74. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZOAIN-ARRIASGOITI

Ordenantza, Euskararen erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Lizoain-Arriasgoitiko Udalak, 2018ko azaroaren 28an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 9. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 15ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz. Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Lizoainen, 2019ko martxoaren 13an.–Alkatea, Amaia Ekisoain Górriz.

ORDENANTZA, LIZOAINIBAR-ARRIASGOITIKO UDAL EREMUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Gure ibarreko biztanleak, mendeak joan eta mendeak etorri, euskaraz mintzatu izan dira eta euskaraz mintzatzen dira; euskara, gainera, Nafarroako kultur ondarea da, dakiten eta erabiltzen dutenena eta ez dakiten eta erabiltzen ez dutenena.

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak euskara gure kultur ondarearen ataltzat hartzen du; gaztelerarekin batean, udalerriko bi hizkuntza ofizialetariko bat da.

Horrez gain, herritarrek euskara sustatzearen eta normalizatzearen alde duten jarrera islatu nahi izan da ordenantza honetan. Aintzat hartuz, gainera, ibarreko haur gehienak euskara barne hartzen duten hezkuntza ereduetan matrikulatuta daudela. Horrek guztiak esan nahi du, urteak igaro ahala, ibarrean gero eta herritar elebidun gehiago egonen direla, hau da, gero eta euskaldun gehiago.

Gizartearen sektore horrek, ziur aski, legez dituen hizkuntza eskubideak erabiliz, gero eta zerbitzu gehiago euskaraz emateko eskatuko dio Udalari, eta Udalak, zerbitzu publikoa denez, era egokian eman beharko ditu.

Administrazio bakoitzari dagokio aipatu arauak eta xedapen orokorrak bere jarduketa eremuan aplikatzea eta aplikazio horretarako bitartekoak arautu eta ezartzea. Honako hau da ordenantza honen eginkizuna: arauak eman eta betearaztea, Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalaren jarduketa eremuan aplika daitezen.

Aipatu behar da Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat jotzeaz gain, helburutzat duela bizilagunen eskubidea babestea euskara jakin eta erabiltzeko, bai eta euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea ere. Lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen die bizilagunei, eta aukera ematen du zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta lanpostu batzuetan baloratua, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean, euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Ez da ahaztu behar, bestalde, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak 1992ko ekainaren 25ean hitzarmen gisa onetsitakoa, eta hamaika estatu kidek (Espainia barne) urte bereko azaroaren 5ean sinatua. 10. artikuluan, administrazio agintariei eta zerbitzu publikoei buruzko gomendioak aipatzen dira, besteak beste:

“...jendaurrean dauden agenteek eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak erabil ditzaten zaintzea, hizkuntza horietan mintzatzen zaizkienekin”.

“...eskualdeetako hizkuntzetako hiztunek (...) eskaerak ahoz edo idatzita aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan har dezaten zaintzea (...)”.

Aipatu den araudiarekin bat, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea eta aplikazio eremua

1. Artikulua. Udalerriko herritarrei zerbitzua euskaraz ematea da ordenantza honen xedea, baita euskara normalizatzea eta haren erabilera sustatzea ere.

2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak berariazko xede hauek ditu:

a) Herritarrei helaraztea euskara osagai garrantzitsua dela integrazioaren zein komunikazioaren aldetik.

b) Herritarrei bermatzea Nafarroako berezko hizkuntzetatik erabili nahi duten horretan izatea harremana.

c) Euskararen erabilera finkatzea Udalaren kanpoko irudian.

d) Euskararen erabilera (ahozkoa nahiz idatzia), Udalari dagokionez, erregulatzen duen araudia zehaztea.

e) Zehaztea zein lanpostutan aritzeko jakin beharko den euskaraz nahitaez, eta nahitaezkoa ez den lanpostuetan euskarak zer balorazio izanen duen.

f) Udalaren barne funtzionamenduan euskararen erabilera sustatzea.

g) Euskara sustatzeko beste jarduera batzuk bultzatzea, ordenantzaren xedearekin lotura dutenak.

3. artikulua. Ordenantza hau Lizoainibar-Arriasgoitiko udal-mugartean aplikatuko da, halakotzat hartuta hura bera zentzu hertsian eta erakundeak, autonomoak izan ala ez; orobat, zentro mankomunatuak, haren menpe daudenak.

4. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honen II., III., IV. eta V. kapituluak aplikatuko dira.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

5. artikulua. Lizoain-Arriasgoitiko Udalak beste administrazio publikoei, entitateei eta erakundeei igortzen dizkien agirien, jakinarazpenen eta komunikazio administratiboen oinarria edo euskarria ele bitan idatziko da.

Horretarako, begiratuko da bi hizkuntzek tratamendu grafiko berdina izan dezaten, behar bezala ezberdindurik ager daitezen eta testua argi geratzeko moduan banaturik.

6. artikulua. Edozein agiri bidaltzen dioten administrazio publiko, entitate edo erakunde horiei, Lizoain-Arriasgoitiko Udalak ele bitan idatz dezatela eskatuko die.

III. KAPITULUA

Administratuekiko harremanak

7. artikulua. Herritarrek Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalarekin euskaraz aritzeko eskubidea dute.

8. artikulua. Udalarekiko harremanetan euskara idatzia erabiltzea aukeratzen dutenei hizkuntza horretan erantzunen die Udalak. Aurkeztutako idazkiari erantzuteko hizkuntz gaitasuna duen udal langile elebidunik ez bada, itzulpen zerbitzua erabiliko da. Zerbitzu hori Udalarena berarena izan daiteke, edo beste zerbitzu publiko nahiz pribatuena, eta herritarrak eskatzen duenaren bertsio ofiziala emanen du, eta Udalak jakinarazi behar dion erabaki edo erantzunarena. Gaztelaniazkoarekin zenbat denbora, horren pareko epean eman beharko da erantzuna.

Halaber, Udalak onartuko ditu pertsona fisikoen komunikazioak, berriemailearen lurraldeko edozein hizkuntza ofizialetan zuzentzen zaizkionak, euskarazko edo gaztelaniazko bertsioarekin batera badatoz.

9. artikulua. Administrazioarekiko harremanetan ahoz euskaraz aritzea aukeratzen duten herritarrei hizkuntza horretan eginen zaie kasu, bai telefonoz bai aurrez aurre; horretarako gaitasuna duen langilerik ez bada, ordea, gaztelaniaz eginen zaie.

10. artikulua. 8. eta 9. artikuluen ondorioetarako, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile euskaldunak egotea bermatzeko, ordenantza honen V. kapituluan aipatzen den ildotik.

Herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko, behar bezala adieraziko da langileen eta lanpostuen euskara maila, eta hura erabiltzeko pizgarriak ezarriko dira.

11. artikulua. Gainera, honako hauek euskaraz izatea sustatuko du Udalak:

a) Udalak antolatzen eta/edo kudeatzen dituen azterlanak.

b) Udalaren argitalpenak eta Udalak egunkarietan, aldizkarietan, irratietan edo beste edozein komunikabidetan argitaratzen dituen albisteak eta xedapenak.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpoko irudia

12. artikulua. Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak eta haren mendeko erakunde guztiek bide elebiduna erabiliko dute herritarrei, oro har, zuzentzean.

Hartara, ele bitan izanen dira, euskarri tradizionaletan zein teknologia berrien bitartez, honako hauek:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio plakak, bai barne funtzionamendukoak bai jendaurrera bideratzen diren agirietan agertzen direnak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak, bai barne funtzionamendukoak bai jendaurreko agirietakoak.

c) Udal egoitza eta bulegoetako errotuluak. Halaber, eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udalaren ibilgailu parkearen, langileen arropen eta uniformeen errotulazioa.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, horizontalak nahiz bertikalak.

f) Udalak, administrazio-prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez, herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Mezu elektronikoak, SMSak, web orriak, blogak eta antzekoak.

h) Beste edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

13. artikulua. Kartelen elementu guztiak ele bitan egonen dira.

Udal jardueren informazio eta propagandako liburuxkak bi hizkuntzetan egonen dira herritar ororentzat direnean.

Kultura, kirola eta abarreko jardueraren bat iragartzen duten liburuxketan, esku programetan, katalogoetan eta gisakoetan hizkuntzak honela erabiltzea:

a) Informazio orokorreko elementuak (tokia, data, ordua...) bi hizkuntzetan agertuko dira.

b) Delako jarduera hizkuntza bakarraren erabileran oinarritzen bada batez ere (hitzaldiak, antzerkia, poesia, ikus-entzunezkoak, etab.), hura azaltzeko elementuetan, hala nola esku programetan eta katalogoetan, jarduera zein hizkuntzatan egin, huraxe erabiliko da.

c) Jarduera beste lengoaia batzuen bidez garatzen bada (ikusizkoa, musikala, plastikoa, etab.), informazioa bi hizkuntzetan emanen da.

14. artikulua. Udal jardueraren publizitatea eta hedapena baliabide idatzietan eta/edo ikus-entzunezko baliabideetan -prentsa idatzia, irratia, telebista eta Internet- bi hizkuntzetan eginen da, eta euskaraz bakarrik, hedabidea hizkuntza horretakoa bada.

15. artikulua. Udalaren edo bere mendeko erakundeen argitalpenak ele bitan eginen dira.

16. artikulua. Udaleko kargudunek bi hizkuntzak erabiliko dituzte jarduera publikoan.

17. artikulua. Hirugarrenek kultura, kirol eta ekonomia alorretan Udalaren esparruan egiten dituzten jardueretan, euskara eta gaztelania erabiliko dituzte adierazpen publiko guztietan, euskarria edozein dela ere.

V. KAPITULUA

Langileak eta barne funtzionamendua

18. artikulua. Lizoain-Arriasgoitiko Udalak pixkana bultzatuko du euskararen erabilera haren mendeko zerbitzuetan, herritarrek Udalarekin dituzten harremanetan euskara erabiltzeko eskubidea bermatze aldera.

19. artikulua. Udal eremua aztertuko da, euskara zer lanpostutarako den nahitaezkoa erabaki eta beharrezko jakite maila zehazteko. Halaber, jarduketa plan bat ezarriko da, jakite maila hori eskuratzeko beharrezko bitartekoak, baliabideak eta epeak zehazteko. Euskara teknikariak eginen du azterlana. Hortaz, Udalaren plantilla organikoan zehaztuko da zein lanpostutarako den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta zerrenda ordenantza honi erantsiko zaio, onetsi ondoren.

20. artikulua. Lanpostua jabetzan duten langileek beren hartan segituko dute nahiz eta, printzipioz, esleitutako hizkuntza maila ez bete. Euskara jakin gabe ele biko lanpostutzat hartutakoak betetzen ari diren pertsonek hartutako eskubideak errespetatuko dira eta, horretarako, antolatuko diren euskarazko formakuntza jardueretan beren borondatez parte hartzeko aukera eskainiko zaie.

Esleitutako hizkuntza mailak erabateko baliozkotasuna izanen du, berriz, deialdi berrietan, barnekoak edo irekiak izan, merezimendu lehiaketetan edo lekualdatzeetan, eta edozein arrazoi dela-eta langileak ordezkatu behar direlarik (bajak, eszedentziak, oporrak, erretiroa...).

21. artikulua. Euskaraz jakitea nahitaezkoa duen lanpostu baterako deialdian izangaiek euskarazko eskakizunak betetzen ez dituztenean, lanpostua hutsik geldituko da, eta beste deialdi bat eginen da. Bigarren deialdian lanpostua berriz hutsik gelditzen bada, aldi baterako beteko da (urtebetez, gehienez ere). Horrela, berriz eginen da deialdia eta hizkuntza gaitasuna duen langileak beteko du.

22. artikulua. Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan, euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan, merezimendu kualifikatua izanen da euskaraz jakitea.

23. artikulua. Euskara merezimendua dela ezartzen denean, hura baloratuko da lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Horregatik, deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira lanpostu bakoitzerako behar diren merezimenduak eta haien artean euskaraz jakitea, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen denean, aipatu eskubide hori bermatze aldera.

24. artikulua. Euskara baloratuko da, merezimendua dela ezartzen denean, lanpostuaren eginkizun bereziengatik euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean eta euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Horregatik, deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztuko dira lanpostu bakoitzerako behar diren merezimenduak eta haien artean euskaraz jakitea, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen denean, aipatu eskubide hori bermatze aldera.

Ele biko gisa zehaztu ez diren lanpostuetan, euskara merezimendu moduan baloratuko da. Sarbidea oposizio-lehiaketa bidez egiten denean balorazio hori %7koa izanen da, merezimendu baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, eta lanpostu horiek betetzeko merezimendu lehiaketetan %6koa, merezimendu baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez.

2. Zenbait lanpostuk herritarrekin duten arreta- edo tratu-maila kontuan hartuta, horietarako sarbidea oposizio-lehiaketa bidez egiten bada eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren aldez aurretiko justifikazio-txostena izanik, haren baloraziorako esleitutako ehunekoa %14 bitartekoa izan daiteke, merezimendu baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez eta, merezimendu lehiaketa bidez hornitutako lanpostuetan, berriz, %12 bitartekoa, merezimendu baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez.

25. artikulua. Hizkuntza eskakizuna eta gradua aplikatzeko irizpide orokorrak:

a) Eginkizun nagusietarik herritarrekiko harreman zuzena baldin badute, plantilla organikoko lanpostu guztietan, edozein mailatakoak izanik ere, euskara nahitaezkoa izanen da, gutxienez ere B2 mailan izan ere.

b) Herritarrekin zuzeneko arreta duten A eta B mailetako plantilla organikoko lanpostuetan, euskararen ezagutza C1 mailaren baliokidea izatea eskatuko da; gainerakoetarako, B2 mailaren baliokidea, gutxienez.

26. artikulua. Enplegatu bat behin-behinekoz ordezkatu behar baldin bada, ordezkapena egiten duenak plantilla organikoan lanposturako eskatzen den euskara maila izan beharko du gutxienez.

27. artikulua. Edozein mailatako lanpostuetan, euskaraz jakitea nahitaezkoa edo merezimendu kualifikatua bada, hizkuntza eskola ofizial baten tituluaren bitartez edo beste baliokide baten bidez frogatuko da haren ezagutza; bestela, behar den eskakizuna badela erakusten duen proba gaindituta. Nolanahi dela ere, euskara maila proba baten bidez egiaztatu behar bada, proba hori NAPIko egiaztapen unitateko teknikariek eginen dute.

28. artikulua. Euskara ikasten lagunduko zaie Udaleko langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

1. Udalak hizkuntza formakuntzarako planak antolatuko ditu, helburu horiek lortzearren. Haietan aurreikusiko dira lanaldiaren murrizketak, laguntza ekonomikoak eta egin litezkeen ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barnean.

2. Ikasteko lehentasuna emanen zaie herritarrarekiko harremanetan edo Udalaren barne erabileran ondorio positibo gehien ekartzen duten lanpostuei.

29. artikulua. Udal langileak hizkuntza formakuntzarako plan horietan sartuta badaude edo dakiten euskara baloratu bazaie, Udalean sartzeko nahiz haien lan bizitzako edozein fasetan, dakitena erabiltzeko eskatzen ahalko zaie Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalean egiten duten lanean.

VI. KAPITULUA

Kontratazioak

30. artikulua. Zerbitzu publikoak modu pribatuan kontratatzen direnean, bermatuko da, kontratuan klausula sartuz, erabiltzaileek euskaraz aritzeko eta erantzuna hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea erabiltzeko aukera.

Kontratazioaren xedeko zerbitzuak zuzeneko harremana dakarrenean herritarrekin, baldintza hauek beteko dira:

a) Enpresa kontratugileak bere zerbitzua eginen du herritarrak bi hizkuntza ofizialetan kasu egina izateko duen eskubidea errespetatuta.

b) Enpresa adjudikaziodunak euskaraz eta gaztelaniaz prestatuko ditu erabilera publikoko inprimaki, idazki eta jakinarazpenak.

VII. KAPITULUA

Euskara sustatzea

31. artikulua. Lizoain-Arriasgoitiko Udalak, bertako Euskara Zerbitzuak proposamena eginik, urteko programak prestatuko ditu euskarari buruzko gaien eta haren egoera soziolinguistikoaren gaineko informazio maila handitzeko eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

32. artikulua. Lizoain-Arriasgoitiko Udalak bere jarduerak koordinatuko ditu Nafarroako Gobernuarekin eta tokiko beste entitate batzuekin, haiek euskara sustatzeko prestatzen dituzten ekimen eta kanpainetan parte hartzeko.

33. artikulua. Alde horretatik, Lizoain-Arriasgoitiko Udalak eskolako matrikulazio kanpainetan eta helduentzako euskara irakaskuntzan hartuko du parte, baita euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko eta haren aldeko sentsibilizazioko kanpainetan ere.

34. artikulua. Kultur jarduerak eta euskara sustatzekoak bultzatuko dira. Halaber, laguntza ekonomikoa emanen da euskara sustatzeko edo irakasteko jarduerak antolatzearren.

35. artikulua. Orobat, Lizoainibar-Arriasgoitiko bezeroendako jarduketak (jakinarazpenak, fakturak, ordainagiriak, inprimakiak, informazio eta seinaleztapen errotuluak...) ele bitan izatea eskatuko die Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak berarekin lan egiten duten edo bera sartuta dagoen zerbitzuetako enpresa publiko eta pribatuei.

36. artikulua. Teknologia berriekin loturiko programek eta udal bulegoetan erabiltzeko eskuratutako material orok euskaraz eta gaztelaniaz funtziona dezaten egokituta egon behar dute.

37. artikulua. Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalaren dirulaguntza hartzen duten taldeei eskatuko zaie euskara erabiltzeko dirulaguntza horren xedeko jardueretan, bai eta jarduera horiek sustatzeko publizitatean ere.

Orobat, eskolaz kanpoko jarduerak edo bestelakoak (kirola, musika, etab.) antolatzen dituzten entitateak arduratuko dira parte hartzen duten euskaldunek jarduerok euskaraz egiteko aukera izan dezaten.

VIII. KAPITULUA

Toponimia

38. artikulua. Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak bere mugapeko toponimoak (toponimia handia eta txikia) finkatuko ditu Euskaltzaindiaren jarraibideen arabera. Haien forma ofiziala euskarazkoa izanen da.

Arazorik izanez gero, Udalak hartuko du erabakia Euskaltzaindiari jarraituz.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.–V. kapituluko 19. artikuluan aipatzen den azterlana egiteko epea urtebetekoa izanen da, ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Bigarrena.–Ordenantza hau onestearekin batera, hari buruzko material esplikatiboa argitaratuko da Lizoainibar-Arriasgoitiko bizilagunendako.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren.

Bigarrena.–Lizoainibar-Arriasgoitiko Udaleko euskara arduradunak gaitasuna izanen du ordenantzaren betetzearen jarraipena egiteko, baita edozein gairen gainean proposamenak egiteko ere, betetzen dela bermatzearren.

Horretarako, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, Euskara Zerbitzuak informazio txostena eginen du ordenantzaren betetze mailari buruz, eta kasua bada, egoki ikusten dituen neurriak proposatuko ditu, bilatzen diren helburuak zuzen gauzatzeko.

Era berean, Nafarroako Gobernuak lau urtean behin argitaratzen duen azterketa soziolinguistikoarekin batera, Euskara Zerbitzuak ordenantza honen eraginkortasuna aztertuko du, beharrezkoa izanez gero, aldaketak egiteko.

Iragarkiaren kodea: L1903776