108. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

125/2020 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, aldatzen duena Hezkuntzako zuzendari nagusiaren azaroaren 27ko 158/2019 Ebazpena, zeinaren bidez proba libreetarako deialdia egin baitzen, Nafarroako Foru Komunitatean, 2020an, 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskura dezaten.

COVID19 koronabirusaren bilakaerak sortutako egoerak neurri bereziak ezarri beharra eragin du, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan arautu direnak, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen horretan.

COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuan xedatutakoaren arabera, sektore publikoko entitateen prozedurak tramitatzeko epeak eten eta mugaegunak bertan behera uzten dira.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 13ko 26/2020 Foru Aginduaren bidez hezkuntzaren arloan neurriak hartzen dira koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz; Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 15eko 27/2020 Foru Aginduak egin dizkion aldaketen ondoren, 3. puntuan ezartzen da ezen, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat, bertan behera gelditzen eta eten egiten direla Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe, etapa, ziklo, gradu, kurtso eta irakaskuntza maila guztietako ikasleen aurreinskripzio- eta matrikulazio-epe guztiak.

Halere, hirugarren xedapen gehigarri horren 4. apartatuak ezartzen duenez, sektore publikoko entitateek ahalmena izanen dute alarma egoera justifikatzen duten egitateei zuzen-zuzenean lotutako egoerei buruzko prozedura administratiboei jarraipena emateko, behar bezala arrazoituta, baita, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduari begira, ezinbestekoak diren prozedurei ere.

Hezkuntza Departamentuaren iritziz, interes orokorra babesteko eta hezkuntza arloko zerbitzu publikoaren funtzionamenduari begira funtsezkoa da epe eta data berriak ezartzea proba libreetarako bigarren deialdia egiteko, Nafarroako Foru Komunitatean, 2020an, 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskura dezaten.

Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak txostena aurkeztu du, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren azaroaren 27ko 158/2019 Ebazpena aldatzearen aldekoa. Ebazpen horren bidez proba libreetarako deialdia egiten da, Nafarroako Foru Komunitatean, 2020an, 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskura dezaten.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Hezkuntzako zuzendari nagusiaren azaroaren 27ko 158/2019 Ebazpenaren I. eranskina, “Jarraibideak, 18 urtetik gorako pertsonek 2020. urtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba libreetarako deialdia egiteko eta proba horiek gauzatzeko” izenekoa. Ebazpen horren bidez proba libreetarako deialdia egin zen, Nafarroako Foru Komunitatean, 2020an, 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskura dezaten. Hauxe da aldaketa:

Bat.–2. puntuak testu hau izanen du:

2. Probak egiteko eguna eta tokia.

Probak otsailaren 3an (1. deialdia) eta ekainaren 18an (2. deialdia) eginen dira.

Probak “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan (NHBHI) eginen dira (Bartolomé de Carranza kalea 5, Iruña).

Hezkuntza Departamentuak probak egiteko erraztasunak emanen dizkie inskribatutako presoei eta soldadu kuarteleratuei, aipatutako ikastetxera joateko zailtasun handiak baitituzte. Kasu horietan, departamentuko teknikari bat kartzelara edo kuartelera joanen da, ariketak eramanen ditu, ezarritako egun eta orduetan, eta behar bezala egin daitezen arduratuko da. Probak bukatutakoan, gutun-azal batean sartuko ditu eta epaimahaiburuari emanen dizkio.

Bi.–3.1 apartatuak testu hau izanen du:

3.1. Alderdi orokorrak.

Otsaileko deialdirako izena emateko epea urtarrilaren 8tik 17ra artekoa izanen da, bi egunak barne. Ekaineko deialdirako, berriz, maiatzaren 25etik ekainaren 5era artekoa izanen da, biak barne.

Inskripzioak Iruñeko “Félix Urabayen” NHBHIko Idazkaritzan formalizatuko dira, Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak arautu zuen).

Izena emateko eskabidea ebazpen honen II. eranskinean ageri den ereduaren araberakoa izanen da. Horrekin batera, agiri hauen fotokopia aurkeztuko da:

–NANa, AIZa edo pasaportea.

–Ikasketen ziurtagiria, hiru jakintza arloetakoren batetik salbuetsia izan nahi dutenek, urtarrilaren 14ko 3/2010 Foru Aginduaren eranskinaren arabera.

–Helduentzako Bigarren Hezkuntzako ikasketetako matrikulari uko egin izanaren justifikazioa, ikasketa horiek egiten ari baldin bada.

–Minusbalioaren ziurtagiria, izangaiak egokitzapen neurriren bat behar baldin badu.

Aurreko puntuan adierazten diren egiaztagirien fotokopiak aurkeztu dituzten pertsonek jatorrizko egiaztagiriekin agertu beharko dute probetara, epaimahaiak, egiazta dezan, egokitzat jotzen badu, aurkeztutako kopiekin bat datozela.

Proba libreko ariketak gaztelaniaz edo euskaraz egin daitezke, izangaiak nahi bezala. Horretarako, izena emateko fitxan, aukeratzen den hizkuntza adieraziko da.

Komunikazioaren arloko ariketak egiteko, ezin izanen da erabili gaztelaniazko edo euskarazko hiztegirik, ez eta atzerriko hizkuntzen hiztegirik ere. Zilegi izanen da oinarrizko kalkulagailu programaezina erabiltzea esparru zientifiko-teknologikoko ariketetan.

Ez da zilegi sakelako telefonoa erabiltzea ezein ariketatan.

Hiru.–3.2 artikuluak testu hau izanen du:

3.2. Proba librean inskribatzen diren pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

Behin-behineko zerrenda urtarrilaren 23an (1. deialdiarena) eta ekainaren 8an (2. deialdiarena) argitaratuko da, “Félix Urabayen” NHBHIko iragarki-taulan eta tramiteen katalogoko “2020an DBHko graduatu titulua eskuratzeko probak” izeneko fitxan; www.nafarroa.eus atarian sartuta ikusten ahal da fitxa hori.

Zerrenda horietan adieraziko da inskribatu diren eskatzaileen artean zein onartu diren proba egiteko eta zein baztertu, baztertzeko arrazoiak adierazita. Zerrenda horietan, gainera, salbuetsia(k) d(it)u(z)ten jakintza esparrua(k) adieraziko d(ir)a, bai eta izangai batzuek probak egiteko eskaturiko egokitzapenak ere.

Izangaiek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkezten ahalko dituzte, III. eranskineko ereduaren arabera, behin-behineko zerrendaren kontra, ikastetxearen zuzendariari zuzenduta, urtarrilaren 24an eta 27an (1. deialdian) eta ekainaren 9an, 10ean eta 11n (2. deialdian). Erreklamazioak ikastetxeko Idazkaritzan aurkezten ahalko dira edo f.urabayen@educacion.navarra.es posta elektronikoaren bidez igortzen ahalko dira.

Behin betiko zerrenda urtarrilaren 30ean (1. deialdiarena) eta ekainaren 12an (2. deialdiarena) argitaratuko da, Félix Urabayen NHBHIko iragarki-taulan eta tramiteen katalogoko “2020an DBHko graduatu titulua eskuratzeko probak” izeneko fitxan; www.nafarroa.eus atarian sartuta ikusten ahal da fitxa hori.

Esparruak salbuesteko baliokidetasun irizpideak aplikatzearen ondorioz, matrikulatutako pertsonaren batek proba libreetako hiru jakintza esparruak gaindituak baldin baditu, azterketa egiteko finkatutako egunean eta orduan agertu beharko du. Epaimahaiak izangaiei deitzeko ekitaldian jakinaraziko zaio ez duela probako ariketa bat bera ere egin beharrik, eta aktan jasoko da aurkezten dituen egiaztagirietako kalifikazioekin, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua emateko proposamenean ere agertuko da.

Lau.–5.4 artikuluak testu hau izanen du:

5.4. Emaitzen argitalpena. Erreklamazioak.

Epaimahaiak aditzera emanen du, ariketak egiten direnean, emaitzak noiz jarriko diren jendaurrean, zein diren erreklamazioak egiteko epeak, eta ziurtagiriak noiz eta nola jasoko diren.

Probak ebaluatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu emaitzak “Félix Urabayen” NHBHIko iragarki-taulan eta tramiteen katalogoko “2020an DBHko graduatu titulua eskuratzeko probak” izeneko fitxan; www.nafarroa.eus atarian sartuta ikusten ahal da fitxa hori.

Proben kalifikazioekin ados ez badaude, izangaiek idatzizko erreklamazioak (III. eranskineko ereduaren arabera) egiten ahalko dizkiote epaimahaiburuari, emaitzak argitaratu eta biharamunetik hasita hiru egun balioduneko epean.

Izangairen bat ez badago ados erreklamazioaren emaitzarekin, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du Hezkuntza Departamentuari zuzendua, hilabete bateko epean.

2. Aldatzea Hezkuntzako zuzendari nagusiaren azaroaren 27ko 158/2019 Ebazpenaren III. eranskina, “Erreklamaziorako inprimakia” izenekoa. Ebazpen horren bidez proba libreetarako deialdia egin zen, Nafarroako Foru Komunitatean, 2020an, 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskura dezaten. Hauxe da aldaketa:

Bat.–“Iraileko deialdia” dioen tokian “Ekaineko deialdia” esan behar du.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, argitaratzeko, eta, orobat, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora, Eskolatze Bulegora eta “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 11n.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

Iragarkiaren kodea: F2004904