76. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

24E/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 21ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez, Nafarroako enpresei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dira, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten 2019an, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta. DDBN identifikazioa: 445728.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 14.1 artikuluan, ezartzen du ezen Foru Komunitateko kirol administrazioak eskolako umeentzat kirol jarduerak sustatzeko programak bultzatuko dituela, Nafarroako hezkuntza administrazioarekin, toki entitateekin, kirol entitateekin eta beste entitate publiko zein pribatuekin elkarlanean, kasua bada.

Foru lege beraren 14.2 artikuluan zehaztu zen, halaber, eskolako umeentzat kirol jarduera sustatzeko programen xedea izanen dela eskolako heziketa integrala, nortasunaren garapen harmonikoa, sasoi fisikoa eta prebentzioaren osasun ohiturak osatzea. Gainera, hezkuntza arloan behar bereziak dituzten eskolako umeen integrazioa kontuan hartu eta sustatuko dute.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Kirol Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako kirol jarduerak eta jarduera fisikoak Nafarroako gizarte osoan sustatzea, horretarako laguntzak eta dirulaguntzak emanez.

Kasu honetan, naturan egiten diren jarduerak bultzatuko ditu Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, heziketa eta kirol proiektuen barnean.

Proiektu horien helburua da naturan jarduera fisikoak eta kirol jarduerak egitea, betiere ingurumenean eragin txikia dutenak, horrela natura zaintzen lagunduz, heziketaren eta kirolaren ikuspegitik; lehentasuna izanen du jarduera fisikoa modu jarraituan egiteko ohiturak sortzeak, balio, jarrera eta arau batzuei loturik, eta jarduera fisikoak norberaren garapenean dituen ondorioak ere azalduko dira.

Heziketaren eta kirolaren arloko proiektu hauen babesean egiten den jarduera fisikoak izan behar du, alde batetik, tresna bat, gaitasun fisikoak eta mugimendukoak hobetzeko eta horrela ohitura osasuntsuak finkatzeko; eta, bestetik, afektibitatearen eta harremanen inguruko gaitasunak eskuratzeko, beharrezkoak baitira gizartean bizitzeko.

Halaber, balio batzuk ere sustatuko dira, hala nola lagunartekotasuna, norbere mugak gainditzea, inklusioa, aurkariarenganako errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna, jaso baitira Kirolaren Balioen Planean, eta bultzatu baititu Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bidez. Ingurunearen ezagutza eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa ahaztu gabe.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako enpresei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta.

Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz.

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako enpresei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak eta eranskinak onestea, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten 2019an, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta.

Betiere, laguntzak emateko, dagokion aurrekontu-izendapena beharko da aurrekontuetan.

2. Deialdi hori aurrera eramateko, 90.000,00 euroko gastua baimentzea. Dirua partida hauei egotziko zaie:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5110-4709-336100: Eskola kanpainak naturan jarduerak egiteko

2019

40.000,00

420000-42000-4709-322G00: Eskola kanpainak naturan jarduerak egiteko

2019

50.000,00

3. Foru agindu hau eta I., II. eta III. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Gainerako eranskinak eskura egonen dira Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuarenean (www.nafarroa.eus).

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

5. Foru agindu hau igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Kirolaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Kirola Sustatzeko Atalera eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 21ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako enpresei dirulaguntzak ematea, norgehiagokako araubidean, naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak gauza ditzaten, Nafarroan unibertsitateaz kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten ikastetxe publiko, pribatu eta hitzartuei zuzenduta.

Dirulaguntzak bideratuko dira hein batean ordaintzera naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuak antolatu, kontrolatu eta garatzeak sortutako defizitak. Proiektuak 2018-2019 ikasturtean eskainiak eta eginak izanen dira, Aste Santuko oporretan izan ezik, eta hiru eguneko txandak izan beharko dituzte, deialdiaren II. eranskinarekin bat.

2. Helburua.

2.1. Proiektu horien helburua da naturan jarduera fisikoak eta kirol jarduerak egitea, ingurumenean eragin txikia dutenak, horrela natura zaintzen lagunduz, heziketaren eta kirolaren ikuspegitik; lehentasuna izanen du jarduera fisikoa modu jarraituan egiteko ohiturak sortzeak, balio, jarrera eta arau batzuei loturik, eta jarduera fisikoak norberaren garapenean dituen ondorioak ere azalduko dira.

Heziketaren eta kirolaren arloko proiektu hauen babesean egiten den jarduera fisikoak izan behar du, alde batetik, tresna bat, gaitasun fisikoak eta mugimendukoak hobetzeko eta horrela ohitura osasuntsuak finkatzeko; eta, bestetik, afektibitatearen eta harremanen inguruko gaitasunak eskuratzeko, beharrezkoak baitira gizartean bizitzeko.

Halaber, balio batzuk ere sustatuko dira, hala nola lagunartekotasuna, norbere mugak gainditzea, inklusioa, aurkariarenganako errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna, jaso baitira Kirolaren Balioen Planean, eta bultzatu baititu Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bidez. Ingurunearen ezagutza eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa ahaztu gabe.

2.2. Aurkezten diren proiektuek, xede eta helburu orokorrak betetzeaz gainera, aurreko puntuan xedatutakoarekin bat, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak bete beharko dituzte, jarduera motari, langileei, iraupenari eta beste arlo batzuei dagokienez.

3. Entitate onuradunak.

3.1. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismo aktibo eta kulturaleko enpresek eskatzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak, gaur egun kirol zerbitzuak ematen badituzte.

3.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko beste deialdi zehatzago batzuen helburu diren heziketa eta kirol proiektuak. Orobat, aurrekontuan inolako diru-sarrerarik aurreikusten ez dutenak.

4. Entitate onuradunek bete beharrekoak.

4.1. Dagokien erregistroan inskribatuta egotea, kirol zerbitzuak eta turismo aktibo eta kulturalekoak ematen dituzten enpresa gisa.

4.2. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beteak izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

4.3. Dirulaguntzen onuraduna izateko debekuetatik kanpo egotea. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarrita daude debeku horiek.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean.

5. Gastu diruz lagungarriak.

Aurkeztu den heziketa eta kirol proiektuari dagozkion gastuak baino ez dira izanen, eta, zehazki, honako hauek:

a) Kirol jardueren eta jarduera osagarri eta alternatiboen kostua.

b) Parte-hartzaileen ostatua eta mantenua (ikasleak eta irakasleak).

c) Ostatu lekutik jardueren lekura eta alderantziz egiten diren joan-etorriak.

d) Zeharkako gastuak, proiektuan sartutako jarduerak egitearen ondorioz sortuak, jarduera horiek garatzeko aldian: argia, ura, berokuntza, garbiketa, telefonoa eta abar. Faktura edo ordainagiri bidez justifikagarriak beharko dute izan.

6. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Dirulaguntzetarako eskaerak eta justifikaziorako agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, 19. oinarrian ezarritako moduan lortuko dena.

6.3. Dirulaguntzetarako eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7. Enpresa eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

7.1. Laguntzak eskatzeko dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira bai Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan bai webgunean: http://www.deporte.navarra.es.

Atal guztiak jaso beharko dituzte, baremoari jarraikiz ebaluatu ahal izateko (III. eranskina):

7.1.1. Heziketa eta kirol proiektua.

A) Helburu orokorrak.

B) Edukiak:

B.1. Jardueren deskribapena (kirol jarduerak, jarduera osagarriak eta alternatiboak).

B.2. Jardueren metodologia eta antolaketa.

B.3. Jardueren denbora banaketa (kirol jarduerak, jarduera osagarriak eta alternatiboak).

C) Giza baliabideak:

C.1. Proiektua diseinatzen, antolatzen, kontrolatzen eta garatzen zuzenean parte hartzen duten langileen deskribapena. Adierazi zer-nolako esperientzia eta titulu duten proiektuan zuzentzen dituzten jarduerekin loturik (tituluen fotokopiak erantsi).

D) Programan parte hartuko duten ikastetxeen zerrenda, eta esleitutako datak. Zehaztu zenbat parte-hartzailek egin duten aurretiko izena-ematea ikastetxe bakoitzean (ikasleak eta irakasleak)

E) Baliabide materialak eta instalazioak.

F) Segurtasuna:

F.1. Instalazioetan eta proiektuko jarduera bakoitza gauzatzean izanen diren segurtasun neurrien deskribapena.

F.2. Proiektuan osasun laguntzarako eta ebakuaziorako ezarri diren planen deskribapena.

G) Proiektuaren garapenaren jarraipena eta ebaluazioa.

7.1.2. Heziketa eta kirol proiektuaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontua (VI. eranskina).

7.1.3. Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, frogatzen duena Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NKGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Nafarroako Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan.

7.1.4. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, frogatzen duena eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada egiaztapen hori NKGIk zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

7.1.5. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana IV. eranskineko ereduaren arabera, adierazten duena entitatea ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

7.1.6. Gardentasunaren gaineko aitorpena, eranskin honen 16. oinarri arautzailean aurreikusten denari jarraikiz. Horretarako, V. eranskin gisa erantsitako eredua erabiliko da.

8. Eskaera zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

9. Antolamendua eta instrukzioa.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko unitate organiko eskuduna.

10. Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

10.1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.2. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak 90.000,00 euro bitarte bideratzen ahalko ditu proiektuetarako, aurrekontuetan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Muga horiek kontuan harturik, ematen diren dirulaguntzak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera finkatuko dira, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak 2019ko ekitaldirako daukan aurrekontuan horretarako kreditu aski eta egokia izatearen mende egonen dira.

Zenbateko hori honela banatuko da:

a) 40.000 euro, 2019ko Aurrekontu Orokorretako “Eskola kanpainak naturan jarduerak egiteko” izeneko A50002 A5110 4709 336100 partidaren kargura.

b) 50.000 euro, “Eskola kanpainak naturan jarduerak egiteko” izeneko 420000 42000 4709 322G00 partidaren kargura, otsailaren 13ko 14/2019 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari egindako kudeaketa-esleipenari jarraikiz, zeina otsailaren 26ko 12/2019 Foru Aginduaren bidez baimendu baitzen.

10.3. Kasuan kasuko dirulaguntza ematerakoan, alderatu eginen dira aurkeztutako eskaerak, horien artean lehentasuna ezartzeko, III. eranskinean zehazten den baremoari jarraituz. Puntuaziorik handiena lortu duen eskatzaileari esleituko zaio dirulaguntzaren zenbatekoa. Eragiketa hori egindakoan eskura dagoen kreditua agorturik ez badago, bigarren puntuaziorik handiena lortu duen enpresari esleituko zaio gelditzen den saldoa, ezarritako hurrenkerari jarraituz. Eragiketa hori gainerako enpresa eskatzaileekin errepika daiteke, aurrekontuko kreditua agortu arte.

Esleitu beharreko zenbatekoan, jarduerak sortutako defizita izanen da muga.

11. Ebazpenak.

11.1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du dirulaguntza esleitzeko behar den ebazpena. Interesdunei beranduenez 90 egun naturaleko epean jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

11.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

11.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

11.4. Deialdi honetan onartzen diren proiektuetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, horien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

11.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoa bete beharrez, deialdi honetan emandako dirulaguntzak eta haien onuradunen zerrenda Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko eta Kirolaren Etxeko iragarki-tauletan jarriko dira.

12. Frogagiriak eta proiektuaren memoria.

12.1. Proiektua hasten denetik bukatu arte egindako ekintzen frogagiriak 2019ko irailaren 1a baino lehen aurkeztuko dira.

Frogagiriak eskaneatuta aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Agiriak bereizita aurkeztuko dira, eta beren izenaren bidez behar bezala identifikatuta egonen dira. Honako hauek jasoko dira haietan:

–Heziketa eta kirol proiektua egitean sortutako diru-sarrerak eta gastuak jasotzen dituen emaitzen kontua. Entitateko kudeatzaileak sinatuko du emaitzen kontua, eta zuzendariak ontzat eman beharko du.

–Jarduera dela eta, edozein administrazio publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakiduna eta zehatza. Parte-hartzaileek kuota bat ordaindu behar badute, diru-sarrera horiek zehaztu eta justifikatuko dira.

–Diruz lagundutako jardueragatik ordaindutako gastu guztiak (ez bakarrik kontzeptu diruz lagungarriak) dakartzaten fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakidun eta zehatza. Honako hauek sartuko dira: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren eguna (VII. eranskina). Euskarri informatikoan ere aurkeztu behar da.

–Ordaindutako fakturen jatorrizkoa edo kopia konpultsatua, emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa jasota. Aurkeztutako zerrendan dagokion zenbakia adieraziko da kopian, eta ordainketaren frogagiriak erantsiko dira. Honako hauek izaten ahal dira: bankuko ordainagiriak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, “ordaindua” zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa; edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena.

–Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (VIII. eranskina).

–Azpikontrataziorako inprimakia (IX. eranskina).

–Hornitzaileak aukeratzeko erabakia justifikatzeko inprimakia (X. eranskina).

–Heziketa eta kirol programaren memoria teknikoa, atal hauek zehaztuta:

1.–Edukiak:

–Egindako jarduerak, noiz egin diren zehaztuta.

–Parte-hartzearen gaineko datuak: parte-hartzearen datuen taula, honako hauek zehaztuta: astea/ikastetxeak/parte-hartzaileak ikastetxeen arabera (sexuaren arabera banatuta)/parte-hartzaile guztiak (ikasleak eta irakasleak).

2.–Balorazio teknikoa.

2.1. Talde bakoitzaren ebaluazioaren emaitzak garraioari, jarduerei, monitoreei, materialari eta ostatuari (jatekoa, garbiketa, gela, tratu pertsonala) dagokienez, ebaluazio txantiloietan oinarrituta.

2.2. Hobetu beharrekoak.

3.–Egindako jardueren argazki bidezko euskarria.

4.–Publizitate betebeharrak bete izanaren frogak, hala nola fotokopiak, argazkiak, etab., 15.5 oinarriaren arabera.

12.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

12.3. 7. eta 12. oinarrietan aipatzen diren inprimakien ereduak (IV., V., VI., VII., VIII., IX. eta X. eranskinak) eskura daude bai Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan, bai Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.

13. Dirulaguntza ordaintzea.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 12. oinarrian adierazitako frogagiriak; transferentzia bidez ordainduko da hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Ebazpen hori 2019ko ekitaldian eman eta jakinaraziko da.

14. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, proiektuaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

15. Betebeharrak.

15.1. Dirulaguntzen onuradunek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

15.3. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan behar dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

15.4. Begiratuko da Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana betetzen dela, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.

Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), proiektua zein udaletan garatzen den, hango hondakin-kudeaketarekin bat.

2020tik aurrera ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastikozko poltsa konpostagarriak, betetzen baldin badituzte UNE-EN 13432:2000 arauan edo haren baliokidea den beste batean ezarritako betebeharrak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu.

Halaber, ez dira erabiliko plastikozko platerak, edalontziak, katiluak eta erretiluak, erabili eta botatzekoak, Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio-eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produktuak eta erabilera bakarreko kapsulak ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira.

15.5. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

15.6. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere bete beharrez Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

15.7. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

15.8. Hala badagokio, frogatzea hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluaren arabera.

15.9. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

16. Gardentasun betebeharrak.

16.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua baitago, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako dirulaguntza enpresa onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

16.2. Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

16.3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoen informazioa hartuko da kontuan.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Enpresa onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

16.4. Informazio hori entitate onuradunen legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita. Bestela, ezinezkoa izanen da ordainketa hori ebazpenarekin batera egitea.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Enpresak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du. (V. eranskina). Enpresak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak ez baditu betetzen informazioa emateko eginbeharrak, horrek ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17. Azpikontratazioa eta entitate hornitzaileen kontratazioa.

17.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzarmena egitea, dirulaguntzaren xede den jarduera osoki edo hein batean gauzatu dezaten. Enpresa onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Enpresek, gehienez ere, lagundu den jarduerari emandako dirulaguntzaren %50 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.

17.2. Entitate hornitzaileen kontratazioa.

Dirulaguntzei buruzko Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate ez badago.

18. Ez-betetzeak.

18.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra, eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak galarazi gabe.

18.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da.

19. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

19.1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

19.2. Deialdi honen prozeduraren barnean egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematika bidez eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren bitartez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

20. Errekurtsoak.

20.1. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

20.2. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak foru agindu hau aplikatuz ematen dituen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.

21. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuak aginduko du.

II. ERANSKINA

Ezaugarriak

1. Alderdi orokorrak.

Naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuek honako alderdi orokor hauek izan behar dituzte oinarri:

Parte-hartzaileak: DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetakoak, hezkuntza premia bereziak dituztenak barne. Ikastetxeko irakasleek lagunduta egonen dira beti, 5.4 atalaren araberako ratioarekin.

Tokia: Nafarroako Foru Komunitatea.

Proiektuaren iraupena, guztira: 2018-2019 ikasturtean eskainiko da, Aste Santuko oporrak kenduta.

Eskainitako jardueren iraupena: 3 egun. Astelehenetik asteazkenera edo asteazkenetik ostiralera. Lehenbiziko bi egunetan goizez eta arratsaldez, eta azkeneko egunean goizez.

Ostatua eta mantenua: 1. egunean: afaria eta lo egitea; 2. egunean: gosaria, bazkaria, afaria eta lo egitea; eta 3. egunean: gosaria eta bazkaria (azken hori, ikastetxeak nahi badu).

2. Edukiak.

Heziketa eta kirol proiektuan hiru jarduera mota izanen dira eta honela garatuko:

a) Kirol jarduerak: nahitaezkoa izanen da jarduera guztiak natura ingurunean eta naturarekin harremana izanik garatzea, beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuta eta jarduera bakoitzak behar dituen baliabide materialekin, giza baliabideekin eta azpiegiturekin. Goizeko eta/edo arratsaldeko ordutegian eginen dira.

b) Jarduera osagarriak: atal honetan sartzen diren jarduera guztiek heziketaren ikuspegia izanen dute eta kirol jardueren osagarri izanen dira. Ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa eta ingurunearen eta bertako tradizioen ezagutza landuko dira jarduera horietan.

Kiroleko balioak (inklusioa, lagunartekotasuna, berdintasuna, errespetua, joko garbia eta norbere mugak gainditzea) garatzeak eta sustatzeak atal berezia izanen dute jarduera osagarri hauetan, eta horiek lantzeko saio berariazkoak eginen dira partaideekin; besteak beste eta bereziki, balio horiek sustatzeko Nafarroako Gobernuak NKGIaren bidez egindako bideoak ikustea.

Goizeko, arratsaldeko edo gaueko ordutegian eginen dira, proiektuaren arabera.

c) Jarduera alternatiboak: jarduera hauek eginen dira, soil-soilik, eguraldi txarra dagoenean edo suertatzen diren beste arrazoi batzuen ondorioz kirol jarduerak eta jarduera osagarriak ezin badira baldintza onetan egin segurtasunaren eta garapenaren aldetik.

3. Segurtasuna instalazioetan eta jardueretan.

3.1. Heziketa eta kirol proiektuetako jardueretan aritzeko eskatzen diren segurtasun neurriak hartu behar dira jarduera guztietan.

3.2. Uretako jardueren kasuan, parte-hartzaileek ezinbestekoa eta nahitaezkoa izanen dute igerian jakitea. Antolatzaileek ez diete baimenik emanen uretako jarduerak egiteko igerian ez dakitenei. Gainera, beharrezko eta berariazko neurriak hartuko dituzte hori kontrolatzeko.

3.3. Uretan egiten diren jarduera guztietan nahitaezkoa izanen da salbamendu-txalekoa eramatea.

3.4. Jarduerak behar bezala egiten direla bermatuko duten segurtasun neurriak izan behar dituzte instalazio guztiek.

3.5. Nahitaezkoa izanen da larrialdi kasuetan jarduteko protokolo bat izatea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuarekin koordinatuta.

4. Giza baliabideak eta prestakuntzakoak.

4.1. Honako hauek izanen dira heziketa eta kirol proiektua egiteaz arduratzen direnak:

–Koordinatzaile bat, antolaketaren, kontrolaren eta proiektua egitearen arduraduna.

–Naturan egiten diren jardueretako monitoreak, berariazko prestakuntza izanen dutenak, zuzentzen duten jarduera zein den.

4.2. Kirol jarduerak egiteaz arduratzen diren monitore guztiek berariazko prestakuntza izan behar dute beren kirol eta/edo gorputz modalitatean.

4.3. Parte-hartzaileen talde bakoitzeko monitore ratioa ezartzeko, egin beharreko jarduera, arriskua eta egiteko tokia hartuko dira kontuan.

4.4. Programa garatu bitartean hainbat lanetan aritzen diren proiektuko langile horiek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

5. Parte-hartzaileak.

5.1. Proiektuak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoei, pribatuei eta hitzartuei zuzenduta daude. Parte-hartzaileak DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak izanen dira, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetakoak, hezkuntza premia bereziak dituztenak barne, eta ezin izanen da kirol praktikarako gaitasunetan oinarritutako murrizketarik egin.

5.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ezin izanen da ikaslerik baztertu hautapen prozesuen ondorioz. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei proiektuan parte hartzeko aukera eman beharko zaie, hezkuntza sistema normalizatuan integratu daitezen. Hori betetzen ez bada, dirulaguntza galduko da.

5.3. Talde guztiek ikastetxeko irakasleak izanen dituzte lagun, eta taldeak antolatzen lagunduko dute hori behar den jardueretan eta ostatu lekuetan. Otorduetan lagunduko dute, eta gauetan ordena eta ordutegiak betearazteaz arduratuko dira. Halaber, edozein arrazoirengatik programatu gabeko joan-etorriren bat egin behar duten ikasleei lagunduko diete, baita programaturiko jarduera guztietan ere.

5.4. Honako hau da irakasleen ratioa, proiektuan parte hartzen duten ikasle arrunten kopuruaren arabera:

TALDEA

GUTXIENEZ

15 arte

1

16tik 30era bitarte

2

30etik 50era bitarte

3

50etik 75era bitarte

4

75etik 100era bitarte

5

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, taldearen beharren arabera ezarriko da ratioa.

6. Ostatua.

Parte-hartzaile guztiek, hala ikasleek nola irakasleek, jarduera lekutik ahalik eta hurbilen hartu behar dute ostatu; gehienez ere 30 km-ra.

7. Baliabide materialak eta azpiegiturak.

7.1. Heziketa eta kirol proiektuaren barnean egin beharreko jarduera bakoitzean aritzeko beharrezko eta berariazko material guztia jarriko dute enpresa onuradunek parte-hartzaile bakoitzaren eskura.

7.2. Material guztia behar bezala erabiltzeko moduan egonen da, eta onuradunen ardura izanen da hura konpondu edo ordeztea.

8. Baimenak.

Deialdi honetako enpresa onuradunek bermatu behar dute legezko beharkizunak betetzen direla heziketa eta kirol proiektuko jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.

9. Laguntza teknikoa.

Entitate onuradunak beste enpresa batzuekin lankidetzan aritzen ahalko dira zerbitzuetako edozein egiteko: ostatua, mantenua, garraioa, lurreko eta uretako kirol jarduerak egitea, aisialdiko jarduerak, etab., I. eranskineko 17. oinarriarekin bat.

10. Osasun laguntza.

Parte-hartzaileentzako istripu asegurua kontratatu behar dute enpresa onuradunek. Horretaz gain, erantzukizun zibileko asegurua izan behar dute.

III. ERANSKINA

Baremoa. Balorazio irizpideak

Deialdi honetaz baliatu nahi duten enpresek aurkeztutako eskaerak barematzeko balorazio irizpideak honako honetan oinarritzen dira:

Proiektuaren alderdi teknikoak:

1.–Proiektuaren helburuak: 5 puntu gehienez.

–Ikasleen adinetara eta ezaugarrietara egokituak: 5 puntu arte.

2.–Edukiak: 88 puntu gehienez.

2.1. Kirol jarduerak: 50 puntu gehienez.

–Motibagarriak, era askotakoak eta zailtasunaren arabera mailakatuak. 5 puntu arte jarduera bakoitzeko.

–Ingurumenaren alde sentsibilizatzeko eta ingurunea ezagutzeko helburuei egokituak: 5 puntu arte jarduera bakoitzeko.

2.2. Jarduera alternatiboak: 30 puntu gehienez.

–Motibagarriak, era askotakoak eta zailtasunaren arabera mailakatuak. 3 puntu arte jarduera bakoitzeko.

–Ingurumenaren alde sentsibilizatzeko eta ingurunea ezagutzeko helburuei egokituak: 3 puntu arte jarduera bakoitzeko.

2.3. Jarduera osagarriak: 8 puntu gehienez.

–Motibagarriak, era askotakoak eta zailtasunaren arabera mailakatuak. 2 puntu arte jarduera bakoitzeko.

–Ingurumenaren alde sentsibilizatzeko helburuari eta ingurunea eta bertako tradizioak ezagutzekoari egokituak: 2 puntu arte jarduera bakoitzeko.

3.–Antolaketa: 9 puntu gehienez.

–Egoki sekuentziatzea egitekoak diren jarduerak (denbora banaketa/jarduerak): 3 puntu gehienez.

–Monitoreen ratioa talde/jarduera bakoitzeko: 6 puntu gehienez.

Monitore bat / 5 parte-hartzaile = 6 puntu.

Monitore bat / 7 parte-hartzaile = 4 puntu.

Monitore bat / 9 parte-hartzaile = 2 puntu.

4.–Giza baliabideak:

–Proiektuko koordinatzailearen lan esperientzia eta titulazioa. 10 puntu gehienez.

–Naturan egiten diren jarduera fisikoetako eta kirol jardueretako monitore bakoitzaren lan esperientzia. 10 puntu gehienez monitore bakoitzeko. Puntu 1 esperientzia urte bakoitzeko.

–Monitore bakoitzaren berariazko titulazioa, irakasten duen jarduerarekin lotura izan behar duena: 10 puntu gehienez monitore bakoitzeko.

5.–Baliabide materialak: 20 puntu gehienez.

–Proiektuan programatutako jarduera bakoitzean eskura dagoen material kopurua, parte-hartzaileen kopuruaren arabera: 15 puntu arte.

–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako materiala eta instalazioak: 5 puntu arte.6.–Segurtasuna: 20 puntu gehienez.

–Jarduera eta instalazio bakoitzean ezarritako segurtasun neurrien kalitatea: 15 puntu arte.

–Osasun laguntzarako eta ebakuaziorako ezarri diren planak: 5 puntu arte.

7.–Proiektuaren iraupena: 5 puntu gehienez.

–5 hilabetetik 6 hilabetera bitarte: 5 puntu.

–4 hilabetetik 5 hilabetera bitarte: 4 puntu.

–3 hilabetetik 4 hilabetera bitarte: 3 puntu.

–2 hilabetetik 3 hilabetera bitarte: 2 puntu.

–Hilabete batetik 2 hilabetera: puntu bat.

–Hilabete baino gutxiago: 0 puntu.

8.–Parte-hartzaileen ostaturainoko distantzia: 10 puntu gehienez.

(Ostatutik urrutien dagoen jarduera hartuko da erreferentzia gisa).

–Jardueratik 0-9 km-ra: 10 puntu.

–Jardueratik 10-20 km-ra: 7 puntu.

–Jardueratik 21-30 km-ra: 3 puntu.

IV. ERANSKINA

Nafarroako enpresek heziketa eta kirol proiektuak gauzatzeko eskaera, naturan jarduerak egin ditzaten 2019an.

V. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

VI. ERANSKINA

2019. urtean naturan jarduerak egiteko heziketa eta kirol proiektuaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontua.

VII. ERANSKINA

Justifikazio fitxa: ordaindutako gastuen/fakturen zerrenda.

VIII. ERANSKINA

Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia.

IX. ERANSKINA

Azpikontrataziorako inprimakia.

X. ERANSKINA

Hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla justifikatzeko inprimakia (aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunez hornitu edo zerbitzuak egin dituztenean eta lan horien zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean, BEZa kanpo, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluari jarraikiz).

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1904182