74. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

23E/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 4koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, “toki entitateentzat euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2019ko laguntzak” izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 442560.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen helburuak garatzeko, eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berresteko tresnan onartutako konpromisoak betez, foru agindu honek udal esparruan euskara erabili eta sustatzeko programak egitea sustatzen du.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea, toki entitateek proposatutako jarduketa programei, 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitartekoei, laguntzak emateko. Programa horiek bat etorriko dira Nafarroako Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean onetsitako Euskararen I. Plan Estrategikoan (2016-2019) bildutako ekintzekin, eta haien helburu berariazkoa euskararen erabilera eta sustapena izanen da, plan horretan definituta dauden bezala:

– Erabilera soziala: euskararen erabilera areagotzea, euskal hiztunei erraztasunak emanez euskara gizartearen esparru guztietan erabiltzeko eta euskararen erabilera erraztuz.

– Hiztun berriak: euskal hiztunen kopurua handitzea, eta, horretarako, haurrak nahiz helduak euskalduntzeko prozesua Nafarroa osoan eta ahal diren baldintza onenetan bete dadin bermatzea.

– Zerbitzu publikoak: administrazio publikoei gaitasuna ematea zerbitzuak euskaraz emateko, eta zerbitzu publikoetan euskarazko eskaintza handitzea.

– Izen ona eta erakargarritasuna: euskara gizartearen balio positiboekin lotzea, horiek betirako finkatuz.

Aipatutako eperako deialdia I. eranskinean jasotako oinarriek arautuko dute, eta gehienez ere 750.000 euroko zenbatekoa izanen du atxikia. 2019ko gastu aurrekontuko “Udal esparruan euskara garatzeko laguntzen Programa” izeneko B30002 B3200 4609 334100 partidaren kargura ordainduko da.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Toki entitateei euskara erabiltzeko eta sustatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4609-334100: Udal esparruan euskara garatzeko laguntzen programa

2019

750.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, aipaturiko departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, Euskarabideko Programen Bulegora eta Dirulaguntzen Datu-base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko martxoaren 4an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitarte Nafarroako toki entitateek euskara sustatu eta erabiltzeko egiten dituzten programazioak finantzatzeko laguntzak emateko.

2.–Modalitatea eta aurrekontua.

2.1. Deialdi honek modalitate hauek ditu:

a) A modalitatea: toki entitate eskatzailearen eskumen esparruan egindako programak. Honetarako aurrekontu zuzkidura 400.000 eurokoa da.

b) B modalitatea: zenbait toki entitatek batera egindako programak. Honetarako aurrekontu zuzkidura 200.000 eurokoa da. Zenbateko horretatik 50.000 euro esleituko zaizkio balorazio onena jasotzen duen programari, eta 150.000 euro gainerako programen artean banatuko dira.

c) C modalitatea: herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen hobekuntza. Honetarako aurrekontu zuzkidura 150.000 eurokoa da. Kopuru horretatik, 100.000 euro erabiliko dira euskara-zerbitzu teknikoak sortu eta finkatzeko, eta 50.000 euro toki entitateetako langileek euskara ikas dezaten.

2.2. Laguntzak 2019ko gastu aurrekontuko “Udal esparruan euskara garatzeko laguntzen programa” izeneko B30002 B3200 4609 334100 partidaren kargura finantzatuko dira, eta gehienez ere 750.000 euroko zuzkidura izanen dute, geroago, aurrekontu aldaketen ondorioz gorabeherak gertatzea baztertu gabe.

2.3. Deialdiaren B edo C modalitateetako programen zuzkidura ekonomikoa ahitzen ez bada, A modalitateko zuzkidura ekonomikoari gehituko zaio, kultura eta gizarte arloko sustapen-programetarako, deialdi honen 10. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Onuradunak izan daitezke udal esparruan euskara erabili eta sustatzearen aldeko programak onartu eta garatzen dituzten toki entitateak.

3.2. Euskara zerbitzuak emateko mankomunitateetan elkartuta dauden udalek banaka ere parte har dezakete deialdian, mankomunitate horren helburuak betetzen lagunduko duen programazio berariazkoa eta osagarria eginez.

4.–Baldintzak.

4.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

4.2. Toki entitate eskatzaileko organo eskudunak onetsitako programazioa aurkeztea. Dokumentazio hori deialdiaren 8. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkeztuko da, oinarri horretan aipatzen diren eranskinak erabiliz.

4.3. Programazioa bat etorriko da Nafarroako legeria indardunarekin eta hura beteko du ondorio guztietarako.

4.4. Programazioa egin eta koordinatzen duten langileek bete beharreko eskakizun teknikoak.

4.4.1. Eremu euskalduneko eta ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legea onetsi baino lehenagoko eremu mistoko toki entitateetan gutxienez titulazio hau duen teknikari edo hautetsi batek prestatu eta garatuko du programazioa:

a) Diplomatura edo gradu bat.

b) EGA titulua edo baliokidea.

4.4.2. Eremu ez-euskalduneko toki entitateetan eta eremu mistoan ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legearen bidez sartutakoetan, berriz, diploma edo gradua duen teknikari edo hautetsi batek bete dezake lan hori.

4.5. Deialdi honen C modalitatearen babesean kontratatzen den pertsonak 4.4.1 puntuan ezarritako profila bete beharko du.

5.–Programazioaren edukiak eta jarduera diruz lagungarriak.

Jarduketa programak bat etorriko dira Nafarroako Gobernuaren Euskararen I. Plan Estrategikoan (2016-2019) bildutako ekintzekin, eta haien helburu berariazkoa euskararen erabilera eta sustapena izanen da, plan horretan definituta dauden bezala.

Jarduerak onartzeko, kontuan hartuko da toki entitate eskatzailearen hizkuntz eremua (euskalduna, mistoa edo ez-euskalduna); horrez gain, ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legearen bidez eremu mistoan sartu berriak diren ere aintzat hartuko da.

5.1. Programak multzotan banatuko dira, A, B eta C modalitateen arabera.

5.1.1. A modalitateko programak:

Euskara bizitza kulturalean eta sozialean sustatu eta erabiltzeko programak, toki entitateek banaka egindakoak; horien barnean honakoak:

–a) Gizarte eta kultura arloko jardueren programa.

–b) Errotulazio eta argitalpen programa.

–c) Tailerren, edo prestakuntza ikastaroen programa.

a) Gizarte eta kultur arloko jardueren programa: zinema, antzerkia, literatura sariketak, ipuin-kontalariak, hitzaldiak, 4 orduz beherako ikastaroak edo tailerrak, bertsolaritza, euskara ikasteko laguntzak eta euskarazko udalekuetarako bekak, erakusketak eta musika emanaldiak.

Musika emanaldietarako laguntzak ondoko baldintza hauek zuzenduko dituzte:

–Eremu euskalduneko herrietan diruz lagunduko dira, bakar-bakarrik, nagusiki kantu emanaldiak diren musika jarduerak, salbu eta herriko festetan egiten direnak.

–Eremu mistoko herrietan diruz lagunduko dira nagusiki kantu emanaldiak diren musika jarduerak eta kontzertuak, salbu eta herriko festetan egiten direnak.

–Eremu ez-euskalduneko herrietan eta eremu mistoan ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legearen bidez sartutako udalerrietan, diruz lagunduko dira nagusiki kantu emanaldiak diren musika jarduerak, kontzertuak eta musika instrumentala, salbu eta herriko festetan egiten direnak.

b) Errotulazio eta argitalpen programa, jarduera hauekin: errotulazioa (kaleak, bideak, eraikinak, bulegoak eta antzekoak) argitalpen inprimatuak (udal buletinak, afixak, egutegiak eta agendak, esku-orriak eta antzekoak); horrez gain, ikerlanak eta zabalkunde lanak, paperezkoak nahiz ikus-entzunezkoak.

Laguntzak ondoko baldintza hauek zuzenduko dituzte:

–Eremu euskalduneko herrietan ikerlanen eta zabalkunde lanen argitalpena baizik ez da diruz lagunduko, paperezko formatuan nahiz ikus-entzunezkoan.

–Eremu mistoko herrietan diruz lagunduko dira errotulazioa eta udal buletinen, afixen eta esku-orrien paperezko argitalpenak (euskararen eguna eta antzekoak); horrez gain, ikerlanak eta zabalkunde lanak, paperezko formatuan nahiz ikus-entzunezkoan.

–Eremu ez-euskalduneko herrietan eta eremu mistoan ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legearen bidez sartutako udalerrietan, aurreko atalean aipatutako jarduera guztiak diruz lagunduko dira, herriko festetan egiten direnak barne.

Ele biko argitalpenetan diruz lagunduko den gastua argitalpenean erabilitako euskararen portzentajearen arabera kalkulatuko da.

c) Entitateak antolatutako tailerren edo prestakuntza ikastaroen programak, gutxienez 4 ordukoak eta euskara erabiltzeko berariaz diseinatuak: ludotekak, udalekuak, mintzakide edo solaslaguna programak eta antzekoak.

Ludoteken eta udalekuen balorazioan kontuan hartuko da antolatutako taldeetako bakoitza; mintzakide edo solaslaguna programa, aldiz, unitate bakar bat bezala baloratuko da.

5.1.2. B modalitateko programak.

Euskara bizitza kulturalean eta sozialean sustatu eta erabiltzeko programak, aurreko puntuan jasotakoak, hainbat toki entitateren artean egindakoak, gutxienez hiruren artean.

5.1.3. C modalitateko programak.

Herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzeko programak.

a) Nafarroako Gobernuaren Euskararen I. Plan Estrategikoan (2016-2019) oinarrituta, euskara-zerbitzu teknikoak sortu eta sendotzeko programak.

b) Toki entitateetako langileek euskara ikastea. Ikasketak Euskarabidearen Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuaren euskaltegiak eskaintzen dituen ikastaro trinkoetan egingo dira, 2019ko abuztuaren eta urriaren artean, eta B1, B2 eta C1 mailak emanen dira. Eskaeran adieraziko da eskatzaileek maila-ziurtagiririk aurkezten duten, eta Euskarabidearen euskaltegiko, Zubiarteko edo Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasleak izan ote diren azken bi urteetan, edo, bestela, mailaketa-proba egin behar duten.

5.2. Programan sartutako jardueren deskribapenean, A edo B modalitatekoak diren argi bereiziko da, eta gutxienez ere atal hauek zehaztuko dira: helburua, modalitatea (kalkulu orrian dagokiona hautatuko da), programatutako jarduera, gauzatzeko tokia eta eguna, pertsona arduraduna (edo udal saila), ebaluazio adierazlea (zenbakiz neurtzeko modukoa) eta aurreikusitako gastu eta sarreren aurrekontua.

5.3. Hurrengoak deialdi honetatik kanpo geldituko dira:

a) Entitate eskatzailearen kultur jarduera edo aisialdiko jarduera normalizatuak.

b) Toki entitateek Nafarroako Gobernuaren erabateko eskumenekoak diren eremuetan egindako jarduerak, ekintzak edo kanpainak.

c) Ikastetxeen curriculumeko ordutegian egindako jarduerak.

d) Toki entitateez kanpoko elkarteek edo erakundeek antolatutako jarduerak.

e) Entitate pribatuekiko hitzarmenak.

f) Ekitaldi gastronomikoak eta antzekoak.

g) Kirol jarduera erregularizatuak.

h) Toki entitateak pertsona edo erakundeentzat eskaintzen dituen dirulaguntzak, salbu eta euskara ikasteko eta udalekuetarako bekak.

i) Komunikabideetako publizitatea.

j) Argitalpenen harpidetzak, salbu eta dohainik banatzeko erosten badira.

k) Antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuk.

5.4. Plantillako langileek beren eginkizunak betetzeagatik jasotzen dituzten lansariei dagokiena ez da gastutzat hartuko, salbu eta C modalitatean.

5.5. Programetan genero berdintasuna sustatuko da edukien diseinu eta garapenean, hizkera ez sexista erabiliko da eta emakumeen eta gizonen irudi ez-estereotipatua.

Toki entitateek antolatutako jardueretan gizonen eta emakumeen parte-hartzearen berri izateko, tailerretako parte-hartzeari buruzko datuak sexuaren arabera zehaztuko dira justifikatzeko fasean, berdintasun irizpideak betetzeko.

6.–Euskararen erabilera.

6.1. Deialdi honen babesean egiten diren jarduerak euskaraz eginen dira, eta, hizkuntzaren araudiari eta erabilera zuzenari dagokienez, Euskaltzaindiak ezarritakoa beteko dute.

6.2. Salbuespen gisa, gaztelaniaz egiten ahalko dira erdaldunei zuzendutako jarduerak, jarrera positiboak sustatzen dituztenak.

7.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

7.1. Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak, nahitaez, telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/16742/-Udal-eremuan-euskara-erabiltzeko-eta-sustatzeko-2019-urteko-diru-laguntzak-Ayudas-al-fomento-y-uso-del-euskera-en-el-ambito-municipal-del-ano-2019.

7.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.3. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi ezean, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta espedientea artxibatu eginen da, egoera deklaratzen duen ebazpena eman ondoren.

7.4. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat izatea; Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.

8.–Dokumentazioa.

8.1. Laguntza eskabidea (II. eranskina).

8.2. Programazioa, kalkulu orriaren formatuan jaitsiko den ereduaren arabera (III. eranskina).

8.3. Toki entitateko idazkaritzak emandako ziurtagiria, organo eskudunak (alkateak, gobernu batzordeak edo osoko bilkurak) programazioa onesteko hartutako erabakiari buruzkoa eta programazio hori 4.4 oinarrian jasotako zehaztapenen arabera koordinatuta dagoela adierazten duena. Gainera, hala badagokio, sortu edo finkatu beharreko euskara-zerbitzu teknikoetako langileen kontratazioak bilduko ditu, IV. eranskinaren arabera.

8.4. Euskara-zerbitzuak emateko mankomunitateetan elkartuta dauden udalek, beren toki esparrurako programazio berariazkoa aurkezten badute, mankomunitate horretako idazkariaren ziurtagiri bat ere aurkeztu beharko dute, programazio hori osagarria dela eta mankomunitatearen helburuak betetzen laguntzen duela frogatzeko, V. eranskinaren arabera.

8.4. Gardentasuna, VI. eranskinaren arabera.

Dokumentazio hau igortzeko epea hilabetekoa da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo argitaratzen den egunetik hasita. Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Entitate onuradunek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharra bete beharko dute (betebehar hori irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautu zen) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura dirulaguntzak eskuratzen dituztenean eta ondoko bi egoerak batera gertatzen direnean:

a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako zenbatekoa entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20 baino gehiago denean.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Aurreko kasuetan egon ez eta, beraz, gardentasunaren adierazpenik aurkeztera behartuta ez daudenek hala adierazi beharko dute VI. eranskina betez.

9.–Prozeduraren instrukzioa.

9.1. Prozeduraren instrukzioa Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari dagokio, zeina Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen artikuluetan ezarritakoarekin bat arituko baita.

9.2. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio diruz lagundutako programaren garapenean gertatutako edozein gorabehera, eta edozein aldaketa egiteko zerbitzu horren adostasuna beharko da aldez aurretik.

10.–Balorazio irizpideak.

Programak baloratzeko, esparru hauek hartuko dira kontuan:

10.1. A modalitateko programak. Atal honetako gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izanen da.

Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako ibarretako gaur egungo egoera sozioekonomikoa aztertzeko Parlamentuak 2018kan eratu zuen ponentziaren txostenean dauden toki erakundeei (Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Erroibar, Artzi, Nabaskoze, Orotz-Betelu, Orreaga, Luzaide eta Auritz), euskarazko kultura eta gizarte jarduerekin lotutako ekimenetan, apartatu honetan puntu bakoitzeko 1,2 puntuko balioa emanen zaie; izan ere, ponentzia hartan dei egiten zitzaion Nafarroako Gobernuari bere politikak garatzean kontuan har zezan Pirinioak bizi duen egoera kritikoa.

10.1.1. Gizarte eta kultura esparruko jardueren programa. Gehieneko puntuazioa 35 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

–500 euro arteko gastua, puntu bat.

–501etik 1.000 euro arteko gastua, 2 puntu.

–1.001etik 2.000 euro arteko gastua, 3 puntu.

–2.001etik 3.000 euro arteko gastua, 4 puntu.

–3.001 eurotik gorako gastua, 5 puntu.

10.1.2. Euskarazko argitalpenen eta errotulazioaren programa. Gehieneko puntuazioa 5 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

–500 euro arteko gastua, puntu bat.

–501etik 1.000 euro arteko gastua, 2 puntu.

–1.001etik 2.000 euro arteko gastua, 3 puntu.

–2.001etik 3.000 euro arteko gastua, 4 puntu.

–3.001 eurotik gorako gastua, 5 puntu.

10.1.3. Euskaraz emandako tailerrena, edo prestakuntza ikastaroen programa. Gehieneko puntuazioa 60 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

–4 ordutik 20 ordura bitartekoak eta 1.000 euroko gastua gehienez, 5 puntu.

–21 ordutik 60 ordura bitartekoak eta 1.001etik 3.000 euro arteko gastua, 10 puntu.

–61 ordukoak edo hortik gorakoak eta 3.001 eurokoak edo hortik gorako gastua, 15 puntu.

10.2. B modalitateko programak.

Gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

a) Parte hartzen duten toki entitateen kopurua, 10 puntu gehienez ere.

–3 toki entitatetik 15era bitarte, 5 puntu.

–16 toki entitate baino gehiago, 10 puntu.

b) 40 puntu emanen zaizkio onartutako aurrekontu altuena duen programari, eta gainerakoei puntuak onartutako aurrekontuarekin proportzioan esleituko zaizkie.

c) Programen kalitatea: 10 puntu gehienez ere.

–Programen diseinua: euskarri grafikoak, edukiak eta programatutako jarduerak, gehienez ere 5 puntu.

–Programen zabalkundea, ale kopurua, argitaratutako eskuorriak eta aldizkariak, web orriak izandako bisita kopurua; gehienez ere 5 puntu.

d) 40 puntu emanen zaizkie euskararen ahozko erabilera aktibatzeko helburua duten eta Nafarroako hizkuntz eremu guztietan ezarrita dauden programei. Helburu hori Euskararen I. Plan Estrategikoaren (2016-2019) lehen ardatzean jasota dago.

10.3. C modalitateko programa.

10.3.1. Euskara-zerbitzu tekniko berriak sortu eta sendatzeko programa. Nafarroako Gobernuaren Euskararen I. Plan Estrategikoan (2016-2019) oinarrituta sortzen edo sendotzen diren euskara-zerbitzuetako teknikarien gastu onartua hartuko da kontuan.

10.3.2. Toki entitateetako langileek euskara ikasteko programa. Eskatzaileak lortu duten puntuazioaren arabera aukeratuko dira; hala ere, Baloraziorako Batzorde Teknikoak haztatzen ahalko du postuak eskaera egin duten toki entitateen artean nola banatzen diren. Horretarako, gehieneko puntuazioa 25 puntu izanen da, eta lanpostuaren ezaugarriak kontuan hartuko dira irizpide hauen arabera:

–Herritarrei arreta zuzena ematea (ahoz edo bitarteko elektronikoz): txikia, puntu 1; aski, 2 puntu, eta handia, 3 puntu.

–Haur eta gazteei arreta zuzena ematea (ahoz edo bitarteko elektronikoz): txikia, puntu 1; aski, 2 puntu, eta handia, 3 puntu.

–Dokumentuak euskaraz sortu eta kudeatzea: gutxi, puntu 1; aski, 2 puntu, eta asko, 3 puntu.

–Kultura koordinazioaren, kirol koordinazioaren, gizarte lanaren edo antzeko lanpostu teknikoa: ez 0 puntu, eta bai, 3 puntu.

–Euskarazko profila plantilla organikoan: ez, 0 puntu, eta bai, 6 puntu.

–Egin beharreko ikastaro trinkoen eskaera: ikastaro bat, 3 puntu, eta bi ikastaro, 7 puntu.

11.–Laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa ez da izanen ezein modalitatetan onartutako aurrekontuaren %85etik gorakoa, salbu eta B modalitatean baloraziorik onena jasotzen duen programa, 2.1 oinarrian ezarritako zenbateko osoa emanen baitzaio, programaren defizit onartua gainditu gabe betiere.

11.1. A modalitatea: atal honetan euskara gizarte eta kulturaren arloan sustatzeko ezarritako zenbatekoa lortutako puntuekin proportzionala izanen da.

11.2. B modalitatea: programa honetarako ezarritako zenbatekoa lortutako puntuen proportzioan banatuko da, eta ondoren onartutako gastuaren arabera esleituko zaie onuradunei.

11.3. C modalitatea: modalitate honetarako ezarritako zenbatekoa irizpide hauen araberakoa izanen da:

a) Euskara-zerbitzu tekniko berriak sortu eta sendotzea. B mailako teknikari euskaldunak kontratatzearen ondorioz sortzen den gastuaren zenbatekoa, kontratazio egunetik. Atal honetan ezarritako zenbatekoa aski ez bada dirulaguntzaren portzentaje horretara iristeko, proportzioan emanen da, onartutako aurrekontuan oinarrituta.

b) Toki entitateetako langileek euskara ikastea. Ikasketa programan parte hartzeko aukeratu diren langileak ordezkatzeko kontratatu behar diren langileen ondorioz sortzen den gastuaren zenbatekoa.

Modalitate honetako zenbatekoa kalkulatzeko, nomina eta Gizarte Segurantzaren enpresaren kuota sartuko dira; kontratu amaierarengatik kontratatutako langileei legozkiekeen kalte-ordainak ez dira izanen diruz lagungarriak.

12.–Baloraziorako Batzorde Teknikoa.

12.1. Baloraziorako batzorde tekniko bat eratuko da deialdi honen baldintzak betetzen dituzten eskaerak aztertu eta baloratzeko.

12.2. Batzorde horren kide izanen dira:

a) Batzordeko burua: Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, edo berak eskuordetzen duena.

b) Batzordeko kideak:

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.

–Plangintza eta Azterlan Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusia ordezkatzen duen pertsona bat.

c) Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan arituko dena, hitza eta botoa dituela.

12.3. Baloraziorako Batzorde Teknikoak esleituak ditu eskaeren gaineko txostena eta balorazioa egiteko eginkizunak, betiere deialdi honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

13.–Ebazpen proposamena.

Baloraziorako Batzorde Teknikoak eskaerak baloratuko ditu, eta Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari igorriko dizkio bere jarduketak jasotzen dituzten aktak; zerbitzu horrek ebazpen proposamena aurkeztuko dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari.

Proposamen horretan adierazita egonen da zein eskatzaile proposatzen diren laguntzak emateko eta laguntzen zenbatekoa, balorazioa ezarritako irizpideen arabera zehaztuta; horrekin batera, onartutako programa eta jarduerak azalduko dira, bai eta ezetsitako eskaerak ere, arrazoia barne.

14.–Ebazpena.

Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean, laguntzak emateko. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da.

15.–Argitalpena.

Euskarabideak Nafarroako Gobernuko atarian eta bere web orrian (http://euskarabidea.eus) argitaratuko du deialdi honen ebazpena, eta bertan azalduko dira laguntza hauen onuradun diren toki entitateen zerrenda, bakoitzari ordaindu beharreko dirua eta baztertu diren entitateen zerrenda, halakorik bada, baztertzeko arrazoiak barne.

16.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateragarriak dira xede bererako jaso daitezkeen beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin. Halere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

17.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta epeak.

17.1. Dirulaguntzaren onuradunak, behin dirulaguntza eman ondoren, beharturik egonen dira jasotako funtsak ze helburutarako eman ziren, horretan erabiltzera, eskaeran aurkeztutako proiektuarekin bat. Euskarabideak egiaztatzen ahalko du diruz lagundutako proiektuak gauzatu diren.

17.2. 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra egindako jarduerak eta haiei dagozkien gastuak onartuko dira.

17.3. Programetako gastuak frogatzeko dokumentazioa Euskarabidean aurkezteko epea 2019ko azaroaren 15ean amaituko da, eta egun horretara bitarte ordaindutako fakturak onartuko dira.

Dokumentazioa laguntzak emateko ebazpenarekin bat eta proiektuan adierazitako moduan aurkeztuko da.

18.–Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa.

18.1. Kalkulu orria, toki entitate bakoitzera igorriko dena bete dezan, eskatutako datuak biltzeko (VII. eranskina).

A eta B modalitateetako programetarako, gastuei, sarrerei eta balorazioari buruzko datuak, eremu hauekin: jarduera, aurrekontua, faktura edo antzekoa jaulki zen data, hartzekodunaren identifikazioa eta faktura zenbakia, ordaindutako zenbatekoa, ordainketa data, beste instituzio publiko batzuen dirulaguntza, beste sarrera batzuk, sarrera data, ebaluazioa / tailerretan parte hartu duten pertsonen kopurua, sexuaren arabera zehaztuta, eta sortutako materiala.

C modalitateko programarako, kalkulu orrian zehaztuko dira nominaren kontzeptuan eta Gizarte Segurantzaren kontzeptuan egindako ordainketak.

18.2. Idazkaritzaren ziurtagiria, dirulaguntza zertarako eman zen, helburu hori bete dela frogatzen duena, bai eta kalkulu orrian aurkeztutako datuak ere, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko VIII. eranskinean: http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/16742/-Udal-eremuan-euskara-erabiltzeko-eta-sustatzeko-2019-urteko-diru-laguntzak-Ayudas-al-fomento-y-uso-del-euskera-en-el-ambito-municipal-del-ano-2019.

18.3. Baliabide eta material guztien lagin bana, paperean edo euskarri digitalean, eta, argitaratutako liburuen kasuan, bina ale.

19.–Dirulaguntza ordaintzea.

19.1. Organo kudeatzaileak 18. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aztertu ondoren ordainduko da laguntzen zenbatekoa. Balorazio irizpideekin bat modu egokian gauzatutako programei osorik ordainduko zaie laguntzak ematean ezarritako zenbatekoa.

19.2. Balorazio irizpideekin bat egin ez diren programen zenbatekoa proportzioan gutxituko da.

19.3. Deialdi honen indarraldian, proiektu bererako beste dirulaguntza bat ematen bazaio, toki entitateak deialdiaren organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio. Horren harian, dirulaguntza gutxitu eginen da baldin eta haren zenbatekoa, bakarrik edo beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek emandakoekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa bada.

20.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.

Entitate onuradunak ez badu modu egokian justifikatzen programak egin izana, ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra etorriko da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze larritzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Kasu batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Baloraziorako Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

20.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

21.–Beste betebehar batzuk.

21.1. Entitate onuradunek Nafarroako Gobernuak, laguntzen fiskalizazio eta xedearen kontrol eginkizunak betetzeko, eskatzen dien informazio guztia eman beharra dute.

21.2. Programa egiteko hornitzaileen kontratazioa 12.000 eurotik goitikoa bada, toki entitateak frogatu beharko du kontratazio hori efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz egin dela, salbu eta, gastuaren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

22.–Emandako laguntzen publizitatea.

Idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, onuradunak Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen du. Dirulaguntzaren ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate eta zabalkunde jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori. Aipamen hori Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako oharrekin bat eginen da: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/, kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den denbora guztian mantenduko da.

Euskarabideak, entitate titularrari jakinarazi eta harekin ados jarri ondoren, euskararen sustapenerako interes handiena duten jardueren zabalkundea egiten ahalko du.

23.–Aplikatzekoa den legeria eta errekurtsoak.

23.1. Oinarri hauetan aurreikusirik ez dagoen guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko du, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra, eta, bestetik, maiatzaren 23ko 25/2012 Foru Dekretuak, udal eremuan euskara erabiltzeko eta sustatzeko laguntzak arautzen dituenak.

23.2. Deialdi honen eta haren oinarrien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

II. ERANSKINA

Euskara erabiltzeko eta sustatzeko 2019ko laguntzak udal esparruan.

III. ERANSKINA

Jarduketa programa (Excela).

IV. ERANSKINA

Idazkaritzaren ziurtagiria laguntza eskatzeko.

V. ERANSKINA

Idazkaritzaren ziurtagiria udal mankomunatuentzako.

VI. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

VII. ERANSKINA

Toki entitate bakoitzari bidaliko zaio (Excela).

VIII. ERANSKINA

Idazkaritzaren ziurtagiria justifikaziorako.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1903398