76. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

65E/2019 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak sustatu duen eta Uharte Arakil udalerrian gauzatuko den “Altsasu-Urdiain 1” eta “Uharte Arakil” MG 30 Kv-ko linearen saihesbide proiekturako.

2018ko maiatzaren 7an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean dago sartua. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Inguru horretako zerbitzua hobetze aldera, honako lan hauek egin nahi dira “Altsasu-Urdiain 1” izeneko 30 Kv-ko aireko linean (linea horrek argindarrez hornitzen ditu Altsasutik Urdiainainoko abonatuak):

–Transformazio zentro berri bat (TZ berria) eraikitzea gaur egungo “Uharte Arakil” maniobra gelaren (MG) ondoan; aipatutako MG hori Aralar eta Estación zentroekin lotuko du horrek.

–Lurpeko kanalizazio berri bat egitea, TZ berria “Altsasu-Urdiain 1” aireko linearen 67.03 euskarriarekin lotzeko.

–Aireko linea desmuntatzea, aireko linea horren 00.88 euskarriaren eta 11.02 euskarriaren artean.

–Gaur egungo 11.02 euskarria kendu, eta linea amaierako ezaugarriak dituen beste bat jartzea horren ordez.

Proiektua abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartzen da (dekretu horren bidez, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren). Laborantza guneen eta landaredi edo ingurumen balio interesgarririk gabeko larreen gainean eginen dira lanak. Ez diete eraginen 2000 Natura Sareko guneei. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren eta Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalaren txostena jaso da espedientean.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak sustatu duen eta Uharte Arakil udalerrian gauzatuko den “Altsasu-Urdiain 1” eta “Uharte Arakil” MG 30 Kv-ko linearen saihesbide proiektuari.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Lokailu guztientzat U70YB20 AL + PECA 1000 isolagailua erabili beharko da, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala.

–Lurpera jaisteko euskarrietan (edo linea amaierakoetan) elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta tximistorratz autobalbulak lotzen dituzten zubiak, ebakigailuak (halakorik bada) zein konexioko botilak. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Tximistorratz autobalbulak, berriz, BCAC (Bushing Connection Animal Cover) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

–Zerbitzurik gabe gelditzen diren azpiegitura guztiak desmuntatu eginen dira.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.

–Bide publikoari dagokionez, lurraren sestraren gainean hodiarekin lotutako elementurik egonez gero, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute bide publikoaren kanpoko ertzetik (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 art.).

–Herri-lurren Atalak bere txostenean adierazitakoarekin bat:

Nahitaezko desjabetzea baliatzen bada, ez da beharrezkoa izanen Udalak inolako baimenik eskatzea atal honi (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 151. artikulua; arau horren bidez onetsi zen Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua).

Horrela ez balitz, lanen eraginpean gelditzen diren lurrak erabiltzeko baimena eman beharko litzateke...

Hortaz, eta azken kasu horretarako soilik (...) “Kontuan hartuta Iberdrola Distribución Eléctrica SAU sozietateak gauzatuko duen jarduketak herri-lurrak ukituko dituela, Udalak, jarduera lizentzia jaso baino lehen, aipatu lurrak okupatzeko baimena lortu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Herri Lurren Atalaren aldetik. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoari jarraituz”.

–Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiarena lortu beharko du, errepideetako ukipenari dagokionez, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legearekin bat.

–Obrak egitean, ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Arkeologia Atalari, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iraganda, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak jardueraren titularra behartuko du ukitutako lurrak lehengoratzera, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsi eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu, orobat, baimen honek; aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena emateko prozedurari buruzkoa).

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Uharte Arakilgo Udalari, Basozaintzari (Sakana Mendialdea barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 27an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1902908