80. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

73E/2019 EBAZPENA, martxoaren 13koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren zuzendariak emana, aldaketa nabarmena baimentzen duena Tuterako udal-mugartean dagoen beira laua fabrikatzeko instalazioan, beste bi hauts kolektore instalatzeko proiektua bertan gauzatzeko. Instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, baita ebazpen honen eranskinean agertzen diren baldintzak ere. Instalazioaren titularra Guardian Industries Navarra SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 13ko 0156/05 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 46E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2018ko abenduaren 27an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, beste bi hauts kolektore bertan ezartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2019ko urtarrilaren 3an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” zen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta horregatik ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berririk ematea. Baina aldaketa “nabarmena” ere bazela zioen irizpenak, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baitzituen instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan; hortaz, aldaketa horiek ingurumen baimen integratuan jaso behar direnez, hura aldatu beharra dago.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzen duen administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2019ko urtarrilaren 3an, prozedura hori abiatu zen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko. Beste bi hauts kolektore instalatzeko proiektua da, hain zuzen, honako hauei dagozkienak: Float lehengaien eraikinean deskargatzearen xurgapena (20. fokua) eta Float labeko gangaren xurgapena (21. fokua).

Halaber, instalazioan zeuden baina ingurumen baimen integratuan jasota ez ziren beste foku batzuk gehitzen dira isurpenak atmosferara egiten dituzten fokuen zerrendan (22. fokutik 30.era).

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen-proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da hamar egunez, eta horrek ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Aldaketa nabarmena baimentzea Tuterako udal-mugartean dagoen beira laua fabrikatzeko instalazioan, beste bi hauts kolektore instalatzeko proiektua bertan gauzatzeko. Instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetako baldintzak bete beharko dituzte, baita ebazpen honen eranskinean agertzen diren baldintzak ere. Instalazioaren titularra Guardian Industries Navarra SL da.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Guardian Industries Navarra SLra eta Tuterako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 13an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1903741