108. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

237/2020 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Gizarte Inklusioaren eta Ekonomia Sozialaren Programa Operatiboaren esparruaren barruan (EGIF 2020-2024) Nafarroako Foru Komunitatean jarduketak egiteko hautatzen diren entitateei dirulaguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 505136.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua (hemendik aurrera NL-NEZ) enplegu politika aktiboen kudeaketaren erakunde autonomo arduraduna da. Politika horien artean, neurri batzuk daude, alde batetik, kalitateko enpleguaren sorrera sustatzeko eta, beste aldetik, langabeen enplegagarritasuna handitzeko, lan merkatuaren baldintzak hobetuz eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei arreta berezia eskainiz, Europako Enplegu Estrategiaren eta Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategiaren esparruan.

Gizarte Inklusioaren eta Ekonomia Sozialaren 2014-2020 Programa Operatiboa Europako Batzordearen Betearazpen Erabakiaren bidez onetsi zen 2015eko abuztuaren 6an. Bertan, EGIFaren jarduketa-esparruaren barruan gauzatu beharreko helburuak, lehentasunak eta neurriak biltzen dira.

Programa Operatiboak funtsezko hiru printzipio ditu oinarrian:

1. Inklusio aktiboa, herritar guztiek, batez ere egoera behartsuenean daudenek, gizartean parte hartu ahal izan dezaten eta lan merkatuan aukera hobeak izan ditzaten.

2. Ekonomia soziala, Espainiak gaur egun duen egoera ekonomiko eta sozialaren ondorio negatiboei aurre egiteko gako-elementua den aldetik.

3. Lan merkatu inklusiboak sustatzea, pobrezia tasak murrizteko eta talde ahulenen beharrei erantzuteko.

Helburua da, beraz, merkatutik urrutien dauden biztanle taldeei laguntzea.

Europako Gizarte Funtseko Gizarte Inklusioaren eta Ekonomia Sozialaren Programa Operatiboaren barrenean dauden proiektuak finantzatu nahi dira, gizatalde horren laneratzeko gaitasuna hobetzen laguntzeko, eta horretarako bide hauek erabiliko dira: gizatalde ahulentzako ibilbide integratuak garatzea, gizatalde horiei arreta emateko politiken koordinazioa hobetzea eta haien beharretara egokitzea, eta oinarrizko zerbitzuetara iristeko bideak hobetzea.

Frogaturik dago luzaroko enplegagarritasun zaila duten pertsonekin egindako ekintzetan banakako arretak, intentsitate handikoa denak eta hurbileko jarraipena duenak, nabarmen murrizten duela pertsona horiek langabezian ematen duten denbora. Beharrezkoa den arreta mota horrek eskatzen du denbora luzean mantentzea eta 2021. urteraino luzatuko den deialdi bat planteatzea.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen duen aukerarekin bat, interes orokorra babesteko ezinbestekoa da dirulaguntzen deialdi hau izapidetzea, deialdi honen azken onuradun izanen diren pertsonak gizarte bazterketa egoeran daudelako eta COVID-19aren inpaktuak prekarietate eta gizarte bazterketa egoera larriagoan jarriko dituelako; horrek arrazoitzen eta babesten du deialdiaren etendura kentzea.

Aurrekoa gorabehera, etenda daude deialdiaren kontra gora jotzeko errekurtsoak aurkezteko epeak. Epeen zenbaketa berriz hasiko da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak edo haren luzapenek indarra galtzen dutenetik.

Era berean, eskaerak aurkezteko epea etenda dago. Dena dela, entitate edo pertsonaren batek eskaera etenaldi horretan aurkezten badu, onartuko zaio, eta epe barruan aurkeztutzat joko da.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Gizarte Inklusioaren eta Ekonomia Sozialaren Programa Operatiboaren esparruaren barruan (EGIF 2020-2024) Nafarroako Foru Komunitatean jarduketak egiteko hautatzen diren entitateei dirulaguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onestea.

2. Baimentzea 800.000 euroko gastua, honako aurrekontu banaketa honekin, betiere kreditu erabilgarria egonez gero:

  • 400.000 euro, 2020ko gastuen aurrekontuko “EBaren funtsekin batera finantzatutako laguntzak enplegu arloko ekimenetarako” izeneko 950001 96100 4819-241306 partidaren kargura.
  • 400.000 euro, 2021eko gastuen aurrekontuko “EBaren funtsekin batera finantzatutako laguntzak enplegu arloko ekimenetarako” izeneko 950001 96100 4819 -241306 partidaren kargura, edo gaitzen den antzeko partidaren kargura.

3. COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen duen aukerarekin bat, deialdi hau onestea ezinbestekoa da interes orokorra babesteko. Izan ere, haren helburua da bazterketa-egoeran dauden edo egoera horretan gelditzeko arriskua duten pertsonen lan eta gizarte inklusioa hobetzeko programak garatzea.

Aurrekoa gorabehera, etenda daude deialdiaren kontra gora jotzeko errekurtsoak aurkezteko epeak. Epeen zenbaketa berriz hasiko da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak edo haren luzapenek indarra galtzen dutenetik.

Era berean, eskaerak aurkezteko epea etenda dago. Dena dela, entitateren batek eskaera etenaldi horretan aurkezten badu, onartuko zaio, eta epe barruan aurkeztutzat joko da.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57.1 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 7an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Dirulaguntzaren xedea eta esparrua.

Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean bazterketa egoeran dauden edo egoera horretan gelditzeko arriskua duten pertsonen lan eta gizarte inklusioa hobetzeko programak egiteko dirulaguntzak eman, jarraipena egin eta kudeatzeko. Programa, bereziki, langabezian dauden pertsonei zuzenduta dago, eta helburua du langabeen enplegagarritasun baldintzak hobetzea orientazio ekintzen bidez, lan bilaketa prozesuan lagunduz, lanean hasi aurretik trebatuz, prestakuntza tekniko-profesionala emanez eta prospekzioko eta bitartekaritzako ekintzen bidez, betiere kontuan harturik parte-hartzaileek frogatzen ahal dituzten ezaupideak, abileziak, trebeziak eta esperientzia profesionala.

2.–Programaren xede diren pertsonak.

Bereziki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan lan-eskatzaile gisa inskribatuta dauden langabeak, bazterketa-egoeran daudenak edo egoera horretan gelditzeko arriskua dutenak.

Programa, zehazki, honako pertsona hauei dago zuzenduta:

a) Enplegu eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak.

Programa bakoitzean hasten diren pertsona guztien gutxienez %75 talde horretakoak izanen dira.

b) Enplegu eskatzaile gisa izena emanda dauden landunak.

Programa bakoitzean hasten diren pertsona guztien gehienez %25 talde horretakoak izanen dira.

Hautagaiek programaren hasieran zer lan egoera duten, horren arabera joko dira landuntzat ala langabetzat.

3.–Entitate onuradunak.

Gizarte Inklusioaren eta Ekonomia Sozialaren Programa Operatiboaren esparruaren barruan (EGIF 2020-2024) Nafarroako Foru Komunitatean jarduketak egiteko hautatzen diren entitateak izan daitezke dirulaguntza hauen onuradunak.

4.–Jarduera diruz lagungarriak.

Proiektu hauen funtsa izanen da teknikariak kontratatzea, ibilbideetan parte hartuko duten pertsonentzat oinarri hauetan ezarritako jarduerak koordina ditzaten. Programari atxikitzen zaizkion teknikariak ikusita, entitateak erreferentziazko teknikari bana zehaztuko du onuradun bakoitzarentzat. Hala, onuradunak harengana jotzen ahalko du uneoro, deialdi honen barruan eskaintzen zaizkion ekintzen koordinatzailea izanen baita.

Deialdi honi atxikitzen zaion lanaldi osoko teknikari bakoitzak 45 pertsonari emanen die arreta, gehi sartzen ahal diren ordezkoei, hurrengo paragrafoarekin bat.

Programa gauzatu bitartean erabiltzaileetako batek hori uzten badu edo laneratzea lortzen badu, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio organo kudeatzaileari, eta ordezten ahalko da bigarren oinarrian adierazitako eskakizunak betetzen dituen beste pertsona batekin, non eta programa bukatzeko bi hilabete baino gutxiago gelditzen ez diren. Kontratatutako tutorea aldatzen bada, hilabete baino lehen eman beharko du horren berri entitate onuradunak.

Entitate eskatzaileek honako ekintza hauek eginen dituzte:

4.1. Gaitasunak diagnostikatzeko eta ebaluatzeko ekintzak, honako hauek zehazteko:

Profil pertsonala eta profesionala: ebaluazio soziofamiliarra eta oinarrizko gaitasunen eta gaitasun profesionalen ebaluazioa.

Gizartean eta lan munduan integratzeko ibilbidearen diseinua: alternatiba profesionalak identifikatzea, prestakuntzaren ibilbidea, horrelakorik behar badu, eta enplegu bilaketa aktiborako jarduketak.

Teknikariak banakako elkarrizketa bat eginen du banakako diagnostikoa doitu eta eguneratzeko eta profila prestatzeko, honako hauek zehaztuta: trebetasunak, gaitasunak, prestakuntza eta esperientzia, norberaren interesak, familia-egoera eta balizko aukera profesionalak. Erabiltzailearen profila egiteko eta haren enplegagarritasuna zehazteko erabiliko da informazio hori.

4.2. Lana bilatzeko orientazioa eta laguntza. Ekintza horietan jarduketa batzuk aurreikusten dira lana bilatzeko orduan jendea autonomoa izan dadin:

–Curriculuma prestatzeko laguntza teknikoa eta jarraipen indibidual eta pertsonalizatua. Enplegu bilaketa aktiborako teknikak aplikatzea.

–Lan merkatuaren egoeraren gainean eta enplegurako politika aktiboen gainean informazioa eta aholku ematea.

–Prestakuntza eskaintzaren gaineko informazioa.

–Ekintzailetzaren eta autoenpleguaren gaineko informazioa.

Helburua da prospekzio ekintzetan aurkitutako beharrekin lotuta pertsonak dituen gaitasunak sustatzea, eta, hala, aktibazio profesionaleko zerbitzuak bukatutakoan enpresek lan kontratu bat formalizatzea.

Entitateak proiektuak iraun bitartean segituko du onuradunari arreta ematen, eta, gero, onuraduna laneratuz gero, jarraipena eginen zaio, 4.5 oinarriarekin bat, edo 2021eko urriaren 31 arte, laneratzea posible izan ez bada.

Pertsona programaren barnean dagoen bitartean, entitate onuradunak elkarrizketa banakakoak edo taldekakoak izanen ditu harekin, alderdi emozionalak lantzeko, baita bilaketarako laguntza lantzeko ere.

4.3. Laneratu aurreko trebakuntza eta trebakuntza tekniko-profesionala lantzeko ekintzak. Oinarrizko eta zeharkako gaitasunak hobetzeko ekintzak. Horien barnean daude tratu-berdintasuna sustatzeko ekintzak. Ekintza bakoitzak 7 parte-hartzaile izanen ditu gutxienez.

Helburua bikoitza da: alde batetik, gaitasun pertsonalak hobetzea (konfiantza, konpromisoa...), onuradunei lan-testuinguru normalizatuetan moldatzea ahalbidetzen dietenak; eta, beste aldetik, jakintza teoriko eta praktiko batzuk ematea lan-merkatuak eskatzen dituen ezaugarrietara egokitzeko behar diren gaitasun teknikoetan (lanpostu bat arrakastaz betetzeko behar diren ezagutza teoriko-praktiko berariazkoak). Horrela, pertsonek egoera hobea izanen dute, enplegu bat eskuratu eta horri eusteko orduan aukera berdinak izan ditzaten.

Jakintza teorikoa eta praktikoa garatzeak lan-merkatuak eskatzen duen jakintza bultzatzeko helburua du.

Prestakuntza tekniko-profesionalak erabilgarritasuna du ezaugarri nagusi, eta nahitaezko ezagutzak emanen ditu lanpostu bat lortzeko edo lanbide-gaitasunak hobetzeko lanpostu bati euste aldera, baita lan bilaketa egokia egiteko ere.

Bai programako onuradunen, bai enpresen beharretara egokituko da prestakuntza tekniko-profesionalaren eskaintza.

Gaitasun pertsonalak hobetzeko, prestakuntza tailerrak emanen dira, honako gai hauei lotuta: lan munduan sartu aurreko ohiturak, enpleguaren aldeko jarrera proaktiboa sustatzeko; motibazioa piztea; ikuspegi profesionala garatzea; lana lortzen laguntzen duten komunikazio trebetasunak; elkarrizketen eta curriculumaren prestaketa; enplegu bilaketa aktiborako teknikak, etab. Norbere burua hobeki ezagutzeko xedea izanen dute: ezaugarri pertsonalak eta profesionalak identifikatzea, hobetzeko arloak eta lan interesak. Prestakuntza ez da ekintza bakartu bat, pertsonak laneratzeko prozesuaren zati bat baizik. Hori dela eta, gainerako ekintzei lotuta egon behar da eragile guztien (orientatzaile-tutoreak, prospekziogileak eta enpresak) arteko koordinazioaren bidez.

Egoki jotzen dituzten lantegiak eskainiko dizkiete entitate onuradunek programaren hartzaile diren pertsonei, hala lantegi kopuruari nola prestakuntza orduei dagokienez. Tutoreak egokitzat jotzen badu, gerta daiteke hartzaile batek lantegi bakar batean ere prestakuntzarik ez jasotzea.

Lantegi horietan emandako prestakuntza ez da inola ere lotuta egonen profesionaltasun ziurtagiriei.

4.4. Prospekzio ekintzak eta bitartekaritza enpresekin, lan eskaintzak eta enplegatzaileen beharrak identifikatzeko asmoz.

Ekintza horrek enpresekin bisitak edo harremanak egitea dakar, enplegatzaileen beharrak zehazte aldera. Lan eskaintzak biltzeko eta enpresekiko harremana sustatzeko balioko du, lan eskaintzak sortzea bultzatzea helburu.

Ondorio horietarako, lan eskaintzen bilketatzat honako hau joko da: entitateak identifikatzea enplegatzaile batek lanpostu bat edo gehiago betetzeko duen premia, eta hautagai gisa proposatuko diren pertsonek izan beharreko lanbide profila zehaztea.

Proiektuari lanaldi osorako atxikitako teknikari bakoitzeko, entitate onuradunak gutxienez 20 enpresarekin eginen ditu bisitak edo harremanak. Teknikaria lanaldi osoan ez badago, eskatutako bisita kopurua lanaldiaren ehunekoaren araberakoa izanen da.

Prospekzio ekintza guztiak dokumentu bidez erregistratu beharko dira, honako hauek adierazita: eguna, ordua, enpresaren izenean aritzen den pertsonaren sinadura, eta ekintza gauzatzen duen entitateko teknikarien sinadura.

4.5. Laneratzeari egiten zaion jarraipena.

Programako onuradunak laneratzeko behar diren ekintza guztiak eginen dira. Enpresa batean antzemandako beharra entitatearekin lan egin duten pertsonen profiletako baten batekin bat badator, entitate kolaboratzaileak bi alderdiak jarriko ditu harremanetan, eta enpresari laneratu ondoko jarraipena eginen dio, 2 hilabetez, sor daitezkeen arazoetan bitartekari aritzeko. Beharrezkoa den kasuetan, ordezko langile bat eskainiko dio. Nolanahi ere, ez da jarraipenik eginen 2021eko urriaren 31tik aurrera.

Entitate onuradunak kontratazioa sustatzeko dauden dirulaguntzen berri emanen dio enpresa interesdunari.

Ekintza horietan, zeharka, prozesuen eta emaitzen koordinazio, gainbegiratze eta segimendu jarduketak ere sartu beharko dira.

Proiektua 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte gauzatu beharko da.

Deialdi honen bidez, gehienez 180 pertsonari arreta ematen dioten proiektuak finantzatuko dira, arreta jasotzen duten pertsonak eta haien ordezkoak kontuan hartuta. Hau da, arreta teknikoko 4 lanaldi osori dagokiona.

5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

A.–Dirulaguntzarekin entitatearen gastuak ordainduko dira, zehazki hauen ingurukoak:

a) Lagun egiteagatik eta prospekzio zerbitzuengatik izandako gastuak:

Hileko 3.508 euroko modulu bat ezarri da proiektuari atxikitako lanaldi osoko teknikari bakoitzeko. Dedikazioa lanaldi osokoa ez bada, dagokion zati proportzionala lagunduko da diruz. Modulu horretan sartzen dira kontratatzen den pertsonaren soldata kostuak eta gizarte segurantzakoak, baita jarduera diruz lagungarria gauzatzeko behar diren kostu orokorrak ere.

b) Prestakuntza gastuak:

Parte hartzen duen pertsona eta ordu bakoitzeko 6,87 euroko modulua ordainduko da; gehienez 8.000 euro proiektuari atxikitako lanaldi osoko teknikari bakoitzeko, edo dagokion zati proportzionala (lanaldi osoa ez bada). Entitateak proposatzen baldin badu jende gehiagori edo gutxiagori ematea arreta, egoki den proportzioan emanen da dirulaguntza.

Proiektuari atxikitako teknikariek ezin izanen dute, inola ere, prestakuntzarik eman.

Gastu guztiak dirulaguntzaren xede den aldian egin beharko dira.

B.–Eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa a) eta b) diru kopuruak batzearen emaitza izanen da. Dirulaguntza 2020ko eta 2021eko aurrekontu ekitaldiei egotziko zaie, proiektuan adierazten den iraupenaren arabera.

C.–Entitate bakoitzerako dirulaguntza, gehienez, 200.000 eurokoa izanen da urtean.

6.–Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

1. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean.

2. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa frogatzeko dokumentazioa, bere eraketa eskrituraren, bere estatutuen eta dagokion erregistroko inskripzioaren kopia aurkeztuz. Halaber, entitatearen ordezkariaren ahalordetzea aurkeztu beharko dute.

b) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

c) Tutoreei eskatutako profilak betetzeari buruzko frogagiriak eta haien esperientziari buruzkoak.

d) Egiaztagiriak:

–Ez duela xede berbererako beste laguntzarik jasotzen, edo, betiere, laguntzen zenbatekoak ez duela gainditzen onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua. Eskaeraren I. eranskina.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela. Eskaeraren II. eranskina.

e) Proiektuaren memoria, deialdi honi erantsitako ereduaren araberakoa.

f) Helbidea, jakinarazpenetarako.

g) Orientazio entitateek eta prestakuntza entitateek elkartuta parte hartzen badute, elkarte horren eraketaren dokumentua aurkeztu beharko dute, ordezkari edo ahalordedun bakarra izendatzen duena, zeinak elkarteari, onuradun gisa, dagozkion betebeharrak betetzeko ahal aski edukiko baitu. Gainera, berariaz adieraziko dira elkarteko entitate bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere dirulaguntzaren onuraduntzat hartuko baitira. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio-epea bukatu arte.

Administrazioak entitate eskatzailearen legezko ordezkarien nortasuna egiaztatuko du.

Aurkeztutako agiriak kopia soilak izan daitezke. Nolanahi ere, administrazio publiko deitzaileak notaritzan edo administrazioan egiaztatutako kopiak eskatzeko eskubidea izanen du, kopia horiei dagokienez zalantzarik badago.

3. Interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak, baita administrazioak berak eginak direnak ere, ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikotik jaso ditzan, salbu eta interesdunak berariaz aukera hori eragozten badu. Kasu horretan, berak aurkeztu behar ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, berriz aurkez ditzan eskatzen ahalko dio interesdunari.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

Baremazioaren ondorioetarako, entitate eskatzaileak proiektuaren memorian zuzen zehaztu eta, hala bada, frogatu dituen alderdiak soilik hartuko dira kontuan, eta, beraz, puntuatuko.

Eskaeren lehentasun ordena ezarriko da hurrengo oinarrian aurreikusitako balorazio irizpideak aplikatuz lortzen duten puntuazioaren arabera.

8.–Balorazio irizpideak.

1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira eskaerak:

1. irizpidea.–Neurriaren eragina. 40 puntu gehienez ere.

  • Entitateak proposatzen badu 46-89 pertsonari arreta ematea (gehi ordezkoak): 10 puntu.
  • Entitateak proposatzen badu 90-134 pertsonari arreta ematea (gehi ordezkoak): 20 puntu.
  • Entitateak proposatzen badu 135-179 pertsonari arreta ematea (gehi ordezkoak): 30 puntu.
  • Entitateak proposatzen badu 180 pertsonari baino gehiagori arreta ematea (gehi ordezkoak): 40 puntu.

2. irizpidea.–Aurreikusitako laneratze tasa: 20 puntu, gehienez.

  • Entitateak aurreikusten badu %10 baino gehiago eta gehienez %15 laneratzea: 4 puntu.
  • Entitateak aurreikusten badu %15 baino gehiago eta gehienez %20 laneratzea: 8 puntu.
  • Entitateak aurreikusten badu %20 baino gehiago eta gehienez %25 laneratzea: 12 puntu.
  • Entitateak aurreikusten badu %25 baino gehiago laneratzea: 20 puntu.

3. irizpidea.–Proiektuari atxikitako teknikarien profil teknikoa, gehienez 5 puntu.

Lanbide orientazioan eta/edo prospekzio eta bitartekaritza lanetan frogatutako esperientzia urteak. Arreta pertsona batek baino gehiagok ematen badu, puntuazioa proiektuari atxikitako teknikari guztien esperientzia urteen batezbestekoa izanen da. Puntu bat emanen da urte bakoitzeko, gehienez 5 puntu. Esperientzia ez bada urte osokoa, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Irizpide hau aplikatzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira: titulazioa, lan bizitzaren txostena (lan kontratu eta guzti), hirugarrenek emandako ziurtagiriak, edo organo kudeatzaileak aski deritzon beste edozein frogabide.

4. irizpidea.–Entitatearen esperientzia: 10 puntu, gehienez.

a) Parte-hartze akreditatua administrazio publikoekin elkarlanean luzaroko langabeentzako orientazio programetan, dirulaguntza-deialdi baten bidez finantzatutakoetan, azken 10 urte naturaletan. Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Errenta Bermatuaren edo Gizarteratze-errentaren hartzaileentzat aldi horretan egindako programak ere baloratuko dira. Programa bakoitzeko puntu bat emanen da. Programaren iraupena urtebetetik goitikoa bada, 2 puntu emanen dira. Dagokion puntuazioa emateko, II. eranskina behar bezala bete beharko da, baloratu beharreko esperientzia proiektuaren memoriaren zer orritan dagoen adierazita.

Dagokion araua edo deialdia eta adjudikazio ebazpena aurkeztuz egiaztatu beharko da esperientzia.

Programa adjudikatzea eta/edo sinatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari badagokio, erakunde horrek ofizioz egiazta dezala eskatzen ahalko du entitateak idatziz, adjudikatutako programa eta deialdiaren urtea adierazita.

b) Administrazio publikoek antolatzen ez dituzten programen kasuan, 0,5 puntu emanen da programako. Programaren iraupena urtebetetik goitikoa bada, puntu bat emanen da. Dagokion puntuazioa emateko, III. eranskina behar bezala bete beharko da, baloratu beharreko esperientzia proiektuaren memoriaren zer orritan dagoen adierazita.

Kasu horretan agiri baten bidez frogatu beharko du esperientzia, honako hauek adierazita: entitate emailearen izena, entitate eskatzailea hautatu zeneko data, programaren iraupena eta aurreikusitako jarduketak. Entitate emailearen ordezkari eskudun batek sinatu beharko du agiri hori.

Datu horiek agertzen ez badira, aurkeztutako agiriak ez dira baloratuko.

5. irizpidea.–Entitate eskatzailearen jarduketa-eremu geografikoa (10 puntu gehienez).

Proiektuaren memorian, entitate onuradunak adierazi beharko du zein enplegu agentziaren lurralde eremuan edo eremuetan garatu behar duen programa.

Gehienez 10 puntu emanen dira, eskala honen arabera:

a) Entitateak Iruñerriko enplegu agentzia baten lurralde eremuan jarduten badu: 1 puntu.

b) Entitateak Tuterako enplegu agentziaren lurralde eremuan jarduten badu: 3 puntu.

c) Entitateak gainerako enplegu agentzien lurralde eremuan jarduten badu: 6 puntu.

Hala, entitateak a), b) eta c) atalei dagozkien puntuak batu ditzake.

6. irizpidea.–Ebaluazio sistema, 5 puntu.

Zerbitzuen kalitatea kontrolatzeko ebaluazio-sistema daukaten entitateen kasuan, sistema horretan eraginkortasun ekonomikoaren adierazleak txertatu badira, bai eta erabiltzaileen gogobetetze-mailaren, enplegagarritasuna hobetzearen eta laneratze tasaren adierazleak ere, 5 punturekin baloratuko da.

2. Deialdian aurreikusitako diru zenbatekoa puntuaziorik onena lortzen duten erakundeen artean banatzeko, prozedura honi jarraikiko zaio:

a) Proiektuak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira. Berdinketa izanez gero, 1. irizpidean puntuaziorik handiena lortzen duten proiektuei emanen zaie lehentasuna.

Hala ere, berdinketa hausten ez bada, 2. irizpidea hartuko da kontuan, eta horrelaxe jarraituko da 5. irizpidera iritsi arte.

b) Dirulaguntzak emateko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatzearen ondoriozko hurrenkerari jarraituko zaio, aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera.

Balorazio hori egin ondoren erabilgarri gelditzen den aurrekontu-kreditua zerrendako azken entitateak eskatu duen zenbatekoa baino txikiagoa bada, horren berri ematen ahalko zaio, eta aukera izanen du eskaera berregiteko. Nolanahi ere, eskaera berreginda ere, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz esleitutako puntuazioa ez da aldatuko.

30 puntu baino gehiago lortzen dituzten proiektuak baino ez dira onartuko.

9.–Organo eskudunak eta ebazteko gehieneko epea.

Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa NL-NEZko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, NL-NEZko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

Aurkeztutako agiriak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Batzorde hori honako hauek osatuko dute:

–Batzordeko burua: NL-NEZko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekidea: Enplegu Programa Integralen Ataleko burua.

–Batzordekide-idazkaria: Enplegu Programa Integralen Ataleko teknikari bat.

NL-NEZko zuzendari kudeatzaileak eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo 3 hilabetean emanen du ebazpena. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

10.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak: itzultzea.

1. Entitate onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Laneratzeko betebeharrak: arreta jasotako pertsonen %10 gutxienez laneratzeko konpromisoa hartzen du entitateak. Gainera, proposa dezake pertsona laneratuen portzentaje handiago bat.

Laneratzetzat joko da edozein lan-kontratu mota, arreta jaso duen pertsona batek lanpostu bat lortzea dakarrena, betiere barnean direla kontratu mugagabeak, praktikaldiko kontratuak eta prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak. Gainera, laneratzetzat joko da langileak alta hartzea langile autonomo edo norberaren konturako langile gisa (laneratutako pertsonen %20 gehienez) edo kooperatiba edo lan sozietate bateko bazkide langile edo lan-bazkide gisa. Lanetik kanpoko praktikak egitea ere laneratzetzat joko da.

Bekak ez dira kontuan hartuko ondorio horietarako.

Laneratzetzat har dadin, kontratatzen den pertsonak gutxienez 2 hilabetez egon behar du lanaldi osoan kontrataturik, edo denbora horri dagokiona lanaldi partzialean, zerbitzua eman zitzaionetik 2022ko ekainaren 30era bitarteko epean, edo ekonomia sozialaren eremuko enpresa batean bazkide gisa sartua egon beharko du. Langile autonomo gisa hasten bada lanean, nahikoa izanen da Langile Autonomoen Araubide Berezian alta hartu izana justifikatzea, eta bertan 6 hilabetez irautea.

Ez dira kontuan hartuko administrazio publikoek aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretatik datozen laneratzeak; izan ere, bitartekaritza hori beren enplegu zerbitzuek beraiek egin behar dute zuzenean.

Langabea Nafarroako Foru Komunitatean zein beste edozein autonomia erkidegotan laneratzen ahalko da.

b) Orientazioaren ondorioz, entitateak langabearen profil profesionala eguneratuko du Orientasaren, prestakuntza eta enplegu ibilbidea planifikatu ahal izateko, bere profil eta beharretara gehien egokitzen diren programetan sar dadin.

Txostena interesdunari itzuli beharko zaio.

c) Entitateek Nafarroako enpleguaren atarian argitaratuko dituzte eskaintzak.

Lan eskaintza bat Nafarroako enpleguaren atarian (www.empleo.navarra.es) erregistratzea prozesu bat da, non NL-NEZek horretarako gaitutako pertsona batek eskaintzak biltzeko prozesuan eskuratutako datuak mekanizatu eta Nafarroako enpleguaren atarian sartzen dituen, sisteman enplegu eskaintza berri bat sortuz, baldin eta NL-NEZek unean-unean horretarako ezartzen dituen baldintzak betetzen badira.

d) Luzaroko langabeen parte-hartzea duten ekintza guztiak, hasierako elkarrizketa barne, dokumentu bidez erregistratu beharko dira, honako hauek adierazita: eguna, ordua, ekintzaren edukia, eta arreta jaso duen pertsonaren eta ekintza gauzatzen duen entitateko teknikarien sinadurak.

e) Orientazio ekintzen emaitzari eta garapenari buruzko datuak ematea NL-NEZi, zerbitzu horrek ezartzen dituen bide elektronikoak erabiliz, halako moduan non erakunde horrek informazio eguneratu guztia edukiko baitu onuradunen banakako laneratze-ibilbideen bilakaerari buruz.

f) Aldian behin, ekintzen kontrol fitxak aurkeztea, arreta jasotzen duten pertsonek sinatuak. Orientazio Atalak ezarriko du nolako aldizkakotasunarekin aurkeztu behar dituen fitxa horiek entitate bakoitzak eta zein ereduri jarraikiz, ekintzen kopurua eta programen eta ekintzen ezaugarriak kontuan hartuta.

g) Egindako ekintzak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren sistema informatikoan erregistratzea, NL-NEZek proposatzen duen moduan eta denboran, baita Orientasaren ere.

h) Tutorea ordeztuz gero, oinarri hauetan eskatutako esperientzia eta titulazioa egiaztatu beharko dira.

i) NL-NEZek ezarritako jarraibideak betetzea emaitzen ebaluazioari dagokionez.

j) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.

k) Diruz laguntzen diren ekintzen xede diren pertsonei ezin zaie ezer kobratu inola ere.

l) Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

m) Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako baldintzak bete ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki, entitate onuradunak bere gain hartutako konpromisoaren arabera parte-hartzaileen laneratze ehunekoa betetzen ez bada, dirulaguntza proportzio berean murriztuko da, eta, kasua bada, zenbateko hori itzuli beharko da, berandutze-interesak eta guzti.

Era berean, gutxienez behar den %10eko laneratze portzentajea betetzen ez bada, dirulaguntza galduko da, eta, behar denean, itzuliko da, honela: ez-betetzearen portzentajearen halako bi, gehi berandutze-interesak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, deialdi honetan Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen IV. tituluko araubidea erabiliko da.

11.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

Dirulaguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen den ziurtatzeko, baita ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko ere.

NL-NEZek egiaztatuko du ea deialdi honen bidez diruz lagundutako arreta jaso duen pertsona gutxienez 2 hilabetez egon den kontratatua eta Gizarte Segurantzan afiliatua, edo 6 hilabetez, norberaren konturako langileen kasuan. Hori egiaztatuta, espedientea bukatzeko ebazpena emanen da.

12.–Onuradunek egindako jarduketak justifikatzea. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epeak.

a) Entitateak konturako ordainketa bat eskatzen ahalko du, diruz lagundutako programaren erdia gutxienez egin ondoren; horretarako, eginiko jardueraren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Konturako ordainketa egiteko, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren aldeko txostena beharko da.

b) Nolanahi ere, urte bakoitzeko azaroaren 30a baino lehen, entitateak amaierako memoria teknikoa aurkeztu beharko du, bai eta justifikazio ekonomikoa ere, urte horretan egindako proiektuei dagokien dirulaguntza ordain dadin. Justifikazio ekonomikoa egiteko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Tutore gisa kontratatutako pertsonaren nominak eta agiriak, baita dagozkion ordainketa frogagiriak ere.

–Emandako prestakuntza ekintzen identifikazioa; horien edukia eta zein tokitan eta zein egunetan eman diren zehaztuko da bertan, bai eta eman dituzten irakasleak eta horietako bakoitzean parte hartu duten pertsonen zerrenda ere. Halaber, parte-hartzaileen sinaduren orria aurkeztu beharko da, prestakuntza saio bakoitzean parte hartu dutela egiaztatu ahal izateko.

13.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira jarduera hori bera egiteko jasotzen diren beste batzuekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Emandako dirulaguntza justifikatu aurretik jakinarazi beharko zaio NL-NEZi beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso izana, eta ordaindu beharreko zenbatekoa gutxitzen ahalko da horren ondorioz.

14.–Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

–Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

15.–Dirulaguntzaren publizitatea, onuradunaren aldetik.

Bai publizitatean, bai zabalkundeko materialetan eta paper-gauzetan, entitate onuradunek Nafarroako Gobernuaren finantzaketa izan dutela adierazi behar dute. Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat erabili beharko da Nafarroako Gobernuaren sinboloa.

16.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta haiek aplikatzean ematen diren administrazio-egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoaren xede den administrazio egintza espresua ez bada, noiznahi jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

17.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 Erregelamendua (EB), apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

Entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

18.–Emandako dirulaguntzen argitalpena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, NL-NEZek jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Enpleguaren Atarian (www.empleo.navarra.es), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F2004823