60. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18E/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 26koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita “Nafarroako gazteei bidaiatzeko dirulaguntzak emateko deialdia, 2019an Europako Batasunaren ezagutza sustatu beharrez”. DDBN identifikazioa: 441687.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua arlo horretako erakunde eskuduna da, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 24. artikuluan (“Gazteak, mugikortasuna eta nazioartekotzea”), ezarritakoaren arabera. Gazteriaren esparruari berariaz heltzeko eskumen hori sendotu egiten dute, alde batetik, Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak, eta bestetik, Institutuaren beraren estatutuek, abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsi zirenek.

Nafarroaren oraina eta etorkizuna garatzeko, funtsezkoa da bizitza publikoan gazteek duten parte hartzea sustatzeko politikak garatzea, bereziki, Foru Komunitatea eragile aktibo duen Europaren eraikuntza prozesuari begira, eta orobat Europako Batasunaren gaietatik Nafarroako interesak edota eskumenak ukitzen ahal dituzten auziei begira, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 68. artikuluan ezartzen denaren arabera.

Azken urteetan Nafarroako Administrazioek bekak arautu eta eman izan dituzte unibertsitate ikasketak egin dituzten gazteei prestakuntza emateko Europako Batasunarekin, mugaz gaineko lankidetzarekin eta, oro har, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kanpo-ekintzari loturiko gaietan.

Orain bidezkoa da Nafarroako gazteen beste sektore batzuengana zabaltzea Europako Batasuneko herrien, lurraldeen eta erakundeen ezagutza, modu erakargarrian, beraien gogoa piztuz, Europaren eraikuntzan eta Nafarroa nazioartera zabaltzeko ekintzan parte har dezaten.

Horretarako, Europako Batasuna, herrialde kideak eta jendeak ezagutzeko aukera Nafarroako gazte gehiagori emanen dioten bidaia-laguntzak emateko oinarriak ezartzen ditu Foru Agindu honek. Bidaia horietan eskuratutako ezagutzak eta bizitutako esperientziak beste gazte batzuekin trukatzeko aukera ere izanen dute, Gazteriaren Atalaren sare sozialen bidez.

Bere eskumenak garatzeko, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari dagokio programak eta dirulaguntzak zuzendu eta kudeatzea, besteak beste. Eginkizun hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren babesean gauzatu behar da; izan ere, haren xedea Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Bidaia-laguntzak gazte nafarrei emateko dirulaguntzen deialdia onartzea, 2019an Europako Batasunaren ezagutza sustatu beharrez.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 9.000 (bederatzi mila) euroko gastua baimentzea, honako honen kargura: Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretako “Europako Batasunean bidaiatzeko bekak” izeneko A50003-A5210-4809-232104 partida ekonomikoa.

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50003-A5210-4809-232104: Europako Batasunean bidaiatzeko bekak

2019

9.000,00

3. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea eta foru agindu honen eranskinean jasotzea.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

6. Foru agindu hau igortzea Gazteriaren Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta atal horretako Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari.

Iruñean, 2019ko otsailaren 26an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Gobernuak antolatu dituen bidaia-laguntzak emateko araubidea ezartzea, 2019an Europako Batasunaren eta bera osatzen duten herrialdeen, lurraldeen eta instituzioen ezagutza gazte nafarren artean sustatu beharrez.

Deialdiaren baliagarritasun publikoa justifikatua dago, gazteen artean nazioarteko kultura sustatzea oso interesgarria baita gizartearentzat, eta gazte horien kultura-arteko ikuspegia hobetuko baita, mugikortasun geografikoa erraztuko duten mekanismoak sustatu eta artikulatuta.

Deialdi honetarako aurrekontua 9.000 eurokoa da, gehienez ere, Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretako “Europako Batasunean bidaiatzeko bekak” izeneko A50003-A5210-4809-232104 kontu-sail ekonomikoaren kargura.

2. Pertsona onuradunak eta baldintzak.

2.1. Gazte nafarrak bidaia-laguntza hauen onuradun izan daitezke, baldin eta bidaiak irauten duen epean indarrean badute Europako Osasun Txartela edo haren ordezko behin-behineko Ziurtagiria eta Europako Gazte Txartela, baldintza hauek betetzen badituzte eskabideak aurkezteko deialdian ezarritako epearen amaieran:

a) 18 urtetik gorakoak eta 24 urtetik beherakoak izatea.

b) Deialdi honetan ezarritakoaren arabera osatutako bidaia-talde bateko kidea izatea.

c) Gizarte Segurantzako nahiz Foru Ogasuneko zerga arloko betebeharrak eguneratuak izatea.

d) Ez izatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekurik.

2.2 Deialdi honi dagokionez, nafarrak izanen dira Nafarroako edozein udaletan administrazio-egoitza duten pertsonak.

3. Bidaia-laguntza.

3.1. Bidaia-talde bateko kide diren pertsonetako bakoitzaren bidaia-laguntza honela osatuko da:

a) Interrail bidaia-txartel bat.

b) Bidaia-aseguru bat.

c) Bidaia-poltsa bat.

3.2. Bidaia-laguntzaren zenbatekoaren kalkulua bidaia-txartela, asegurua eta poltsaren zenbatekoak batuta eginen da, deialdi honetan ezarritako xehetasunei jarraikiz eta aurrekontuek bidea ematen duten neurrian.

3.3. Dirulaguntza hauek bateragarriak izanen dira estatuko, atzerriko nahiz Europako Batasuneko edo nazioarteko bestelako erakunde publiko nahiz pribatuen beste edozein beka edo dirulaguntzarekin; jasotako laguntzen batura jardueraren kostua baino txikiagoa izanen da, inoiz ez handiagoa.

4. Interrail bidaia-txartela: alde-aldeko kostua 300 euro.

4.1. Laguntzaren onuradun guztiek eskuratu beharko dute “Interrail Global Pass Youth” bat, “Hilean 15 eguneko Flexi, 2. klasean” modalitatekoa, bidaia-taldeak proposatutako planaren arabera hilabete batez bidaiatzeko, gehienez hamabost egunez Interrail bidez, Interrailek web orri honetan ezarritako baldintzen arabera: https://www.interrail.eu/es/pases-interrail/global-pass.

4.2. “Interrail Global Pass Youth” pertsonala eta transferiezina da. Bidaia-txartela galdu edo lapurtzeko kasuan, Nafarroako Gobernuak ez du bere gain hartzen horren inolako ardurarik.

5. Bidaia-asegurua: alde-aldeko kostua 100 euro.

Laguntzaren onuradun bakoitzak bidaiatzeko asistentzia-aseguru bat kontratatu beharko du, deialdi honen IV. eranskinean ezartzen diren gutxieneko estaldurak izanen dituena.

6. Bidaia-poltsa: alde-aldeko kostua 350 euro.

Eguneko 35 euroko modulua jartzen da, kontzeptu diruz lagungarri hauek jasotzen dituena: ostatatzea, 10 euro eguneko; mantenua, 18 euro eguneko; museo, erakusketa eta bestelako kultur espazioetarako sarrerak, 7 euro eguneko. Bidaiaren iraupenak 10 egunetik gorakoa izan behar duenez, bidaia-poltsaren azken zenbatekoa 350 eurotan finkatzen da, bidaia-laguntzaren onuradun bakoitzarentzat, eta horren bitartez finantzatuko dira hemen azaldutako kontzeptu diruz lagungarriak, eta ez besterik.

7. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta finantziazioa.

2019ko bidaia-laguntza gehienez 750 eurorena izanen da pertsona onuradun bakoitzarentzat, emaitza hori ateratzen baita “Interrail Global Pass Youth” Bidaia Txartela, bidaia asegurua eta bidaia-poltsaren zenbatekoak batuta, deialdi honetako 6. artikuluan jasotzen denaren arabera.

8. Bidaia-taldea.

8.1. Bidaia-laguntzak eskatzen dituzten pertsonek bidaia-talde batean sartu behar dute. Taldeak gutxienez bi kide eta gehienez sei izanen ditu, eta elkarrekin eginen dute proposatzen duten bidaiaren plana.

8.2. Bidaia-taldeko kideek beraietako bat aukeratuko dute eskabidean, taldearen ordezkari izan dadin.

9. Bidaia-plana.

9.1. Eranskin honetako oinarrien xedearen arabera, bidaia-taldeak bere eskabidean Europako Batasuneko herrialdeetan barna bidaiatzeko plan bat aurkeztuko du, Espainia kanpo dela.

9.2. Bidaia-planak jaso behar du, gutxienez, bi estatu edo hiritako egonaldia, bidaian bisitatu nahi diren Batasuneko estatu kide eta hirien artetik.

9.3. Bidaiak gutxienez 10 eguneko iraupena izanen du eta 2019ko ekainaren 1etik abuztuaren 31 bitarteko epean egin beharko da.

10. Sareetako hedapena.

Bidaia-laguntzaren onuradunek argazkiak, bideoak, testuak, eta abar Gazteriaren Zuzendariordetzara bidaltzeko konpromisoa hartzen dute, hark zabaldu ahal ditzan, bere sare sozialen bitartez, bisitatutako lekuak eta bizi izandako esperientziak.

11. Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

11.1. Eskabideak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dira (Kirolaren Etxea, Navarra Arena Pabiloia, Aizagerria plaza, 31006, Iruña), eta halaber Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere bai.

Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskabidea eta dokumentu erantsiak sinatzen dituen pertsonaren edo pertsonen sinadura elektronikoa beharko da.

11.2. Deialdi honetan eskatzen diren eranskin guztiak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan eta web-orri honetan jaso daitezke: http://www.deporteyjuventudnavarra.es.

11.3. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

11.4. Eskaera Postetxean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Gazteriaren Zuzendariordetzari, mezu elektroniko bat igorriz juventud@navarra.es helbidera, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta eta bertan adieraziz Postetxean aurkeztu den eguna. Bi baldintza horiek bete ezean, dokumentazioa ez da onartuko, eskabidea aurkezteko ezarritako epetik kanpo jasotzen bada.

12. Eskabidea eta dokumentazioa.

12.1. Laguntzak eskatzen dituzten pertsonek, bidaia-talde batean sartuta, beren eskabideak eginen dituzte deialdi honen II. eranskinean (Eskabidea) ezarritako ereduaren arabera. Inprimaki hori bidaia-taldearen ordezkariak aurkeztuko du.

Bidaia-talde bateko kide bakoitza eskabide bakar batean agertzen ahalko da. Kontrako kasuan, bidaia-taldeko kide gisa agertzen den lehenengo eskabidea bakarrik onartuko zaio, eta besteetatik baztertuta geratuko da.

Eskabideak bidaia-taldeko kide guztiek sinatu beharko dituzte.

12.2. Eskabidearen aurkezpenaren ondorioz bidaia-taldeko kide bakoitzak esanbidez baimenduko du erakunde kudeatzailea, honako hauek ofizioz egiaztatu ditzan:

a) Bidaia-taldeko kideen nortasunaren eta bizilekuaren datuak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak eskainitako zerbitzuen bidez, hark jarriko baitu eskura Nortasunaren eta Bizilekuaren Datuak Egiaztatzeko Sistema (SVDI eta SVDR, hurrenez hurren).

b) Zerga-betekizunak eta Segurantza Sozialari dagozkionak beteak dituztela bidaia-taldeko kide guztiek, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Segurantza Sozialaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagirien bidez.

12.3. Bidaia-taldeko edozein kidek aurreko atalean deskribatutako baimenak esanbidez ukatzen dituenean, deialdi honen III. Eranskinean aurreikusitako moduan, eskabidearekin batera aurkeztu beharko ditu:

a) NANaren kopia soila.

b) Erroldatze agiria.

c) Nafarroako Zerga Ogasunarekiko eta Segurantza Sozialaren Diruzaintza Orokorrarekiko zerga-betekizunak beteta dituela erakusten duten ziurtagiriak.

12.4. Aurkeztutako dokumentazioan akats materialik atzematen bada, hamar egun balioduneko epea emanen da zuzenketa egiteko, eta eskatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da ezarritako epean.

13. Prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedatuarekin bat.

14. Antolamendua eta instrukzioa.

Gazteriaren Zuzendariordetza da dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eskumena duen organoa, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren bidez, eta horrek aztertu eta kalifikatuko ditu aurkezten diren eskabideak eta haiei atxikitako agiriak, bidezko zuzenketak egiteko eskatuko du, eta eskabideak baloratzeko behar diren instrukzio egintza guztiak eginen ditu. Halaber, hari dagokio Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari ebazpen proposamena egitea.

15. Dirulaguntza emateko balorazio irizpideak.

15.1. Gazteriaren Zuzendariordetzak, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko harremanen Atalaren bidez, ezarritako betekizunak betetzen dituzten bidaia-taldeen eskabideak puntuatuko ditu, irizpide hauen arabera:

a) Espainia kontuan hartu gabe, bidaiaren planean sartzen diren herrialdeen kopuruaren arabera:

–Bi herrialde: puntu bat.

–Hiru herrialde: bi puntu.

–Lau herrialde: hiru puntu.

–Bost herrialde edo gehiago: lau puntu.

b) Bidaiaren planean sartzen diren hirien arabera, hiri horiek Europako Batasuneko erakunde, organo edo organismoren egoitza direnean, edo bertan sinatu direnean sorrera-hitzarmen garrantzitsuak, esaterako Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa (CECA), Europako Ekonomia Erkidegoa (CEE), Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa (CEEA-Euratom), Europako Erkidegoa (CE) edo Europako Batasuna (UE). Eskabidean agertu behar dira. Puntu bat emanen da hiri bakoitzeko, gehienez bost puntu.

c) Bidaiaren planean sartzeagatik Europako Kulturaren Hiriburu diren hiriak, edo ekitaldiak gauzatzen ari direnak hezkuntza, kultura edo kirolaren arloetan eta publikoarentzat irekiak, bidaia egiteko garaian, deialdi honen 9. oinarrian ezarri den epean, eta eskarian berariaz azaltzen bada jarduera horren egikaritza egiaztatzeko aukera ematen duen web-orrirako esteka: hiri bakoitzeko puntu bat, gehienez bost puntu.

15.2. Balorazioari dagokionez, ez da bisitatzat hartuko bi egun oso baino gutxiagoko egonaldia bidaiaren ibilbideak zeharkatzen dituen hirietan.

Eskabideak ebaluatu ondoren, organo kudeatzaileak:

a) Txosten bat aurkeztuko du egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuz.

b) Eskaerak hurrenkeran aurkeztuko ditu, puntuaketa gehienetik gutxienera agertuta, balorazio-irizpideen arabera. Berdinketa gertatuz gero, a) irizpidean puntu gehien lortu dituen eskabideak izanen du lehentasuna. Hala ere berdinketak jarraitzen badu, b) irizpidean puntu gehien izan duen eskabideak izanen du lehentasuna. Berdinketa hausteko azken irizpidea izanen da c) irizpidean puntu gehien jaso izana. Irizpide horiek guztiak aplikatuta ere, berdinketa balego, zozketa eginen da.

7 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

15.3. Dirulaguntza hartzen ahalko dute bidaia-taldeetan integratutako laguntzek, balorazio irizpideen araberako puntuaketan goitik behera joanez, aurrekontuetako kreditua agortu arte.

Bidaia-talde bateko edo gehiagoko kide guztiei bidaia-laguntza eman ondoren, dirulaguntza gehiago emateko kreditu aski geratuz gero, baina taldeko laguntza guztiak ematerik ez badago, taldeari aukera emanen zaio diru-soberakina hainbanatuta banatzeko talde horretako pertsona onuradunen artean, deialdiko aurrekontua agortu arte.

16. Dirulaguntza emateko ebazpena.

Bidaiaren dirulaguntzak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez emanen dira, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean, eta eskabidea egin duten pertsonei banan-banan jakinaraziko zaie.

Bidaia-laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak modu arrazoituan azalduko die interesdunei emaitza, deialdian ezarritakoaren arabera.

Eskaerak ezetsitzat joko dira ezarritako epean esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

17. Onarpena, uko egiteak edo/eta bajak.

17.1. Pertsona onuradun bakoitzak idatziz onartu beharko du emandako bidaia-laguntza, hamar egun baliodunen epean, emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta.

Laguntzaren onarpenak baimena ematen dio haren organo kudeatzaileari bidaiari buruz taldeko kideek egindako testuak, irudiak, bideoak, etab. bere sare sozialen bidez zabaltzeko.

17.2. Bidaia-laguntzaren pertsona onuradunen esanbidezko onarpenarekin, pertsona horiek guztiek organo kudeatzaileari baimena emanen diote ofizioz egiaztatu dezan Europako Osasun Txartela eta Europako Gazte Txartela indarrean izanen dituztela bidaiak irauten duen bitartean.

Pertsona onuradunen batek esanbidez ukatzen duenean aurreko paragrafoan aipatutako baimena, erakutsi beharko du, dirulaguntzaren esanbidezko onarpenarekin batera, Europako Osasun Txartelaren kopia soila edo, haren ordez, Behin-behineko Ordezko Ziurtagiria, eta Europako Gazte Txartelaren kopia soila, bidaia bitartean indarra izanen dutenak.

17.3. Pertsona onuradunek gal dezakete emandako bidaia-laguntza baliatzeko eskubidea, aurretik ebazpena emanda, honelakoetan:

a) Ez dutenean aurkezten, Oinarri honen 1. atalean ezarritako epean, emandako laguntzaren esanbidezko onarpena.

b) Frogatzen ez denean. Oinarri honen 2. atalean ezarritako moduetako bat erabiliz, Europako Osasun Txartela edukitzeko baldintza edo, haren ordez, Behin-behineko Ordezko Ziurtagiria, eta Europako Gazte Txartela, bidaia bitartean indarra izanen dutenak.

17.4. Laguntza emateko ebazpenaren edo haren esanbidezko onarpenaren ondoren gertatzen diren bajak organo kudeatzaileari jakinarazi behar zaizkio.

Erreserba-zerrendarik egonez gero, zerrenda horretako izangaiek ordezten ahalko dituzte ukapenak edo bajak, ebazpen baten bidez.

18. Bidaia-laguntzaren justifikazioa.

18.1. Laguntzen onuradunek haien xedea eta helburua gauzatu direla justifikatuko dute, agiri hauek aurkeztuz:

a) Bidaiaren egunkari bat, bertan azaldurik, gutxienez, Europako Batasunean bisitatutako herriak, lurraldeak eta instituzioak eta eskuratutako ezagutzak eta esperientziak.

b) Pertsonalizatutako Interrail bidaia-txartela, egindako ibilbidea zehazten duena eta garraio-enpresaren jarlekuaren erreserba, egindako bidaia eta haren iraupena egiaztatzeko aukera emanen duena.

c) Interrail Txartelaren faktura eta ordainagiria, eta bidaia-asegurua eta haren estaldurarena.

d) Bidaia-poltsa moduluen bitartez justifikatuko da, 6. oinarrian azaldutakoaren arabera.

18.2. Bidaia egin dela justifikatzen duen dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan aurkeztuko da, bidaia amaitu eta hurrengo hamabost egun balioduneko epean. Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun baliodunen epean.

18.3. Aurreko paragrafoan ezarritako hamabost egun baliodunen epea iraganik, bidaia egin dela justifikatu ez bada, laguntzaren onuradunari errekerimendua eginen zaio hurrengo bost egun balioduneko epean aurkez dezan justifikatzeko dokumentazioa; ohartarazten zaio, hala eginen ezean, uko egiten diola ulertuko dela, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Zuzendari Kudeatzaileak aurretik ebazpena emanda.

19. Laguntzen ordainketa.

19.1. Frogagiriak aurkeztu ondoren emanen da ordaintzeko ebazpena, 18.1. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

19.2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, ordainketa bakarrean, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikazio egokia aurretik egin bada.

19.3. Bidaia-laguntza gehienez 750 eurokoa izanen da. Egiaz egindako bidaiaren puntuazioa planeatutako bidaiarena baino txikiagoa bada, laguntza jasotzeko eskubidea galduko da. Egiaz egindako bidaiaren puntuazioa planeatutako bidaiarena baino handiagoa bada, jatorrizko puntuazioa eta hurrenkera mantenduko dira. Ordainketa partziala eginen da, egindako bidaia planeatutako bidaiarekin bat etorrita ere, justifikatutako gastuak txikiagoak direnean. Ordainketa partzial hori justifikatzen denaren heinean eginen da. Proportzionaltasun hori ez da aplikatuko aurreikusitakoa ez betetzea halabeharrez gertatu denean.

20. Onuradunaren betebeharrak.

20.1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

20.2. Gainera, bidaia-laguntzen onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Esanbidez onartzea bidaia-laguntza, ezarritako moduan.

b) Europako Osasun Txartela izatea edo, bestela, Behin-behineko Ordezko Ziurtagiria, bidaia bitartean indarrean.

c) Europako Gazte Txartela indarrean izatea bidaia bitartean.

d) Eskabidean proposatutako bidaiaren plana egitea, oinarrietan, deialdian eta emateko ebazpenean zehaztutako epe eta baldintzetan, eta hori justifikatzea ezarritako moduan eta epean.

e) Laguntzen organo kudeatzaileari baimena ematea bere sare sozialetan zabaltzeko testuak, irudiak, bideoak, etab., bidaiaren inguruan taldeko kideek egindakoak.

21. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, honako hauei jarraikiz: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua.

22. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1903139