73. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 15ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak, 2019an kirol instalazioen plana egin dezaten beren eraginpeko eremu geografikoan. DDBN identifikazioa: 441372.

Kirolak gaur egun Nafarroan duen hedapena eta toki entitateek arlo horretan duten inplikazioa dela eta, Nafarroako Gobernuak hainbat neurri eskaintzen ditu Nafarroako populazio osoak kirola egiteko aukera izan dezan eta, orobat, toki entitateei laguntzeko dagozkien eskumenak beren gain har ditzaten eta kirol antolaketa gara dezaten.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.g artikuluan, helburu gisa finkatzen du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak bideratzeko, eta, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko xede gisa, plangintza bat ezarri eta bultzatzea, Foru Komunitatean kirol instalazioen sare bat ezarri eta mantentzea helburu.

Nafarroako kirol instalazioen eraikuntza eta berritzea planifikatzeko, beharrezkoa da honako hauek aztertzea: kirol instalazioen eskaera eta joera berriak, hirigintzaren hazkundea, ingurune sozio-geografikoa, etab. Horietaz gain, egungo instalazioen zahartzea ere aztertu behar da; izan ere, horrek behartzen gaitu epe ertain eta luzean horiek egokitzeko behar diren inbertsioak egitera.

Ingurunera begiratuta, ikus daiteke kirol azpiegituren sare oso zabala dagoela, eta gerta daiteke batzuetan gehiegizkoa izatea. Beharrak ongi aztertu eta zehaztu behar ditugu, oraingoak behar baino gutxiago ez erabiltzeko eta kudeatzeko bideraezinak diren instalaziorik ez eraikitzeko. Eta, behar denean, oraingoak birmoldatzeko.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzaren bidez, honako eginkizun hauek ditu esleiturik, besteak beste:

h) Zuzendari kudeatzaileari kirolerako eta gazteentzako instalazioen planak proposatzea oniritzia eman diezaien eta onesteko tramitazioa has dadin, eta plan horien betearazpena koordinatzea.

i) Kapital transferentzien bidez eragindako inbertsioetako laguntzak koordinatu, kudeatu eta kontrolatzea, bai eta kirolerako eta gazteentzako ekipamendu eta instalazioetarako dirulaguntzak ere.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen plana egin dezaten.

Horren bidez plangintza bultzatu nahi da, agiri bat eginez, ahalik eta kirol eragile gehienekin lankidetzan, azkeneko helburua lortzeko, hots: Nafarroako Foru Komunitatean kalitatezko kirol instalazioen sarea izatea, egungo gizartearen eskaerei erantzuteko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak eta eranskinak onestea, beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen plana egin dezaten 2019an.

Laguntzak emateko ezinbesteko baldintza izanen da aurrekontuan diru-izendapena egotea (Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 5. artikulua).

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 30.000 (hogeita hamar mila) euroko gastua baimentzea, honako honen kargura: Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateentzako dirulaguntza, instalazioen planak egiteko” izeneko A50001-A5410-4609-336100 partida ekonomikoa.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzari, haren Azpiegiturak Kudeatzeko Atalari, haren Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari.

5. Foru agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta honen aurka toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko otsailaren 15ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ERANSKINAK

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen plana egin dezaten, honako atal honetan zehazten diren jarraibideei jarraikiz:

1.2. Dirulaguntzaren xede izanen dira honako protokolo honen arabera egindako kirol instalazioen planak:

Instalazioen eta jardueren plana egiteko 3 fase ezartzen dira:

1. fasea.–Oraingo egoeraren datu bilketa. Honako atal hauek ditu bere baitan:

1.–Planaren barnean aztertutako instalazio bakoitza mantentzeko azken 5 urtean erabili den aurrekontua, zerrendaturik. Atal honetan sartuko da mantentze-lanetako ohiko zereginetarako edo instalazioak eraberritzeko erabilitako aurrekontua. Honelako gastuak ez dira sartuko: argia (elektrizitatea), ura, gasa, berokuntzarako erregaiak, instalazioa irekitzeko behar diren eragiketak, pintatzea, etab.

2.–Azken 5 urtean egindako egiazko jarduerak, instalazio bakoitzari dagokion populazioan, barnean direla kirolekoak izaten ez diren guneetan egindakoak, denak zenbaturik (eskura dauden datuekin).

3.–Dauden kirol instalazio bakoitzaren kontserbazio egoeraren deskribapena.

4.–Eraginpeko eremuaren hirigintzako planoa, adierazita non dauden instalazioak eta ikastetxeak.

2. fasea.–Jardueren programazioa eta plangintza, eta hurrengo urteetan garatu nahi diren jardueren azterketa.

5.–Hurrengo 5 urtean toki entitate eskatzaileak gauzatu nahi dituen jarduera fisikoen eta kirol jardueren plana eta programa, eta garatu nahi den antolakuntza eredua. Atal honetan sartu behar dira bai orain egiten ari diren jarduerak bai jarduera berriak. Aztertu behar da ea jardueraren batek udalez gaindikoa izan behar duen, duen inportantziagatik edo parte-hartzaile kopuru eskasarengatik elkarrekin egitea komeni delako.

6.–Hurrengo urteetan jardueren planerako erabiliko diren aurrekontuen kalkulua.

3. fasea.–Funtzionamendu planaren azterketa, prestaketa eta diseinua.

7.–Oraingo instalazioen edukiera eta aukerak aztertzea eta baloratzea, gaur egungo espazioak berrantolatuz eta egungo jarduerak birkokatuz, ebaluatzeko ea aurreikusitako jarduerak oraingo instalazioetan kokatzerik dagoen, kirolgune berriak eraiki beharrik gabe.

8.–Kirolguneetan gabeziak aurkitzea, eta horiek konpontzeko aukera aztertzea.

9.–Behar diren espazioek edo instalazioek bete beharreko ezaugarri teknikoak eta espezifikoak zehaztea, oraingo eta etorkizuneko jarduerak beren baitan hartzeko, garrantzia emanez horiek izan ditzaketen erabilera edo eginkizun anitzei.

10.–Instalazioen plana egitea, kontuan harturik aurkitutako beharrak eta etorkizunerako aurreikusitako populazioa.

Atal honetan honako aldaera hauek hartu beharko dira aintzat:

1.–Handitzeko edo aldatzeko aukerak, oraingo instalazio bakoitzaren eraikuntzaren aldetik, beste modalitate batzuei erantzuteko, edo edukiera handitzeko.

2.–Oraingo instalazioak egokitzeko aukerak, birmoldaketen bidez, espezialitate edo behar berriak beren baitan hartzeko.

3.–Behar diren instalazio berriak.

Oharra: Atal honetan kontuan hartu behar dira instalazio eta jarduera mankomunatuak, inguruneko herrietan egin daitezkeenak, eta zer herri eta instalaziotan egiten diren.

11.–Hurrengo urteetarako jarduketen kronograma. Koordinatu egin beharko dira jardueren planaren ezarpena eta egin beharreko obrak: zaharberritzekoak, hobekuntzakoak edo eraikuntza berriak egitekoak.

12.–Eraikuntzako bideragarritasun plana. Aukera ekonomikoetara egokitu beharko da, eta entitate sustatzaileek une bakoitzean duen aurrekontu ahalmenaren menpe egonen da.

13.–Mantentzearen eta funtzionamenduaren bideragarritasun plana.

Bideragarritasun plan bat izanen da herrian egiten diren instalazio eta jarduera guztietarako. Horrek berarekin dakar honako azterlanak egitea:

–Ustiapen edo negozio plan bat.

–Erabilera edo jarduera kopurua instalazio bakoitzeko.

–Mantentze-lanen kostuak.

–Funtzionamenduaren kostuak.

–Kuotek edo erabilerek ekarritako sarrerak.

1.3. Kirol instalazioak ez dira dirulaguntzen xede izanen baldin ezarritako protokoloa bete ez badute eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzako teknikariek onartu ez badituzte.

2.–Helburua.

Eraginpeko eremuko kirol instalazioen plana betetzeko ekintzek ekarritako gastuak ordaintzeko erabiliko da dirulaguntza, 2019ko urriaren 15a arte.

3.–Aurrekontuko kreditua.

3.1. Helburu horietarako 30.000,00 (hogeita hamar mila) euroko zenbatekoa izanen da, deialdiari erantzuteko, honako honen kargura: Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateentzako dirulaguntza, instalazioen planak egiteko” izeneko A50001-A5410-4609-336100 partida ekonomikoa.

3.2. Dirulaguntzen deialdi honetarako esleitutako guztirako kreditua honako atal hauetan banatuko da, 8. oinarrian ezarritako baremoaren arabera:

Banaketa geografikoko multzoak:

ZENBATEKOA

GEHIENEZ ENTITATEKO (euro)

ZENBATEKOA

GEHIENEZ MULTZOKO

(euro)

1. MULTZOA

Eraginpeko populazioa, 1.000 b. gehienez

1.000

2.000

2. MULTZOA

Eraginpeko populazioa, 1.001 eta 7.000 b. artean

2.500

8.000

3. MULTZOA

Eraginpeko populazioa, 7.001 eta 15.000 b. artean

5.000

10.000

4. MULTZOA

Eraginpeko populazioa, 15.000 b. baino gehiago

5.000

10.000

GUZTIRA

30.000

Baldin, behin aurkeztutako eskaera guztiei erantzunda, ez bada betetzen Multzo bakoitzari dagokion zenbatekoa, soberako zenbatekoa hurrengo multzo txikienerako (biztanle kopuru txikiena) erabil daiteke, eta, azkenik, diru kopuru erabilgarririk gelditzen bada, eskaera gehien jaso dituzten multzoetarako erabiliko da, handienetik txikienerako hurrenkeran.

3.3. Toki entitate batek aurreko deialdiren batean xede berarekin eskaera aurkeztu bazuen, aurten aurkezten duen eskaera ez zaio baloratuko harik eta aurrenekoz aurkeztutako eskaera guztiei dagokiena esleitu arte, baldin eta diru erabilgarririk badago.

3.4. Dirulaguntzen banaketa, betiere, kasuan kasuko ekitaldiko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

4.1. Beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen plan bat 1.2 oinarriko protokoloaren arabera egiten duten toki entitateek parte har dezakete dirulaguntzen deialdi honetan.

4.2. Onuradunek hauek bete beharko dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak diren gastuak dira, bakar-bakarrik, 2019an egindako gastu arrunt hauek, betiere diruz laguntzen den deialdiaren xedeari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen plana egiteko jardueren epeari badagozkio.

Baliabide teknikoak eta administratiboak.

–Toki entitateko kirol teknikarien edo administrazioko langileen soldatak eta gizarte segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz laguntzen ahal diren zereginetan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Diruz lagundutako zereginak egiteko, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren aholkularitza teknikorako kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.

Baliabide materialak.

6.–Aurkezteko tokia eta epea.

6.1. Dirulaguntza jasotzeko eskabidea eta hasierako dokumentazioa deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 30 egun natural igaro arte aurkezten ahalko dira, egun hori barne.

6.2. Dirulaguntzetarako eskaerak eta justifikaziorako agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoa erabiliz. Helbide horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

6.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL), ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematika bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

6.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7.–Eskaerak eta hasierako dokumentazioa.

Eskaera egiteko, toki entitate eskatzaileko alkate-udalburuak sinatutako eskabide orokor bat aurkeztu beharko da, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua, II. eranskinean dagoen ereduaren arabera prestatua (eredua Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan dago eskura, baita haren web orrian ere: http://www.deporte.navarra.es).

7.1. Eskabidea (II. eranskina).

7.2. Ziurtagiria, III. eranskineko ereduaren araberakoa (eskura egonen da Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan bai http://www.deporte.navarra.es web orrian), toki entitateko alkate-udalburuak eta idazkariak sinatua, frogatzen duena toki entitateak ez duela urratzen dirulaguntzen onuradun izateko debekurik; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira debeku horiek. Edo, kasua bada, egoki den kontsulta egiteko baimena.

7.3. Planean aztertu beharreko kirol instalazioen zerrenda. II. eranskina.

7.4. Toki entitate eskatzaileko idazkariaren ziurtagiria, alkateak/udalburuak ontzat emana, 2019ko udal aurrekontuan helburu horretarako aurreikusitako zenbatekoa adierazita.

7.5. Entitate laguntzaileen (toki entitateak izan ezik) parte-hartzeko konpromisoak, egoki direnak, V. ereduaren arabera.

7.6. Toki entitate laguntzaileen parte-hartzeko konpromisoak, egoki direnak, IV. eranskineko ereduaren arabera emanak.

7.7. Zerga Ogasunean eta Gizarte Segurantzan datuen kontsulta egiteko baimena. IX. eranskina.

8.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

8.1. Deialdiko dirulaguntzak emateko puntuak esleituko dira, irizpide objektibo hauen arabera:

8.1.1. Eraginpeko biztanleen kopurua. Gehienez ere 5 puntu.

1.000 biztanle arteko toki entitateak

1,00 puntu/200 biztanleko edo zatikiko

1.001 - 7.000 biztanleko toki entitateak

1,00 puntu/1.400 biztanleko edo zatikiko

7.001 - 15.000 biztanleko toki entitateak

1,00 puntu/3.000 biztanleko edo zatikiko

15.001 biztanletik gorako toki entitateak

1,00 puntu/5.000 biztanleko edo zatikiko

Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako azken zentsukoa izanen da entitate bakoitzeko eraginpeko populazioa.

8.1.2. Planean aztertutako udal titulartasuneko kirol instalazio kopuruaren arabera:

Instalaziorik ez

1,00 puntu

1 - 2 instalazio

2,00 puntu

3 - 4 instalazio

3,00 puntu

4 instalaziotik gora

5,00 puntu

Oharra: instalazioen zenbaketan ez dira kontuan hartuko kirol instalazio edo multzo beraren barneko kirolguneak.

8.1.3. Plana prestatzeko ekarritako baliabideen arabera:

–Puntu bat aurreikusitako 1.000 euroko edo zatikiko. Gehienez ere 5,00 puntu.

Ziurtagiri baten bidez frogatuko da. Toki entitate eskatzaileko idazkariarena izanen da, alkateak/udalburuak ontzat emana, 2019ko udal aurrekontuan helburu horretarako aurreikusitako zenbatekoa adierazita.

8.1.4. Planaren eraginpeko edo planean sartutako toki entitateen arabera:

Puntu 1 emanen da toki entitate bakoitzeko. Gehienez ere 5,00 puntu.

Proposatzen den kirol instalazioen plana prestatzen parte hartu duen toki entitate bakoitzeko alkate/udalburuaren erantzukizunpeko aitorpena aurkeztuta frogatuko da.

8.1.5. Plana prestatzen laguntzen duten beste entitate batzuen (klubak, federazioak, ikastetxeak, enpresak, etab.) parte-hartzearen arabera.

–Puntu erdia entitate parte-hartzaile bakoitzeko. Gehienez ere 5,00 puntu.

Oharra: behin eskaerak jasota, horietako bakoitza dagokion multzoan jarriko da, lortutako puntuen hurrenkeran, aurreko balorazio irizpideak aplikatu ondoren.

8.2. Hautaketa, balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa:

8.2.1. Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak hautatuko ditu dirulaguntza jaso dezaketen toki entitateak, oinarri hauetako irizpide eta lehentasunei jarraikiz. Aurkeztutako agiriak baloratu eta aztertuko du, eta egoki diren egiaztapenak eginen ditu.

8.2.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak eskatzaileei.

8.2.3. Oinarri hauetan ezarritakoaren arabera baloratuko dira dirulaguntzaren onuradun izan ahal izateko hautatu diren toki entitateen eskaerak, eta dagoen kontsignazio ekonomikoaren arabera. Horretarako eskaeren zerrenda bat prestatuko da, multzo bakoitzean lehentasun ordenaren arabera aukeratuta.

8.3. Gehienez ere eman daitezkeen zenbatekoak:

a) 1.000 biztanle arteko udalerriak. 1.000 euro gehienez.

b) 1.001 eta 7.000 biztanle arteko udalerriak. 2.500 euro gehienez.

c) 7.001 eta 15.000 biztanle arteko udalerriak. 5.000 euro gehienez.

d) 15.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak. 5.000 euro gehienez.

9.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10.–Antolamendua eta instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetza izanen da.

11.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

11.1. Behin eskaera eta hasierako dokumentazioa 7. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkezturik, eta eranskin honen 8. eta 9. oinarrietan ezarritakoaren arabera baloratu ondoren, dirulaguntza emateko ebazpena emanen da.

11.2. Laguntza eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta interesdunei jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik bi hilabeteko epean gehienez.

11.3. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

11.4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan xedatutakoari jarraituz, deialdi honetako laguntzak emateko ebazpena eta onuradunen zerrenda jakitera emanen dira Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea 2) eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko bulego nagusietako iragarki oholean jarrita (Arrieta kalea 25).

11.5. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Orobat, dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

11.6. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Nolanahi ere, jasotzen diren dirulaguntzen zenbatekoak, bakarka hartuta edo denak batuta, ezin izanen du behin ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

11.7. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntza eskuratzeko.

12.–Frogagiriak.

Egoki diren inprimakiak (IV. eranskina) behar bezala beteta aurkeztuko dira frogagiriak:

2019ko urriaren 15a arte, honako hau aurkeztu beharko da:

1.–Eraginpeko eremu geografikoko kirol instalazioen plana, 1.2 oinarriko protokoloaren arabera egina.

Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak txosten teknikoa eginen du aurkeztutako planaren gainean. 1.2 oinarrian ezarritako protokoloa aplikatzen den egiaztatuko du. Zehazki, egiaztatuko da dirulaguntza emateko lehentasunean aplikatzen diren balorazio irizpide guztiekiko lotura. Aurkeztutako planak ez baditu betetzen baloratutako ezaugarriak, onartutako dirulaguntza ordaintzeari uko eginen zaio. VII. eranskina.

2.–Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehatu eta zenbakitua, baita ordainketa data ere, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira (VI. eranskina). Euskarri informatikoan ere aurkeztuko da.

Jatorrizko fakturak (edo kopia konpultsatuak edo erkatuak) ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak, eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Dokumentazio horren ordez, toki entitateko idazkariak sinatutako eta alkate-udalburuak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena.

3.–Kofinantzaketari buruzko inprimakia. VIII. eranskina.

4.–Gardentasunari buruzko aitorpenaren inprimakia. X. eranskina.

5.–Hornitzaileak aukeratzeko erabakia justifikatzeko inprimakia. XI. eranskina.

6.–Azpikontrataziorako inprimakia. XII. eranskina.

13.–Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

13.1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 12. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

13.2. Ordainketaren ebazpena bi hilabeteko epean emanen da, justifikazioa egiteko epea bukatzen denetik hasita.

14.–Laguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da administrazio honek berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten beste laguntza batzuekin, eta kontuan hartuko da ezen dirulaguntzen zenbatekoak, guztira, ezin direla inola ere izan aurreikusitako jarduketen kostua baino handiagoa.

15.–Betebeharrak.

15.1. Dirulaguntzen onuradunek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

15.2. Diruz lagundutako zereginak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute (VIII. eranskina).

15.3. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte (IX. eranskina).

15.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

15.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

16.–Ez-betetzeak.

16.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

16.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

17.–Gardentasun betebeharrak.

17.1. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, entitate onuradunek gardentasun betebeharrak izanen dituzte, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren bidez arautuak (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen foru dekretua) (X. eranskina).

Urtean 20.000 eurotik gorako dirulaguntza jasotzen duten entitate onuradunek, onetsitako laguntza beren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa bada, honako informazio hau eman beharko diote Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari:

a) Entitateen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunen legezko ordezkariek sinatu beharko dute aipatutako informazioa.

17.2. Aurreko ataleko inguruabarrak ez gertatzeagatik entitate onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, horixe dioen aitorpena aurkeztu beharko du, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzeko unitateari egiaztatu eta ikuskatzeko esleitu zaizkion ahalmenak.

Aitorpen hori aurkeztuta ere, nahitaez onartu behar dira laguntza ematen duen organoaren egiaztapen lanak, eranskin honen 15. oinarrian ezarritakoak.

17.3. Atal honetan aipatzen den informazioa dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzendua.

17.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea ekarriko du berekin, eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17.5. Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikulua).

17.6. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datu pertsonalak jakinarazteko ez da beharrekoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.

17.7. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egongo da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

18.–Azpikontratazioa eta kanpokoen kontratazioa.

18.1. Toki entitate onuradunek zilegi dute diruz lagundutako zereginak azpikontratatzea, guztiz edo partez, eta ez dago horretarako portzentaje-mugarik. Nolanahi ere, onuradunak berak egiten badu dirulaguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da, aplikatzekoa den araudiarekin bat.

18.2. Behin ere ez da kontraturik eginen beste batzuekin, diruz lagundutako zereginen kostua garestitu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

18.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Toki entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

18.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7. artikuluan adierazitako pertsonekin.

19.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki administrazioek, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, ukatu gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

20.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. eranskina.

III. eranskina.

IV. eranskina.

V. eranskina.

VI. eranskina (Excela).

VII. eranskina.

VIII. eranskina.

IX. eranskina.

X. eranskina.

XI. eranskina.

XII. eranskina.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1902804