74. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

22E/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 4koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana, laguntzen deialdi bat onesten duena 2019an Nafarroako Foru Komunitatean informazioaren eta komunikazioaren teknologien eremuan euskara sustatu, zabaldu eta/edo normalizatzeko. DDBN identifikazioa: 442492.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 27. artikuluan, Nafarroako Administrazio Publikoak premiatzen ditu euskararen presentzia sustatzera gizarteko eremu guztietan, euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko, baita eskubide hori benetako bihurtzeko tresnak zehaztera ere.

Legezko eginbehar hori betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak esleiturik duen eginkizuna da euskararen presentzia eta erabilera bultzatzea eremu sozioekonomikoetan, eta Nafarroan hura garatzeko programak abiaraztea, Euskarabidearen Estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 130/2015 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Euskararen I. Plan Estrategikoaren (2016-2019) lehen ardatzaren barnean dago kokaturik deialdi hau (“gizarte erabilera” du izena ardatzak). Nafarroako Gobernuak 2017ko urtarrilaren 25ean onetsi zuen aipatutako plana.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz.

AGINTZEN DUT:

1. Laguntzen deialdi bat onestea 2019an Nafarroako Foru Komunitatean informazioaren eta komunikazioaren teknologien eremuan euskara sustatu, zabaldu eta/edo normalizatzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4709-334102: Euskara informazioaren eta komunikazioaren teknologietan sustatzea

2019

20.000,00

B30002-B3200-7709-334100: IKTetan euskara garatzeko laguntzak

2019

20.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, aipaturiko departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia Aferetarako Bulegora, Euskarabideko Programen Bulegora eta Dirulaguntzen Datu-base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko martxoaren 4an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

2019an Nafarroako Foru Komunitatean informazioaren eta komunikazioaren teknologien eremuan euskara sustatu, zabaldu eta/edo normalizatzeko laguntzen deialdiaren oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean informazioaren eta komunikazioaren teknologien eremuan euskara sustatu, zabaldu eta/edo normalizatzeko laguntzak emateko prozesua arautzea.

2. Aurrekontu erabilgarria.

Deialdiko laguntzek 40.000,00 euro egiten dute, gehienez: 20.000,00 euro B30002 B3200 4709 334102 partidaren kargura (“Euskara informazioaren eta komunikazioaren teknologietan sustatzea”), eta 20.000,00 euro B30002 B3200 7709 334100 partidaren kargura (“IKTetan euskara garatzeko laguntzak”), biak ala biak 2019ko gastu-aurrekontukoak.

3. Onuradunak.

Honako pertsona fisiko edo juridiko pribatu hauek eska ditzakete laguntza hauek: nazionalitatea edo egoitza soziala Europar Batasuneko estatuetan edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duten estatuetan dutenak, edo beste herrialde batzuetan, baldin eta beren jarduera ekonomikoa Nafarroan badute. Horiek guztiek, betiere, gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoa izan behar dute, eta legez eraturik egon indarreko legeriarekin bat, eta laugarren oinarrian aipatzen diren proiektuak garatzen aritu.

4. Diruz lagunduko diren modalitateak eta laguntzen zenbatekoa.

Proiektuak diruz laguntzeko, modalitate eta zenbateko hauek hartuko dira kontuan:

4.1. A modalitatea (20.000 euro): lehendik dauden aplikazioak, webguneak eta programak euskarara egokitzea.

Plan espezifiko bat izan beharko dute Interneten egoteko edo herritar oro haietaz baliatu ahal izateko. Ezinbestekoa izanen da planaren barrenean produktuaren euskarazko bertsioa zabaltzeko asmoa izatea.

Euskarazko atari eta webguneek gaurkotze-lan etengabea egiteko plangintza bat izan beharko dute, baita proposamen bat ere webgunea ezagutzera emateko. Bestetik, bisiten kontagailu bat izan behar dute, agerian edo ezkutuan. Ezkutuan badago, entitate eskatzaileak bide tekniko egokia erraztu beharko dio Euskarabideari, jasotzen diren bisiten kopuruaren berri jakiteko bidea izan dezan.

4.2. B modalitatea (20.000 euro): euskarazko atariak, webguneak, aplikazioak eta programak sortzea.

4.2.1. Online hedabideek lehendik dituzten webguneak: funtzionalitate berriak gaineratzea eta gailu mugikorretan erabiltzeko egokitzea.

4.1.2. Lehendik euskaraz dauden gainontzeko webguneak: zerbitzu, funtzionalitate eta eduki berriak ezartzea, horiek hobetzea eta gailu mugikorretan erabiltzeko egokitzea.

Interneten egoteko plan espezifiko bat izan beharko dute nahitaez. Aplikazio mugikorrak Android eta iOS gailuetarako diseinatu beharko dira, gutxienez. Ezinbestekoa izanen da planaren barrenean produktuaren euskarazko bertsioa zabaltzeko asmoa izatea.

5. Baztertzeko arrazoiak.

Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Euskara normalizatzea helburu ez duten eskabideak.

b) Kapitala gehienbat publikoa duten entitate pribatuek aurkeztutako eskaerak, edo fundazioko ondarea edo gobernu-organoen partaidetza edo zuzendaritza gehienbat publikoa duten entitateek aurkeztutakoak.

c) Alderdi politikoen, hauteskunde-koalizioen eta sindikatuen proiektuak.

d) Norbanakoen atariak eta webguneak.

e) Atari eta webgune puntualak (jardunaldi edo ekimen zehatzen kariaz sorturikoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere).

f) Demoak eta prototipoak.

g) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten proiektuak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo itxuraz indarkeria justifikatzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak.

h) Bi generoen arteko tratu berdintasuna bermatzen ez duten proiektuak.

i) Material didaktiko inprimatuak, ikus-entzunezkoak edo elektronikoak garatzeko proiektuak, baldin eta, araubide orokor edo berezietan aplikatzekoak izanik, ikasketa planarekin edo eskola curriculumarekin zuzeneko zerikusia badute.

j) Helduei euskara irakasten aritzen diren entitateak, edo euskara planen gaineko aholkularitza eginkizunak betetzen dituztenak.

k) Euskararen kalitatea bermatzen ez duten atari edo webguneetan egindako berrikuntzak edo eduki berriak, Euskaltzaindiaren arau eta aholkuei jarraitzen ez dietenak.

l) Online hedabideendako euskaraz egindako eduki berriak. Prentsa idatzian, irratian eta online hedabideetan euskara erabiltzeko laguntzen deialdian parte hartzen duten proiektuek gastu hauek aurkezten ahalko dituzte, ez besterik: zerbitzu eta funtzionalitate berriak ezarriz, dagoeneko badiren webguneak hobetzeari dagozkionak; edo euskarazko softwareak sortzera bideratutako inbertsioak.

m) Lehendik dauden webguneak egokitzea, sektore pribatuko lantokietan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzak eskatu badituzte 2019an.

6. Iraunaldia.

6.1. A modalitatea: 2019. urtean gauzatzen diren proiektuak baizik ezin izanen dira aurkeztu deialdi honetara. Horregatik, deialdi honen xedeko proiektuetako jarduera, zerbitzu eta produktu guztiak 2019ko urriaren 31 baino lehen gauzatu beharko dira.

6.2. B modalitatea: proiektua 2019ko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da, bukatuta eta gauzatuta.

7. Prozedura. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian dagoen berariazko fitxaren bidez: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/8002/Informaziorako-eta-komunikaziorako-teknologietan-euskara-erabiltzeko-diru-laguntzak-2019 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7.1. Aurkeztu beharreko agiriak:

7.1.1. Nafarroako Gobernuaren Atariko laguntzen fitxa betetzea: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/8002/Informaziorako-eta-komunikaziorako-teknologietan-euskara-erabiltzeko-diru-laguntzak-2019.

7.1.2. Adierazpenak:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, adierazten duena entitatea ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira (laguntzen fitxan).

b) Gardentasunari buruzko Legeak ezarritako eginbeharrak betetzen direla dioen adierazpena (IX. eranskina).

7.1.3. Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa frogatzen duena:

a) NANaren fotokopia, eskatzailea pertsona fisikoa bada.

b) Eratzeko edo, hala behar badu, aldatzeko eskritura, behar bezala inskribatua Merkataritza Erregistroan, enpresa pertsona juridikoa bada.

c) Elkartea bada, Nafarroako Gobernuko Barneko zuzendari nagusiaren ebazpena, elkartea Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan inskribatzen duena, baita elkartearen estatutu legeztatuak ere.

d) Eskatzailea beste baten izenean eta hura ordezkatuz ari bada, horretarako emandako ahalordearen egiaztagiria, notario eta erregistro bidez egina.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat.

Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan eta noiz aurkeztu zen edo luzatu zuten.

Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan ez badira.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duena.

7.1.4. Proiektua, xehe azaldua, datu hauekin:

a) Proiektuaren ezaugarriak eta hura egiteko proposamena (II. edo III. eranskina, zein den proiektuaren modalitatea).

b) Aurrekontu xehatua. Hartan, honako hauei buruzko agiriak aurkeztuko dira: diruz lagundu beharreko jardueraren gastu zuzeneko eta zeharkakoak eta jarduerari egozten ahal zaizkion diru-sarrerak (IV. eranskina). Laguntzen fitxako aurrekontu-laburpena ere bete beharko da.

c) Baldin entitate eskatzailea ez badago alta emanik Nafarroako Gobernuaren Transferentzia bidez Ordaintzeko Sisteman (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm) edo datu horiek aldatu nahi baditu, Euskarabideari aurkeztuko dio jatorrizko inprimakia, beterik, edo inprimaki hori Ogasuneko Departamentuko Diruzaintza Atalean aurkeztu izanaren frogagiria.

d) Ekipamenduko ondasunen hornidura edo aholkularitza nahiz laguntza enpresek emandako zerbitzuak ordaintzera bideraturiko gastu diruz lagungarria 12.000 euro baino gehiago bada, onuradunak frogatu beharko du efizientzia eta ekonomia irizpideak erabili direla hornitzailea hautatzeko, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, egiaztagiri bat aurkeztuko da, hornitzailea hautatzeko erabili den prozedura justifikatuko duena.

7.2. Dirulaguntzaren xedea, helburua eta mugak.

7.2.1. Modalitatea zein den, proiektuetako diseinu eta/edo gauzatze lanei dagozkien gastu zuzenak zati batean ordaintzera bideraturik dago laguntza hau.

7.2.2. Proiektu orok aurrekontu xehatua eduki beharko du nahitaez. Hartan jasoko dira gastuak, diru-sarrerak eta, halakorik bada, inbertsioak (hots, zenbait ekitalditan amortizagarriak diren gastuak). Proiektuaren aurrekontu hori laburturik emanen da laguntza eskatzeko fitxan, eta xehaturik, IV. eranskinean.

Gastu-aurrekontuak honako atal hauek izaten ahalko ditu:

a) Langileria gastuak.

IV. eranskinaren A1etik A11rako atalak, barne direla proiektua egiteko behar diren giza baliabideen gastuak, bai barneko gastuak (soldata gordina, zergarik gabe, eta legeak ezarritako kotizazioak), bai kanpokoak (kanpo zerbitzuak kontratatzea).

Proiektua kudeatzeko gastuei dagokienez, langileria gastuen gainerako zenbatekoaren %20 hartuko da kontuan, gehienez ere (“aurrekontua” inprimakiaren A11 atala).

b) Beste gastu batzuk (funtzionamendu gastuak barne). Zehaztu beharko da zer kontzepturi dagozkion gastu horiek.

7.2.3. Gastu hauek deialditik kanpo gelditzen dira:

a) Atari eta webguneetan euskaraz ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere eskaintzen badira edukiak eta zerbitzuak, gastuaren parte bat besterik ez da kontatuko, hau da, euskarazko produktu edo zerbitzuari dagokiona baizik ez da diruz lagunduko.

b) Bestalde, dirulaguntza eskatzen bada lehendik zegoen edukiren bat sarean jartzeko, egokitzapen-lana baizik ez da aintzat hartuko.

c) Ez dira gastutzat hartuko enpresa eskatzailearen jarduera orokorrari dagozkion gastuak, baldin eta ez badaude zuzenean loturik deialdira aurkeztutako proiektu zehatza gauzatzearekin.

d) Balio erantsiaren gaineko zergaren gastua ez da kontuan hartuko. Nolanahi ere, BEZa berreskuratzeko modurik ez duten enpresa onuradunen kasuan, kontuan hartuko da gastu hau, eta enpresa horiek behar den foru diputazioko ogasun departamentuaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute.

7.2.4. Pertsona edo entitate bakoitzak eskaera bakar bat aurkez dezake deialdi honetan. Eskaera bakoitzean, proiektu bakar bat aurkeztu behar da.

7.2.5. Proiektuek beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede bererako emandako dirulaguntzak ere jaso ditzakete, baldin eta horrekin gehiegizko finantzaketarik gertatzen ez bada. Agindu honen indarraldia bukatuta, 22. artikuluan ezarritako justifikazioa egin ondoan atzematen bada gehiegizko finantzaketa egon dela, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, 23. artikuluan aipaturiko prozedurari jarraikiz. Gehiegizko finantzaketari dagokion zenbatekoa kenduko da.

Eskaerak ez baditu betetzen aitzineko oinarrietan aipatzen diren baldintzak, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun baliodunean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, jakinaraziko zaio hori egin ezean ulertuko dela eskaerari uko egin diola, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpena eman ondoan.

7.3. Datuen tratamendua.

Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa ere, Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta gainerako legerian xedatutakoari jarraituz tratatuko dira. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan erabiliko dira, aipatutako legerian oinarriturik.

8. Instrukzioa.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak instruituko du prozedura. Eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazteko proposamena eginen du.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira.

Pertsona edo entitate onuradunek jarduera bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntzak hartzen badituzte, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan aipatu onuradunek egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuekin nahiz lagundutako jardueraren baliabide berekiekin batuta.

Instrukzio organoak ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideak erabiliz.

9. Balorazioa: Batzorde Teknikoa eta balorazio irizpideak.

9.1. Baloraziorako Batzorde Teknikoa.

Aurkeztutako eskaerak aztertzeaz arduratuko da, bere erabakia loteslea izanen da, eta kide hauek izanen ditu:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.

–Azterlan eta Plangintza Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena, hitza eta botoa dituela.

–Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari bat.

Baloraziorako Batzorde Teknikoak, aurkeztutako programen edukia aintzat harturik, egokiak iruditzen zaizkion aholkulari teknikoen laguntza eska dezake, eta eskaera aurkeztu duten pertsona edo entitateei ere informazio osagarria eskatzen ahalko die proiektua behar bezala baloratzeko.

Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari.

9.2. Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.

Baloraziorako Batzorde Teknikoak eskaerak aztertuko ditu ondotik adierazten diren irizpideak kontuan harturik, modulu sistema erabiliz eta laguntzak lortutako puntuazioaren heinean esleituz. Laugarren oinarrian ezarritako modalitateen ordenari jarraikiz:

Hauek dira dirulaguntzaren irizpide nagusiak:

a) Zenbateraino sustatzen duen euskara Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan: gehienez hirurogeita hamabost (75) puntu. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan bereziki:

–Justifikazioa eta koherentzia: zehatz-mehatz azaltzea proiektua zergatik den beharrezkoa eta nola egokitzen zaion deialdiari: 15 puntu.

–Gaia: 5 puntu.

–Ikuspuntua: erabilera gazteen artean sustatzea bereziki: 15 puntu.

–Euskararen tratamendu teknikoa: proiektuaren arduradunen prestakuntza eta gaitasuna, eta proiektuaren hizkuntza kalitatea ziurtatzeko neurriak: 15 puntu.

–Berrikuntza: 10 puntu.

–Zenbat pertsona izaten ahal diren proiektuaren hartzaile: 15 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea eta egokitasuna: gehienez hogei (20) puntu. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan bereziki:

–Planifikazioa: 5 puntu.

–Diseinua: 5 puntu.

–Plataforma anitzeko aplikazioa izatea (responsive): 5 puntu.

–Zabalkundea: produktuan egindako gaurkotze-lanak jakinarazteko eta egoki zabaltzeko proposamena: 5 puntu.

c) Kode irekia erabiltzea: 5 puntu.

9.3. Zenbatekoen kalkulua.

a) Jasotako eskaeretan oinarriturik, Baloraziorako Batzorde Teknikoak zenbatekoak esleituko ditu, modalitate bakoitzaren barnean, puntu sistema erabiliz.

b) Modalitate bakoitzean eskuratutako puntu guztien batuketa egin ondotik, dagoen zenbatekoaren arabera aterako da puntu bakoitzak eurotan duen balioa.

c) Puntuazioak eta eskatzaile bakoitzaren aurrekontu mugak aplikaturik modalitateren batean soberakinik sortzen bada, honela jokatuko da: muga horretara ailegatu ez diren eskaeren artean banatuko da, aurreko zenbatekoa banatu zen proportzio berean betiere.

10. Ebazpena.

10.1. Baloraziorako Batzorde Teknikoak prestatutako proposamena ikusirik, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, gehienez ere bi hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.

10.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean jaso beharko da eskaera bakoitzari dagokion aurrekontu onartua, eskuratutako puntuazioa eta osotara emandako dirulaguntza, eta, hura ukatu bada, horretarako arrazoiak.

10.3. Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan, laguntza honi dagokion fitxan.

10.4. Gehieneko epe hori iragan eta berariaz ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

11. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako dirulaguntzari, hura onesten den unetik beretik. Aipamen hori Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako oharrekin bat eginen da: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/, kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den bitartean mantenduko da.

12. Gardentasun betebeharrak.

12.1. Entitate onuradunek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun eginbeharra bete beharko dute (eginbehar hori irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautu zen) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura dirulaguntzak eskuratzen dituztenean eta honako bi egoera hauek batera gertatzen direnean:

a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako zenbatekoa entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20 baino gehiago izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Bi egoera horietan dauden entitate onuradunek honako informazio hau aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza eman izana jakinarazi edo, kasua bada, horri buruzko ebazpena argitaratzen den egunetik hasita, telematika bidez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari zuzenduta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoen informazioa hartuko da kontuan.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

12.2. Entitateak gardentasun eginbeharra bete behar ez badu aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

12.3. Onuradunek emandako informazioa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Gobernu Irekiko Atarian argitaratuko da, eta eskura izanen da argitaratu eta urtebetean. Muga 15 hilabetekoa izanen da, informazioa kudeatzeko organoan sartzen den unetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

12.4. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

12.5. Onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko eginbeharra, horrek ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13. Dirulaguntza ordaintzea.

13.1. Dirulaguntza pagamendu bakarrean ordainduko da, urtea bukatu aurretik, jardueren memoria eta 14. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu ondoan.

13.2. Nolanahi ere, ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, 12. oinarrian araututakoari jarraikiz.

14. Pertsona edo entitate onuradunek aurkeztu beharreko frogagiriak.

Pertsona edo entitate onuradunak beharturik daude egindako jarduerak 2019ko urriaren 15era arte izan dituen gastu eta diru-sarreren frogagiriak aurkeztera, horretarako edozein bide erabiliz zazpigarren oinarrian onartzen direnen artetik; frogagiriak urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira beranduenez.

a) Diruz lagundutako aldian egindakoaren memoria zehaztua.

b) Diruz lagundutako aldiari dagozkion gastuen zerrenda eta haien ordainketen gordekinak (BEZa kanpo), jatorrizkoak edo kopia soilak, zazpigarren oinarrian aipaturiko aurrekontuaren arabera. Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, kopiekin alderatu eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu (V. eranskina). Zerrendatzen diren gastuak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira, eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote.

c) Diruz lagundutako aldiari dagozkion diru-sarreren zerrenda eta frogagiriak, jatorrizkoak edo kopia soilak, zazpigarren oinarriak dioen bezala. Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizkoak eskatzeko eskubidea, kopiekin alderatu eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu (VI. eta VII. eranskinak). Zerrendatzen diren diru-sarrerak eta dirulaguntzak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira, eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote.

d) Langileak kontratatuz gero, legez bidezko den bezala justifikatu beharko dira gastuak, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeari jarraikiz.

V., VI. eta VII. eranskinak Excel formatuan beteko dira, deialdi honen bidez onesten den ereduaren arabera, eta telematika bidez aurkeztu beharko dira. Entitatean horretarako eskumena duen pertsonak zigilatuko eta sinatuko du Excel bereko VIII. eranskina (balantzea).

Dokumentazioa euskarri informatikoan egonez gero, euskarri horren kopia aurkeztu beharko da, langileen buruak behar bezala eginbidetua.

Halakoetan, deialdi honen bidez diruz lagundutako jarduerak egiteko kontrataturiko langileek EGA edo titulu baliokideren bat izan beharko dute.

Kolaborazio lanak egiten dituzten pertsona edo entitateei egindako ordainketak justifikatzeko, indarrean dagoen legeriaren arabera betetako fakturak aurkeztuko dira.

Gastuen aurrekontu justifikatuak honako hauen batura baino handiagoa behar du izan: jasotako diru-sarrerak, beste deialdi batzuetatik lortutako laguntzak eta deialdi honetan jasotzen den zenbatekoa. Txikiagoa izanez gero, jaso beharreko zenbatekoa murriztu eginen da, baturak berdindu arte.

15. Jardueren kontrola.

15.1. Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako eginbeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Eginbeharrak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

15.2. Onuradunak organo emaileari jakinarazi beharko dio xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jasotzen baditu, izan beste autonomia erkidego bateko administrazio publiko batenak nahiz erakunde edo entitate publiko edo pribatu batenak.

15.3. Proiektuetarako laguntzak eskatzen dituzten pertsona edo enpresek eskaeran programaturiko epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, eta horren arabera dagokion zenbatekoa gutxitu edo osorik deuseztatuko du, hala behar badu.

15.4. Pertsona edo enpresa onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan bai zabaltzen dituzten edukietan.

16. Ez-betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

16.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra etorriko da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze larritzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Baloraziorako Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

16.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

17. Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.

17.1. Modalitate hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoak ere, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

17.2. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

17.3. Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapen teknikoa. A modalitatea: webgune edo aplikazio bat euskarara egokitzea.

III. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapen teknikoa. B modalitatea: euskarazko webguneak, aplikazioak eta programak sortzera bideratutako proiektuak.

IV. ERANSKINA

Proiektuaren aurrekontua (2019).

V., VI., VII. ETA VIII. ERANSKINAK

Gastuen frogagiriak / Diru-sarreren frogagiriak / Dirulaguntzen frogagiriak / Justifikazio balantzea (Excela).

IX. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eranskina.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1903328