76. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

20E/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 13koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako 2019ko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 444295.

1985. urtetik aurrera, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultura sektore horretako araudiaren eta dirulaguntzei buruzko legediaren aldaketen menpe egon dira, baita aurrekontu erabilgarriaren menpe ere. Bestetik, diruz lagundutako arloak instalazio horien funtzionamendua, jarduerak eta inbertsioak izan dira, aldian aldikoak. Hori guztia interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.

Museoen Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorretan inbertsioak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea, horretarako 50.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako dirulaguntzen deialdia 2019. urterako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2310-7816-333100: Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak

2019

50.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko martxoaren 13an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

OINARRI ARAUTZAILEAK, 2019. URTEAN NAFARROAKO MUSEOETAN ETA BILDUMA MUSEOGRAFIKO IRAUNKORRETAN INBERTSIOAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIARENAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografikoen Erregistroan inskribaturik dauden museoetan eta bilduma museografikoetan 2019an egiten diren inbertsio gastuak ordaintzeko.

2. Aurrekontua.

Deialdi honetara 50.000 euro bideratuko dira, 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak” izeneko A20003-A2310-7816-333100 partidaren kargura.

3. Laguntzen helburua.

Hona dirulaguntza hauen helburua:

–Bildumen prebentziozko zainketa eta segurtasuna hobetzeko sistemak ezartzea.

–Bildumen kontrola, kudeaketa eta ezagutza hobetzea.

–Pertsonak museoko eraikinera eta hango edukietara iristeko bideak erraztea.

–Zentroaren bilduma iraunkorra osatzen duten ondasunak zaharberritzeko proiektuak sustatzea, betiere deialdia argitaratzen den egunean Museoen Zerbitzuan jasota baldin badaude.

Gainera, eskatzaileek bestelako proiektuak aurkezten ahalko dituzte, norberaren eginkizun eta helburuen arabera.

Eskatzaile bakoitzak proiektu bat edo gehiago aurkezten ahalko ditu dirulaguntzen deialdi honetan, baina proiektu bakar bati emanen zaio dirulaguntza, hain zuzen, 12. puntuko irizpideak eta baremoa aplikatuta puntuazio handiena lortzen duenari, proiektuen arteko lehentasun-hurrenkeraren arabera. Onuradun berari beste proiektu baterako dirulaguntza emanen zaio, bakar-bakarrik baldin dirulaguntzak banatzeko lehenbiziko fasea itxi ondoren aurrekontuan diru erabilgarririk gelditzen bada.

Proiektuei hasiera eman baino lehen, onuradunek Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu eskudunen aldeko txostenak eduki beharko dituzte. Diruz lagunduko diren proiektuak exekuzio fasean edo bukatuak egon daitezke, baina, betiere, 2019. urtean egin eta bukatu beharko dira.

4. Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.

Proiektuek lortzen duten puntuazioaren arabera emanen dira dirulaguntzak, 12. puntuan jasotako balorazio irizpideak aplikatuz. Honela eginen da:

–Puntuazioaren ordenaren arabera, onartutako aurrekontuaren %80 emanen zaie proiektuei, gehienez ere 10.000 euro proiektuko, partidaren zuzkidura bukatu arte.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, deialdi honetan ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak kenduta.

–Azkeneko proiektuari soberako gerakina ematen ahal zaio.

5. Gastu diruz lagungarria.

Gastu diruz lagungarritzat ulertuko da deialdi honetan araututako datetan egiten dena, baldin 3. puntuan adierazitako inbertsio proiektu bat egiteko baldin bada inolako zalantzarik gabe. Museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako edo haien jarduera eta jarduketetarako dauden beste deialdi batzuetan sartzen ahal diren proiektuak ez dira diruz lagungarriak izanen.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

6. Onuradunak.

Deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek eska ditzakete dirulaguntza hauek.

Kanpoan gelditzen dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzapeko museoak.

–2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan inbertsioetarako partida izendunak dituzten museoak eta bilduma museografikoak.

7. Betebeharrak.

Eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

8. Dokumentazioa.

Eskatzaileek 1. eranskinean agertzen den eskaera aurkeztu beharko dute, behar bezala betea eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatua, agiri hauekin batera:

–Eskatzailearen IFZ (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

–Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

–Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

–Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jardueraren memoria eta kontuak (gastuak eta diru-sarrerak), 2018. urteari dagozkionak.

–Memoriak ondoko atal hauek jasoko ditu:

  • Erakundearen jarduera: bisita gidatuak, material didaktikoa, tailerrak, audiogidak, webgunea eta sare sozialak, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunak, beste erakunde batzuekiko lankidetza, zabalkunde jarduera eta jarduketak, lanen mailegua eta beste.
  • Egindako hobekuntzak: eraikinean, bilduma egonkorrean, erakusketa iraunkorrean; kontserbazio eta zaharberritze lanak.
  • Jendearentzako ordutegiak: hilabetean osotara zenbat ordu irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.
  • 2018. urtean denera izandako bisitarien kopurua, datuak biltzeko Museoen Zerbitzuaren Eskuliburuan gomendatzen denaren arabera.
  • Hizkuntzen erabilera honako hauetan: seinaleztapena eta errotulazioa, bisita gidatuak, zabalkunde euskarriak, webgunea, gizarte sareak eta erabiltzaileentzako arreta.

–2019. urterako jardueren plana, adierazita zenbat ordu irekiko den, hilabetez hilabete, eta dohainik zein astegunetan irekitzen den.

–2019rako gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (3. eranskina). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten partiden ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

–Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak inbertsioetarako dituen beste laguntza edo dirulaguntza batzuen gaineko aitorpen berariazkoa. Laguntza-eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza-eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.

–Laguntzaren xedeko proiektuaren memoria xehatua, gutxienez honako hauek jasoko dituena: egoeraren deskribapena, esku-hartze proiektua, hura gauzatuko duten langileak, aurrekontu xehatua eta egiteko epeak. Kontserbazio eta zaharberritze tratamenduen kasuan, memorian, aipatutakoez gainera, honako hauek ere jaso beharko dira: ondasunaren eta bere kontserbazio egoeraren azalpena; lagin analitikoak hartzea; esku hartzeko irizpideak; eta beharrezkotzat jotzen diren agiri grafiko eta fotografikoak.

Lehenbiziko eranskina sinatua aurkeztuz gero, Museoen Zerbitzuari berariazko baimena ematen zaio Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuaren bidez eskura ditzan eskatzaileak bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko agiriak, hain zuzen, Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziakoa, Nafarroako Zerga Ogasunekoa eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzakoa.

9. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da (larunbat eta jaiegunak barne), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10. Eskaerak aurkezteko tokia.

Eskatzaileek telematika bidez aurkeztuko dute eskaera Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Atariaren tramiteen katalogoan agertzen den fitxaren bitartez (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/).

11. Tramitazio faseak.

11.1. Akatsak zuzentzea eta aurretiko ebaluazioa.

Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Museoen Zerbitzuak tramitatuko ditu.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Museoen Zerbitzuko teknikariek aurkezten diren eskaeren aurretiko ebaluazio teknikoa eginen dute.

Dirulaguntza eskaera osorik ez badago edo akatsen bat baldin badu, Museoen Zerbitzuak errekerimendua eginen dio eskatzaileari zuzendu dezan, eta horretarako zazpi egun naturaleko epea (larunbatak eta jaiegunak barne) emanen dio, akatsak zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Eskatzaileak dokumentazioa epearen barrenean aurkezten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da eta bere espedientea artxibatuko da.

Jakinarazpena posta elektronikoaren bidez eginen da, eskatzaileak eskabidean (I. eranskina) adierazten duen helbide elektronikora.

11.2. Balorazioa.

Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako hauek osatua:

Batzordeburua:

–Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko burua. Ordezkoa: Alicia Ancho Villanueva andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko burua.

Batzordekide idazkaria:

–Juana María Marco Goñi andrea, Museoen Zerbitzuko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa, Carmen Valdés Sagüés andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko arte jardueretako goi mailako teknikaria.

Batzordekideak:

–Pilar Cabodevilla Górriz andrea, Museoen Zerbitzuko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Marta Arriola Rodríguez andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko goi mailako tituluduna.

–Berta Balduz Azcárate andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea. Ordezkoa, Violeta Romero Barrios andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea.

–José Luis Franchez Apecechea jauna, Ondare Arkitektonikoaren Ataleko arkitektoa. Ordezkoa: Leopoldo Gil Cornet jauna, Ondare Arkitektonikoa Zaintzeko Bulegoko burua.

–Efrén Munárriz Clemos jauna, Nafarroako Kultura Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea. Ordezkoa, Ioar Cabodevilla Antoñana andrea, Nafarroako Kultura Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea.

Batzordeak 12. puntuan ezarritako irizpideen arabera baloratuko ditu eskaerak, eskatutako azkeneko dokumentazioa jasotzen den egunetik hasita hamabost egun naturaleko epean gehienez. Batzordearen irizpena loteslea izanen da. Museoen Zerbitzuak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Nafarroako Zuzendaritza Nagusiari.

12. Balorazio irizpideak.

Inbertsio gastuetarako laguntza-eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (gehienez 25 puntu), honen arabera: museoa, 10 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu; titulartasun publikoa, 10 puntu; titulartasun pribatua, 5 puntu; Nafarroako Museoen Sistemako museoa edo bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea (45 puntu gehienez), honen arabera:

–Proiektua nola egokitzen den dirulaguntzaren helburuetara, 15 puntu gehienez (bildumen prebentziozko zainketa eta segurtasuna eta bildumen kontrola, kudeaketa eta ezagutza hobetzeko sistemak ezartzea; pertsonak museoko eraikinera eta hango edukietara iristeko bideak erraztea; zaharberritze proiektuak).

–Proiektuaren memoria: 10 puntu gehienez.

–Proiektua hedatzeko plana: 7 puntu gehienez.

–Proiektuaren irismen soziala: 7 puntu gehienez.

–Euskara erabiltzea proiektuan: 2 puntu gehienez.

–Gaztelania eta euskara ez diren hizkuntzak erabiltzea proiektuan: 2 puntu gehienez.

–Genero ikuspegia eta hizkera ez sexista erabiltzea proiektuaren dokumentuetan, materialetan eta publizitatean: 2 puntu gehienez.

c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak 2018. urtean kultura arloan egindako bidea (15 puntu gehienez), honen arabera:

–Erakundearen jarduera: gehienez 9 puntu. Honako hauek baloratuko dira: bisita gidatuak, material didaktikoa, tailerrak, audiogidak, webgunea eta sare sozialak, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunak, beste erakunde batzuekiko lankidetza, zabalkunde jarduera eta jarduketak, lanen mailegua eta beste.

–Jendearentzako ordutegia: gehienez 3 puntu. Kontuan hartuko da hilabetean osotara zenbat orduz irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.

–Bisita kopurua: 3 puntu gehienez, Museoen Zerbitzuaren Eskuliburuan datuak biltzeko agertzen diren gomendioen arabera.

d) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-garapenean egiten duen ekarpena (15 puntu gehienez), honen arabera:

–5.000 biztanletik beherako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.

–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 10 puntu.

–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 5 puntu.

Ez dute laguntzarik jasoko deialdiaren 12.b) puntua baloratzean (proiektuaren kalitatea) %50eko puntuaziora (22,5 puntu) ailegatzen ez diren eskaerek.

13. Ebaztea.

Laguntzen kontzesioa Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez emanen da, eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/).

Deialdia eman gabe gelditzen ahal da, osorik edo partez.

14. Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak epe bakarrean ordainduko dira, agiri hauek aurkeztuta 2019ko azaroaren 30a baino lehen.

–Gastuen eta ordainketen frogagiriak, eta proiektuak edo jarduerak eragindako diru-sarrerenak.

–Diruz lagundutako proiektuaren memoria. Zaharberritze lanen proiektuetan, azken memoria, 4. eranskinean jasotako arauei jarraituz.

15. Gastuen eta diru-sarreren justifikazioa eta epeak.

Gastuen eta ordainketen justifikazioa eta diru-sarrerena honela eginen da:

–Proiektuak eragindako gastu eta diru-sarrera guztien zerrenda, bakoitzaren fakturak edo banku-agiriak erantsita.

–Frogagiriak 2019an datatuak izan beharko dira, eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen ordainduak (2019ko azaroaren 30era arte). Gainera, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera bete beharko dira.

–Onuradunak funts berekiak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.

Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori justifikatzeko, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

Proiektuko gastu guzti-guztiak frogatu beharko dira. Laguntzaren portzentajea behar bezala justifikatutako gastu osoari aplikatuko zaio, kontzesioan ezarritako gehieneko muga gainditu gabe.

Proiektuaren memoria eta frogagiriak aurkezteko epea 2019ko azaroaren 30ean bukatuko da. Onuradunak epe horretan aurkezten ez baditu frogagiriak, kontzesioa indarrik gabe utziko da.

16. Kultur mezenasgoa: diruz lagundutako jardueren interes soziala.

16.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerek, baldin lege horren 4. artikuluan aurreikusitako pertsona edo entitate onuradunek egiten badituzte, interes soziala izanen dute foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

16.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

17. Onuradunek bete beharrekoak.

–Laguntza hau emateko oinarri izan den helburua betetzea, dirulaguntza ematean Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ezarritako jarraibide teknikoekin bat etorriz.

–Eskumena duten kontrol organoek finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.

–Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari justifikazioa egiten duen egunean.

–Hasierako proiektuan egiten diren aldaketa guztien berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari. Aldaketa horiek egiteko erakunde horren adostasuna beharko da.

–Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea proiektua hedatzeko erabiltzen diren euskarri guztietan. Nafarroako Museoen Sistemaren barrenean dauden museoek beren logotipoa ere erabili beharko dute.

–Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.

–Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena (5. eranskina) hilabeteko epean aurkeztea, dirulaguntza ematen dela jakinarazten denetik.

–Gastuen eta ordainketen frogagiriak, diru-sarrerenak eta urteko jardueren memoria ezarritako epean aurkeztea.

17. puntu honetan adierazitako betebeharrak betetzen ez badira, emandako dirulaguntza ez da ordainduko.

18. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntzekin, betiere haien zenbatekoek gainditzen ez badute diruz lagunduriko jardueraren kostua. Deialdi honen bidez ematen den diru-zenbatekoa eta beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuetatik edo jardueraren berezko funtsetatik datorrena baturik jardueraren kostua gainditzen bada, ordaindu beharreko dirulaguntzari muga bat ezarriko zaio jarduerak superabitik izan ez dezan.

19. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

1. ERANSKINA

Eskaera orria.

2. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena.

3. ERANSKINA

2019rako aurrekontua.

4. ERANSKINA

Zaharberritzeari buruzko memoria prestatzeko arauak

Zaharberritzeari buruzko azken memoriak eduki hau izan beharko du:

1. Datu orokorrak: kultur ondasunaren izena, kokalekua, jabea, zein plan edo hitzarmenen kargura zaharberritu den, zaharberritzea noiz hasi eta noiz bukatuko den eta haren arduradunak, lanbide curriculuma barne dela.

2. Azterketa historiko artistikoa: deskripzioa (pieza mota, egilea, garaia, neurriak, teknika, gaia), balorazio historiko artistikoa eta lehendik egindako esku-hartzeak.

3. Hasierako kontserbazio egoera: deskripzio xehatua, kalteen mapak barne.

4. Analisi fisiko-kimikoak: deskripzioa eta ondorioak, laginak zehazki nondik hartuko diren barne, eta laborategiko txosten osoa.

5. Egindako tratamenduak: deskripzio xehatua, esku-hartzeen mapak barne; aplikatu diren substantzien zergatikoa, barnean direla izen generikoak eta merkataritzakoak eta fitxa teknikoak.

6. Bermea eta mantentze-lanen plana: teknika edo prozesu desegokien aplikazioari egozten ahal zaizkion akatsak konpontzeko eskaintzen den bermaldia. Gutxienez urtebetekoa izanen da, esku-hartzea bukatzen denetik.

7. Dokumentazio grafikoa eta fotografikoa:

–Planoak, marrazkiak eta bestelako baliabide grafiko eta bisual interesgarriak.

–Hautatutako argazkien erreportajea, karpetatan antolatuta, CDan edo DVDan, egindako esku-hartzea erabat azaltzen duena.

Ale bat paperean eta CD edo DVD bat aurkeztuko dira, txosteneko testu, argazki eta grafiko guztiekin.

5. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1904164