76. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

49/2019 FORU AGINDUA, apirilaren 15ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Nafarroako Zorraren jaulkipena arautzen duena, Nafarroako Gobernuak zorpetze-eragiketak egitea xedatzeko 2019ko urtarrilaren 30ean hartutako Erabakiaren babesean.

Ministroen Kontseiluak, 2019ko otsailaren 22ko bilkuran, baimena eman zion Nafarroako Foru Komunitateari maileguak formalizatzeko eta zor publikoa jaulkitzeko, muga 280.600.000 euro izanik.

Bestetik, Nafarroako Gobernuak, 2019ko urtarrilaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, zorpetze-eragiketak egitea xedatu zuen, 280.600.000 euroko gehieneko zenbatekoarekin.

Gobernuaren erabaki horrek, 4. puntuan, ahalmena ematen dio Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari, eskuordetze bidez, jaulkipenaren interes tasa eta epea finkatzeko. Halaber, 5. puntuan ezartzen da Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak eman beharreko foru agindu baten bidez jaulkipenaren baldintzak zehaztuko direla, besteak beste, jaulkitzeko egunari eta prozedurari, harpidetzeko epeari eta interes tasari dagozkienak; eta ahalmena ematen dio kontseilariari aipatu erabakia betearazteko behar diren neurriak eta ebazpenak hartzeko.

Beraz, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeak eskatzen dituen baimenak izanik, 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legearekin bat, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren arabera, bidezkoa da Nafarroako Zorraren 29. obligazio-jaulkipenaren baldintza guztiak zehaztea.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. Jaulkipenaren ezaugarriak:

Nafarroako Zorraren jaulkipenak behin betiko baldintza hauek izanen ditu:

Zenbatekoa: 50.000.000 euro.

Modalitatea: bonu iraunkorra.

Instrumentazioa: obligazio arruntak, bakoitza 1.000 euroko balio nominalekoa, kontuko idatzohar bidez adieraziak.

Jaulkipen data: 2019ko apirilaren 30a.

Amortizazioa: parean, 2044ko apirilaren 30ean.

Jaulkipen prezioa: %98,812.

Interes tasa: finkoa, %2,1 urtean (Egun/egun). MFBD-non ajusted.

Kupoiaren ordainketa: urtero mugaeguna iritsi ondoren, urte bakoitzeko apirilaren 30ean

2. Jaulkipenaren aseguramendua:

Finantza entitate adjudikaziodunak jaulkipenaren zenbateko osoa bermatuko du; horretarako, dagokion kontratua izenpetuko da.

3. Likidezia:

Nafarroako Zorrak Errenta Finkoaren AIAF Merkatuan kotizatuko du.

4. Tratamendu fiskala:

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboentzat, interes gisa jasotzen diren etekinek atxikipena izanen dute, indarreko legezko araudiari jarraituz. Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek lortutako errentetan ez da beharrezkoa izanen atxikipenik egitea, ez eta konturako sarrerarik egitea ere, abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren 42. artikuluan xedatutakoarekin bat.

5. Jaulkipenaren emaitza:

Jaulkipen honen emaitza osoa 2019ko urtarrilaren 30eko Erabakian ezarritako helbururako erabiliko da, eta 2019ko Diru-sarreren Aurrekontuko “Nafarroako Zor Jaulkipenak” izeneko 110001 11430 9000 000000 partidari aplikatuko zaio.

6. Jaulkipenaren gastuak:

Foru agindu honetan aipatzen diren zorpetze-eragiketek eragiten dituzten gastu konpromisoak Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuaren txosten baten bidez zehaztuko dira.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko apirilaren 15ean.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1905286