11. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

237E/2019 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, erakunde autonomo honen esparruan aldi baterako ordezkoak izendatzen dituena.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 13.1 artikuluak ordezkapenak egiteko modua arautzen du, eta ezartzen du administrazio organoen titularrak aldi baterako ordeztu daitezkeela titularrak kanpoan edo eri daudenean, edo karguak hutsik daudenean, edo abstenitzea edo errefusatzea deklaratuta dagoen kasuetan, administrazio publiko bakoitzak ezartzen duen moduan.

Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren egituran gertatu diren aldaketen ondorioz eta zerbitzu eta unitateen eginkizunak hobeki gauzatzeko asmoz, gomendagarria da ordezkapenetarako araubide bat ezartzea administrazio organoak hutsik daudenerako edo titularrak kanpoan, eri edo ezinduta daudenerako.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Ogasunaren estatutuen (azaroaren 6ko 300/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsiak) 12. artikuluan eta Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen langileen arloko eskudantziak mugatzen dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 8. artikuluan emandako eginkizunak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Ogasuneko kudeaketa-zuzendaritza hutsik dagoen kasuetarako edo titularra kanpoan, eri edo ezindua dagoen kasuetarako, erakunde organiko honen menpeko zerbitzu hauetako titularrak izendatzen dira haren aldi baterako ordezko, ordena honi jarraikiz:

a) Zerga Kudeaketa Zerbitzua.

b) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzua.

c) Diru-bilketa Zerbitzua.

d) Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzua.

e) Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzua.

f) Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzua.

g) Hitzarmen Ekonomikoaren, Analisi Fiskalen eta Administrazioaren Zerbitzua.

h) Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzua.

i) Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzua.

2. Nafarroako Foru Ogasuneko zerbitzu eta ataletako burutzak hutsik daudenean edo titularrak kanpoan, eri edo ezinduak daudenean, ordezkapenetarako, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen urriaren 24ko 664/2017 Ebazpenean ezarritako irizpideei jarraikiz jokatuko da, horren bidez izendatu baitziren erakunde horretako unitate organikoen titularren ordezkoak.

3. Ordezkotza hori erabiliz ematen diren egintzetan, egoera hori adierazi beharko da, eta zehaztuko da zein den organoaren titularra eta zein horren ordez ari dena.

4. Ebazpen hau igortzea interesa izan dezaketen zerbitzuetako zuzendari eta unitateetako titularrei, Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 23an.–Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Óscar Martínez de Bujanda Esténoz.

Iragarkiaren kodea: F1916585