60. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LOS ARCOS

2019rako egutegi fiskala

Segurtasun juridiko handiagoa bermatzeko, jarraian ematen dira tributuak eta zuzenbide publikoko bestelako diru-sarrerak borondatez ordaintzeko epeak 2019ko ekitaldirako, zein bere ordenantza fiskal edo prezio publikoen arau erregulatzaileetan ezarritakoarekin bat, baita, hala denean, baldintza-agirietan xedatuarekin eta Nafarroako Toki Ogasunen Foru Legean tributuen sortzapenari buruz zehaztuarekin ere. Horretarako kontuan hartuz ez dela banakako jakinarazpena egin beharrik aipatu baliabideotan, zergadunen erregistroetan oinarriturik likidatzen baitira, honako hauei jarraikiz: uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitatearen Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren 77. artikulua eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 86.3 eta 143. artikuluak. Honako hauek dira aipatu epeak:

1. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga: otsailaren 1etik martxoaren 15era.

2. Hiri-lurreko eta landa-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioa: lehenbiziko seihilekoa, ekainaren 1etik 30era; eta bigarren seihilekoa, azaroaren 15etik abenduaren 14ra.

3. Ekonomia-jardueren gaineko zerga: abuztuaren 1etik 30era.

4. Laborantzako loteen adjudikazioak: lehenbiziko seihilekoa, apirilaren 1etik maiatzaren 10era; bigarren seihilekoa, irailaren 1etik urriaren 10era.

5. Herri-lurretako belarren errentamendua: lehenbiziko hiruhilekoa, martxoaren 1etik 31ra; bigarren hiruhilekoa, ekainaren 1etik 30era; hirugarren hiruhilekoa, irailaren 1etik 30era; laugarren hiruhilekoa, abenduaren 1etik 31ra.

6. Haur Hezkuntzako lehen zikloa: hilabete bakoitzaren 5etik 10era.

Helbideratutako likidazioak borondatez ordaintzeko epea bukatu eta gero igorriko dira.

Helbideraturik ez dituzten zergadunek borondatezko epean egin ditzakete ordainketak web-orriaren bitartez, edota transferentzia bidez ere, Los Arcosko Udalak dituen banku-kontuei igorrita.

Borondatezko epe hori iraganik, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 117. artikuluan ezarritako errekargu exekutiboa aplikatuko da (%5) eta premiamendu-bidezko kobrantza egiteko izapideak hasiko dira.

Egindako likidazioen aurka interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa para dezakete, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salan aurkeztua, edo, bestela, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan, bi hilabeteko epean, borondatezko ordainketaren azken egunaren biharamunetik hasita, edo, aitzinetik eta hautara, errekurtso hauetako bat:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, borondatezko ordainketaren azken egunaren biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, borondatezko ordainketaren azken egunaren biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 143. artikuluan ezarritako salbuespen eta berariazkotasunekin.

Los Arcosen, 2019ko otsailaren 28an.–Alkatea, Javier Chasco Abaigar.

Iragarkiaren kodea: L1903029