76. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21E/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 13koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduera eta jarduketetarako 2019ko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 444275.

1985. urtetik aurrera, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultura sektore horretako araudiaren eta dirulaguntzei buruzko legediaren aldaketen menpe egon dira, baita aurrekontu erabilgarriaren menpe ere. Bestetik, diruz lagundutako arloak instalazio horien funtzionamendua, jarduerak eta inbertsioak izan dira, aldian aldikoak. Hori guztia interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.

Museoen Zerbitzuak aurkeztutako txostenean proposatu du museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduera eta jarduketetarako dirulaguntzen deialdia onestea, horretarako 30.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduera eta jarduketetarako 2019ko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2310-4816-333100: Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak

2019

30.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko martxoaren 13an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

OINARRI ARAUTZAILEAK, 2019. URTEAN NAFARROAKO MUSEOETAN ETA BILDUMA MUSEOGRAFIKO IRAUNKORRETAN ZABALKUNDE JARDUERA ETA JARDUKETAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIARENAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea 2019. urtean zabalkunde jarduerak eta jarduketak egiteko Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografikoen Erregistroan inskribaturik dauden museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan.

2. Aurrekontua.

Deialdi honetara 30.000 euro bideratuko dira, 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak” izeneko A20003-A2310-4816-333100 partidaren kargura.

3. Laguntzen helburua.

Dirulaguntza hauen helburua honako arlo hauek hobetzeko jarduerak egitea da:

–Erakusketa iraunkorraren diskurtso narratiboa eguneratzea.

–Bildumaren zabalkundea hobetzea.

–Aldi baterako erakusketak egitea.

–Eginkizun kulturala, hezitzailea eta ludikoa sustatzea.

–Nafarroako museoetan pasaportea erabiltzen jarraitzen dela sustatzea.

Gainera, eskatzaileek bestelako proiektuak aurkezten ahalko dituzte, norberaren eginkizun eta helburuen arabera.

Eskatzaile bakoitzak proiektu bat edo gehiago aurkezten ahalko ditu dirulaguntzen deialdi honetan, baina proiektu bakar bati emanen zaio dirulaguntza, hain zuzen, 12. puntuko irizpideak eta baremoa aplikatuta puntuazio handiena lortzen duenari, proiektuen arteko lehentasun-hurrenkeraren arabera. Onuradun berari beste proiektu baterako dirulaguntza emanen zaio, bakar-bakarrik baldin dirulaguntzak banatzeko lehenbiziko fasea itxi ondoren aurrekontuan diru erabilgarririk gelditzen bada.

Bi museok edo bilduma museografiko iraunkorrek edo gehiagok jardueraren bat elkarrekin egiten badute, eskaera bakarra aurkeztuko da, eta, kasu horretan, museo edo bilduma museografiko guztien titularrek bete beharko dituzte 7. puntuan onuradun izateko adierazten diren betebeharrak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar da eta aski ahalmen eman behar zaio elkarteak onuradun gisa dituen betebeharrak bete ditzan. 11/2005 Foru Legean ezarritako preskripzio epea bukatu arte elkartea ezin da desegin. Eskabidean elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak adierazi beharko dira berariaz, baita haietako bakoitzari aplikatuko zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere.

Onuradunak erabaki dezake, proiektua gauzatzeko, hitzarmena egitea edo elkarlanean aritzea museo gisa edo bilduma museografiko iraunkor gisa aitorturik ez dauden erakunde edo kolektiboekin. Eskatzaileak dirulaguntzaren xedeko proiektuaren edo jardueraren gastu eta diru-sarrera guztiak aurkeztuko ditu, kolaboratzaile bakoitzak bere gain hartzen duen zatia adierazita. Dirulaguntza, nolanahi ere, museoari edo bilduma museografiko iraunkorrari dagokion zatiarentzat izanen da bakarrik.

Diruz lagunduko diren proiektuak exekuzio fasean edo bukatuak egon daitezke, baina, betiere, 2019. urtean egin eta bukatu beharko dira.

4. Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.

Proiektuek lortzen duten puntuazioaren arabera banatuko dira laguntzak, 12. puntuan aipatzen diren balorazio irizpideak aplikatuz, betiere onartzen den aurrekontuaren %70 gainditu gabe, ez eta 10.000 euroko zenbatekoa ere. Honela eginen da:

–Puntuazioaren ordenaren arabera, onartutako aurrekontuaren %70 emanen zaie onartzen diren proiektuei, gehienez ere 10.000 euro proiektuko, partidaren zuzkidura bukatu arte.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, deialdi honetan ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak kenduta.

–Azkeneko proiektuari soberako gerakina ematen ahal zaio.

5. Gastu diruz lagungarria.

Gastu diruz lagungarritzat ulertuko da deialdi honetan araututako datetan egiten dena, baldin 3. puntuan adierazitako zabalkunde jarduera eta jarduketen proiektu bat egiteko baldin bada inolako zalantzarik gabe. Museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako edo haietan inbertsioak egiteko dauden beste deialdi batzuetan sartzen ahal diren gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

6. Onuradunak.

Deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek eska ditzakete dirulaguntza hauek.

Kanpoan gelditzen dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzapeko museoak.

–2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jarduerak egiteko partida izendunak dituzten museoak eta bilduma museografikoak.

7. Betebeharrak.

Eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

8. Dokumentazioa.

Eskatzaileek 1. eranskinean agertzen den eskabidea aurkeztu beharko dute, behar bezala betea eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatua, agiri hauekin batera:

–Eskatzailearen IFZ (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

–Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

–Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

–Laguntza zein proiektutarako eskatu den, haren deskribapen xehatua (proiektuaren izena, non eta noiz gauzatuko den, helburuen definizioa, metodologia, proiektua gauzatzeko eta ebaluatzeko kronograma, proiektuan parte hartzen duten pertsonen ibilbide profesionala, aurrekontu xehatua eta finantzaketa plana).

Proiektuan jasota baldin badago, honako alderdi hauek adieraziko dira:

  • Ohikoa ez den jendearen parte-hartzea.
  • Proiektuak edo jarduerak beste museo edo giza talde batzuekin edo kultura, hezkuntza, turismo edo gizarte arloko beste erakunde batzuekin dituen lotura bideak.
  • Proiektuak edo jarduerak eskaintzen dituen berritasunak, museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren ibilbidearekin alderatuta.
  • Jardueran erabiltzen dituen hizkuntzak.

Bi erakundek edo gehiagok aurkeztutako lankidetza proiektuen kasuan, proiektuaren aurrekontu osoa zehaztuko da, bai eta erakunde bakoitzarena ere.

–Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jardueraren memoria eta kontuak (gastuak eta diru-sarrerak), 2018. urteari dagozkionak.

Memoriak ondoko atal hauek jasoko ditu:

–Erakundearen jarduera: bisita gidatuak, material didaktikoa, tailerrak, audiogidak, webgunea eta sare sozialak, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunak, beste erakunde batzuekiko lankidetza, zabalkunde jarduera eta jarduketak, lanen mailegua eta beste.

–Egindako hobekuntzak: eraikinean, bilduma egonkorrean, erakusketa iraunkorrean; kontserbazio eta zaharberritze lanak.

–Jendearentzako ordutegiak: hilabetean osotara zenbat ordu irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.

–2018. urtean denera izandako bisitarien kopurua, publikoaren datuak biltzeko Museoen Zerbitzuaren Eskuliburuan gomendatzen denaren arabera.

–Hizkuntzen erabilera honako hauetan: seinaleztapena eta errotulazioa, bisita gidatuak, zabalkunde euskarriak, webgunea eta erabiltzaileentzako arreta.

–2019. urterako jardueren plana, adierazita zenbat orduz irekiko den, hilabetez hilabete, eta dohainik zein astegunetan irekitzen den.

–2019rako gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (3. eranskina). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten partida ekonomikoen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

–Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak jardueretarako dituen beste laguntza edo dirulaguntza batzuen gaineko aitorpen berariazkoa. Laguntza-eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza-eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.

Lehenbiziko eranskina sinatua aurkeztuz gero, Museoen Zerbitzuari berariazko baimena ematen zaio Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuaren bidez eskura ditzan eskatzaileak bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko agiriak, hain zuzen, Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziakoa, Nafarroako Zerga Ogasunekoa eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzakoa.

9. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da (larunbat eta jaiegunak barne), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10. Eskaerak aurkezteko tokia.

Eskatzaileek telematika bidez aurkeztuko dute eskaera Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Atariaren tramiteen katalogoan agertzen den fitxaren bitartez (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/).

11. Tramitazio faseak.

11.1. Akatsak zuzentzea eta aurretiko ebaluazioa.

Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Museoen Zerbitzuak tramitatuko ditu.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Museoen Zerbitzuko teknikariek aurkezten diren eskaeren aurretiko ebaluazio teknikoa eginen dute.

Dirulaguntza eskaera osorik ez badago edo akatsen bat baldin badu, Museoen Zerbitzuak errekerimendua eginen dio eskatzaileari zuzendu dezan, eta horretarako zazpi egun naturaleko epea (larunbatak eta jaiegunak barne) emanen dio, akatsak zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Eskatzaileak epearen barrenean aurkezten ez badu dokumentazioa, eskaerari uko egiten diola ulertuko da eta bere espedientea artxibatuko da.

Jakinarazpena posta elektronikoaren bidez eginen da, eskatzaileak eskabidean (I. eranskina) adierazten duen helbide elektronikora.

11.2. Balorazioa.

Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako hauek osatua:

Batzordeburua:

–Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko burua. Ordezkoa: Alicia Ancho Villanueva andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko burua.

Batzordekide idazkaria:

–Juana María Marco Goñi andrea, Museoen Zerbitzuko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Iñaki Urricelqui Pacho jauna, Karlismoaren Museoko museoetako goi mailako teknikaria.

Batzordekideak:

–Pilar Cabodevilla Górriz andrea, Museoen Zerbitzuko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa, Marta Arriola Rodríguez andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko museoetako goi mailako teknikari.

–Amaia Arriaga Azkarate andrea, Nafarroako Kultura Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea. Ordezkoa, Ioar Cabodevilla Antoñana andrea, Nafarroako Kultura Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea.

Batzordeak 12. puntuan ezarritako irizpideen arabera baloratuko ditu eskaerak, eskatutako azkeneko dokumentazioa jasotzen den egunetik hasita hamabost egun naturaleko epean gehienez. Batzordearen irizpena loteslea izanen da. Museoen Zerbitzuak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Nafarroako Zuzendaritza Nagusiari.

12. Balorazio irizpideak.

Onartzen diren zabalkunde jarduera eta jarduketak egiteko gastuetarako eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (gehienez 25 puntu), honen arabera: museoa, 10 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu; titulartasun publikoa, 10 puntu; titulartasun pribatua, 5 puntu; Nafarroako Museoen Sistemako museoa edo bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea eta nola egokitzen zaien museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren ezaugarriei, horien helburuei eta jarduketa-lerroei (gehienez 45 puntu).

–Proiektu edo jarduera mota: gehienez 25 puntu (xedea, helburuak, metodologia eta kronograma, giza baliabideak eta ebaluazioa).

–Proiektuak edo jarduerak beste museo batzuekin edo kultura, hezkuntza, turismo edo gizarte arloko beste erakunde batzuekin dituen lotura bideak: gehienez 2,5 puntu.

–Ohikoa ez den jendearen parte-hartzea: gehienez 2,5 puntu.

–Proiektuak edo jarduerak eskaintzen dituen berritasunak, museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren ibilbidearekin alderatuta: gehienez 2,5 puntu.

–Euskara erabiltzea proiektuan edo jardueran: gehienez 5 puntu.

–Gaztelania eta euskara ez diren hizkuntzak erabiltzea proiektuan edo jardueran: 2,5 puntu gehienez.

–Genero ikuspegia eta hizkera ez sexista erabiltzea proiektuen dokumentuetan, materialetan eta publizitatean: 5 puntu gehienez.

c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak 2018. urtean kultura arloan egindako bidea (15 puntu gehienez), honen arabera:

–Erakundearen jarduera: gehienez 9 puntu. Honako hauek baloratuko dira: bisita gidatuak, material didaktikoa, tailerrak, audiogidak, webgunea eta sare sozialak, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunak, beste erakunde batzuekiko lankidetza, zabalkunde jarduera eta jarduketak, lanen mailegua eta beste.

–Jendearentzako ordutegia: gehienez 3 puntu. Kontuan hartuko da hilabetean osotara zenbat orduz irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.

–Bisita kopurua: 3 puntu gehienez, Museoen Zerbitzuaren Eskuliburuan publikoaren datuak biltzeko agertzen diren gomendioen arabera.

d) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-garapenean egiten duen ekarpena (15 puntu gehienez), honen arabera:

–5.000 biztanletik beherako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.

–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 10 puntu.

–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 5 puntu.

Ez dute laguntzarik jasoko deialdiaren 12.b) puntuaren balorazioan puntuazioaren %50era (22,5 puntu) iristen ez diren eskaerek (puntu horretan honako hau baloratzen da: proiektuaren kalitatea eta nola egokitzen zaien museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren ezaugarriei, horien helburuei eta jarduketa-lerroei).

13. Ebaztea.

Laguntzen kontzesioa Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez emanen da, eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/).

Deialdia eman gabe gelditzen ahal da, osorik edo partez.

14. Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak epe bakarrean ordainduko dira, behin proiektuak bukatuta eta agiri hauek aurkeztuta 2019ko azaroaren 30a baino lehen:

–Gastuen eta ordainketen frogagiriak, eta proiektuak edo jarduerak eragindako diru-sarrerenak.

–Diruz lagunduriko proiektuaren edo jardueraren memoria.

15. Gastuen eta diru-sarreren justifikazioa eta epea.

Gastuen eta ordainketen justifikazioa eta diru-sarrerena honela eginen da:

–Proiektuak edo jarduerak eragindako gastu eta diru-sarrera guztien zerrenda, bakoitzaren fakturak edo banku-agiriak erantsita.

–Frogagiriak 2019an datatuak izan beharko dira, eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen ordainduak (azaroaren 30era arte). Gainera, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera bete beharko dira.

–Onuradunak funts berekiak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.

–Langileria gastuak justifikatzeko honako hauek aurkeztu beharko dira: langileen nominak, interesdunek sinatuak, bakoitzari dagozkion TC inprimakiak, eta PFEZaren ordainketak egunean dituela frogatzeko agiriak.

Zeharkako zergak ez dira dirulaguntzaren xede izanen, eskatzaileak horiek berreskuratu edo konpentsatzeko aukera baldin badu, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere (PFEZa).

Toki entitateek udal idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, proiektuaren edo jardueraren gastuak noiz egin diren adierazita kontzeptuz kontzeptu, baita bakoitzaren zenbatekoa eta ordaindu direla konfirmatzeko egunak ere, kontuan hartuz gastuak eta ordainketak dirulaguntzaren indarraldiaren barrenean eginak izan beharko direla (2019ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era arte). Diruz lagunduriko proiektuak edo jarduerak diru-sarrerarik eragin baldin badu, horien ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

Langileria gastuak eta horien ordainketa udal idazkaritzaren ziurtagiri baten bidez ere justifikatzen ahalko dira, kontzeptu hauek zehaztuta: lanpostuak, dagozkien soldatak eta lan arloko beste gastu batzuk.

Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori justifikatzeko, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

Proiektuko gastu guzti-guztiak frogatu beharko dira. Laguntzaren portzentajea behar bezala justifikatutako gastu osoari aplikatuko zaio, kontzesioan ezarritako gehieneko muga gainditu gabe.

Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik ez dauden entitateekin lankidetzan egiten diren proiektuei ematen zaizkien laguntzen kasuan, onuradunak proiektu osoari dagozkion gastu, sarrera eta ordainketen justifikazioa aurkeztu beharko du.

Proiektuaren edo jardueraren memoria eta frogagiriak aurkezteko epea 2019ko azaroaren 30ean bukatuko da. Onuradunak epe horretan aurkezten ez baditu frogagiriak, kontzesioa indarrik gabe utziko da.

16. Kultur mezenasgoa: diruz lagundutako jardueren interes soziala.

16.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek, baldin lege horren 4. artikuluan aurreikusitako pertsona edo entitate onuradunek egiten badituzte, interes soziala izanen dute foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

16.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

17. Onuradunek bete beharrekoak.

–Laguntza hau emateko oinarri izan den helburua betetzea, dirulaguntza ematean Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ezarritako jarraibide teknikoekin bat etorriz.

–Eskumena duten kontrol organoek finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.

–Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari justifikazioa egiten duen egunean.

–Hasierako proiektuan egiten diren aldaketa guztien berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari. Aldaketa horiek egiteko erakunde horren adostasuna beharko da.

–Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea diruz laguntzen den proiektua hedatzeko erabiltzen diren euskarri guztietan. Nafarroako Museoen Sistemaren barrenean dauden museoek beren logotipoa ere erabili beharko dute.

–Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.

–Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena (4. eranskina) hilabeteko epean aurkeztea, dirulaguntza ematen dela jakinarazten denetik.

–Gastuen eta ordainketen frogagiriak, diru-sarrerenak eta jardueraren edo proiektuaren memoria ezarritako epean aurkeztea.

18. Ez-betetzeak.

17. puntuan adierazitako betebeharrak betetzen ez badira, emandako dirulaguntza ez da ordainduko.

19. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntzekin, betiere haien zenbatekoek gainditzen ez badute diruz lagunduriko jardueraren kostua. Deialdi honen bidez ematen den diru-zenbatekoa eta beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuetatik edo jardueraren berezko funtsetatik datorrena baturik jardueraren kostua gainditzen bada, ordaindu beharreko dirulaguntzari muga bat ezarriko zaio jarduerak superabitik izan ez dezan.

20. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

1. ERANSKINA

Eskabide orria.

2. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena.

3. ERANSKINA

2019rako aurrekontua.

4. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1904165