108. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BIURRUN-OLKOTZ

Ordenantza, Hirigintzako tramitazioak eta beste tramitazio batzuk egiteko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Biurrun-Olkozko Udalak, 2020ko otsailaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Hirigintzako tramitazioak eta beste tramitazio batzuk egiteko tasak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuaren arabera (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

UDAL ORDENANTZA, HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOAK ETA BESTE TRAMITAZIO BATZUK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1, 100. eta ondoko artikuluetan xedatuaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zergapeko egitatea da zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea hirigintzako jarduketak eta hirigintzaz kanpoko lizentziak tramitatzean, udal mugapeko edozein tokitan eginik ere, hala lur pribatuan nola publikoan.

3. artikulua.

3.1. Tasa hauei loturiko udal jardunak hirigintzako jarduketa hauek barne hartzen ditu, besteak beste:

a) Udal Planean egiten diren aldaketak tramitatzea.

b) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak tramitatzea.

c) Lerrokaduren azterketa osagarriak edo xehetasun-azterketak tramitatzea.

d) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak tramitatzea.

e) Lur banantzeak tramitatzea.

f) Birpartzelazioak edo kudeaketarako beste figura batzuk tramitatzea.

g) Urbanizazio proiektuak tramitatzea.

h) Lehen aldiz erabiltzeko lizentziak tramitatzea.

i) Ofiziozko udal jarduketak, obrak nola gauzatzen diren kontrolatzeko eta ikuskatzeko, aurri-adierazpeneko espedienteak tramitatzeko, eta betearazpen aginduak emateko espedienteak tramitatzeko.

3.2. Tasa hauei loturiko udal jardunak hirigintzaz kanpoko lizentzien jarduketa hauek barne hartzen ditu:

a) Jarduera lizentziak tramitatzea.

b) Irekitzeko lizentziak tramitatzea.

4. artikulua. Tramitazioen bukaeran ez bada ematen lizentziarik edo beste ebazpenen bat, dela uko egiteagatik edo beste arrazoiren batengatik, edo ematen zaien bukaera lizentzia ukatzea bada, dagokion tasa kobratuko da, baldin txosten teknikoak egin badira.

Ordaindu beharra

5. artikulua. Tramitazioa eskatzen den unean bertan sortzen da tasa ordaindu beharra.

Subjektu pasiboa

6. artikulua. Dena delako tramitazioa eskatzen duten pertsona natural edo juridikoek ordaindu behar dute. Ofizioz abiatutako udal espedienteak tramitatzean, higiezinaren jabeak ordainduko du.

Tarifak eta karga-tasa

7. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean ageri dira.

Tasa ordaintzeaz gain, subjektu pasiboak bere kontura hartu beharko ditu iragarkiak argitaratzeko gastuak, bai eta aplikatu beharreko araudiak eskatzen dituen gainerako tramitazioek sorturiko gastuak ere.

Tramitazioa

8. artikulua. Hirigintzako tramitaziorako eskaera orok ekarri beharko ditu uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak aipatzen dituen edukia eta zehaztapenak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Hirigintzaz kanpoko tramitaziorako eskaera orok ekarri beharko ditu Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legeak eta harekin bat heldu direnek aipatzen dituzten edukia eta zehaztapenak.

Kudeaketa arauak

9. artikulua. Espedientearen tramitazioa bukatu baino lehen, tasen likidazioa eginen da; espedientearen ebazpenaren jakinarazpenarekin batera eginen da dagokien igorpena.

10. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio tasak erregelamenduzko epean ordaindu beharko dituela.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek ondorio juridikoak izanen ditu haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratu ondoren, eta behin iraganik Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei errekerimendua egiteko duen epea, dagokion ahalmena erabiliz, toki entitate horien egintza edo erabakiak indargabetzeko; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262. eta 326. artikuluetan xedatuarekin bat.

ERANSKINA

Hirigintzako tramitazioak

I. epigrafea.–Udal Planeko aldaketak, plan partzialak, sektorizazio planak, plan bereziak, birpartzelazioak, urbanizazio proiektuak eta haien aldaketak tramitatzea: 100 euro.

II. epigrafea.–Honako hauek tramitatzea: xehetasun-azterketak, lerrokadura-azterketak, unitate-mugaketak, erabilera-aldaketak, banantzea, finken normalizazioa, lehen aldiz erabiltzeko lizentziak edo ofizioz abiatutako espedienteak, obrak nola gauzatzen diren kontrolatzeko eta ikuskatzeko, aurri-adierazpeneko espedienteak tramitatzeko, eta betearazpen aginduak emateko espedienteak tramitatzeko: 50 euro.

Hirigintzaz kanpoko lizentziak tramitatzea

III. epigrafea.–Jarduera lizentziak eta irekitzeko lizentziak.

4/2005 Foru Legeko jarduera sailkatuetarako lizentzien espedienteen tasak: jarduera sailkatuen alorreko aholkulariak emaniko txosten bakoitzaren kostua, bai eta udal arkitektoaren txostenena ere, halakorik badago.

4/2005 Foru Legeko jarduerak irekitzeko lizentzien espedienteen tasak: jarduera sailkatuen alorreko aholkulariak emaniko txosten bakoitzaren kostua.

Tarifa horiek pilatu eginen dira, baldin eta lizentzia ematean tarifetan zehaztutako kasuetako bat baino gehiago elkartzen bada.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Biurrun-Olkotzen, 2020ko maiatzaren 7an.–Alkatea, María Luisa Serrano Echaves.

Iragarkiaren kodea: L2004831