76. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

298/2019 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, profesionalei osasun zientzietako prestakuntza egonaldietarako laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena 2019rako. DDBN identifikazioa: 447905.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 88. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko osasun administrazioak osasun arloko irakasle eta profesionalen etengabeko prestakuntza bultzatuko du, lanbide ezagupenak herritarren beharretara hobeki egokitzeko, osasun zientzietako diziplinarteko prestakuntza sustatzeko eta ezagupenak eguneraturik edukitzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Espedientean txosten teknikoa eta dagokion txosten juridikoa biltzen dira, bai eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere, eta horrek agerian uzten du laguntzen deialdia eta bere oinarri arautzaileen onespena egokiak eta legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Profesionalei osasun zientzietako prestakuntza egonaldietarako laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onestea 2019rako.

2. Aipatu laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean xedatuarekin bat.

3. Eskuragarri dagoen gastua baimentzea, gehienez ere 190.000,00 euro, Nafarroako 2019rako Aurrekontu Orokorretako “Ikasketetan sakontzeko bekak” izeneko 512001 51310 4809 311200 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzura, Prestakuntza Atalera, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2019ko martxoaren 21ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA, MARTXOAREN 21EKO 298/2019 EBAZPENARENA. EBAZPEN HORREN BIDEZ, PROFESIONALEI OSASUN ZIENTZIETAKO PRESTAKUNTZA EGONALDIETARAKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA ETA OINARRI ARAUTZAILEAK ONETSI DIRA 2019RAKO

OINARRI ARAUTZAILEAK

Profesionalei osasun zientzietako prestakuntza egonaldietarako laguntzak emateko 2019ko deialdiaren oinarri arautzaileak.

1.–Xedea, modalitateak eta onuradunak

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da profesionalei osasun zientzietako prestakuntza egonaldietarako laguntzak emateko araubidea finkatzea. Deialdiaren xede izanen dira, bai 2018an hasi eta 2018ko urriaren 1aren ondoren amaitutako prestakuntza egonaldiak bai 2019ko urriaren 1a bitarte eginen direnak.

Laguntza hauek erabiliko dira 1.2 apartatuan azaltzen diren modalitateetako batean sailkatutako jarduerek sorturiko gastuak osorik edo partez ordaintzeko.

Honako hauek hartzen dira prestakuntza egonalditzat: ingurune benetako batean esperientzia bat ematen duen metodologia bat erabiliz, prestakuntza arlo zehatz batean jakintzei, trebetasunei eta jarrerei dagokienez profesionalen gaitasunak handitzea helburu dutenak.

1.2. Modalitateak.

A modalitatea.–Izen handiko erakunde edo entitate nazional nahiz atzerrikoetan teknologia berrietan gaitzeko prestakuntza egonaldiak edo Foru Komunitatean kokaturiko zentro edo erakundeen proiektuek dituzten antzeko ikerketa-ildoetan elkarlanean aritzekoak. Osasun arloko kudeaketan gaitzeko bideratzen diren egonaldiak ere sartzen dira.

B modalitatea.–Baimenduriko Irakaskuntza Unitatetik kanpoko zentroetan trebatzeko egonaldiak, osasun prestakuntza espezializatuaren programen txandaketak egiteko. Kanpoko txandaketek Osasun Departamentuaren baimena izan beharko dute, osasun zientzietako espezialitateak ezarri eta sailkatzeko eta osasun prestakuntza espezializatuko alderdi batzuk garatzeko otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretuarekin bat.

1.3. Onuradunak.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak Osasun Departamentuari eta erakunde autonomoei atxikiriko zentroetan aritzen direnek eskatzen ahalko dituzte.

Halaber, laguntzak eskatzen ahalko dituzte Osasun Departamentuak finantzaturiko ikerketa-proiektuak gauzatzeko kontrataturiko langile teknikoek. Kasu horretan, diharduten proiektuekin loturiko jardueretarako emanen dira laguntzak.

Orobat, ordaindutako zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatean dauden irabazi-asmorik gabeko zentro edo erakunde sanitario pribatuetan ematen dituzten pertsonek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan aurreikusitako jardueretarako laguntzak.

Laguntzen onuradun diren pertsonek ez dute egon behar Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere.

2.–Eskaerak aurkeztea.

2.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako prestatutako ereduari jarraituz; Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen atalean egonen da eskura eredu hori.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak, lehentasunez, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira.

Ondoko toki hauetakoren batean ere aurkezten ahalko dira: Osasun Departamentuko Erregistroan (Armadaren etorbidea 2, Iruña) edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ekoan), bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz ere.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, interesdunak, egokitzat jotzen badu, eskaera igortzen duen egun berean igorpenaren berri emanen dio Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, telefax bidez edo bestelako bitarteko telematikoen bidez.

2.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1. Interesdunak berak sinaturiko eskabidea.

2. Eskatutako prestakuntza jarduera behar izatearen justifikazioa, eskatzaileak beteta.

–A modalitatean, beharra aipatzen denean, betetzen den lanpostuarekin eta dagokion zerbitzu edo unitateko jarduerarekin lotuko da, eta jarduerak horretan izan dezakeen aplikazioa, berrikuntza eta eragina baloratuko dira.

–B modalitatean, justifikazioa lotuko da eskatutako jarduerak irakaskuntza unitatean espezialitatearen prestakuntza ibilbide ofiziala betetzeko duen beharrarekin. Horretarako, zehaztu behar da txandaketa nahitaezkoa den ala ez, ibilbidearen arabera, eta zein den egonaldi horren ekarpen diferentziala jatorrizko zentroan gelditzearekin konparatuta.

3. Jardueraren programa; bertan ondoko hauek zehaztu behar dira: helburuak, egin beharreko jarduerak, kronograma, iraupena eta zentro hartzailea beste zentro baliokideen gainetik hautatzeko izan diren arrazoiak. Dokumentu hori oinarri hartuta baloratuko da 6.3 oinarrian zehaztutako prestakuntza jardueraren kalitatea. Horregatik, ahalik eta gehien zehaztu behar da.

4. Egonaldia eginen den entitate hartzailearen adostasun agiria.

5. Prestakuntza/Irakaskuntza Batzordearen txostena. Bertan baloratzen da prestakuntza jarduerak zentroan izanen duen eragina eta noraino aplika daitekeen, eta kalifikatu eginen du: handia, ertaina edo txikia.

6. Zentroko edo esparruko zuzendaritzaren txostena, bertan baloratzeko noraino egokitzen den garatu beharreko jarduera eskatzailearen lan jarduerara, eta kalifikatu eginen du: handia, ertaina edo txikia. Jarduerak bidaiarako baimena behar duenean, txostenaren barnean horretarako berariazko baimena sartuko da.

7. Zentro edo erakundearen ziurtagiria, eskatzaileak berekin duen lotura eta lanpostua agerrarazten dituena.

8. Eskatutako aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu zehaztuta.

9. Erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena pertsona ez dagoela, 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, eta egunean dituela Gizarte Segurantzako eta Nafarroako Zerga Ogasuneko zerga arloko betebeharrak.

10. Laguntzaren ordainketa aurreratua nahi izanez gero, eskatzaileak aitorpen bat aurkeztu beharko du. Bertan, laguntzaren xedeak betetzeko funtsak eskuratu beharra justifikatuko du (deialdiaren 10.2 oinarrian xedatutakoarekin bat) eta aurrerakina eskatuko.

Osasun Departamentuaren nahitaezko baimena duten B modalitateko eskaeretan 4., 6. eta 7. dokumentuak aurkeztutzat joko dira; izan ere, Osasun Departamentuan eskura dagoen baimen-espedientean jasota daude.

Dokumentazioa aurkezteak berekin dakar baimena ematea Osasun Departamentuari Nafarroako Ogasun Publikoan informazioa bildu dezan jakiteko ea eskatzaileak bere zerga betebeharrak eta dirua itzultzekoak bete dituen.

2.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaera 2.2 apartatuan ezarritako edukiarekin eta formarekin bat ez badator, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaera ezetsitzat joko duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko du eta dagokionari jakinaraziko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

2.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

3.–Gastu diruz lagungarriak.

Deialdiaren xedearekin zalantzarik gabe bat datozen gastuek jaso dezakete laguntza. Izen-emateak, joan-etorriek, ostatuak eta mantenuak sorturiko gastuek jaso dezakete laguntza berariaz.

4.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalari esleitu zaizkio. Instrukzio organoak Ebaluazio Batzordearen irizpenari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena, 5. oinarriarekin bat. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, Prestakuntza Atal horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

5.–Eskaerak ebaluatzeko kide anitzeko organoa.

Ebaluazio Batzordea izanen da aurkezturiko eskaerak baloratzeaz eta dirulaguntzak emateko proposamena egiteaz arduratuko dena, eta honako kide hauek osatuko dute, horietako hiru laguntzen kudeaketa arlokoak eta lau Osasun Sistemako Irakaskuntza eta Ikerketa Batzordeetakoak:

María Jesús Guembe Suescun andrea. Prestakuntza Atala.

Tomás Belzunegui Otano jauna. Nafarroako Ospitaleguneko Ikerketa eta Etengabeko Prestakuntzarako Batzordea.

María Ruiz de la Cuesta Muñoz andrea. Oinarrizko Osasun Laguntzako Irakaskuntza Batzordea.

Germán Jusué Erro jauna. Osasun Mentaleko Etengabeko Prestakuntzaren Batzordea.

Javier Ignacio Arbizu Lostao jauna. Nafarroako Unibertsitatearen Klinikako Etengabeko Prestakuntzako Batzordea.

Olga Díaz de Rada Pardo andrea. Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala.

Victoria Garisoain Lerendegui andrea. Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoa.

Batzordeak Prestakuntza Ataleko administrari baten laguntza izanen du.

Batzordearen funtzionamendua kide anitzeko organoei buruz indarra duen araudiaren araberakoa izanen da, eta desegintzat joko da 2019an osasun zientzietako prestakuntza egonaldietarako laguntzak emateko proposamenak igorri eta gero. Batzordearen lehenbiziko bileran erabakiko da zein batzordekide arituko diren batzordeburu eta idazkari.

Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.

6.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak alderatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

6.2. Aurrekontu doitua.

Eskaerak baloratu aurretik, instrukzio organoak doitu eginen du eskaturiko aurrekontua, irizpide hauei jarraikiz:

–Inskripzio gisa, kontuan hartuko da eskaturiko zenbatekoa, 2.000 euro gehienez.

–Joan-etorrietarako, gehienez ere 200 euro izanen dira Espainia barnean ibiltzeko, 400 euro Europarako eta 750 euro beste herrialde batzuetarako.

–Ostatu eta mantenurako, helmugaren eta iraupenaren arabera ezarriko dira gehieneko zenbatekoak. Espainian egiten diren jardueretarako, 75 euro egunean 15 egun baino gutxiago direnean, eta 40 euro egunean 15 egun edo gehiago izanez gero. Espainiatik kanpoko jardueretarako, gehieneko zenbatekoak 100 eta 50 euro izanen dira egunean, hurrenez hurren.

Edonola ere, eskaturiko zenbatekoen gainean eginen dira doiketak eta, hortaz, doituriko aurrekontua eskaturiko zenbatekoa izanen da gehienez.

6.3. Eskaerak modalitateen arabera antolatuko dira, ondoren zehazten diren balorazio irizpide hauen arabera emandako puntuazioari jarraituz.

A modalitaterako:

1.–Prestakuntza jarduerak osasun sisteman duen eragina, 30 puntu arte, kontzeptu hauen arabera banaturik: jardueraren berrikuntza, 15 puntu gehienez, eta jarduerak osasun sisteman duen aplikagarritasuna, 15 puntu gehienez ere. Honela puntuatuko dira bi kontzeptuak: altua 15 puntu, ertaina 10 puntu eta baxua 5 puntu.

2.–Prestakuntza jarduera noraino egokitzen zaion eskatzailearen laneko jarduerari, 30 puntu arte; 30, 15 eta 5 puntuz baloratuko da egokitzapena handia, ertaina edo txikia denean, hurrenez hurren.

3.–Prestakuntza jardueraren kalitatea, 40 puntu arte, kontzeptu hauen arabera banaturik: prestakuntza helburuen deskribapena, 15 puntu gehienez; programaren deskribapena, 15 puntu gehienez; eta entitate hartzailearen egokitzapena, 10 puntu gehienez.

3.1. Helburuen deskribapena ondoko azpi-irizpideen arabera baloratuko da:

–Helburu orokorrak espero izatekoa den ikaskuntzaren emaitza deskribatzen du: 5 puntu arte.

–Berariazko helburuek jakintzen, jarreren eta trebetasunen arloan eskuratu beharreko gaitasunak deskribatzen dituzte: 10 puntu arte.

3.2. Programaren deskribapena ondoko azpi-irizpideen arabera baloratuko da:

–Argitasuna eta zehaztasuna jarduera edo esku-hartze motari dagokionez: 10 puntu arte.

–Iraupena, kronograma eta egutegi mota zehazten ditu: 3 puntu arte.

–Programak baditu talde-lanean egin beharreko saioak: 2 puntu.

3.3. Entitate hartzailearen egokitasuna ondoko azpi-irizpideen arabera baloratuko da:

–Deskribatzen du zentroak baduela prestakuntza emateko aitortza: 4 puntu arte.

–Esperientzia maila, kasuistika bolumena eta teknika berritzaileak zehazten ditu: 4 puntu arte.

–Egonaldiaren arduraduna edo erraztailea deskribatzen du: 2 puntu.

B modalitaterako:

1.–Prestakuntza jarduerak osasun sisteman duen eragina, 30 puntu arte, kontzeptu hauen arabera banaturik: jarduerak irakaskuntza unitatean espezialitatearen prestakuntza ibilbide ofiziala betetzeko duen beharra, 15 puntu gehienez, eta osasun sisteman duen aplikagarritasuna, 15 puntu gehienez ere. Honela puntuatuko dira bi kontzeptuak: altua 15 puntu, ertaina 10 puntu eta baxua 5 puntu.

2.–Prestakuntza jarduera noraino egokitzen zaion eskatzailearen laneko jarduerari, 30 puntu arte; 30, 15 eta 5 puntuz baloratuko da egokitzapena handia, ertaina edo txikia denean, hurrenez hurren.

3.–Prestakuntza jardueraren kalitatea, 40 puntu arte, kontzeptu hauen arabera banaturik: prestakuntza helburuen deskribapena, 15 puntu gehienez; programaren deskribapena, 15 puntu gehienez; eta entitate hartzailearen egokitzapena, 10 puntu gehienez.

3.1. Helburuen deskribapena ondoko azpi-irizpideen arabera baloratuko da:

–Helburu orokorrak espero izatekoa den ikaskuntzaren emaitza deskribatzen du: 5 puntu arte.

–Berariazko helburuek jakintzen, jarreren eta trebetasunen arloan eskuratu beharreko gaitasunak deskribatzen dituzte: 10 puntu arte.

3.2. Programaren deskribapena ondoko azpi-irizpideen arabera baloratuko da:

–Argitasuna eta zehaztasuna jarduera edo esku-hartze motari dagokionez: 10 puntu arte.

–Iraupena, kronograma eta egutegi mota zehazten ditu: 3 puntu arte.

–Programak baditu talde-lanean egin beharreko saioak: 2 puntu.

3.3. Entitate hartzailearen egokitasuna ondoko azpi-irizpideen arabera baloratuko da:

–Deskribatzen du zentroak baduela prestakuntza emateko aitortza: 4 puntu arte.

–Esperientzia maila, kasuistika bolumena eta teknika berritzaileak zehazten ditu: 4 puntu arte.

–Egonaldiaren arduraduna edo erraztailea deskribatzen du: 2 puntu.

6.4. Prestakuntza Nafarroako Osasun Sistemako ahalik eta profesional, zentro, erakunde eta zerbitzu gehienetara iritsi ahal izateko, 50 puntu edo gehiago lortzen dituzten eskaerei emanen zaie dirulaguntza.

6.5. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Lorturiko puntuen arabera emanen da gehieneko zenbatekoa, doituriko aurrekontuaren gainean.

Nolanahi ere, ezarritako irizpide guztiak aplikatu ondoren, proposamen guztiak asetzeko bezainbeste dirurik ez badago aurrekontuetan, hainbanaketa aplikatuko da guztietan, behar den portzentaje murrizketarekin, banaketa ekonomiko honen esparruan: erabilgarri dagoen kopuru osoaren %60a A modalitatean aplikatuko da, eta %40a B modalitatean.

7.–Ebazpena.

Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak eman edo ukatzea, instrukzio organoaren proposamenarekin bat.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

8.–Mugak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak jasotzeko honako muga hauek ezartzen dira:

–Eskatzaile bakoitzari jarduera bat soilik lagunduko zaio diruz.

–Dena den, ostatua eta mantenua kontzeptuengatik emanen den diru kopurua gehienez 6 hileko kopurua adinakoa izanen da A modalitaterako eta 4 hilekoa B modalitatean.

9.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak jarduera bera garatzeko lor daitezkeen beste dirulaguntza batzuekin bateragarriak dira. Hori gertatuz gero, aditzera eman beharko da deialdiaren 11. oinarrian azaldutakoaren arabera.

Hala ere, dirulaguntzak, bakarrik edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek programa bererako ematen dituzten beste batzuekin baturik, ez du inoiz ere gaindituko jardueraren kostua.

Bateragarritasunaren ondorioetarako, programaren guztizko kostua aurkeztutako fakturen arabera estimatuko da, edo horiek ezean, deialdi honen 6.2 oinarrian ezarritako doitzeko modulu ekonomikoen arabera.

10.–Dirulaguntzaren zenbatekoa, ordainketa eta frogagiriak.

10.1. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Emaniko laguntzaren zenbateko osoak izaera orokorra du, diruz laguntzen ahal den kontzeptu bakoitzari esleitu gabe, eta onuradunak jaso dezakeen gehienekoa izanen da.

10.2. Laguntzen ordainketa eta frogagiriak.

Prestakuntza Atalak proposatuta ordainduko dira laguntzak, eta ebazpena eman beharko da 30 eguneko gehieneko epean, ezarritako eskakizunak egiaztatzen dituen dokumentazioa jasotzen denetik hasita.

Ematen den laguntza guztia batera ordainduko da, jardueraren hasieraren behin betiko datak berretsi ondoren, betiere Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurrerakinetarako ezarri diren baldintzak betetzen badira.

Ematen diren laguntzak justifikatzeko, onuradunak beharturik daude, jarduera bukatu eta hurrengo hilabeteko epean, Prestakuntza Atalera laburpen-memoria bat bidaltzera, gehienez ere 10 orrikoa, eta jarduera burutu dela frogatzen duen agiria, bai eta gastuen justifikazioa ere, hurrengo paragrafoan adierazten den moduan.

Ostatu eta mantenu gastuak justifikatuko dira egonaldiaren iraupena justifikatuz, gastuen frogagiririk aurkeztu beharrik izan gabe, izan ere, gehieneko laguntza berdina da onuradun guztientzat, eta ezarrita dauden irizpide ekonomikoak baino ez dira aplikatuko. Laguntza jaso dezaketen gastuak inskripzioari eta joan-etorriei dagozkien fakturen bidez edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuen bidez frogatu beharko dira, 11/2005 Foru Legearen 27.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, salbu eta ibilgailu partikularretan egiten diren joan-etorrietako gastuak; izan ere, kasu horretan onuradunak aitorpen bat sinatu behar du eta bertan jaso joan-etorrian erabilitako ibilgailuaren matrikula, eta kilometroak Nafarroako Gobernuak ezarriak dituen arauei jarraikiz konputatuko eta ordainduko dira.

11.–Onuradunek bete beharrekoak.

Onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehazturiko moduan gauzatzea jarduera.

b) Oinarri hauetan eskatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

e) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

12.–Baldintzak aldatzea.

Onuradunek, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzetan aldaketak izaten badira jarduera garatzean, horien berri eman beharko diote Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalari.

Salbuespen gisa, onuradunek diruz lagundutako jardueraren edo jardueren edukia aldatzeko eskatzen ahalko dute, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, diruz lagundutako jardueraren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako programa egiteko epea bukatu baino lehen.

Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalak aldaketak onartzen ahalko ditu baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak funtsean aldatzen ez badira. Onartzen ahalko dira aldaketak jarduera egiteko datan, betiere egonaldia 2019ko azaroaren 1a baino lehenago bukatzen bada.

Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok dirulaguntza emateko ebazpena aldaraztea ekartzen ahalko du eta, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzultzea.

13.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, jarduera egiten ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Jasotako dirua itzuli behar denean, ez dira berandutze-interesak eskatuko, baldin eta arrazoiak justifikatu eta jakinarazten badira eta instrukzio organoak onartzen baditu.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarritako erantzukizunen eta arau-hauste administratiboei buruzko zehapen araubidearen mende egonen dira.

15.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasun Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

17.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta horiek garatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1904382