76. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

70E/2019 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Beteluko udal mugartean dagoen eta Wisco Española SA enpresaren jabetzakoa den brontze galdategiaren instalazioan aldaketa nabarmena egiteko baimena ematen duena.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 30eko 0872/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak eguneratua ekainaren 11ko 257E/2014 Ebazpenaren bidez.

2016ko martxoaren 8an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen; bi hozte dorre jartzea zen asmoa. Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2016ko martxoaren 14an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” zen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “nabarmena” dela zioen, aldaketa garrantzitsuak baitakartza instalazioak funtzionatzeko baldintzetan. Hortaz, lehendik duen ingurumen baimen integratua aldatu egin behar da, aipatutako aldaketak han jasotzeko.

2016ko apirilaren 15ean, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskaera egin zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hau da, bi hozte dorre jartzeko, piezen zeharkako hozte prozesua hobeki kontrolatu eta hozteko uraren kontsumoa gutxitu ahal izateko.

Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 22ko 223E/2016 Ebazpenaren bidez, instalazioa aldatzeko baimena eman zen, baina, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak administrazioarekiko auzien bidera jo aurretiko errekerimendu bat egin zuen, eta, horri jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, 2017ko apirilaren 12ko Erabakiaren bidez, baliogabetu egin zuen aipatutako ebazpena. Izan ere, ez zen egin Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduan derrigorrezkotzat jotako izapideetako bat, ez baitzen eskatu Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren txosten loteslerik. Gainera, zer gairi buruz ari garen kontuan hartuta, txosten hori derrigorrezkoa zen, baita ere, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 19. artikuluari jarraikiz.

Gobernu Akordioak baliogabetu egin zuen 223E/2016 Ebazpena, uztailaren 22koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariarena, eta, ingurumen baimen integratua aldatzeko prozeduran, agindu zuen jarduketak atzera eramatea Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren txosten loteslea eskatu aurretiko unera.

Hori horrela, aztertzen ari garen espedientea berriz ireki zen, eta aginduzko txosten loteslea emateko eskaria egin zitzaion Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari, isurketen onargarritasunari buruz, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuari buruzko legearen testu bateginaren 19. artikuluan xedatu bezala.

2018ko ekainaren 27an, isurketen onargarritasunari buruzko txostena eman zuen Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak, eta instalazioaren ingurumen baimen integratuan finkatutako isurketa baldintzak aldatzea proposatu zuen.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.–Beteluko udal mugartean dagoen eta Wisco Española SA enpresaren jabetzakoa den brontze galdategiaren instalazioan aldaketa nabarmena egiteko baimena ematea, bi hozte dorre jartzeko proiektua gauzatzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, baita ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak ere.

Bigarrena.–Hondakin urak ur jabari publikora isurtzeko baimena eguneratzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi honetan zehar legeriak isurketa baimenetarako epe luzeagoa ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen hasierako epea, besterik gabe, arau berriak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko. Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Kantauriko Konfederazioa Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Hirugarrena.–Aldaketa funtzionatzen hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, deusetan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Wisco Española SAri, Beteluko Udalari eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari igortzea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F1903419