76. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

152E/2019 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren txostena ematen duena Dehesa de Buñuel SLU enpresak sustatutako proiektuarentzat.

2018ko irailaren 11n, Buñuelgo Udalak, organo nagusi gisa jardunez, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen, II. Eranskineko 1. Taldeko f) idatz zatiaren 3. puntuan sartzen da (“aziendak hazteko instalazioak, gizentzeko 600 behi buru baino gehiagoko abeltzaintzako ustiategietan”).

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Zazpi kontsulta egin dira, eta honako hauen erantzunak jaso: Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiarena, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalarena eta Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalarena.

Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiaren txostenak irizten du proiektuak ez duela inolako eraginik izanen bide, trenbide, aireportu edo ur azpiegituren plangintzan edo proiektuetan; beraz, ez dio proiektuari inolako baldintzarik ezartzen.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostenak dio Dehesa de Buñuel SLU enpresak eskatutako handitzea jarduera baimendutzat jotzen dela, baimenduta eraikitako azalera %20tik behera handiagotuko delako, eta horrek ez dakarrelako zerbitzu eskari berririk. Txostenak dioenez, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluarekin bat, jarduera eta erabilera baimendu horiek udal eskumenekoak dira, eta ez dute lurzoru urbanizaezineko jardueren baimenik behar. Orobat adierazten du, izapide horietan, organo eskudunak baloratu behar duela sektoreko araudia eta lurralde antolamenduko tresnak betetzen ote diren. Ildo horretatik adierazten du, 2011ko uztailaren 22az geroztik, Lurralde Antolamenduko Planak daudela indarrean, eta udalak haietan jasotako baldintzak hartu behar dituela kontuan lizentziak eman ala ez erabakitzerakoan.

Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalaren txostenak dio, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Uholde Arrisku Potentzial Nabarmena duten Guneei (ARPSI) buruz berriki egin dituen azterlanen arabera –esparru horretako uholde arriskuaren mapak finkatzen dira horietan–, jardueraren lurzatia uholde arrisku handiko aldean dagoela, Lurralde Antolamenduko Planen PN4 eranskinean (5. puntua: Ebro ardatza) xedatutakoari jarraikiz.

Txostenak dioenez, proposatutako aldaketaren ondorioz (2.050 abelburutik 7.000ra igarotzea; hau da, %200etik gorako hazkundea) ustiategiak kalte gehiago jasanen lituzke uholde egoeretan, eta oso maiz pairatuko lituzke horrelako egoerak, 10 urteko errepikatze denbora duen gune batean baitago instalazioa. Argazkiak ere aurkezten dira, eta bertan ikusten da ustiategiaren zati bat eta animaliak denbora batez hartzeko proposatzen diren patioak urpean gelditu zirela 2015eko otsailean Ebrok izan zituen uholdeetan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumeneko organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ohiko ingurumen eraginaren ebaluazioaren mende jartzeari edo txosten honetan ezarritako baldintzetan ingurumen eraginaren txostena emateari buruz.

Proiektuaren deskribapena:

Txekorrak eta zaldikoak gizentzeko ustiategia handiagotu nahi da, 7.000 plazara arte orotara. Gaur egun, txekorrendako 550 plaza eta zaldikoendako 1.400 plaza ditu ustiategiak.

Horretarako, aurreikusi da gaur egungo instalazioetan dauden plazaen berrantolaketa eta beste 17.954 m²-ren gehikuntza, Cortesko 6. poligonoko 1. lurzatian, estalkirik gabeko trantsizioko 5 patio berri jartzeko ustiategian. Patio horietara eramanen dira, denbora baterako, ustiategira iristen diren animalia sail berriak, haiek egokitu arte, eta animaliak egungo ustiategian jarraituko dira gizentzen. Patio bakoitzean estalgune bat jarriko da, 10 x 20 metroko eta isurki bateko estalkia izanen duena, itxiturarik gabea, abereak eguraldi txarretik babesteko.

Azkenik, aipatutako elementuez gainera, honako hauek izanen dira instalazioetan: haietako hirutan, bi isurkiko estalkiak (2.061 m² eta 1.387 m²-ko azalerak), Buñuelgo 6. poligonoko 16. lursailean; eta bi isurkiko estalkia izanen duten bost nabe, 1.350 m²-koak, bat izan ezik, horrek 2.000 m² izanen baititu, Buñuelgo 6. poligonoko 16. lursailaren eta Cortesko 8. poligonoaren artean. Horiek ere kanpo patio hormigoituak izanen dituzte, isurketak urmael batera biltzeko sistemaz hornituak.

Instalazioaren aldean elikadura gune bat eta siloraketarako biltegia daude ustiategiaren iparraldean, 6.000 m³-ko edukiera erabilgarria izanen duen urmael bat, patioetako isurketetako ur zikinak biltzeko, eta 2.610 m³-ko edukiera duen simaurtegi bat hegoaldean. Jarduerak baditu behar diren sarbideak eta zerbitzuak; ureztatzaile saretik eskuratzen du hornidura, barne ura biltegiratzeko urmael bat du eta badu elektrizitate eta gasolio hornidura ere.

Txekorrak eta zaldikoak gizentzeko jarduera da, 6 hilabetetik 7ra bitarteko gizentze aldiz, loteka maneiatuz eta ohe berotan ukuiluratuz, 1,8 gizentzetik 2ra eginez urteko. Ustiategian bertan kudeatzen diren pentsuz eta bazkaz elikatzen dira. Jarduerak trantsizio patio bat jarriko du animaliak instalazio berrira egokitzen joan daitezen, eta gizentzea lehendik dauden instalazioetan eginen da. Simaurrak zuzenean ekoizpen soroetan zabalduz kudeatzeko plan bat aurkeztu du.

Ingurumen dokumentuaren analisia:

Ekarritako ingurumen dokumentazioa ongi egokitzen da ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan xedatzen denera. Instalazioa Buñuelgo udal mugarteko hego-mendebaldeko mugan dago, Ebro ibaiaren ibilgutik 180 metrora baino gehixeagora, eta ustiategiaren hegoaldean lehendik dauden nabeekin eta trantsizio patioak jartzeko aurreikusten den gunearekin Cortesko udal mugartearen lursail batzuk hartzen ditu.

Ustiategiak zabalera handia hartzen du Tauste Ubideko grabitatezko eta txandakako ureztatze tradizionaleko gunearen esparruan Cortesen eta Buñuelen, baina handik kanpo gelditzen da; alubioiko lurretan dago, ibaiaren ezkerraldeko uholde lautadaren barnean. Esnetarako behien ustiategi zahar baten instalazioak baliatzen ditu, eta trantsizio patioetarako aurreikusitako gunea lehengo jarduerako minden urmaela izan zenaren gainean gelditzen da. Urmaela desmuntatu eta bete egin zen bere garaian.

Jarduketaren ezaugarriak kontuan hartuta, eta landaredirik eta bestelako balio natural esanguratsurik gabeko ekoizpen lur eraldatu baten gainean eginen denez, uholdeekin lotutako baldintza hidraulikoak dira alderdi garrantzitsuenak. Alde horretatik, Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalaren txostenak dioenez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Uholde Arrisku Potentzial Nabarmena duten Guneei (ARPSI) buruz berriki egin dituen azterlanen arabera, instalazioa errepikatze denbora sarria duen uraldi gune batean dago, eta, beraz, uholde arrisku handia duela jo behar da, korrontearen sakoneragatik eta zirkulazioagatik.

Beste alde batetik, ustiategia dago Ebroren akuifero alubialari dagokion iragazkortasun handiko unitate hidrogeologikoaren gainean, zehazki, gune honetan: “2. Gunea: Ebroren alubiala Tutera eta Alagón artean”. Gune hori nitrato bidezko kutsadurarekiko zaurgarri deklaratuta dago Nafarroako Foru Komunitatean. Horrek lurzoruaren iragazkortasun baldintza jakin batzuk eskatzen ditu, bai eta jardueraren gune zikinetan isurketak biltzea eta simaur banaketan nitrogeno ekarpen txikiagoa egitea ere.

Paisaiaren ikuspegitik, aldaketak ez du aldaketa nabarmenik eraginen gaur egungo instalazioarekin alderatuta. Gehienetan errepidetik ikusi ohi da, eta paisaia irekian, erregularrean eta ureztatze bidezko nekazaritza gune tradizionalean dago, mugetan zuhaitzak daude, eta ez du aldaketarik eragiten paisaiako elementu adierazgarrienetan, hau da ibaian eta Bardeako ordokiaren ezpondan.

Proiektuaren analisia 21/2013 Legearen III. Eranskineko irizpideen argira:

Kontsulten emaitzak kontuan hartuta, 21/2013 Legearen III. Eranskineko irizpideei jarraikiz, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak honako hau jakinarazten du: ibilgutik gertu dagoenez, euri dinamikaren eraginpean dagoen eta uholdeen eraginpean maiz egoten ahal den gune batean, proiektuak eragin nabarmena izaten ahal du. Hori horrela, ebaluazio sakonagoa egin behar da, proiektua ingurumenaren ikuspegitik bideragarria ote den aztertzeko, eta zer neurri zuzentzaile hartu beharko liratekeen erabakitzeko.

Espedientean jasota dauden dokumentazioa eta txostenak aztertu ondotik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jakinarazten du ingurumen ebaluaziorako prozedura sinplifikatua behar bezala egin dela, baina horrek ez du esan nahi indarrean dagoen legeriaren arabera nahitaezkoak diren beste baimen batzuk lortu behar ez dituenik, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena bereziki.

Kontuan harturik ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikaturako prozedura egoki bete dela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz

EBATZI DUT:

1. Dehesa de Buñuel SLU enpresak sustatutako proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izaten ahal ditu, eta, hortaz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zaio, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean xedatutako irizpideen arabera.

2. Sustatzaileak, baldintza hidraulikoak gorabehera, izapideekin jarraitzea erabakitzen badu, honako hau jakin behar du: ez baditu dagozkion aldaketak egiten proiektuan, Baliabide Hidrikoen Atalaren txostenean azaldutako egoera zuzentze aldera, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Uholde Arrisku Potentzial Nabarmena duten Guneei (ARPSI) buruz berriki egin dituen azterlanen arabera, instalazioa errepikatze denbora sarria duen uraldi gune batean dagoenez, eta, beraz, uholde arrisku handia duela jo behar denez, korrontearen sakoneragatik eta zirkulazioagatik, gertatzen ahal da ingurumen eraginaren ebaluazio arruntean proiektua ez onartzea, ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 45. artikuluaren 4. puntuan xedatutakoarekin bat.

3. Sustatzaileak jakin behar du zer uholde arrisku duen lurzatiak, bere gain hartu behar du arrisku hori, eta jakin behar du, baita ere zer babes neurri diren aplikatzekoak. Nolanahi ere, haren babeserako egoki irizten dituen neurri osagarriak ere hartzen ahal ditu.

4. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, “ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeenak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jar daitezkeenak ukatu gabe”.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Buñuelgo eta Cortesko Udalari, Basozaintzari (Tuterako barrutia), Kutsaduraren Prebentzio Atalari eta interesdunari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 1ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1903231