76. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

149E/2019 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko UPSa eguneratzeko Proiektuaren araudia. Sustatzailea Recuperación Ambiental SL da.

Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen goian aipatu espedientea. Erabaki horren 4. puntuan sustatzaileari eskatzen zitzaion UPSaren testu bategin bat aurkez zezala, honako hauen ondoriozko aldaketak jasotzen dituena: alegazio-idazkien ebazpena; aipatutako erabakian jasotako ohartarazpenak; Nafarroako Gobernuak 2016ko abuztuaren 24an hartutako Erabakiari erantzuteko aurkeztutako dokumentazioa; Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 9ko 23E/2018 Ebazpena, proiektu honen ingurumen ondorioen adierazpena eman zuena (ingurumen adierazpen estrategikoa); txosten sektorialak; Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2018ko martxoaren 19ko txostenaren eranskin gisa jasotzen den araudia; eta, azkenik, jarduketen kronograma eguneratua.

Sustatzaileak eskatu zitzaion testu bategina aurkeztu duenez, eta kontuan hartuz Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak eman duen aldeko txostena, bidezko da Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko UPSa eguneratzeko Proiektuaren araudia argitaratzea.

Adierazitakoarekin bat, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2019ko otsailaren 27ko txostena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko UPSa eguneratzeko Proiektuaren araudia. Proiektuaren sustatzailea Recuperación Ambiental SL da. Araudiaren testu osoa ebazpen honen eranskinean ageri da oso-osorik.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Epeak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko dira.

3. Ebazpen hau igortzea Iruñerriko Mankomunitatera, Zizur Zendeako, Eguesibarko, Galar Zendeako eta Oltza Zendeako udaletara eta enpresa sustatzailera, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 1ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Araudia

Lurzoruaren kategoria.

Behin proiektu sektorial hau onetsita, ezarpen eremuan sartzen diren lurrak babestu beharreko lurzoru urbanizaezin izanen dira, jarduera berezietarako lurzoruen azpikategoriarekin.

Kategoria hori bost urtean (5) iraungiko da, jarduera itxi ondoren egin beharreko lehengoratze lanak bukatzen direnetik hasita. Prebentzio epe hori ezartzen da betegarriak finkatu eta sendotzeko behar den arrazoizko epea delakoan.

Kategoria hori eta eremu horretarako zehaztutako lurzoruaren erabilerari eta babesari buruzko araudia beti gailenduko dira arau sektorialei eta lurraldearen eta hirigintzaren antolamenduko tresnei jarraikiz aplikatzen ahal diren gainerakoen aldean.

Kategorizazio honek, hasiera batean, UPSak mugatutako lurrak ukituko ditu, eta, behin onetsi ondoren UPSa garatzen duten proiektuak, horietan sartzen diren lurrak ere bai, baina horien hedadura, gehienez ere, agiri honetan definitutakoa baino ehuneko hamar (10) handiagoa izanen da, eta ez ditu hartuko “Lurzoruaren kategoria” izeneko planoan aurreikusitako mugaketan sarturik ez dauden lurrak.

Lurzorua babesteko araubidea.

Atal honetan, jarduketaren aurretik, jarduketa bitartean eta ondoren ukituko den lurzorua babesteko araubidea zehazten da.

Jarduketaren aurretiko denbora da proiektu sektoriala onesten denetik erabaki edo desjabetze baten bidez lurrak okupatu arte doana.

Jarduketa bitarteko denbora da lurrak okupatzen direnetik jarduera itxi ondoren egin beharreko lehengoratze lanak bukatu arte doana.

Jarduketaren ondorengo denbora da lehengoratze lanak bukatzen direnetik bost urte bete arte doana.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritako ondorioetarako:

Hauek dira jarduera baimenduak:

a) Jarduketaren aurretik:

–“Lurzatien itxiturak eta behin-behineko nekazaritza eta abeltzaintza instalazioen ezarpena. Bertan behera utzi beharko dira, eta, betiere, inolako kalte-ordainik gabe eraitsi, UPS honen xedeko hondakindegien jarduera hasi aurretik (UPSa garatzen duten proiektuak onetsi ondotik). Baimena, aipatutako baldintzekin, Jabetza Erregistroan jaso beharko da, jabeak baldintzak onartzen dituela adierazita, hipotekei buruzko legerian ezarritakoarekin bat”.

–Euste-lanak, lur mugimenduak eta pistak edo bideak irekitzea, betiere UPSa onesten den unean legezko egoeran dauden nekazaritza eta/edo abeltzaintza jarduerei lotuak badaude.

b) Jarduketaren ondoren, hots, lehengoratze lanak bukatu ondoko bost urteko epean:

–Nekazaritzako eta/edo abeltzaintzako jarduera eta erabilerak, betiere lurra sendotu eta finkatzean kaltea har dezaketen elementuak eta/edo azpiegiturak jartzen ez badira.

Hauek dira jarduera debekatuak: baimenduen artean ageri ez diren erabilera eta jarduerak.

Zortasun aeronautikoak.

Proiektu sektorialaren eremuaren barruan, zortasun aeronautikoen mugaketa-eremuetatik hurbil diren lurretan, Espartza Galarko hondakindegian esate baterako, ezin da eraikin edo instalazio berririk egin, ez lurra edo objektu finkoak aldatu (zutoinak, antenak, kartelak, haize-sorgailuak, etab.), ez eta daudenen altuera handitu ere, baldin eta horrekin zortasun aeronautikoak ukitzen badira, salbu eta AESA-Aireko Segurtasuneko Estatuko Agentziak egiaztatzen badu segurtasuna ez dela arriskuan jartzen eta ez dela nabarmenki kaltetzen aireontzien operazioen erregulartasuna, 584/72 Dekretuan jasotako salbuespen kasuetan izan ezik, gaur egungo idazketaren arabera.

–Azterlanaren menpeko eremuaren zati bat zortasun aeronautikoek ukitutako zona eta guneetan dagoenez, edozein eraikuntza, instalazio (zutabeak, antenak, airesorgailuak –palak barne–, eraikitzeko behar diren tresnak –eraikuntzako garabiak eta antzekoak barne–) edo landaketa egiteko, aldez aurretik AESA-Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren aldeko akordioa beharko da, 297/2013 Errege Dekretuaren bidez aldatutako 584/72 Dekretuaren 30. eta 31. artikuluen arabera.

Zortasun aeronautikoei buruzko 584/72 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera (297/2013 Errege Dekretuaren bidez aldatua), jarduerak mugatzen dituen zortasun bat ezarri da Iruñeko aireportuko zortasun aeronautikoen eremuko lurren proiekzio ortogonalaren barreneko eremuan, eta, horren indarrez, AESA-Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziak ahalmena izanen du eremu horren barreneko jarduerak debekatu, mugatu edo baldintzatzeko, aireko operazioetarako edo instalazio erradioelektrikoen funtzionamendu egokirako arriskutsuak badira. Aukerabide hori aipatutako jarduerak ezarri edo egitea ahalbidetzen duten lurzoruen erabileretara ere zabalduko da, eta, besteak beste, honako hauek hartuko ditu bere baitan:

a) Turbulentziak eragiteko moduko oztopoak eraiki beharra dakarten jarduerak.

b) Argien erabilera (laser izpien emisoreak edo proiektoreak barne), arriskua sor badezakete edo nahastera edo huts egitera eraman badezakete.

c) Eremu handi eta oso islatzaileak erabiltzen dituzten jarduerak, itsualdiak eragin ditzaketelako.

d) Aerodromoaren mugimendu esparruaren inguruetan faunaren jarduera erakarri dezaketen jarduketak.

e) Ikusten ez diren irradiazio-iturrien ezarpena edo funtzionamendua dakarten jarduerak, edo objektu finko edo mugikorren presentzia dakartenak, aeronautikako komunikazio, nabigazio eta zaintza sistemen funtzionamendua oztopatu badezakete edo haiei kalte egiten ahal badiete.

f) Kea, lainoa edo aireontzientzat arriskutsua izan daitekeen beste edozer sortzen duten instalazioen ezarpena edo funtzionamendua dakarten edo errazten duten jarduerak.

g) Propultsio edo aireratze bideak erabiltzea kirol jarduerak edo beste edozein jarduera egiteko.

Iragarkiaren kodea: F1902965