1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
155E/2019 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita Iruñeko udal-mugarteko Z-2.2 unitatean “Erruki Etxea” Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea. Aldaketaren xedea aparkatzeko tokiak murriztea da, eta sustatzailea Morea Inversiones SA merkataritzako enpresa da.
Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak maiatzaren 4an emandako 303E/2018 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Iruñeko udal-mugarteko Z-2.2 unitatean “Erruki Etxea” Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioari, sustatzailea Morea Inversiones SA zela.
Ebazpen hori 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2018ko uztailaren 11n, eta hilabeteko epea ireki zen jendaurrean egoteko eta alegazioak egiteko.
Epe horretan aurkeztu ziren alegazioak hemen azaltzen dira, eta ondorengo 1. Eranskinean laburtzen eta erantzuten dira:
ZENBAKIA | DATA | NORK AURKEZTUA: |
1. alegazioa | 2018/08/10 | Laura Berro Yoldi, Aranzadi-Pamplona en Común taldearen ordezkaria (2018/546948) |
2. alegazioa | 2018/08/10 | Miren Edurne Egino Sasiain, Iruñeko Udaleko Izquierda-Ezkerraren udal taldearen ordezkaria (2018/547906) |
3. alegazioa | 2018/08/13 | M. Angeles Arrula, Colectivo Urbanas taldea ordezkatuz (2018/549550) |
4. alegazioa | 2018/08/13 | Gerardo Hurtado Jauregui, Iruñeko Udala ordezkatuz (2018/549696) |
Dokumentuak ez du aldaketarik izan hasiera batean onetsi zenetik. Hirigintza antolamendu xehatuaren inguruko zenbait erabaki besterik ez du jasotzen. Bat dator Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren xedapenekin, hala nola Iruñeko udal-mugarteko Z-2.2 unitatean “Erruki Etxea” Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientean jasotzen diren determinazioekin ere.
Aldaketa hau onartzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1.d) artikuluari men eginez.
Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak espedienteari buruzko txostena egin ondoren, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat, eta irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz (aipatutako foru dekretu horren bidez onetsi zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa),
EBAZTEN DUT:
1. Aurkeztu diren alegazioak tramitaziorako onartzea eta ebazpen honen Eranskinean adierazitako moduan ebaztea.
2. Behin betiko onestea Iruñeko udal-mugarteko Z-2.2 unitatean “Erruki Etxea” Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, hasieran aurreikusitako aparkatzeko tokien kopurua murrizteari buruzkoa. Sustatzailea Morea Inversiones SA merkataritzako enpresa da.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta halaber jakinaraztea alegazioak aurkeztu dituztenei, Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela, eta honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin bat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.
Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2019ko martxoaren 11n.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
1. ERANSKINA: ALEGAZIOEN TXOSTENA
1.–Laura Berro Yoldik, Aranzadi-Pamplona en Común taldearen izenean, aurkeztutako alegazio-idazkia.
Lehenik eta behin, gogora ekartzen da genero ikuspegiari buruzko analisiak erantsi behar zaizkiela lurralde eta hirigintza antolamendurako bitartekoei. Bigarrenik, udal talde horrek ezbaian jartzen du jendaurrean egoteko aukeratutako aldiaren iraupena, baita udaldiarekin bat egin izana. Haien ustez, “aldi luzeago batez egon behar zuen jendaurrean, kontuan hartuta herritar gehienen erritmo arruntak irailaren erdialdera hasten direla funtzionatzen. Beraz, gutxienez hiru hilabetez egon behar zuen ikusgai, urriaren 11ra arte”. Azkenik, udal talde horren alegazioek zalantzan jartzen dute Mugikortasun Azterketaren balioa, izan ere, haien ustez “lege hutsunea dago Udal Araudi Orokorrean, bizitegi erabilerarako garaje-plazak kalkulatzeari dagokionez, behin-behineko bizitegi erabilera (hotela) eta bizitegi komunitarioen (ikasleen egoitza eta zaharren egoitza) erabilera kontuan hartuta”; “baliogabea da, halaber, merkataritzako kalkulua proiektu osora zabaltzea” aparkatzeko tokien kopuruak zehazteko; eta Mugikortasun Azterketak ere hutsuneak ditu, ez baitu kontuan hartzen Iturrama auzoan aparkatzeko zenbat toki dauden, ez eta “bizikletaren erabileraren hazkundea eta mugikortasun sostengarriaren sustapena ere”.
Erantzuna:
Lehenengo alegazioa onartzea egokia da. Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, 31. artikuluan (lurralde eta etxebizitzaren antolamendurako hirigintza politikak), ezartzen du “Administrazio publikoek, hiriaren diseinuan, hirigintza politiketan eta hirigintza planak zehaztu eta gauzatzerakoan, genero ikuspegia hartuko dute aintzakotzat, horretarako erabiliz, era berezian, herritarren parte hartzea eta gardentasuna sustatzen eta errazten dituzten mekanismoak”.
Abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ezartzen du Foru Lege aurreproiektuek, legegintzako foru dekretuek eta araubidezko xedapen proiektuek (Foru Dekretuak eta Foru Aginduak) derrigor eraman behar dutela atxikirik txosten bat, bertan azalduko dela ezartzen diren neurriek sexuen arabera izanen duten eragina.
Era berean, Emakume eta gizonen arteko berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak indarra hartu izanaren ondorioz, emakume eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa aintzakotzat hartu behar da gure ordenamendu juridikoan, eta hori eta horrenbestez bereganatuko eta errespetatuko da, arau juridiko guztien interpretazioan eta aplikazioan. Era berean ezartzen du printzipio hori derrigor hartu behar dela aintzakotzat Administrazio Publikoen jarduketetan, eta haiek bereganatuko dutela, modu aktiboan, beren arauzko xedapenak erabaki eta gauzatzean.
Azkenik, Nafarroako Gobernuak 2011ko maiatzaren 16ko bilkuran hartutako erabakiaren arabera, Nafarroako Gobernuak onartuko dituen planek eta programek sexuaren araberako eraginaren txosten atxikia eraman beharko dute.
Kasu honetan, Udalaz gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren onarpena Nafarroako Gobernuari dagokio. Beraz, aurreko paragrafoetan aipatutako legeriaren arabera, beharrezkoa da proposamen horrek sexuaren araberako eraginaren txosten atxikia izatea.
Ildo horretatik, espedientearen sustatzaileak txosten bat aurkeztu du, ondoko hau argudiatuz: “Beste alde batetik, eta alegazioaren mamiari helduz, Plan edo Programa batek arautzen duen gai batean sexuaren araberako eraginik ez dago, horrek inolaz ere eragiten ez badu emakume eta gizonen egoera sozial edo pertsonalean; ondorioz, berdintasun eragingarrian ez du eraginik. Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa xehatu honek eragin bakarra du, Unitatean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko beharrezkoak diren aparkatzeko tokien kopuruari dagokiona. Aldaketa norainokoa den ikusita, esan liteke honen onarpena garrantzirik gabekoa dela eta eraginik ez duela genero politikengan, horiek ezarri behar badira ere, besteak beste, alegazioan aipatzen den emakume eta gizonen arteko berdintasun eragingarriaren eskubidea bermatzeko politikak”.
Erantzun hori aski jo zen, genero berdintasunean eskumena duen organismoak aldeko txostena eman zezan eta, beraz, 2018ko azaroaren 16an, espediente osoa igorri zen Nafarroako Berdintasunerako Institutura, bertan ezartzen diren neurrien sexu arloko eraginari buruzko txostena eman zezan. Txostena eskatu zenetik bi hilabete igaro direnean, horren berririk ez dela ikusirik, eta aintzat harturik Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren Gida metodologikoak jasotzen duena (“Genero-eraginaren gaineko txostenak Nafarroako Gobernuaren araudi, plan eta programetan”), aldeko txostena egindakotzat jotzen da eta aurrera egiten du espedientearen tramitazioak.
Egokia da bigarren alegazioa ezestea, izan ere, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa xehatuak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina bete behar du (uztailaren 26ko 1/2017 legegintzako Foru Dekretua), haren 45.5 artikuluak zehazten baitu “Udalez gaindiko plan sektorialen determinazio xehatuen aldaketak egiteko, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskuduna den departamentuak onetsi beharko ditu, jendaurrean hilabete batez egon eta ukitutako udalei entzutea eman ondoren, edo, bestela, kasuan kasuko udalak, aipatutako departamentuak baimentzen badu eta hark emandako jarraibideekin bat”. Ondorioz, Foru Administrazioak zuzen jokatu du proiektua hilabete batez jarrita entzunaldian, aipatutako araua bete baitu, eta ez da justifikatzen hiru hilabetera zabaltzea entzunaldia, ez aldaketaren tamainagatik, txikia delako, ez eta delako “herritar gehienen erritmoen” ondorioz ere, izan ere, bestela kaltetuko bailirateke aldaketa prozedura sustatu dutenen eskubideak.
Azken alegazioa ezestea egokia da, proposamenean erantsitako Mugikortasun Azterketan justifikatzen direlako jarduera bakoitzari dagokionez egindako kalkuluak. Horien arabera, hauek dira aparkaleku beharrak: 38 plaza hotelarentzat, 28 behin-behineko egoiliarrentzat (ikasleak eta zaharrak) eta 113 merkataritza jarduerarako, guztiak batuta aparkatzeko 179 plaza, alegia, jarduketen ondorioz sortutako beharren arabera kalkulatutako tokiak. Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketan aparkatzeko 277 toki aurreikusi zen koherentzia bilatu nahi zelako Plan Sektorialaren eta indarra duen hirigintza araudiaren artean, eta Iruñeko Udalak bere txostenean adierazi zuelako “aurreikuspen hori bat” zetorrela “Udal Planaren Hirigintza Araudi Orokorraren aurreikuspenarekin” (Hirigintza Gerentziaren txostena, 2017ko urriaren 30ekoa). Azkenik, Oinarrizko Proiektuaren abiapuntuko irizpidea da ezarri beharreko jarduera ekonomiko berrien ondoriozko aparkaleku beharrak jarduketaren beraren baitan konpondu behar direla, hortik kanpoko baliabiderik erabili gabe.
Proposamena: Aurkeztutako lehenengo alegazioa bere horretan onartzea, eta gainerakoak ezestea.
2.–Miren Edurne Egino Sasiainek, Iruñeko Udalean Izquierda-Ezkerran taldearen ordezkariak, aurkeztutako alegazio-idazkia.
Idazkian eskatzen da “Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa, hasieran onartu zen moduan, tramitatzen ez jarraitzea, eta komunikazio aldi bat irekitzea, Iruñeko Udalarekin eta herritarrekin, aldaketa hori modu egokian eta hirigintzari buruz indarra duen legeriaren arabera tramitatzeko”. Eskariaren funtsa da, labur esanda, Iruñeko Udalak eskumena duela Udalez gaindiko Plan Sektorialean aldaketak egiteko, aldaketa horiek “xehatuak” direnean, eta horri eransten dio sustatzaileak berak onartzen duela udalaren araudia bete behar dela, aparkalekuen aurreikuspenari dagokionez.
Erantzuna:
Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa xehatuak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina bete behar du, haren 45.5 artikuluak zehazten baitu “Udalez gaindiko plan sektorialen determinazio xehatuen aldaketak egiteko, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskuduna den departamentuak onetsi beharko ditu, jendaurrean hilabete batez egon eta ukitutako udalei entzutea eman ondoren, edo, bestela, kasuan kasuko udalak, aipatutako departamentuak baimentzen badu eta hark emandako jarraibideekin bat”. Kasu honetan, behar diren aparkatzeko tokien kopuruaren aldaketa Udalaz gaindiko Plan Sektorialari dagokio eta, beraz, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio haren aldaketak onestea. Irizpide horren arabera, bete beharreko jendaurreratzearen eta entzutearen tramiteei ekiteko, aldaketa espedientearen tramitazioari hasiera emateko Ebazpena 2018ko uztailaren 11n argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Iruñeko Udalari igorri zitzaion 2018ko maiatzaren 7an.
Aparkalekuen aurreikuspenari dagokionez, proposamenak betetzen ditu aurreikusitako erabileretarako Iruñeko Udalaren Planean aparkatzeko tokiei dagokienez ezarrita dauden determinazioak. Izan ere, Udal Planean aurreikusitako ratioak aplikatzen bazaizkio erabilera bakoitzerako eraikitako azalera bakoitzari, honako gutxieneko plaza kopuruak ateratzen dira: Bizitegiak: Plaza bat eraikitako 100 m koadroko, 65 plaza behar. Zahar-etxea, plaza bat eraikitako 100 m koadroko, 41 plaza behar; Hotela, 70 plaza; Merkataritza, 68 plaza. Osotara, 244 plaza behar dira, eraikinaren barnean aurreikusitako 277 plazak baino kopuru txikiagoa. Merkataritza erabilerarako behar den plaza kopurua eraikitako azalera osoari aplikatuta (plaza bat eraikitako 75 m²-ko, 20.476 m² eraiki egonda) 277 plaza ateratzen dira, alegia, aurreikusitakoak.
Proposamena: Aurkeztutako alegazioa ezestea.
3.–M. Angeles Arrulak, Colectivo Urbanas taldearen izenean aurkeztutako alegazio idazkia.
Alegazioan aipatzen da “espedientean ez dagoela genero ikuspegirik”, eta horrekin batera aipatzen dira 33/2002 Foru Legea, azaroaren 28koa, Nafarroako emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeari buruzkoa, eta martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, Emakume eta gizonen arteko berdintasun eragingarriari buruzkoa. Eskatzen da genero ikuspegia kontuan hartzeko prozedura honetan eta, era berezian, prozeduraren inguruko ebazpenean”.
Erantzuna:
Erantzunak bat egiten du Laura Berro Yoldik, Arantzadi-Pamplona en Común taldearen izenean aurkeztutako 1. alegazio idazkiari emandako erantzunarekin.
Proposamena: Onesten da aurkeztutako alegazioa.
4.–Iruñeko Udaleko Ogasuna, Tokiko Ekonomia, Enplegua, Merkataritza eta Turismoa Alorreko Zuzendari Gerardo Hurtado Jaureguik aurkeztutako alegazio idazkia.
Alegazioan eskatzen da “merkataritza proiektuaren tamaina berraztertu dadin, murrizteko asmoz, eta zuzkidurari dagokiona, berriz, zabaltzeko asmoz”. Eskaera oinarritzen da esanez merkataritzarako azalera berria irekitzeak %11,7 handitzen duela oraingo merkataritza azalera, eta horren arabera “aurreikus daiteke gaur Iturraman diren 350 denda txikietatik 31 itxiko direla, eta horrek lanpostu galera ekarriko duela”. Horrekin batera dio, justifikatzen ez badu ere, “hiriak gabezia handiak dituela adinekoen arretari dagokionez”.
Erantzuna:
Alegazioa ez zaio lotzen aurkeztutako aldaketaren edukiari, aldaketaren helburu soila delako aurreikusten den aparkatzeko tokien kopurua murriztea, merkataritzaren azalera murrizteagatik. Alegazioak dakarren proposamenak ezbaian jartzen du abenduaren 22ko 850E/2017 Ebazpenaren bidez onetsitako proposamena, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 29. zenbakian argitaratu baitzen, 2018ko otsailaren 9an. Alabaina, proposamen horren aldeko txostena eman zuen Iruñeko Udalak, tramitatu zen garaian.
Proposamena: Aurkeztutako alegazioa ezestea.
Iragarkiaren kodea: F1903626