76. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

19E/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 26koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, “Azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko zinema enpresa eta profesionalentzako Generazinema Exporta 2019 laguntzen deialdia” onesten duena. DDBN identifikazioa: 441703.

Nafarroako Gobernuak 2019ko otsailaren 6an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari honako deialdi hau onets zezan, banakako ebaluazioko araubidean: azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko zinema enpresa eta profesionalentzako dirulaguntzen deialdia.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin du, eta bertan eskatu du “Azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko zinema enpresa eta profesionalentzako Generazinema Exporta 2019 laguntzen deialdia” eta deialdiaren oinarri arautzaileak onets daitezen, 15.000,00 euroko gastua baimen dadin, eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen. Kontuan harturik hala helburua nola baldintzak betetzen direla, bai eta gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak ere, eta kontuan harturik, halaber, kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko zinema enpresa eta profesionalentzako Generazinema Exporta 2019 laguntzen deialdia” izeneko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2510-4709-334103: Artem Exporta: arte eszenikoen arloko ekitaldiak, jaialdiak eta lehiaketak egiteko laguntzak

2019

15.000,00

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko otsailaren 26an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

AZOKA, JAIALDI ETA EKITALDI PROFESIONALETAN PARTE HARTZEKO ZINEMA ENPRESA ETA PROFESIONALENTZAKO GENERAZINEMA EXPORTA LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da zinemagintzako azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko enpresa eta profesionalentzako laguntzak arautzea. Laguntza horiek helburu dute Nafarroako ikus-entzunezko sektore profesionalaren merkataritza ekintzei eta filmen erakusketari laguntzea eta haien proiekzioa sustatzea Foru Komunitatetik kanpora, eta banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira.

1.2. Deialdi honen xedeko jarduerak 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitarte eginen dira, biak barne.

1.3. Azoka, jaialdi eta ekitaldi profesional baterako baino gehiagotarako laguntza eskatzen ahalko da eskabide bakar batean.

1.4. Pertsona eta entitate eskatzaileek eskabide bat baino gehiago aurkezten ahalko dute 4.1 oinarrian ezarritako eguna baino lehen, baldin eta eskatzen den laguntza azoka, jaialdi edo ekitaldi profesional baterako baino gehiagotarako bada. Laguntza-eskaera guztien baturak, guztira, 3.2 oinarrian eskatzaile bakoitzarentzat ezarritako gehieneko muga izanen du.

2.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Nafarroako Foru Komunitatekoak diren edo gutxienez ere 2018ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik dauden pertsona fisikoak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun komunitateak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Entitate horiek helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez ere 2018ko urtarrilaren 1etik. Gainera, helburu sozial gisa, edo estatutuen arabera, xede edo helburu sozial izanen dute ikus-entzunezko edo zinema jarduerak egitea.

2.2. Aurreko atalean aipatutako pertsona edo entitateek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, oinarri hauen 4.3 puntuan aipatutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean.

2.3. Laguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2019ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Ikastetxeak edo arte ikasketetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak, entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.5. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsona eta entitateei.

3.–Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek, guztira, 15.000 euroko diru kopurua izanen du, 2019rako onetsitako aurrekontuko partida honen kargura: “Artem Exporta: arte eszenikoen arloko ekitaldi, jaialdi eta lehiaketetarako laguntzak” izeneko A20002 A2510 4709 334103 partida.

3.2. Laguntzaren zenbatekoa ez da izanen onartutako aurrekontuaren %60 baino handiagoa, eta gehienez ere 3.000 eurokoa izanen da eskatzaileko.

Onartzen den aurrekontua kalkulatzeko, eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuari honako diru kopuru hauek kenduko zaizkio: batetik, deialdi honen 5. oinarriaren arabera diruz lagungarriak ez diren gastuen zenbatekoa, eta, bestetik, Balorazio Batzordearen ustez proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdiaren xedekoak ez diren jarduerei dagozkien diru kopuruak.

3.3. Aipatutako muga horiek betetzen badira, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginez, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.4. Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta espedienteak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.5. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, dirulaguntzarik jaso ez duen hurrengo eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.6. Aurrekontuko dirua deialdi honek ezarritako epeetan bukatzen bada, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, itxitzat emanen du eskaerak onartzeko epea, xede horretarako ezarritako funtsak amaitu direlako. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da.

4.–Eskabideak eta nahitaezko agiriak aurkeztea.

4.1. Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira eskaerak, 2019ko irailaren 30era arte (egun hori barne).

4.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:

Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskabideari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoko fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4.3. Laguntza-eskaeraren inprimakiarekin batera (I. eranskina), dokumentu hauek aukeztu behar dira, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean alta emanik egotearen frogagiria (eskumena duen udalak emana), edo zinemari edo ikus-entzunezko jarduerari lotutako beste batzuk:

–1. atala (enpresa jarduerak): 96 edo 99 multzoak.

–2. atala (jarduera profesionalak): 85 edo 89 multzoa.

–3. atala (jarduera artistikoak): 1, 2 edo 3 multzoak.

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

1) Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

2) Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

3) Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia; estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

c) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa.

d) Proiektuaren datu ekonomikoak III. eranskinean jakinarazi beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

e) Eskabidea telematika bidez bidali ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.4. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko aurreko puntuko b.1, b.2 eta b.3 ataletan aipatutako agiriak, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.5. Dirulaguntzaren eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, hark emandako helbide elektronikoaren bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

4.6. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Ekitaldiko 2 parte-hartzaileren (gehienez) ostatu gastuak, dietak eta joan-etorrien gastuak (artistak, ekoiztetxearen eta/edo enpresa banatzailearen ordezkariak), muga hauek gainditu gabe:

–Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako eta 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17koan, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuko dira gastuak. Deialdi honen ondorioetarako, dieten gastutzat hartuko dira otordu nagusiei dagozkienak soilik (bazkaria eta afaria).

–Joan-etorriak: autoa erabiliz gero, hogeita hamar euro-zentimo (0,30 euro) km bakoitzeko, gehi autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekua. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

–Beharrezkoak diren elementuen garraioa: autoa erabiliz gero, hogeita hamar euro-zentimo (0,30 euro) km bakoitzeko, gehi autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak. Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, berrogei euro-zentimo (0,40 euro) km bakoitzeko, gehi autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak. Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak.

Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua enpresaren egoitza soziala edo eskatzailearen helbidea izanen da.

b) Egiaztatze edo inskripzio gastuak.

c) Azoka eta ekitaldi profesionaletan instalatzea eta/edo erakustokia eta bestelakoak alokatzea.

d) Ekitaldirako berariaz egindako seinaleztapen-materialak edo inprimakiak (diseinu eta/edo maketazio gastuak eta komunikazio eta publizitaterako beste gastu batzuk alde batera utzita).

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) 5.1 puntuan adierazitako arloei ezin egotzi zaizkien gastu kontzeptuak, zentzuz jokatuta proiektuarentzat beharrezkoak ez direnak edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

6.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatu eta ebaluatuko ditu eskaerak, banakako ebaluazioaren araubidean. Ebaluazio prozesu osoan zehar, eskatzaileen agerraldia eska daiteke, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

6.2. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.5 oinarrian zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

6.3. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, berak eskatuta, Nafarroako Kultura Kontseiluari kontsultatzen ahalko dio proiektuaren banakako ebaluazioaren erabakiak hartzeko orduan, organo aholkularia baita hori.

6.4. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak banakako ebaluazioa prestatu, eta deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7.–Proiektuen balorazioa.

7.1.1. Proiektuaren ezaugarriak: (50 puntu gehienez).

a) Azoka/merkatu/jaialdi eta/edo ekitaldi profesional bakoitzaren lurralde-eremua (atal honen puntuazioa b) eta c) letrei gehituko zaie, eta gehienez 50 puntu emanen dira guztira).

–Foru Komunitatearekin mugakide diren lurraldeak (Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa, Aragoi eta Frantziako Akitania Berria): 5 puntu.

–Estatuko beste lurralde batzuk: 10 puntu.

–Nazioarteko eremua: 15 puntu.

b) Azoka, jaialdi edo ekitaldi profesional bakoitzean parte hartzeko modua (atal honen puntuazioa a) eta c) letrei gehituko zaie, eta gehienez 50 puntu emanen dira guztira).

–Filmak proiektatzea: 2 puntu proiektaturiko film bakoitzeko.

–Eguneroko bertaratzea, baina erakustokirik gabe: 5 puntu bertaratze-egun bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu.

–Bertaratzea, erakustoki partekatua izanda: 10 puntu.

–Bertaratzea, norberaren erakustokia izanda: 15 puntu.

c) Ekoiztetxeen kasuan, aurkeztu beharreko salmenta eskuliburuaren lagina (15 puntu gehienez). Kasu horretan, informazio-dosierra erantsi beharko da, hauek adierazita: filmaren izena, fitxa artistikoa eta fitxa teknikoa.

Banatzaileen kasuan, merkataritzako txostena, bisita-txartelak eta merkataritza-hitzorduen deskribapena erantsita (15 puntu gehienez).

–15 puntu 10 bilera baino gehiago baldin baditu.

–10 puntu 6-10 bilera baditu.

–5 puntu 0-5 bilera baditu.

7.1.2. Eskaera egiten duen pertsonaren, enpresa ekoizlearen edo banatzailearen ibilbidea (30 puntu gehienez):

a) Jarduera: 2 puntu azken 5 urteetan ekoitzitako edo banatutako film bakoitzeko (10 puntu gehienez).

b) Ibilbidea: puntu bat eskaera egiten duen pertsonak, enpresa ekoizleak edo banatzaileak jardunean egindako urte oso bakoitzeko (10 puntu gehienez).

–10 urtetik gora: 10 puntu.

–9 urte: 9 puntu.

–8 urte: 8 puntu.

–7 urte: 7 puntu.

–6 urte: 6 puntu.

–5 urte: 5 puntu.

–4 urte: 4 puntu.

–3 urte: 3 puntu.

–2 urte: 2 puntu.

–Urtebete: puntu bat.

c) Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren azken 5 urteetako deialdietan Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako proiektua izatea (10 puntu gehienez):

–4 puntu, eskatzaileak jasotako dirulaguntza bakoitzeko.

–2 puntu, onartu bai baina dirulaguntzarik gabe utzitako proiektu bakoitzeko (deialdian diru aski ez egoteagatik).

7.1.3. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez).

–Ekoiztetxeen kasuan: proiektuaren aurrekontu onartu osoarekin alderatuta (BEZik gabe), eskatutako dirulaguntzaren portzentajea:

  • %40 arte: 15 puntu.
  • %40tik gora %45 arte: 12 puntu.
  • %45etik gora %50 arte: 10 puntu.
  • %50etik gora %55 arte: 8 puntu.
  • %55etik gora %60 arte: 5 puntu.

–Banatzaileen kasuan, jaialdira, azokara edo ekitaldi profesionalera joan izanaren balorazio ekonomikoa:

–Hiru kontratu baino gehiago sinatu baditu: 15 puntu.

–Bi kontratu sinatu baditu: 10 puntu.

–Kontratu bat sinatu badu: 5 puntu.

7.1.4. Nafarroako kultura zabaltzea eta euskara erabiltzea (5 puntu gehienez).

a) Nafarroako kultura zabaltzea, egile, zuzendari edo ekoizle nafarrak sustatuz (2 puntu gehienez).

b) Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean (3 puntu gehienez).

–Euskara erabiltzea proiektuan (abestien, olerkien eta abarren bidez) edo jarduerak edozein euskarritan hedatzen direnean, elebitan izan gabe (puntu 1).

–Proiektua elebitan hedatzea (2 puntu).

–Jarduera euskaraz egitea edo euskara erabiltzea proiektuaren komunikazio-hizkuntza gisa, hala proiektua sortzean nola hedatzean (3 puntu).

7.2. Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du. Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian jakinaraziko da.

7.3. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak, funsgabeak direnak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera bakoitza jaso eta biharamunetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio bakoitzak eskabide-orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jakitera emanen da (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/), baita Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren iragarki-taulan ere (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

8.4. Presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.–Diruz lagundutako proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira, baldin eta helbide fiskala Nafarroan duten pertsonek eta entitateek egiten badituzte, eta horiek ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean alta emanda badaude (legearen 4.f) artikuluan aipatzen dira), arau horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako. Ondorio horretarako, eskatzaileek V. eranskina bete beharko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek 12. oinarrian aipaturiko azken memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek zer eragin izan duten diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.

10.–Onuradunen betebeharrak.

10.1. Interesdunek (salbu eta pertsona fisikoak direnak) dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, telematika bidez, dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, hala badagokie, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalaren bidez.

Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da.

10.5. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak funtsean aldatzen ez badu onetsitako proiektua.

10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan, publizitatean edo hedapenerako euskarrian Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta hori adierazten duen testu bat erakutsi (Diruz laguntzen du:...). Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldaketa eginen da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

10.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

10.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

10.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

10.11. Enpresak edo profesionalak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

10.12. Kudeaketa lanean konpromiso etikoa begiratzearren, eskatzaileak konpromisoa hartu beharko du jardun egokiak izateko diruz laguntzen den jardueraren garapenean, bereziki lan eskubide eta betebehar oinarrizkoen esparruan.

10.13. Proiektuko informazioaren osagarri, enpresak edo profesionalak generoari buruzko memoria bat erantsiko du, helburu izanen duena ezagutzea zein den Nafarroako kultura sektorearen errealitatea genero-ikuspegitik. Horretarako, datu hauek bilduko dira:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Lanak zer gairi heltzen dion nagusiki, eta adieraztea edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Parte-hartzea:

  • Lanaren egiletza (emakumezko egilea, gizonezkoa edo ezezaguna). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.
  • Zuzendaritza (gizona edo emakumea). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.

10.14. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf).

11.–Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Ordainketa.

Oro har, behin onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazio hori proiektua bukatutakoan egin beharko da. Horretarako, onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFZ, fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data, guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta (kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak). Zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira. Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketa guztiak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

d) Egindako jarduera azaltzen duen memoria.

e) Bertaratze ziurtagiria, erakunde antolatzaileak luzatua, edo, bestela, parte-hartzaileen zerrenda ofiziala.

11.2. Aurrerakina.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere. Horretarako, entitateak Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari eskatu beharko dio, aurrerakina eskatzeko IV. eranskina aurkeztuz, eta frogatu beharko du dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela (diruzaintzako egoera-orria edo bankuko kontuen saldoa, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda eta proiektuari lotuta ez dauden ordaintzeko eta kobratzeko konpromisoak).

11.3. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntza likidatzeko, onuradunek 11.1 oinarrian aipatzen diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte proiektua bukatu eta bi hilabeteko epean; betiere, azken eguna 2019ko urriaren 31 izanen da, egun hori barne. Laguntza ematea onartzen den unean dirulaguntzaren xedeko jarduera bukatu dutenek edo azoka/merkatu/ekitaldi profesional edo jaialdira joan direnek laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa, eta, betiere, azkeneko eguna 2019ko urriaren 31 izanen da beranduenez.

11.4. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea galduko da.

11.5. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren emakidan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, ordaindu izanaren frogagiria badute.

11.6. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12.–Beste dirulaguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.–Dirua itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14.–Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

15.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. ERANSKINA

Azoka, jaialdi eta ekitaldi profesionaletan parte hartzearen aurrekontua.

IV. ERANSKINA

Dirua aurreratzeko eskabidea.

V. ERANSKINA

Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1902829