82. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

90/2019 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Tokiko Agenda 21 prestatzea finantzatzeko dirulaguntzen deialdi berezia, toki entitateentzat, 2019. eta 2020. urteetarako. DDBN identifikazioa: 447058.

Tokiko Agenda 21 da udalerri baten edo udalerri batasun baten plangintza estrategikoaren prozesu bat, haren garapena bideratu nahi duena jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora, helburuak udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez zehaztuta.

Nazio Batuek Ingurumenari eta Garapenari buruz egindako Konferentzian (Lurraren Gailurra) du jatorria. Rio de Janeiron egin zen, 1992an. Gero, Hiri Jasangarrien gaineko Europako 1. Konferentzian (Aalborg 1994) garatu zen, Europako Hirien Jasangarritasunerako Gutuna sinatuta, baita Aalborgeko Konpromiso (2004) izenekoak sinatuta ere. Hona hemen zer arlori heldu zioten:

1. Gobernu moduak.

2. Udal kudeaketa jasangarritasunaren aldera.

3. Baliabide natural komunak.

4. Kontsumo eta bizimodu arduratsuak.

5. Hirigintzaren planeamendu eta diseinua.

6. Mugikortasun hobea eta trafikoa murriztea.

7. Osasunaren aldeko tokiko ekintza.

8. Tokiko ekonomia bizi eta jasangarria.

9. Berdintasuna eta justizia soziala.

10. Tokikotik globalera.

Tokiko Agenda 21 izenekoak ezartzeko erabilitako erreferentziazko metodologia hau izan da: Jasangarritasunerako Toki Entitateen tokiko agenda 21 planifikatzeko Europako gida.

Agenda 21 prestatzeak denbora luzeko lana eskatzen du, baita inplikatutako toki entitateekin eta biztanleekin elkarlanean aritzea ere. Horregatik, hainbat urtetako aurrekontuak behar ditu gauzatu ahal izateko; horrenbestez, egokia da Tokiko Agenda 21 egiteko dirulaguntzak urte anitzekoak izatea.

Nahiz eta dagoeneko tramitatu den 2019. eta 2020. urteetarako dirulaguntzen deialdi bat Agenda 21 prestatzeko, egokitzat jo da deialdi berezia egitea, Nafarroako agenda 21en hedadura osatzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Tokiko Agenda 21 osoki egiteko finantzaziorako dirulaguntzen deialdi berezia onestea, toki entitateentzat, 2019. eta 2020. urteetarako.

2. Deialdi bereziaren oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinetan jasotzen direnak, onestea.

3. Gehienez 8.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastu-aurrekontuko “Toki entitateentzako dirulaguntzak Agenda 21 jasangarritasun azterlan eta planetarako” izeneko 740007 74700 4609 468100 partidaren kargura. Betiere, kreditu nahikoa eta egokia izan beharko da gastu honetarako.

4. 4.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastu-aurrekontuko “Toki entitateentzako dirulaguntzak Agenda 21 jasangarritasun azterlan eta planetarako” izeneko 740007 74700 4609 468100 partidaren kargura. Edo, bestela, 2019. eta 2020. urteetan ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei erantzuteko sortzen den partida baliokidearen kargura izanen da. Betiere, kreditu nahikoa eta egokia izan beharko da gastu honetarako.

5. Deialdi hauek Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Iruñean, 2019ko martxoaren 28an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

AGENDA 21 EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDI BEREZIA, TOKI ENTITATEENTZAT, 2019-2020 IKASTURTERAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. ERANSKINA

Xedapen komunak

Lehena.–Xedea eta helburua.

Ebazpen honen xedea da dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, laguntzen helburua izanik 2019-2020 ekitaldian Agenda 21 egin dadila sustatzea, garapen jasangarria tokian-tokian bultzatzeko.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak eta baldintzak.

1. Dirulaguntzaren xede izanen da Nafarroako Toki Entitateek Agenda 21 egiteak ekarritako gastua.

2. Jarduketa diruz lagungarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Toki entitate batek egitea: udal batek, zerbitzuen mankomunitate batek edo entitateen batasun batek.

b) Tokiko Agenda 21 baten esparruaren barnean egotea. Haren garapena 4. eranskinean zehazten da.

c) Agenda osoki egitea, eranskin horretan berean zehaztu bezala. Agenda 21 prozedura estandarraren edo murriztuaren bidez egin daiteke.

I. Prozedura estandarra. Aurretik Agenda 21 ez zuten toki entitateentzat, eta, orobat, elkarturik 15.000 biztanletik gora edo 150 kilometro koadrotik gora duten entitateentzat edo Tokiko Agenda 21 egiteko multzokatu diren entitateentzat.

II. Prozedura murriztua. Gainerako toki entitateentzat.

Hirugarrena.–Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak.

Laugarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak frogatzeko, eskaerak, eskabide orokor bat beteta, dokumentazio hau eraman beharko du:

1. 2. eranskina. Erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak. Orobat, entitate eskatzailearen biztanleria osoa adieraziko du, baita dirulaguntzaren xede diren entitateenak ere. Eskaera entitate baterako baino gehiagorako eginez gero, zehaztuko da zer entitate diren. Halaber, zehaztuko da ea noizbait Agenda 21 egin den, eta noiz. Eranskin honetan zehaztuko da zein den Agenda 21 prestatzeko aurrekontua, hartarako eskatuko baita dirulaguntza.

2. Zenbait entitatetarako eskaera eginez gero, eskuordetutako entitate bakoitzerako 3. eranskina osorik beterik gehituko da: erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak. Orobat, adieraziko da entitate eskatzaileari eskuordetza egiten zaiola, baita Tokiko Agenda 21 egiteko eta gasturako konpromisoa ere.

Jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren eskutan dauden dokumentuak badaude, interesdunak hala azaldu beharko du eskabidean, adieraziz zer dokumentu den eta zer espedientetan dagoen, eta datu babesturik bada, baimena emanen zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari haietan sartzeko.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Alkateak edo toki entitateko lehendakariak sinatu beharko du eskaera, eta hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko da, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Proiektu mankomunatuen kasuan, proiektuaren koordinatzaile ofizialak sinatuko du eskaera. Agendak zenbait udalerritan baldin badu eragina, eta udalerri horiek ez badaude mankomunitate batean elkarturik, agenda egiteko eskuordetza-agiria erantsiko da, hots, 3. eranskina.

Eskaera Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalari eginen zaio, eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkezten ahalko da (González Tablas kalea 9, Iruña). Orobat, aurkezten ahalko da Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan.

Eskaera posta-bulego batean aurkezten bada, gutun-azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean agerrarazteko bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti); datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Balorazio Batzorde Teknikoak ebaluatuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Epaimahaiburua: Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

–Idazkaria: Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoko burua, edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

–Epaimahaikidea: Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duen teknikaria.

Beharrezkotzat joz gero, Balorazio Batzorde Teknikoak eskatzen ahalko du aurkeztutako eskaeren xedeko gaietan adituak diren teknikariek parte hartzea.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jasota, Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak egiaztatuko du ea oinarri hauetan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala bost egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen zuzentzen ez badu ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Aurreko oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak oinarri arautzaile hauetan adierazitako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak ebazpen proposamena eginen du, eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren deialditik kanpora gelditzen direnekin, aurrekontuetako mugak direla kausa.

3. Dirulaguntzak Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko dira. Aurrekontuko kreditu eskasiagatik dirulaguntzarik jasotzen ez duten onuradunen zerrenda berariaz agertuko da ebazpenean.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak idatziz onetsi beharko du proiektua egitean haren edukian edo forman egiten den edozein aldaketa.

2. Proiektuak edo ekintzak 2019ko eta 2020ko ekitaldien barrenean egiteko konpromisoa, Nafarroako Gobernuak 2019ko eta 2020ko ekitaldietan eman dezan toki entitatearen aldeko ordainketa agindua, ekitaldi bakoitzean toki entitateak onetsitako ziurtagiriak aurkeztu ondoren.

3. Dirulaguntza jasotzen duten proiektuak edo ekintzak kontratatzeko prozeduraren tramitazioa fase guztietan egiteko konpromisoa, bai eta proiektu edo ekintza horiek zuzen eta osorik egiteko behar diren tramite eta baimen eskaera guztiak ere; hori guztia, lanak hasten direnetik haiek behin betiko hartzen diren arte. Orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzukizuna hartuko du, eta ez beste inork, obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean.

4. Hala ere, toki entitateak diruz lagundutako inbertsioen %100 bitarte azpikontrata dezake.

5. Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

6. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea laguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean.

7. Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

8. Tokiko Batzorde Betearazlea sortzeko konpromisoa. Hartan hartuko dute parte agenda gauzatzen duten toki entitateen ordezkariek, agendarako kontratatutako enpresen ordezkariek eta Nafarroako Gobernuaren ordezkariek; azken horiek Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak izendatuko ditu. Tokiko Batzorde Betearazlea gutxienez ere seihilekoan behin bilduko da, fase bakoitzeko agiriak balidatzeko.

9. Seihileko bakoitzeko gutxienez parte-hartzeko foro bat eginen da.

10. Toki entitateak bere langileen artetik solaskide bat izendatuko du, eta hura izanen da Agenda 21 egiteko erreferentzia.

Bederatzigarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Hamabigarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, onetsitako dirulaguntza ordainduko da. Lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, dirulaguntza gutxitu eginen da, burututako proiektuaren proportzioan.

Hiru epetan ordainduko da, eta hamabigarren oinarrian zehazturiko agiriak aurkeztu beharko dira ordainketa horietako bakoitza egiteko, oinarri horretan berean ezarritako epean.

–Lehen ordainketa 2019ko uztailaren 30a baino lehen eginen da, 2019ko gastu-aurrekontuko “Toki Entitateentzako dirulaguntzak Agenda 21 jasangarritasun azterlan eta planetarako” izeneko partidaren kargura.

–Bigarren epeari dagokion zatia 2019ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko da, 2019ko gastu-aurrekontuko partida beraren kargura.

–Hirugarren epea honako hauek prestatzeagatik sorturiko gastuei dagokie: Tokiko Ekintza Plana eta agenda 21en Jarraipen Plana, prozedura estandarrean nahiz murriztuan. 2020ko ekainaren 30a baino lehen ordainduko da, 2020ko gastu-aurrekontuan horretarako zehaztutako partidaren kargura. Azken ordainketa hori egiteko, beharrezkoa izanen da Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak aldeko txostena egitea, hots, Tokiko Agenda 21 osoki zuzen egin dela ziurtatzea. Bestela, Tokiko Agenda 21en entitate arduradunari eskatuko zaio hutsak edo okerrak zuzen ditzala.

Epe bakoitzean, eskatzaile bakoitzari emanen zaion laguntzaren herena ordainduko da.

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan, gehienez 8.000 euro emanen dira 2019rako, eta 4.000 euro 2020rako. Dirulaguntzaren xede diren ekintzek ekarritako gastuaren %70 izanen da gehienez proiektu bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoa, eta hamaikagarren oinarrian ezarritako irizpidearen arabera emanen da, erabilgarri dagoen aurrekontua bukatu arte.

Eskatzaile bakoitzak gehienez ere 12.000 euro jasotzen ahalko du agenda osoa prozedura arruntaren bidez egiteagatik, eta 8.000 euro, prozedura murriztuaren bitartez egiteagatik.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emango dira.

2. Balorazio irizpideak.

Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira proiektuak edo ekintzak:

a) Lehenik, Tokiko Agenda 21 egin gabe duten udalei emanen zaie dirulaguntza. Talde horren barnean, lehentasuna izanen dute biztanle gehien duten entitateen edo entitate multzoen proiektuek.

b) Gero, Tokiko Ekintza eta Jarraipen Plan zaharrenak dituzten entitateei emanen zaie dirulaguntza. Antzinatasunean berdintasunik izanez gero, lehentasuna izanen dute biztanle gehien duten entitateen edo entitate multzoen proiektuek.

Lehentasun-ordena horri jarraituz emanen dira dirulaguntzak, kreditua bukatzen den arte.

Hamabigarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. 2019ko ekainaren 30era arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalean:

a) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua frogatzen duten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

b) Agenda 21 egiteko ardura duen enpresa kontratatzeko agiria.

c) Aurrediagnostikoaren agiria, prozedura estandarraren kasuan, 4. eranskinean ezarri bezala. Prozedura murriztuaren kasuan, ez da beharrezkoa izanen aurrediagnostikoa aurkeztea.

2. 2019ko azaroaren 15era arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalean:

a) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua frogatzen duten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

b) Agenda 21 bakoitzaren aurrediagnostikoaren eta diagnostikoaren ondoriozko agiria, 4. eranskinean ezarri bezala. Aldez aurretik aurkeztu bada, ez da beharrezkoa izanen.

3. 2020ko maiatzaren 31ra arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalean:

c) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastua frogatzen duten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

d) Agenda 21en Tokiko Ekintza Planaren eta Jarraipen Planaren ondoriozko agiria, 4. eranskinean ezarri bezala.

Epe hori betetzen ez bada, emandako dirulaguntza ez da pagatuko.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak ez dira bateragarriak Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Hamalaugarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Entitate publikoak direnez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete beharko dute lanen kontratazioan.

Hamabosgarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da dirulaguntza ordainduko edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamaseigarrena.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hamazazpigarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Hemezortzigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hemeretzigarrena.–Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Proiektuan edo ekintzan agerian egon beharko du Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.

2. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, Tokiko Agenda 21 egiteko dirulaguntza eskatu duen entitatearena (PDFa).

3. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, Tokiko Agenda 21 egiteko eskuordetu duten entitateena (PDFa).

4. ERANSKINA

Eranskina. Tokiko Agenda 21 baten edukia

Tokiko Agenda 21 bat ezartzeak esan nahi du honako hau egitea:

Aurrediagnostikoa.

1) Nafarroako Tokiko Jasangarritasunaren Adierazleak ezartzea prozesuaren hasieran. Adierazle horien emaitzak jakinda, 2) atalean azaldutako Jasangarritasunaren Diagnostikoa eginen da, soilik beharrezko den alderdietarako, Tokiko Batzorde Betearazlean adostu beharrekoak, prozesua gauzatzen duen enpresak proposatuta.

2) Prozesua udaleko langile guztiei aurkeztea, eta Tokiko Batzorde Betearazlea eratzea.

3) “21eko” Herritarren Parte-hartze Organoak ezartzea (batzordeak, foroak, lantegiak, etab.). Zabalkundea, bideoa, logotipoa... Herritarrei aurkeztuko zaie hasteko dagoen Tokiko Agenda 21en prozesua.

4) Tokiko liderren elkarrizketa sakonak.

5) Eztabaida taldeak ezartzea hainbat gairi buruz: ingurumenaren arloko gogobetetasuna, zerbitzuen irisgarritasuna, mugikortasuna, kontsumoa, etab.

6) Egiteko errazak diren inkesta masiboak; esaterako, gazteei egitekoak, ikastetxeen bidez, edo jada egituratuak dauden hainbat kolektibori egitekoak.

Jasangarritasunaren diagnostikoa.

Aurreko 1) atalean adierazi bezala, diagnostiko sakona eginen da beharrezkotzat jotzen diren alderdiei buruz, adierazleen emaitzen arabera. Tokiko Batzorde Betearazleak erabakiko du horren gainean. Gainerako gaiei buruz deskribapen laburra eginen da.

Hauxe egiten da Jasangarritasunaren Diagnostiko Integratu batean: indarguneen eta hobetzeko guneen azterketa, kontrastatzea, lehentasunak jartzea, eztabaidatzea, adostea, eta balidatzea, honako gai hauen gainean:

1) Ingurune fisikoa eta biotikoa.

2) Ingurune sozial eta ekonomikoa.

3) Ingurune eraikia eta planeamendua.

4) Jarduera ekonomikoen kokapena, bideragarritasuna eta ingurumen eta gizarte eraginak, jasangarritasunaren ikuspegitik.

5) Baliabide endogeno eta exogenoen kontsumoa (materiaren eta energiaren balantzeak, oinarrizko bektoreen zikloak, etab.). Energia auditoretzak.

6) Aztarna ekologikoa kalkulatzea eta hura murrizteko proposamenak.

7) Ingurumeneko arriskua.

8) Mugikortasuna eta garraioa.

9) Zerbitzuak ematea.

10) Genero ikuspegia.

11) Herritarren sentsibilizazioa eta partaidetza.

12) Udal kudeaketa, kudeaketa finantzarioa, pertsonala, sektoriala eta ingurumenekoa, sektoreartean integratua, udal ordenantzen eta jardunbide egokien proposamenekin.

Tokiko Ekintza Plana eta Jarraipen Plana egitea.

1) Tokiko Ekintza Plan bat egitea, eduki honekin:

a) Foro 21ean aurkezpenak egitea, lehenik Ildo Estrategikoaren proposamenarena, Ekintza Programekin, inkesta bat egiteko, eta, hura egin ondoren, lortutako emaitzen aurkezpena. Bi saioetan, behar diren lantegiak eginen dira haiek aztertzeko, kontrastatzeko, lehentasunak jartzeko, eztabaidatzeko, adosteko eta balidatzeko.

b) Inkestak egitea ingurumeneko eragileei, eragile sozialei, kulturalei eta ekonomikoei, haien parte-hartzearekin prestatzeko ildo estrategikoak –jasangarritasun irizpideekin–, horiek garatzeko programak eta gauzatu beharreko proiektuak.

c) Partaidetza organo guztietan eztabaidak egitea eta adostasunak lortzea, Ekintza Plana zehazteko.

2) Jarraipen Plan bat egitea, honako eduki hauekin:

a) Inkestak egitea agintariei eta udaletako teknikariei, eta partaidetza organoetan eztabaidatzea eta adostasunak lortzea, proiektuak aukeratu eta lehenetsi ahal izateko, hori oinarri izanen baita bukaerako Tokiko Agenda 21 egiteko.

b) Proiektuak xehaturik eta lehentasunen arabera ordenaturik, ingurumeneko profila –aukeratutako joeren bukaerako adierazleekin–, tokiko jasangarritasunerako adierazle berariazkoen sistema, antolaketarako egiturak eta kontrol osagarrien sistema, datuen eranskinak eta euskarri digitaleko informazio guztia (geoerreferentziaturik eta automatikoki egunera daitekeena).

3) Sintesi agiri bat egitea, geoerreferentziatua.

4) Jasangarritasuneko Udal Adierazpen bat egitea.

5) Foro 21ean aurkezpenak egitea: lehenik, aurreko agirien proposamenenak, azter daitezen, eta kontrastatu, lehentasunak ezarri, eztabaidatu, adostu eta balidatu daitezen; eta, gero, azkenik egindako produktuenak.

6) Triptiko soil bat egitea (Tokiko Agenda 21). Hartan argi eta garbi jasoko dira proiektuak eta ekintzak, adostasunez lehenetsiak, hala nola agintarien, eragile ekonomiko eta sozialen eta herritarren konpromisoak, erraztuko dutenak informazioa zabaltzea eta eskuragarri egotea komunitatearentzat eta hedabideentzat.

Agenda 21 egiteko, gutxienez 10 elkarrizketa eginen dira, eta, seihilekoan behin, foro bat.

Teknikari arduradunek edo kontratatutako enpresak (aholkularitza teknikoa), halakorik badago, aukera izanen dute planteatutakoez bestelako tresnak edo lanabesak proposatzeko, aurrekoen ordezkoak edo osagarriak. Nafarroako Gobernuak onetsi beharko ditu, eta Tokiko Batzorde Betearazlean adostu beharko dira.

Iragarkiaren kodea: F1904348