76. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

42E/2019 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2019rako gastua baimentzen baita Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen laguntza teknikorako dirulaguntzetarako, eta otsailaren 24ko 476/2017 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren 7. oinarri arautzailea aldatzen baita. DDBN identifikazioa: 333863.

Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuetan ezarritakoarekin bat, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, ondoko arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, betiere oinarri arautzaileak 2019. urtea baino lehenago onetsitakoetarako.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen laguntza teknikorako 2019rako dirulaguntzetarako gastua baimentzea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak otsailaren 24an emandako 476/2017 Ebazpenaren bidez, aipatu deialdiaren oinarriak onetsi ziren.

Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak proposatu du 7. oinarri arautzailea aldatzea, eskaerak aurkezteko modua zehazte aldera.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresen laguntza teknikorako dirulaguntzetarako gastua baimentzea 2019ko ekitaldirako, hain zuzen ere, 700.000 euroko gastua, 2019ko aurrekontuko partida honen kargura: “Zailtasun gehiago dituzten kolektiboen gizarteratze eta laneratze programetarako laguntzak. Konferentzia sektoriala eta EGF” izeneko 950001 96100 4819 241104 partida. Otsailaren 24ko 476/2017 Ebazpenaren bidez arautu ziren dirulaguntza horiek. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean 440119 identifikazioa.

2. Lehen aipatutako deialdiko 7. oinarri arautzailea aldatzea, honela erredaktatzeko:

“Eskabideak aurkezteko, Nafarroako Gobernuaren enplegu atarian horretarako gaituko den lotura erabiliko da.”

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko martxoaren 11n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1903569