76. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

481/2018 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Erromantzatuan, Isuko udal mugartean dagoen “17. zeharbidea” izeneko abelbidearen trazadura aldatzeko proiektua onesten duena.

Nafarroako Gobernuaren 2016ko maiatzaren 25eko Erabakiaren bidez finkatu ziren Erromantzatuko abelbideak. Erabaki horren bidez, adierazi zen abelbideak daudela Zarrakaztelu, Murillo el Fruto, Mélida, Santakara, Gazteluberri, Nabaskoze eta Erromantzatua udal mugarteetan, zabalera, trazadura eta gainerako ezaugarri fisikoak sailkapen espedientean jasota dituztenak, eta hondatu edo desagertutako mugarriak berriz jartzea onetsi zen.

2017ko azaroan, Natur Ingurunearen Zerbitzuak zehaztu zuen akats bat zegoela “17. zeharbidea” abelbidearen trazaduraren sailkapenean; dirudienez, Isu herri hustuan altxonbideen mugarriak agertu dira Erromantzatuko 11. poligonoko 249. lurzatian, atxikitako txostenean zehazten den bezala. Trazadura aldatuz, zuzendu egiten da abelbidearen jabari publikoko ondasunaren izaera, alderdi hori funtsezkoa baita abelbideentzat. Hori horrela, aldeko txostena eman da “17. zeharbidea” izeneko abelbidearen tarte horretarako proposatu den trazadura berriaren gainean.

Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen arabera, altxonbideek jabari publikoko ondasunen izaera dute. Hori horrela izanik, interes publikoko arrazoiengatik eta, salbuespen gisa eta behar bezala arrazoitu ondoren, baita interes partikularragatik ere, abelbide baten trazadura aldatzeko edo desbideratzeko baimena ematen ahal da, betiere azaleraren osotasuna, ibilbideen egokitasuna, trazaduren jarraitutasuna, abereen pasaera eta jarduera horrexekin bateragarri eta osagarri diren gainerako erabilerak bermatzen baldin badira.

Premisa hori kontuan hartuta, Natur Ingurunearen Zerbitzuak, Nafarroako abelbideak kudeatzeaz arduratzen denak, zenbait baldintza ezarri ditu, “17. zeharbidea” delakoaren trazadura berriak bete beharko dituenak. Abelbidea birjartzeko proiektuak biltzen eta betetzen ditu baldintza horiek. Aipatu proiektua onesteko eskaera egin da VP069-18 txostenean, jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko tramiteak bete ondoren, 2018-03-02ko 44. NAOn jakinarazi eta inork alegaziorik aurkeztu gabe.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea Erromantzatuan, Isuko udal mugartean, “17. zeharbidea” izeneko abelbidearen trazadura agiri honi atxikitako planoan adierazi bezala aldatzeko proiektua.

2. Katastrora igortzea zein diren banandutako lurzatiak, abelbideen zati bihurtuko direnak, eranskinean atxikitako planoarekin bat.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Ingurune Naturalaren Zerbitzura igortzea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Erromantzatuko Udalari jakinaraztea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabete bateko epean. Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

Aurrekoa gorabehera, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, beste arrazoi batzuetan oinarrituta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, jakinarazpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabete bateko epean.

Iruñean, 2018ko abenduaren 20an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1903567