inguruan jarduteko gune gisa eratzen dira, aholkularitza eta informazioa jaso, eztabaidatu, eta azterlanak eta proposamenak egiteko.

Inklusio, dibertsitate, efizientzia eta hurbiltasun printzipioak zainduz, herritarren parte-hartzea ondoko baldintzetan garatu behar da:

1. Informazioaren kudeaketa demokratikoa sustatuz.

2. Komunikazioa bermatuz.

3. Prozesuan lan eginez.

4. Plangintzarekin.

5. Botere-harreman horizontalak ezarriz.

6. Giza harremanak sustatuz.

7. Sinesgarritasunarekin eta eraginkortasunarekin.

8. Entitateetako kideen eta auzotarren “aditu” kategoria aitortuz.

Udal Arloko Kontseiluak partaidetzarako organoak dira, beren ezaugarri, helburu eta eginkizun berariazkoak dituztenak.

Ulertzen da kontseiluak Gobernu Irekiaren planteamenduan kokatu behar direla. Funtsezkoa da hiriaren egunez egunekoa eratzen duten eragileek (Tokiko Gobernua, udalbatzako udal taldeen ordezkariak, herritar antolatuak, beste instituzio batzuk, eragile publiko eta pribatuak, eta teknikariak) gai bakoitzaren beharren arabera eratuz doazen arloko lan-guneak partekatzea.

Kontseiluak udal instituzioen eta herritarren entitateen arteko harremanak sendotzeko gune gisa planteatzen dira: elkarren ezagutza eta aitortza egon dadila, elkarteek zuzenean jaso dezatela udal informazioa, udal instituzioaren funtzionamendua jakin dezatela, eta era berean, elkarteen arteko harremanak sendotzeko eremuak izan daitezela.

Beste neurri batzuen artean, kontseiluen barne-kudeaketa organoetan herritarren entitateetako ordezkariak egonen dira, parte-hartze hori balioetsiz eragile horiek ahalduntzeko aukera bezala.

Kontseilu guztiak Udalaren kontsultarako parte-hartze organoak dira eta, ondorioz, beti izan behar dute kontuan herritarren parte-hartzeari buruzko ikuspegi orokorraren eta kontseilu tematiko bakoitzaren helburu eta eginkizun berariazkoen arteko beharrezko lotura.

Aurreko 2015. urtean Tafalla Kulturgunea inauguratu zen eta, azpiegitura horren bidez handitu egin nahi da hiriak bizi kulturalaren alde egiten duen apustua, zentro hau bezalako guneen gabeziak mugaturik baitzegoen. Baina, kultura-politika eraginkorra gauzatzeko, guztiz beharrezkoa da instituzioen arteko koordinazioa bideratzea eta lankidetza eraginkorra eta iraunkorra ezartzea gizarte eragileekin. Horretarako, ezinbestekotzat hartzen da Tafallarako Kulturaren Plan Estrategiko bat prestatzea, herri eta eskualde ikuspegia izanen duena eta arloko kontseiluak zuzendutako partaidetza prozesu baten bidez eginen dena eta, besteak beste, eduki behar dituen herritarren parte-hartze organoak definituko dituena.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erregelamenduaren xedea.

Erregelamendu honen xedea da arautzea Tafallako Udalaren Kultura Arloko Kontseilua eta honek hiriko kultura estamentuekin dituen harremanak.

2. artikulua. Izaera.

1. Kultura Kontseilua kide anitzeko organo bat da, udal mailakoa eta arloko parte-hartze iraunkorrerako. Tafallako Udalak egiten duen lana aztertzeko eta osatzeko gune gisa eratzen da Kontseilua, aholkularitza eta informaziorako, eztabaidarako, eta azterlanak eta proposamenak egiteko, Tafalla hiriko kultur jarduera berpizteko eta sustatzeko eta, herritarren, bereziki gazteen, maila kulturala handitzeko pizgarria izan ahal dadin eta haren babesean gara daitekeen jarduera ekonomikoa handitzeko aukera eman dezan.

2. Era berean, aitortzen zaio legitimitatea eta lidergo nahikoa politika kulturalari buruzko nahiak eta proposamenak adierazteko gune bihur dadin, udalari bere eskumenen arloko lerro edo jarraibide orokorrak bideratzeko balio dizkioten irizpideak eman eta gomendioak egin ahal daitezen.

3. Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, arloko kontseiluak kontsulta organoak dira. Horrenbestez, kontseilu honek ahalmena du iritziak eman eta proposamenak egiteko, ez lotesleak, baina mekanismoak ezarriko dira adierazpen horiek Udalaren jardueran eragina izan dezaten.

4. Erregelamendu honek eta gainerako xedapen aplikagarriek arautuko dute Kultura Kontseilua.

3. artikulua. Kontseiluaren eginkizunak:

a) Aztertzea eta irizpideen eta lehentasunen proposamenak egitea Udalak legegintzaldi bakoitzaren hasieran aurkezten dituen jarduketarako lerro orokorrei.

b) Aztertzea, eztabaidatzea eta antolatzea herriko kultura programazioa.

c) Kultura arloko taldeek proposamen horiek guztiak aztertzea.

d) Kontseiluaren gaiarekin loturiko aurrekontuen proiektua aztertzea eta proposamenak egitea: irizpideak, ekintzak eta lehentasunak.

e) Udal plangintzaren arloko eta arauen proiektuak ezagutzeko gune bat eratzea, eta planen eta programen diseinuan eta berrikuspenean parte hartzea, bereziki 2017--2020 Kulturaren Plan Estrategikoaren prestaketan.

f) Kulturako Asanblada Orokorrerako deia egitea eta hura koordinatzea, eta Tafallako kultura programazioa aztertu eta eztabaidatzea.

g) Kultura arloarekin lotutako ekimenak proposatzea, hiriaren kultura eskaintza hobetzeko eta ugaritzeko interesa duten entitate publiko eta pribatuek, bai eta eskualdekoek ere, gauzatzen dituzten jarduketen koordinazioa sustatuz.

h) Kontseiluari loturiko lantaldeak koordinatzea, hausnarketa sakonagoa behar duten eta beren jarduera arloarekin zerikusia duten gaiak aztertzeko xedez.

i) Kontseiluan bertan ezartzen den beste edozein eginkizun, helburuak lortzeko baliagarria bada.

II. TITULUA

Kontseiluaren osaera eta hautaketa

I. KAPITULUA

Osaera eta integrazioa

4. artikulua. Kultura Kontseiluaren osaera.

1. Kontseiluko burua: Alkatea izanen da Kultura Arloko Kontseiluko burua, baina kultura arloan eskumena duen zinegotziaren esku utzi ahalko du burutza.

2. Buruordetza: Kontseiluko kidea izanen da; izan ere, Tafallako kulturaren esparruan herritarren entitate baten ordezkari gisa aritzen den norbait.

3. Kideak:

a) Udalaren ordezkaritza instituzionala: Zinegotzi bat udal honetako talde bakoitzeko. Zinegotzi horietatik, kontseiluburuak bat konputatuko du, alkatearen edo hark eskuordetzen duen zinegotziaren taldearen ordezkaria baita.

b) Hiru (3) pertsona, horretarako ezarriko den parte hartze prozesuaren esparruan sortzen diren Kultura Arloko taldeen ordezkari izanen direnak. Kopuru horren barnean, kontseiluburuordea hartuko da. Hots, bi kide gehi kontseiluburuordea izanen dira.

c) Era berean, Kultura Kontseiluko kide izanen dira gizartean eta kultura arloan garrantzia berezia duten hiru pertsona (3), Kontseiluaren lanarentzat interesgarri ikusten direnak.

Alderdi politikoek jada udalbatzako kide den ordezkari bat badute, ezin izanen da haren ordezkaritza bikoiztu.

4. Kontseiluko idazkaria izanen da Kultura koordinatzailea.

5. artikulua. Udalean dauden taldeen ordezkaritza.

1. Udalean dauden taldeen ordezkariak beren taldekideek proposatuak izanen dira (titularrak eta ordezkoak).

2. Agintaldi osoan zehar izan ahalko dira ordezkari.

6. artikulua. Kultura arloko taldeen ordezkaritza.

Legez eratuak dauden eta helburu soziala, xedea edo jarduerak kulturaren arloarekin lotuak dituzten herritarren entitateak, aurretik aipatuak, arloko taldeetan eratuko dira, eta beraiek hautatuko dituzte beren ordezkariak kontseiluan. Pertsona horiek idazki bat aurkeztuko dute Kontseiluko kide izateko borondatea adieraziz, eta batera honako dokumentazio hau erantsi beharko da:

–Kultura Kontseiluko kide izateko proposatzen d(ir)en eta beren ordezkaria(k) eta ordezkoa(k) izendatzen diren bileraren akta.

Ordezkariak izendatzeko prozedurak oinarrizko arau hauei jarraituko die:

–Boto gehien erdiesten duen pertsona izanen da arloko taldeko ordezkaria.

–Bigarren eta hirugarren gelditu diren bi pertsonak ordezkoak izanen dira.

Kultura arloko taldeen ordezkaritzarako hautatzen diren pertsonek legegintzaldiaren erdian utziko dute kargua. Pertsona horietako bi kontseilukide izanen dira, eta horietako bat kontseiluburuordea izanen da.

Arloko taldeek berek buruordetzarako proposamena aurkeztuko diote Kontseiluari, dela beren artean adostuz dela zehazten dituzten hautaketa mekanismoen bidez.

7. artikulua. Kulturaren ikuspuntutik garrantzia berezia duten pertsonak eta esparru horretan interesgarriak diren hainbat arlotako ordezkariak.

Kulturaren ikuspuntutik garrantzia berezia duten pertsonak eta esparru horretan interesgarriak diren hainbat arlotako ordezkariak Kontseiluko kide izateko proposatzen ahalko ditu Kultura Kontseiluko edozein kidek. Proposamenarekin batera txosten bat aurkeztuko da egiaztatzeko proposatuaren ibilbidea eta garatu dituen jarduerak, Kultura Kontseiluaren helburuekin bat datozenak. (Zioen azalpenean eta arautegi honen xedeetan adierazi dira helburu horiek). Txostenean zehaztuko dira Tafallako Udalarekin lankidetzan edo hura partaide garatutako jarduerak, halakorik bada.

Kontseiluko idazkariak dokumentazioa egiaztatu eta txosten bat igorriko dio Kontseiluari, zeinak hurrengo osoko bilkuran erabaki proposamena eginen baitu, bi zentzu hauetako batean:

a) Kultura Arloko Kontseiluko kidea onartzea.

b) Onarpen eskaera ezestea, arrazoitu beharko dena.

Udalaren osoko bilkurak bozkatuko du proposamena onartzen duen edo ez, eta gehiengo soilaren bidez erabakiko da.

Kulturaren ikuspuntutik garrantzia berezia duten pertsonek legegintzaldiaren erdian utziko dute kargua.

8. artikulua. Kultura Kontseiluko kide izateari uztea.

1. Kontseiluko kide izaera honako arrazoi hauetakoren batengatik galduko da:

a) Entitateak edo pertsona fisikoak uzteko erabakia hartzea.

b) Ordezten duen elkartea edo entitatea desegitea.

c) Kontseiluko kide izateko baldintzetako bat jada ez betetzea.

d) Justifikatu gabe bi saiotara jarraian ez bertaratzea edo jarraian izan gabe Kontseiluaren osoko hiru bilkuratara ez bertaratzea.

e) Erregelamendu hau eta gobernu organoen erabakiak behin eta berriz ez betetzea, eta/edo Kontseiluaren funtzionamendua larri nahastea.

f) Kontseiluaren printzipio eta helburuen aurkako jarduerak, jokabideak edo adierazpenak egitea.

2. Kontseiluko kide izatetik kargu-uztea Kontseiluaren osoko bilkurak erabakiko du eta, d) puntuan ezarritako kasua gertatuz gero, baja emateko prozedurari hasiera eman ahalko dio.

Horretarako, eskatuko zaie berresteko Arloko Kontseilu honetako kide izateko eta haren jardueretan parte hartzeko borondatea idatziz azal dezaten, eta deitzen den hurrengo osoko bilkurara bertaratu beharko dute. Hala egin ezean baja emanen zaie.

edo f) puntuan ezarritako kargu-uztea onetsi beharko da Kontseiluaren osoko bilkuraren kideen gehiengo osoz.

3. Arestian aipatu arrazoietako edozeinengatik Osoko bilkuratik kanporatuak diren pertsona, entitate edo taldeek ezin izanen dute berriro sartzeko eskaera egin urtebete igaro arte egiazko kanporatzea gertatu zenetik.

II. KAPITULUA

Eratzeko bilkura

9. artikulua. Kontseiluaren eraketa.

Udalaren osoko bilkuran onetsi ondotik eta Erregelamendu honen testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hamabost eguneko epean, Kontseilua eratzeko osoko bilkura eginen da.

Kontseiluaren eraketak balioa izan dezan, bertan egon beharko dute kontseiluburuak, idazkariak eta ondoko kontseilukideen erdiak:

–Udalean dauden taldeen ordezkariak.

–Kultura arloko taldeen ordezkariak.

III. TITULUA

Antolamendua

10. artikulua. Kontseiluko organoak.

Kultura Kontseiluak organo hauek izanen ditu:

–Osoko Bilkura.

–Burutza.

–Buruordetza.

–Lan taldeak.

–Idazkaritza.

I. KAPITULUA

Burutza eta Buruordetza

11. artikulua. Kontseiluburua.

1. Kultura Kontseiluaren burutza Tafallako alkateari dagokio, eta alkateak Kultura arloan eskumena duen zinegotziaren esku utzi ahalko du burutza.

2. Kontseiluburuak, kontseiluburuordeak lagunduta, zuzentzen du Kontseilua eta haren ordezkaria da.

3. Kontseiluburuari dagokio bileretarako deia egitea, eguneko aztergaiak ezartzea, bilkuretako buru izatea, proposamenak igortzea udal kudeaketa eta gobernu organoei, eta kide anitzeko organo baten funtzionamenduarekin loturik, dagozkion gainerako eginkizunak, esaterako, kalitate botoa erabiltzea berdinketa gertatzen den kasuetan, bilkuretako moderatzaile izatea, eztabaidak bideratzea eta erabakiak betearaztea.

Era berean, kontseiluburuari dagozkio honako hauek:

a) Erregelamendu honen aplikazioari buruz sor daitezkeen zalantzak argitzea.

b) Herritarren parte-hartzea bermatzea.

c) Kontseiluaren eta Udalaren kudeaketa organoen arteko koordinazioa sustatzea, informazioa trukatzeko xedez eta, beharrezkotzat joz gero, neurri eta jarduketa komunak proposatzea.

d) Kontseiluaren beraren helburuak betetzen ote diren zaintzea, bai eta bere jarduketak indarreko araudian xedatutakora behar bezala egokitzen ote diren ere.

e) Osoko bilkurak proposaturik, parte hartzera gonbidatzea zinegotziak, teknikariak, eta/edo aztertu nahi den gai zehatz bati buruz adituak diren edo iritzia kontsultatu nahi zaien entitate eta/edo pertsonak.

f) Eguneko aztergaiei buruz beharrezko informazio eta dokumentazio osagarria eskatzea, bai eta Kontseiluaren jardun egokia bermatzeko beharrezko eta egokitzat jotzen den udalaren edo kanpoko laguntza teknikoa ere.

Udal zerbitzuek egiten zaizkien informazio eskaerei erantzuna eman beharko diete 30 eguneko epean.

g) Organoak hartzen dituen erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

h) Kontseiluko eleduna izatea buruordearekin batera.

i) Kontseiluburutzak ematen dizkion eginkizun guztiak betetzea, bereziki Alkatetzatik edo zinegotzi eskuordetzatik eratorritako eginkizun exekutiboak, Kontseiluak hartzen dituen erabakiak burutzeko.

12. artikulua. Buruordetza.

1. Kontseiluko buruordetza herritarren entitate bateko ordezkari bati dagokio; laguntza eta lankidetza eginkizunak beteko ditu burutzarekin batera eta, hortaz, inolaz ere ez ditu Alkatetzari dagozkion erabakiak hartuko.

Burua ordeztuko du Arloko Kontseiluaren bileretan kargua hutsik dagoenean, burua kanpoan edo eri denean, eta, Kontseiluko beste organo batzuek haren esku utzitako eginkizunez gain, honako hauek beteko ditu:

a) Arloko taldeen eta Kontseiluak sortutako lantaldeen jarduketen arteko koordinazioa.

b) Kontseiluko eledun lanak egitea buruarekin batera.

2. Arloko taldeek izendatuko dute buruordea. Boto gehien erdiesten dituen hautagaia izanen da buruordea, eta jarraian daudenak, haren ordezkoak. Arloko Kontseiluaren bilkura batean buruordea burua dela hartzen diren erabaki “exekutiboak” alkateak berronetsiak izanen dira, legezko balioa izan dezaten.

3. Buruordetzak legegintzaldiaren erdian utziko du kargua.

4. Ahal den neurrian, ondoz ondo emakumeek eta gizonek beteko dute kargua.

II. KAPITULUA

Kontseiluaren osoko bilkuraren antolamendua

1. ATALA

Osaera eta eskudantziak

13. artikulua. Osoko bilkuraren osaera.

1. Osoko bilkura da Kultura Kontseiluaren organo gorena.

2. Hauek osatzen dute Osoko Bilkura:

a) Kontseiluko burua.

b) Kontseiluko buruordea.

c) Kontseiluko idazkaritza.

d) Kontseiluko kideak:

a.–Zinegotzi bat Udaleko talde bakoitzeko, eta kasuan kasuko ordezkoa. Haietako bat burua izanen da.

b.–Hiru pertsona Kultura Arloko taldeetako ordezkari. Haietako bat buruordea izanen da.

c.–Hiru pertsona kulturaren ikuspuntutik garrantzia berezia dutenak.

3. Kontseiluaren osoko bilkuran emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza parekidea egon dadin bultzatuko da.

4. Kontseiluburuak gonbidatuta, bilkuretan parte hartuko dute ahotsa bai baina botorik gabe:

a) Udaleko teknikariak.

b) Instituzioetako eta entitateetako teknikariak, eta/edo adituak diren pertsonak aztertu nahi den gai zehatz batean edo iritzia kontsultatu nahi den gai batean.

14. artikulua. Osoko bilkuraren eskudantziak.

Kontseiluaren osoko bilkuraren eskudantziak dira honako hauek:

1. Kontseiluaren jarduteko ildo estrategikoak zehaztea.

2. Urteko jarduera plana eta Kontseiluaren eta lantaldeen txostena balioestea eta onestea.

3. Tafallako Udalarekin lankidetzan jardutea kultura politikekin loturiko gaietan, bai eta urteko jarduera planarekin ere, dela norberaren ekimenez edo edozein organo eskudunek eskatuz gero.

4. Lantaldeen eraketa onestea.

5. Eskatzea osoko bilkura berezietarako deia egin dadila.

6. Udal administrazioak onetsi beharreko politika kulturalei buruzko proposamenak eta txostenak aztertu, eztabaidatu eta haiei buruzko iritzia ematea.

7. Barne funtzionamenduko arauak onestea, egin beharreko iradokizunak egitea eta Erregelamendu honen aldaketak proposatzea, beharrezkoa bada.

8. Kontseilukide berrien sarrera onestea, bai eta jada direnetakoren baten baja ere, erregelamendu honen eta aplikagarriak diren beste arau batzuen arabera.

9. Kontseiluaren beste organoei espresuki esleitu ez zaizkien eginkizun guztiak.

2. ATALA

Funtzionamendua

15. artikulua. Bilkura-motak.

a) Arruntak:

Gutxienez, hilean behin eginen dira.

Burutzak proposaturik, urteko lehen bilkuran ezarriko da Kontseiluaren osoko bilkura arrunten egutegia.

b) Ohiz kanpokoak:

Burutzak deituko ditu, bere ekimenez, osoko bilkura osatzen duten kideen %50etik gorak eskatuz gero.

c) Premiazkoak:

Burutzak erabakita edo osoko bilkura osatzen duten kideen %50etik gorak eskatuz gero.

Premiazko bilkuretarako deia gutxienez 48 ordu aurretik egin beharko da.

Bilkuraren premiazkotasuna osoko bilkurak berretsi beharko du gehiengo soilez, eta horretarako, eguneko lehen aztergai gisa sartu beharko da osoko bilkuraren adierazpena premiazkotasunari buruz.

16. artikulua. Eguneko aztergaiak eta bilkuretarako deia.

Bilkura arruntetarako eta berezietarako deia, dagozkion eguneko aztergaiekin batera, osoko bilkura osatzen duten kideei jakinarazi behar zaie gutxienez 72 ordu lehenago, ez bada premiazko bilkura berezia dela, horietarako deia 48 ordu aurretik egin behar baita.

Kontseiluko kideek gaiak igortzen ahalko dituzte Idazkaritzara, eguneko aztergaietan sar daitezen. Burutzak ere bere gaiak proposatzen ahalko ditu. Eguneko gai-zerrenda Kontseiluko Burutzak egoki juzgatzen dituen gaiek osatuko dute.

Bilkura bakoitzari dagokion dokumentazioa, osoko bilkura osatzen dutenei eman behar zaie dagozkion eguneko aztergaiekin batera.

Deialdia, lehentasunez, baliabide elektronikoen bidez eginen da. Ezinezkoa balitz, administrazio prozedurari buruz indarreko araudian den beste edozein modutan egin ahalko da.

Dokumentazioa udalaren webgunean egon ahalko da eskuragarri. Dokumentuen eskuragarritasuna eta segurtasuna bermatu beharko dira.

17. artikulua. Bilkuren izaera irekia.

Osoko bilkurak ez dira irekiak; hala ere Kontseiluko osoko bilkurak aurreikusten du erregelamendu honetan aipatzen diren pertsonez gainera, parte hartzera gonbidatzea zinegotziak, teknikariak, eta/edo aztertu nahi den gai zehatz bati buruzko adituak edo iritzia kontsultatu nahi zaien pertsonak.

Kontseiluko kideek proposaturik, bilkura batzuk edo haietako puntu batzuk foro irekian egin ahalko dira, eta herritarrek parte hartu ahalko dute ahotsa edukiz baina botorik gabe.

3. ATALA

Bilkuren nondik norakoa

18. artikulua. Quoruma.

Bilkurak egiteko, deliberatzeko eta erabakiak hartzeko osoko bilkura baliozko moduan eratu dadin, beharrezkoa izanen da lehenbiziko deialdian burua eta idazkaria egotea eta, gutxienez, osoko bilkura osatzen duten kideen erdiak. Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori.

Bigarren deialdian Osoko Bilkura balioz eratuko da ordu erdi geroago, beti ere bere kideetako heren bat bertaratua bada. Nolanahi ere, nahitaez agertu beharko dute buruak eta idazkariak.

Kide anitzeko organoko kide titularrak kanpoan edo eri daudenean edo justifikatzen diren gainerako kasuetan, ordezko kideak joanen dira haien ordez, horrelakorik baldin badago.

19. artikulua. Eguneko aztergaietan sartu gabeko kontuak.

Saioan gaiak aztertzen hasi aurretik, gai-zerrendan azaltzen ez den edozein gai sartzea proposatu eta bozkatu ahalko da, premiazko arrazoirik bada kontseiluburuak aurkeztuta, norberaren ekimenez edo Kontseiluko osoko bilkurako edozein kidek eskatuta. Gehiengo osoz erabakiko da sartzea.

Gai bakoitza bere izaeraren arabera landuko da: aholkularitzarako, informaziorako, eztabaidarako, eta azterlanak edo proposamenak egiteko.

Bilkuretan ikuspuntu guztiak agertarazteko baldintzak sortu beharko dira eta iritzi eta proposamen guztiak azaltzeko baldintzak ere egon behar dira: helburua ez da izanen beti denen adostasuna erdiestea, baizik eta guztien artean landutako erabaki zabalak, adierazpenak eta proposamenak bilatzea, non iritzi guztiak sartzen diren.

20. artikulua. Botoa emateko prozedura.

Botoa pertsonala eta eskuordetzan eman ezin daitekeena izanen da, eta kontseilukide titularrak edo haren ordezkoak, halakorik bada, emanen du.

Oro har, botoa jendaurrekoa izanen da. Bilkuran dauden gehienek eskatuz gero, bozketa sekretua izan ahalko da. Botoa aldekoa, aurkakoa edo abstentzioa izan ahalko da.

Boto bidez adierazitako erabakiak edo proposamenak gehiengo soilaren bidez hartuko dira: aldeko botoak aurkakoak baino gehiago direnean, alegia.

Ulertuko da gehiengo osoa dagoela, baldin eta baiezko botoak Kontseiluko osoko bilkurako kideen legezko kopuruaren erdia baino gehiago badira.

Berdinketa gertatzen den bozketa kasuetan, beste bozketa bat eginen da. Berdinketak jarraituz gero, burutzaren kalitateko botoak erabakiko du.

Gai baten gaineko eztabaida hasitakoan zinegotziren bat bilkura aretotik kanpo bada, bozketari begira abstentziotzat hartuko da.

21. artikulua. Aktak.

Idazkariak bilkura bakoitzaren akta eginen du, non zehaztuko baitira agertu direnen izenak, eztabaidaturiko gai nagusiak eta harturiko erabakien edukia.

Bilkuraren aktaren zirriborroa kontseilukideei igorriko zaie Arloko Kontseiluaren hurrengo bilkurarako deialdiarekin batera.

Aktak hurrengo bilkuran onetsiko dira, baina zilegi izanen da idazkariak ziurtagiria ematea hartutako erabakien gainean, akta ondoren onestea ezertan galarazi gabe.

4. ATALA

Kultura Kontseiluaren Osoko Bilkura osatzen dutenen eskubideak eta betebeharrak

22. artikulua. Eskubideak eta eginbeharrak.

Kontseiluaren Osoko Bilkura osatzen duten kideek eskubide eta betebehar hauek izanen dituzte:

1.–Eskubideak:

1. Udalaren gobernuko eta kudeaketako organo eskudunek hartzen dituzten erabaki guztiei buruzko informazioa eskatzea eta jasotzea Kultura Kontseiluaren eskumenekoa edo interesekoa den edozein gairi buruz.

2. Gai-zerrendan gaiak sartzeko proposamenak egitea.

3. Kultura Kontseiluaren arduradun tekniko izendatzen den pertsonaren bidez eskatzea gai-zerrendako gaiak osatuko dituzten aurrekariak, informazioa edo dokumentazioa.

4. Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea, proposamenak egitea, eta eskariak eta galderak egitea.

5. Boto eskubidea erabiltzea eta, beharrezkoa bada, boto partikularra ematea, haren arrazoiak azalduz.

6. Kultura Kontseiluan sortzen diren lantaldeetako edozeinetan parte hartzea.

7. Kontseiluko kide gisa dagozkion gainerako eginkizunak betetzea.

2.–Betebeharrak:

1. Kultura Kontseiluaren Erregelamendua eta barne araudia eta bere gobernu organoen erabakiak betetzea.

2. Ez egitea Kontseiluaren printzipio eta helburuen aurkako jarduerarik, jokabiderik edo adierazpenik.

3. Harreman jarraitua edukitzea ordezten dituzten elkarte eta entitateekin, Kontseiluan aztertu beharreko edo aztertu diren gaiei buruz.

4. Egiten diren bilkuretara joatea eta, ahal dela, ordezkoak bidaltzea saihestea: bilkurara ez joatea aldez aurretik justifikatu beharko da.

5. Jakinaraztea harremanetarako helbidean edo Kontseiluan ordezkaritza duten pertsonen egoera juridikoan gertatzen ahal den edozein aldaketa.

III. KAPITULUA

Idazkaritza

23. artikulua. Idazkaritza.

1. Kultura koordinatzaileari dagokio idazkari lana. Bera ez dagoenean, Udaleko administrazio-langile batek ordeztuko du.

2. Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Buruari eta buruordeari laguntzea postuari dagozkion eta eskatzen dizkioten gai guztietan.

b) Gai-zerrendako aztergaiei buruzko proposamenak jasotzea.

c) Bilkuretarako deia egitea eta deialdiak igortzea, organoko buruak hala aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

d) Kontseiluaren kide anitzeko organoen bilkuretako akta egitea eta haien erabakien ziurtagiriak luzatzea.

e) Eguneraturik edukitzea organoak osatzen dituzten kideen eta ordezkarien eta bertaratuen, bai eta alten eta bajen erregistroa ere.

f) Idazkariaren karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak betetzea.

3. Idazkari lanei erantzuteko, Udaleko langileen laguntza edukiko du.

IV. KAPITULUA

Lantaldeak

24. artikulua. Lantaldeak.

Lantaldeak azterketa eta lanerako organoak dira, esleitutako helburuetarako egoki ikusten diren txostenak, proposamenak eta jarduerak egiteko eginkizuna dutenak.

Sustatuko da talde bat egotea edo sortu diren taldeen arteko koordinazioa egotea, eskualdeko ikuspegia sar dadin aipatu helburu eta xedeetan.

Kontseiluaren osoko bilkurari horren guztiaren berri eman beharko diote. Nolanahi ere, lantaldeen txostenak ez dira lotesleak izanen.

Beti ere Kontseiluko buruordeak koordinatuko ditu, edo buruak izendaturiko kontseilukideak.

Zehazten diren eta taldeetako kide izatea onartzen duten ordezkari kopuruek osatuko dituzte lantaldeak.

Ahalegina eginen da emakumeen eta gizonen arteko kopuru berdintasuna egon dadin.

Lantaldeetara joan ahalko dira eskaera egiten duten Kontseiluko kideak, bai eta gaiaren inguruan adituak diren edo ekarpena egin dezaketen beste batzuk ere.

V. KAPITULUA

Ebaluazioa

25. artikulua. Ebaluazioa.

Etengabeko ebaluazioa sustatuko da. Kontseiluaren osoko bilkura bakoitza bukatu ondoren, bilkura bera balioesteko tarte bat hartuko da.

Metodologia bat diseinatuko da bai Arloko kontseiluaren funtzionamendua bai Tafallako kultura programazioa ebaluatu ahal izateko bere eskumenekoak diren esparruetan.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu hau aldatzea, osorik edo zati batean, bai eta indargabetzea ere, Udalaren osoko bilkurari dagokio, zerbitzu orokorretako Informazio Batzordeak irizpena eman ondotik.

Kontseiluko buruak, buruordearekin eta idazkariarekin batera, argituko ditu erregelamendu honen interpretazioak eta aplikazioak sor ditzakeen zalantza guztiak, betiere indarra duen legeriak ezarritakoarekin bat.

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA

Talde sektorialak:

Kultura arloko Kontseiluan auzokideen parte hartzea gauzatu ahal izateko, arloko taldeak sortzeko aukera aztertzen da, eta talde horiek arduratuko dira Arloko Kontseiluan ordeztuko dituzten pertsonak hautatzeaz.

Beharrezko ikusten da arloko talde horiek egonkortasun eta antolatzeko ahalmen nahikoa eduki dezaten, erregelamendu honetan azaldutako helburuak erdietsi ahal daitezen.

Parte hartze prozesuko lehenbiziko fasearen ondoren arloko hiru talde sortzea proposatzen da:

–Musika eta dantzaren arloko taldea.

–Arte eszenikoen, ikus-entzunezkoen eta zinemaren arloko taldea.

–Literatura, ondarea eta beste espezialitate batzuen arloko taldea.

Arloko taldeen kopurua eta Kultura Kontseiluarekin daukan harremana aldatzen ahalko da hiriko kultura taldeek eta elkarteek berek proposaturik.

Horretarako mekanismo egokiak ezarriko dira. Aldaketa behar bezala justifikatu beharko da eta Kontseiluan parte hartzen duten kideen osaera aldatuko du. Arloko Kontseiluaren osoko bilkurak onetsi beharko du aldaketa hori.

Taldeak eratzeko mekanismoa:

Hala nahi duten talde guztiek bat egin ahalko dute jada sortua den arloko taldeetako batekin, Arloko Kontseiluko bulego teknikoan izena emanez.

Arloko talde berri bat sortzeko eskaera egin beharko zaio Arloko Kontseiluaren osoko bilkurari, eta honek sorrera onetsi beharko du. Gutxienez sei kultur taldek osatu behar dute, frogatzeko moduko kidetasuna dutenek. Arloko Kontseiluaren osoko bilkurak onetsi beharko du kultur talde batek atxikia dagoen arloko talde bat utzi eta jada existitzen den edo sortu berri den beste talde bati atxikitzea.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Maiztasun batez, asanblada irekirako deia eginen zaie herritarrei, kultur jardueraren inguruko guztiak azaltzeko. Hartan ideiak eta proposamenak jasoko dira, ondoren Kultura Kontseiluan aztertu eta eztabaidatzeko.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1916125