82. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

237/2019 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena, 2019. urterako, abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan. DDBN identifikazioa: 443577.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak uztailaren 12an emandako 241/2017 Ebazpenaren bidez, arauak onetsi ziren abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan.

Aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari laguntza honen berri eman zitzaion. Organo horrek adierazi zuen Espainiako agintariek (Nafarroako Foru Komunitateak) igorritako informazio laburtuaren inprimakia jaso zuela, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu zuen SA. 48295 laguntza zenbakiarekin.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direnez, eta laguntzen araubide honen indarraldia 2020ko abenduaren 31rainokoa izanik, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak deialdi bat onetsi nahi du, 2019. urterako, abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan. Aipatutako erregelamenduaren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen dira nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, 2019. urterako, abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan.

2. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3. 70.000 euroko gastua baimentzea, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoetarako, 2019ko Gastuen Aurrekontuko “Kalte-ordaina abereak epizootien ondorioz hil behar izateagatik, eta azienda mugitzeko debekuaren ondoriozko irabazi lortugabeagatik” izeneko 710004-71320-7700-412200 aurrekontuko partidaren kargura.

4. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 12ko 241/2016 Foru Aginduan aurreikusitako arauak aplikatuko dira deialdi honetan; izan ere, foru agindu horren bidez onetsi ziren abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzen arauak, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

6. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko martxoaren 7an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1903606