76. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 6an hartua, “Miguel Servet” Fundazioaren estatutuen aldaketa onesten duena.

Irailaren 26ko 211/1986 Foru Dekretuaren bidez (123. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 6koa), “Miguel Servet” fundazio pribatua sortzea onetsi zen, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioari buruzko 42. Legearen babesean. Hori dela eta, 1987ko urtarrilaren 13an, behar zen eskritura publikoa aurkeztu zen Daniel Pacheco Marroquín Iruñeko notarioaren aurrean, Nafarroako Gobernuak 1986ko abenduaren 11ko bilkuran onetsi zituen Fundazioaren estatutuekin batera.

Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 91. artikuluak ezartzen du “Miguel Servet” Fundazioa Foru Komunitateko osasun administrazioari sostengu zientifiko eta teknikoa emanen dion erakunde gisa arituko dela, bai osasun arloko ikerketa sustatzeko jardueretan, bai irakaskuntzari lotutakoetan.

Fundazioaren estatutuei zenbait aldaketa egin zaizkie 1989an, 1992an, 1998an, 2006an eta, azkenik, 2009an. Hala, gaur egun indarra duten estatutuak Nafarroako Gobernuak 2009ko otsailaren 23ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsitakoak dira.

Nafarroako Gobernuak 2006ko maiatzaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, estatutuak aldatzeaz gainera, Miguel Servet Fundazioari fundazio publikoaren izaera eman zitzaion.

Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Lege indardunean ezarritako zerga-araubidearen menpe dago Fundazioa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat, Fundazioaren Patronatuak, 2018ko abenduaren 18an egindako bilkuran, erabaki du estatutuen 1.2, 2.2, 4.1, 5.3, 6., 7.2, 7.4, 8.1, 9., 12.1 eta 16.j) artikuluak aldatzea eta honako hauek gehitzea: 5. artikuluari 3. apartatua, 6.bis artikulua, 8. artikuluari 8. apartatua, 12 bis artikulua, 14.2 artikuluari f) eta g) letrak, eta 16. artikuluari k) eta l) letrak.

Proposatutako aldaketa horiek justifikatzeko, adierazi dute beharrezkoa dela Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legean ezarritakoa betearaztea, Fundazioa ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Nafarroako sistemaren eragile gisa aintzat hartu ahal izateko eta, orobat, estatutuak Fundazioaren egungo errealitateari egokitzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Osasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Onestea “Miguel Servet” Fundazioren estatutuetan honako aldaketa hauek egitea.

Bat.–1. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“2. Miguel Servet Fundazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari sostengu zientifiko eta teknikoa emateko erakunde gisa eratzen da, osasun arloko ikerketa eta berrikuntza sustatu, bultzatu eta garatzeko, ezagutza sortu eta hedatzeko eta prestakuntza jardueretan laguntzeko”.

Bi.–2. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“2. Iruñean du egoitza, Navarrabiomed izeneko Ikerketa Biomedikoaren Zentroan (Irunlarrea kalea 3, 31008 posta kodea)”.

Hiru.–4. artikuluko 1. apartatuaren lehen paragrafoa aldatzen da. Hona testu berria:

“1. Fundazioa osasun arloan eskumena duen departamentuari atxikita dago, eta, Nafarroako Foru Berriari buruzko Legearen 43.6 artikuluan xedatutakoarekin bat, berezko nortasun juridikoa dauka, baita ahalmen juridiko osoa eta jarduteko ahalmena ere”.

Lau.–5. artikuluari 3. apartatua gehitzen zaio. Hona testua:

“3. Fundazioa ikerketarako erakunde bat da, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/201 Legearen eta Zientzia eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legean ezarritako ondorioetarako”.

Bost.–6. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“6. artikulua. Fundazioaren xedeak.

Hauek dira Fundazioaren xedeak:

a) Laguntzea ikerketa sustatzen Nafarroako Foru Komunitatean, garapenerako motorra den aldetik, herritarren osasun babesa etengabe hobetzea helburu.

b) Osasun Departamentuari aholku ematea osasun arloko ikerketari lotutako gaietan, hala eskatzen zaionean, eta ikerketa-tratamendua behar duten osasun arazoak detektatzeko prozesuan parte hartzea, lehentasunezko garapen ildoak proposatuz.

c) Nafarroako osasun sistema publikoaren ikerketa ildoak zehazteko prozesuan laguntzea eta ildo horiek garatzea, Osasun Departamentuak ezarri dituen eta bere Ikerketa Planean bildu diren osasun arloko lehentasunen arabera.

d) Biomedikuntzaren eta osasun zientzien arloan, ikerketa zientifikoko programak prestatu eta garatzeko lana koordinatzea, ikerketa talde eta ildo egonkorrak sortzea eta mantentzea ahalbidetuz, baita ikertzaile berriak sartzea ere.

e) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko profesionalek egiten duten ikerketari sostengu ematea, proiektuen kudeaketan, metodologian eta informazio zientifikoa bilatu eta analizatzeko lanetan aholku ematea, baliabide propioak edo kanpokoak erabiliz, eta aukera ematea langile horiek ikerketarako etengabeko prestakuntza jaso dezaten.

f) Osasun zientzien arloan lankidetza, komunikazioa eta kooperazioa bultzatzea, hala ikerketa taldeen artean, nola Fundazioaren eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuen artean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileek parte hartzen duten proiektu, ikerketa-talde, sare edo antzekoen finantzaketa, garapena eta kudeaketa integrala errazteko asmoz.

g) Baliabideak, zuzkidura kliniko-esperimentalak, plataforma teknologikoak, Ikerketarako Biobankoa eta Osasun Departamentuak osasun sistema publikotik esleitzen ahal dien beste edozein jarduera edo ikerketa-azpiegitura sustatu, gidatu eta kudeatzea, modu hoberenean eta eraginkorrean.

h) Beste erakunde batzuekin elkarlanean aritzea, osasun arloko ikerketarekin lotura duten prestakuntza programetan.

i) Nafarroan osasun arloko ikerketan aritzen diren erakundeetako gobernu eta kudeaketa organoetan parte hartzea.

j) Ikerkuntzak sortzen duen ezagutza gizarteari eta osasun arloko inguruneari jakinaraztea.

k) Osasun Departamentuaren osasun arloko berrikuntza irekia kudeatzen parte hartzea, berrikuntzaren arloko kide anitzeko organoak eta berrikuntza-jarduerekin lotutako bestelakoak koordinatzea eta, orobat, berrikuntzaren arloko ekimen europarretan eta osasunaren klusterraren zein osasun arloko beste elkarte batzuen ekimenetan parte hartzea eta haiek hedatzea.

l) Irakaskuntza eta prestakuntza jardueretan laguntzea, Osasun Departamentuak plangintzarako zehazten dituen irizpide eta helburuekin bat.

m) Osasun Departamentuarekin batera lan egitea bere eskumeneko jardueretan, erabakitzen denaren arabera”.

Sei.–6 bis. artikulua gehitzen da. Hona hemen testua:

“6 bis. Fundazioaren organoak.

1. Patronatua da Fundazioaren gobernu organoa.

2. Honako hauek dira zuzendaritza organoak:

a) Zuzendaritza.

b) Kudeaketako Zuzendaritza.

3. Horiez gainera, Fundazioak aholku organoak ere izan ditzake.

4. Zuzendaritza organoetako eta Patronatuko kide titularrak izendatzeko orduan, ahaleginak eginen dira emakumeen eta gizonen kopurua orekatua izan dadin, ahal den neurrian”.

Zazpi.–7. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“2. Patronatuko kargu guztiak konfiantzazkoak eta ohorezkoak dira, eskuordetu daitezke, eta horietan aritzeagatik ez da ordainsaririk jasoko”.

Zortzi.–7. artikuluko 4. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“4. Kide hauek osatuko dute Patronatua:

a) Lehendakaria: Nafarroako Gobernuaren barruan osasunaren arloko eskumena duen departamentuko kontseilaria.

b) Lehendakariordea: Osasuneko zuzendari nagusia.

c) Kideak:

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailea.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailea.

–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzailea.

–Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzailea.

–Osasun Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordea.

–Politika ekonomikoaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, departamentu horren titularrak izendatua.

–I+G+B arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, departamentu horren titularrak izendatua.

–Osasun arloko eskumena duen departamentuan ikerketaren, berrikuntzaren eta prestakuntzaren arloko eskumena duen zerbitzuko burua.

–Miguel Servet Fundazioko zuzendaria eta zuzendari kudeatzailea, hizpidea izanen dutenak, baina botorik ez. Zuzendari kudeatzaileak bere gain hartuko ditu Patronatuko idazkari lanak”.

Bederatzi.–8. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“1. Patronatuak gutxienez bi bilera arrunt eginen ditu urtero, eta behar beste bilera berezi. Bilera arruntak lehendakariak zehazten dituen egunetan eginen dira, aurreko ekitaldiko kontuak eta ekitaldi berriko aurrekontua aurkeztu eta onesteko, bai eta, oro har, Fundazioaren ohiko jardun arruntari buruzko gaiak eztabaidatzeko ere”.

Hamar.–8. artikuluari 8. apartatua gehitzen zaio. Hona testua:

“8. Patronatuak ahalmena du eginkizun batzuk batzorde iraunkor baten esku uzteko”.

Hamaika.–12. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Hona testu berria:

“1. Patronatuak Miguel Servet Fundazioaren zuzendaritza bere gain hartuko duen pertsona izendatuko du, sei urterako. Kargualdia beste hiru urterako luzatzen ahalko da gehienez. Izendapena prozedura ireki baten bidez eginen da, prozedura ez baztertzailea eta gardena, non Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 8. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko diren. Zuzendaria aukeratuko da Fundazioaren helburuekin lotutako gaietan ikerketa-ibilbide aitortua eta gaitasun ezaguna duten ikertzaileen artean”.

Hamabi.–12 bis artikulua gehitzen da. Hona testua:

“12 bis artikulua. Fundazioko zuzendariaren araubidea.

1. Fundazioko zuzendaria zuzendaritzako kidetzat hartuko da.

2. Fundazioko zuzendariari ebaluazioa eginen zaio, irizpide hauei jarraikiz: efikazia eta eraginkortasuna, bere kudeaketagatiko erantzukizuna eta emaitzen kontrola, ezartzen zaizkion helburuen arabera.

3. Fundazioko zuzendari kargua dedikazio berezikoa da, eta bateraezina da beste edozein jarduera publiko edo pribaturekin, irakaslan eta ikerketa publikoari lotuak izan ezik.

4. Fundazioko zuzendariaren ordainsaria urtero Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak ezartzen duena izanen da. Izendatzen den pertsona funtzionarioa bada, zuzendari izendatzeagatik galduko dituen ordainsari pertsonalak jasoko ditu Fundaziotik”.

Hamahiru.–f) eta g) letrak gehitzen zaizkio 14. artikuluko 2. apartatuari. Hona hemen testua:

“f) Navarrabiomed ikerketa biomedikoaren zentroko kudeaketako zuzendaritza.

g) Kudeaketaren arloan beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko formulak proposatzea”.

Hamalaugarrena.–16. artikuluaren j) letra aldatzen da, eta k) eta l) letrak gehitzen. Hona horien testu berria:

“j) Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasotzen diren zenbatekoen transferentziak.

k) Jabetza industrial eta intelektualaren eskubideak ustiatzearen ondoriozkoak.

l) Bere jardueraren lege esparruan lortzen ahal dituen gainerakoak”.

4. Erabaki hau “Miguel Servet” Fundazioaren Patronatuko lehendakariari jakinaraztea eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia eta Ogasun Departamentura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko martxoaren 6an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1903449