60. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

22E/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, toki entitateentzako dirulaguntzen deialdia onesten duena gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak 2019an emateko. DDBN identifikazioa: 440730.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak xedatzen du botere publikoen jarduketek, besteak beste, funtsezko helburu hauek izanen dituztela gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezala bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.

Orobat, xedatzen du Nafarroako toki entitateen titulartasunpeko oinarrizko gizarte zerbitzuak, gizarte zerbitzuen sistema publikoaren oinarrizko unitateak izateaz gainera, sistema horretara heltzeko sarbide ere badirela, bai eta hartzaileengandik eta familiaren eta gizartearen esparrutik hurbilen dagoen maila ere. Gizarte zerbitzu horien eginkizunei dagokienez, besteak beste, arreta ematen diete gizarte zerbitzuen aurrean eskariak egiten dituztenei, lehen erantzuna emateko (30.b artikulua), eta gizarte larrialdietako prestazioak kudeatzen dituzte (30.h artikulua).

Nazioarteko ekonomia jasaten ari den krisi ekonomiko eta finantzarioak herritarrengan eta titulartasun publikoko gizarte zerbitzuetan duen eraginaren ondorioz, egoera berriak sortu dira, berehalako erantzuna behar dutenak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, 31.4 artikuluan, aukera ematen die oinarrizko gizarte zerbitzuei oinarrizko laguntzan egiten den esku-hartzea osatzeko, toki entitateek, nork bere lurralde eremuan eta bere eskumenen barrenean, ezartzen dituzten bestelako programa edo jarduketak garatuz.

Toki entitateak zenbait neurri hartzen ari dira gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak emateko, beren udalerrietan bizi diren familia-unitateen presako behar sozialak berehalakoan estaltzen direla bermatzeko asmoz.

Deialdi honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko oinarri arautzaileak ezartzea, toki entitateek gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak banatzeko jarduketak egin ditzaten; izan ere, haien bidez ematen ahal diete lehen erantzuna herritarrek planteatzen dituzten gizarte beharrei.

Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, dirulaguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoak ikusita, agerian uzten dute, hurrenez hurren, oinarrizko gizarte zerbitzuak dituzten toki entitateei horrelako dirulaguntzak ematea egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta bere oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari gizarte gaien arloan eta gizarteratze arloan esleitu zaizkion eskumenak erabiltzea Eskubide Sozialetako Departamentuari dagokio, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatuaren arabera.

Horrenbestez, departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen titular diren toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia eta dagozkion oinarri arautzaileak onestea, gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak kudea ditzaten 2019an. Deialdiaren oinarriak foru agindu honen eranskinetan jaso dira.

2. Guztira, 1.450.379 euroko gastua baimentzea 2019ko gastuen aurrekontuko “Gizarte larrialdietako laguntzak” izeneko 900003 91600 4609 231503 partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentroari eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari igortzea, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko otsailaren 19an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen titular diren toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak kudeatzeko 2019an

Lehena.–Xedea eta helburua.

1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen titular diren toki entitateei dirulaguntzak emateko orduan aplikatuko den araubidea ezartzea 2019ko ekitaldirako, horien bidez gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak kudea ditzaten nork bere eskumenen esparruan.

2. Dirulaguntza horien helburua da Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoei erraztasunak ematea gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak kudeatu ditzaten. Laguntza horiek gabezia ekonomikoak dituzten pertsonentzat dira, zailtasun handiak izaten baitituzte 7.3 oinarrian ezarritako oinarrizko beharrak berehala asetzeko.

3. Familia-unitate bakoitzari ematen zaizkion gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak bateragarriak izanen dira beste prestazio ekonomiko batzuekin, baldin eta horien guztien batura ez bada estali nahi den beharra baino handiagoa, kontuan harturik 7. oinarriko a) eta c) ataletan adierazitako salbuespenak. Ezin dira dirulaguntza hauen kontura egotzi toki entitateek familia-unitateei oinarrizko beharrak asetzeko ematen dizkieten aurrerakinak, baldin eta gizarteratze prozesuaren barrenean alderdiek adostutako akordioaren arabera itzuli behar badira.

Bigarrena.–Definizioak.

1. Gizarte larrialdietako laguntza eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoa: ordainketa bakarreko prestazio ekonomiko bat da, gizarte-bazterketako egoerei aurrea hartzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko behar diren berariazko gastuei (arruntak edo bereziak) aurre egiteko baliabide ekonomiko aski ez duten familia-unitateei ematen zaiena.

Prestazio hauek ondoko ezaugarriak dituzte:

–Helburu zehatz baterako dira, hau da, zertarako ematen diren, hartarako bakarrik izanen dira.

–Pertsonalak eta eskualdaezinak dira, familia-unitate batentzat diren aldetik.

–Berehala tramitatzekoak dira: laguntzak ahalik eta azkarren jasotzeko moduan kudeatuko dira.

–Profesionalen jardunaren osagarri dira, hau da, oinarrizko gizarte zerbitzuak familia-unitatean egiten duen esku-hartzeari laguntzeko neurri bat dira.

2. Bizikidetzako familia-unitatea: foru agindu honen ondorioetarako, bertan sartzen dira eskatzailea eta, hala badagokio, harekin bizi diren pertsona bat edo gehiago, ezkontzaren bidez edo pareko afektibitate-harreman baten bidez elkartuta daudenak, edo bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasunekoa dutenak.

3. Familia-unitatearen baliabide ekonomikoak: Familia-unitateari egozteko moduko diru-sarrerak eta ondarea (ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak).

Familia-unitatearen diru-sarreratzat hartuko dira eskaera egiten denean unitateko edozein kidek eskuratutakoak kontzeptu hauen bidez:

–Besteren konturako lan etekinak edo enpresa edo lanbide jardueren bidezkoak (zenbateko gordinak kontuan hartuta, hau da, Gizarte Segurantzako kotizazioak eta eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik eta antzekoengatik ordaindu beharrekoa kenduta), prestazioak eta pentsioak, eta hilero jasotzen den beste edozein diru-sarrera.

–Ohiko bizilekutik aparteko ondasun higiezinek emandako etekin garbiak (alokairuak, errentak...).

Ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak bosgarren oinarriko 4. eta 5. puntuetan ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

Hirugarrena.–Aurrekontu erabilgarria.

Helburu horietarako, guztira, 1.450.379 euro bideratuko dira, 2019ko gastuen aurrekontuko “Gizarte larrialdietako laguntzak” izeneko 900003 91600 4609 231503 partidaren kargura.

Laugarrena.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3.1 artikuluarekin bat, baldin eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzu baten titularrak badira eta 2019ko ekitaldian aipatu diren jarduketak egiten badituzte edo egiteko asmoa badute.

Eskaerak deialdi honen 1. oinarrian adierazitako xede eta helbururako egokiak izan beharko dira.

Laguntza hauek gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualdean bizi diren pertsonen beharrak estaliko dituzte, betiere toki entitateak 2019ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era arte egin badu ordainketa.

Bosgarrena.–Familia-unitate onuradunek bete beharrekoak.

Familia-unitateentzako gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak jaso ahal izateko, oinarrizko gizarte zerbitzuen ardura da baldintza hauek betetzen diren egiaztatzea:

1) Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izatea, edo bere ardurapean seme-alaba adingabeak dituen 18 urte baino gutxiagoko adingabe emantzipatua.

2) Familia-unitatea erroldatua egotea bere erreferentziako oinarrizko gizarte zerbitzuaren oinarrizko eskualdeko herrietako batean.

3) Eskaera egiten denean familia-unitateko kide guztien hileroko diru-sarrerak, bigarren klausularen 3. puntuan adierazitakoaren arabera kalkulatuak, ez izatea hurrengo eskala progresiboan adierazten diren kopuruak baino handiagoak (familia-unitatearen kide kopuruaren arabera):

FAMILIA-UNITATEKO KIDE KOPURUA

HILEKO DIRU-SARREREN GEHIENEKO
ZENBATEKOAK 2019an

1

1.255 euro familia-unitateko

2

1.506 euro familia-unitateko

3

1.631 euro familia-unitateko

4

1.757 euro familia-unitateko

5

1.882 euro familia-unitateko

6 edo gehiago

2.008 euro familia-unitateko

4) Familia-unitateko kide guztien ondasun higigarriak, eskaera egiten den unean, ezin dira izan azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean ezarritako ondasun higigarri konputagarriak baino handiagoak. Foru lege horren bidez gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautu ziren.

5) Familia-unitateko kide guztien ondasun higiezinen katastro-balioa, ohiko bizilekua kenduta, ezin da izan kide bateko familia-unitateentzako urtebeteko Errenta Bermatua halako hamar baino handiagoa. Baldintza hori ez da bete beharko justifikatzen denean ezinezkoa izan dela ondare hori egitea.

6) Berariazko gastuei aurre egiteko zailtasunak izatea, eta gastu horiek ordaintzea beharrezkoa izatea gizarte-bazterketako egoerei aurrea hartzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko.

Familia-unitate eskatzailea Errenta Bermatua jasotzen ari baldin bada, ulertuko da betetzen duela 3., 4. eta 5. ataletan eskatutakoa.

Seigarrena.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

Zazpigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira, pertsonen gizarteratze eta laneratze prozesua errazten badute eta 2019ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte egiten badira.

2. Kategoria edo azpikategoria bakoitzerako ezarritako diru-muga arteko dirulaguntzak emanen dira. Familia-unitate bakoitzeko, 3.000 euroko diru-muga ezarri da urte osorako.

3. Gastu diruz lagungarriak kategoria hauetako batekoak izan beharko dira:

a) Ostatua.

a.1) Honako hauek ordaintzeko: etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota, etxebizitza partekatuko gela, bestelako ostaturen bat (ostatu-etxea, hotela eta abar), auzokideen elkarteko gastuak.

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, 3.000 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko.

a.2) Etxebizitza berria alokatzeko kontratua, eskatzailearen ohiko bizileku erreal eta benetakoa izan behar duenean, hasierako ordainketa harentzat ohiz kanpokoa denean eta bere baliabide ekonomikoekin etxebizitzaren ohiko ordainketa bermatzen ahal duenean.

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, 2.000 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko.

Dirulaguntzan ezin da egotzi kontzeptu honen konturako gastua, baldin eta laguntza jaso duen familia-unitateak, eskaera egiten den unean, helburu bererako laguntzak jasotzen baditu eta laguntza horiek Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzen duen abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legean araututa badaude.

b) Oinarrizko hornidurak.

b.1) Ur hotzaren hornidura gastuak eta bestelako zerbitzuetakoak (estolderia, zaborrak biltzea eta abar).

b.2) Argindarra, gasa, berokuntza, ur bero zentrala eta bestelako erregaiak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasoila eta abar).

b.1) eta b.2) kontzeptuen konturako gehieneko laguntza, urtean eta bi atalak baturik, 800 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko.

b.3) Oinarrizko horniduren kontratuen altak ohiko bizilekuan; altaren kostuaren kopurua emanen da gehienez ere.

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, 2.000 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko.

Ez dira sartzen komunikazio eta informazio gastuak.

c) Elikadura eta higienea.

c.1) Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (norberaren eta etxeko higienerako oinarrizko gaiak).

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

1 pertsona

500 euro urteko eta familia-unitateko

2 pertsona

700 euro urteko eta familia-unitateko

3 pertsona

940 euro urteko eta familia-unitateko

4 pertsona

1.220 euro urteko eta familia-unitateko

Dirulaguntzan ezin da egotzi kontzeptu honen konturako gastua, baldin eta laguntza jaso duen familia-unitateak, eskaera egiten den unean, azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean araututako Errenta Bermatua jasotzen badu.

d) Prestakuntza eta gizartean eta lan munduan sartzea.

d.1) Gizarteratze eta laneratzea prozesuaren barnean norbera gaitzeko arautu gabeko prestakuntza jardueretan eta/edo laneratze eta gizarteratze jardueretan parte hartzeko diren gastuak.

Gehienez ere 800 euro urtean familia-unitate bakoitzeko.

e) Oinarrizko beste premia batzuk.

Atal honetan jasoko dira aurreko ataletan zehaztu gabeko laguntzak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren balorazio teknikoaren bidez justifikatzen bada horiek eman egin behar direla.

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

1 pertsona

500 euro urteko eta familia-unitateko

2 pertsona

700 euro urteko eta familia-unitateko

3 pertsona

940 euro urteko eta familia-unitateko

4 pertsona

1.220 euro urteko eta familia-unitateko

Zortzigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzuari zuzenduak. Eskatzaileek Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroetan aurkezten ahalko dituzte proposamenak (González Tablas kalea 7, 31005 Iruña), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein lekutan (urriaren 1eko 39/2015 Legearen xedapen indargabetzaile bakarra).

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdeko idazpuruan garbi agerrarazteko bulegoaren izena eta eguna, tokia eta ordua (minutuak eta guzti).

Eskaera Erregistro Orokor Elektronikoan aurkezten ez bada, entitate eskatzaileak Oinarrizko Laguntzaren eta Laguntza Komunitarioaren Atalari lehenbailehen adierazi beharko dio eskaera bidali duela. Horretarako, posta elektronikoa erabiliko du (dgasaprimaria@navarra.es).

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Bederatzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta, honako agiri hauek erantsirik aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea, berariaz prestatutako ereduaren araberakoa (ikus II. eranskina). Eredua Eskubide Sozialetako Departamentuko oinarrizko gizarte zerbitzuen web-orriaren Komunikazio Atarian eskuratu daiteke.

b) Gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak emateari buruz 2019. urtean indarra duen ordenantzaren kopia, toki entitateak horrelakorik badu.

c) Entitate eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jotzen duen zeinahi agiri.

Hamargarrena.–Antolatu eta instruitzeko prozedura.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratze-lanaren Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean atzera egiten duela ulertuko dela:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez agertzea, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak eta hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako kasuetako edozein.

Eskatutako agiriak aurkeztu ezean, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarri bezala.

Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari lotutako kasu guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoaren balorazioa eta zehaztapena.

1. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, III. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Dirulaguntzarako eskaera aintzat hartua izateko, proposamenak gutxienez 30 puntu lortu beharko ditu.

3. Ematen den dirulaguntza entitateak eskatutakoa izanen da.

4. Onesten diren eskaeren balorazioaren ondorioz guztira emateko ateratzen den diru kopuruak aurrekontuko diru-izendapen erabilgarria gainditzen duenean, toki entitate onuradun bakoitzari eman beharreko kopurua mugatuko da, IV. eranskinean ezartzen den bezala adierazleen arabera hainbanatuta.

Hamabigarrena.–Alegazioen tramitea.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

Hamahirugarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.

2. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: dirulaguntzak zer entitateri esleitu zaizkien, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Hamalaugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Oro har, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko dira dirulaguntzak, jarduera egin dela justifikatu ondoren 16. oinarrian adierazi bezala. Ordainketa partzialak onartzen badira, horiek gastuak justifikatu ahala emanen dira.

2. Ordainketa aurreratua egitea onar dezake organo laguntza-emaileak, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik eduki beharra justifikatzen baldin bada. Horretarako, entitateak behar hori justifikatzen duen txostena aurkeztuko du, non une horretan entitateak banku-kontuetan dituen saldoak agertuko baitira, ekitaldi horretako diruzaintzaren fluxua, edo, bestela, diruz lagundutako jarduera ez geldiarazteko edo hasteko dirua behar dela frogatzen duen edozein agiri.

3. Ordainketa aurreratua egitea bidezkoa den kasuetan, honela jokatuko da:

a) Ematen den dirulaguntza 60.000 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, ordainketa bakarrean ordainduko da dena, aurrerakin gisa.

b) Onartutako dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, honela ordainduko da: Guztirako zenbatekoaren %50 hasierako ordainketa batean, eta gainerako %50a, gastuak eta kofinantzaketa, horrelakorik bada, justifikatu ondoren.

Hamaseigarrena.–Dirulaguntza justifikatzea.

1. Entitate onuradunek honako agiri ekonomiko eta tekniko hauek aurkeztu beharko dituzte diruz lagundutako jarduerak gauzatu dituztela justifikatzeko, inprimaki ofizialetan betiere:

a) Entitatearen fede publikoa daraman idazkariaren edo pertsonaren ziurtagiria, emandako dirulaguntzaren guztirako gastuari eta entitatearen ekarpen ekonomikoari buruzkoa; ziurtagiri horri eredu normalizatuaren araberako zerrenda bat gehituko zaio, non honako hauek azalduko baitira: pertsona onuradunen espediente zenbakia, emandako gizarte larrialdietako laguntzen kontzeptuak eta haien zenbatekoak, eta 5. oinarrian adierazitako baldintzak betetzen direla. Gainera, berariaz adierazi beharko da familia-unitate bakoitzari tramitatutako/emandako diru zenbatekoak, beste laguntzekin batera konputatuta, ez duela gainditzen estali beharreko beharren kostu erreala.

Ziurtagiria eta kudeatutako laguntzen zerrendak Tramit@ aplikazioaren bidez lortzen ahal dira.

Dirulaguntzaren azken ordainketa jasotzeko edo, kasua bada, dirulaguntza osorik jasotzeko eskubidea ematen duen aurkezpena egiteko azken eguna 2018ko azaroaren 30a izanen da.

b) Diruz lagundutako jarduketen gaineko azken txosten teknikoa, prestatutako ereduari jarraikiz egina. Txosten horretan jasoko dira, gutxienez, egindako jarduketen laburpena, gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak eman arte igarotako batez besteko denbora, eta proposatutako adierazleen araberako ebaluazioa, zenbateraino bete den ikusteko.

Txostenaren azken eguna 2019ko azaroaren 30a izanen da.

c) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako programaren gauzatze edo martxa onaren berri emateko.

2. Gizarte larrialdietarako eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzeko ematen diren laguntza guztiek gastu eta ordainketen frogagiriak beharko dituzte, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko. Horrek laginen bidez berrikusten ahalko ditu. Frogagiriak fakturak izanen dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, dirulaguntza emateko banakako espedienteetan artxibatuta egon beharko dute. Horiek guztiak jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak izanen dira.

3. Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe dirulaguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera horren bidez entitateak adieraziko du itzuli duen zenbatekoari uko egiten diola.

Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatuko dion ordainketa-gutunaren bidez eginen da itzulketa.

Hamazazpigarrena.–Hornitzaileen kontratazioa eta azpikontratazioa.

1. Entitate onuradunak ezin izanen du hirugarrenekin azpikontrataziorik egin dirulaguntzaren xedeko jarduera osorik edo hein batean gauzatzeko. Onuradunak berak egiten badu dirulaguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Hemezortzigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematea eragin duten jarduerak eskaeraren eta, halakorik bada, eskaera aldatuaren arabera gauzatzea, baita deialdi honetako oinarrien, baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera ere, eta kontzeptu honetarako esleitutako funtsak hartarako baino ez erabiltzea.

b) Larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak ematea balorazio soziala egin ondoren, eta tokian tokiko oinarrizko gizarte zerbitzuko gizarte-langileak proposatuta. Espresuki adierazi beharko da familia-unitate bakoitzari tramitatu/eman zaion zenbatekoak ezin izanen duela inoiz beharraren kostu erreala gainditu, beste laguntza batzuekin baturik.

c) Laguntzak ahalik eta lasterren tramitatu eta ordaintzea, interesdunak oinarrizko gizarte zerbitzuari beharraren berri ematen dionetik kontatuta.

Ordainketa banku-entitate baten bidez egiten bada, familia-unitate eskatzaileak jakitera ematen duen banku-kontuan eginen da, salbu eta familia-unitateak berariaz baimentzen badu beste pertsona edo entitate baten kontuan egitea, hots, zorra pertsona/entitate harekin duelako edo laguntzaren xedeko beharrak hark estali behar dituelako.

d) Larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak oinarrizko gizarte zerbitzuetatik kudeatzea, Tramit@ aplikazio informatikoaren bidez, hala laguntzak erregistratzeko orduan, nola gastua justifikatzean. Aplikazio horretan sartzeko baimenak, horren gaineko prestakuntza eta funtzionamenduan gertatzen diren gorabeherak konpontzeko lanak Eskubide Sozialetako Departamentuak kudeatuko ditu.

e) Diruz lagundutako jarduketak gauzatu direla eta horietan izandako gastu guztiak justifikatzea 16.1 oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztuz.

f) Egiaztapen lan guztiak onartzea, hala dirulaguntza ematen duen organoak egiten dituenak nola indarreko ordenamendu juridikoaren arabera horretarako eskumena duten gainerakoek egiten dituztenak, eta horretarako eskatzen zaizkien agiri guztiak aurkeztea.

g) Dirulaguntza nork eman duen adieraztea jarduketen zabalkundean eta publizitatean, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat. Hala, entitateek foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orokorrak eta 4.1.b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte.

h) Helburu bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu eta/edo lortu badira, horren berri ematea dirulaguntzak ematen dituen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

i) Programa gauzatu ezin bada edo dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua itzultzea, edo, justifikatu gabeko zatirik bada, hari dagokiona.

j) Jasotzen diren bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa finkatzeko kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri ematea Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari. Betiere, funtsezkoak diren aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.

k) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

l) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

Hemeretzigarrena.–Gardentasun betebeharrak.

Entitate eskatzaileak behartuak daude Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako gardentasun betebeharrak betetzera, zehazki, urtebeteko epean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du noiz eta Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiek unitate kudeatzaileari beharrezkoa den informazio guztia emateko betebeharra izanen dute, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, horrek gardentasun eskakizunak bete ditzan, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotakoarekin bat.

Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, isun hertsatzaileak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari oharra egin eta entzunaldia eman ondoren. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Hogeigarrena.–Jarraipena.

Instrukzio organoak diruz lagundutako jarduketen segimendu eraginkorra egiteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, eta entitateak horretarako ematen zaion epearen barrenean aurkeztu beharko du.

Hogeita batgarrena.–Ez-betetzeak.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, jarduketak gauzatzen ez badira, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

2. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

3. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Diruz lagundutako programaren arlo teknikoa eta aurrekontua zenbateraino bete den.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Txostenak epetik kanpo aurkezten direnean, zenbat egun iragan diren.

4. Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari.

Hogeita bigarrena.–Deialdiaren eta bere oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Foru agindu honen kontra, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Hogeita hirugarrena.–Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi hau Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz egin da; beraz, oinarri arautzaileotan jasota ez dagoen guztian, lege hori oso-osorik bete beharko da.

II. ERANSKINA

Dirulaguntzarako eskabidea (PDFa).

III. ERANSKINA

Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak

Eskaera bakoitzak 100 puntu lortzen ahal ditu, gehienez.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, entitateek gutxienez 30 puntu lortu beharko dituzte, honela banatuak:

1. Toki entitateek lehendik araudi bat izatea larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak arautzeko:

–Udal ordenantza arauemailea badago: 25 puntu. Eskabide-orrian ordenantza badutela adierazi beharko da, eta kopia bat erantsi.

–Udal ordenantza arauemailerik ez badago: 0 puntu.

2. Laguntzak tramitatu eta kudeatzeko kalkulatzen den batez besteko denbora, laguntza eskatzen denetik familia-unitateari ordaindu arte.

–5 lanegun gehienez: 25 puntu.

–6-15 lanegun bitarte: 15 puntu.

–16 egun edo gehiago: 10 puntu.

Eskabide-orrian laguntzak tramitatu eta kudeatzeko batez besteko denbora adierazi beharko da.

3. Ebaluatzeko adierazleak.

Entitate eskatzaileak ebaluazioa egiteko aurreikusitako adierazleetatik zein aukeratzen duen adierazi beharko du:

–25 puntu, adierazitako guztiak aukeratzeaz gainera, adierazle gehiago ere proposatzen baditu.

–15 puntu, adierazitako guztiak aukeratzen baditu.

–10 puntu, gutxienez adierazle kuantitatibo bat eta adierazle kualitatibo bat aukeratzen baditu.

4. Xede berberetarako dirulaguntza jaso zuen azkeneko deialdian exekutatutako gastuaren portzentajea.

–Emandako dirulaguntzaren %100 exekutatu bada: 25 puntu.

–Emandako dirulaguntzaren %51tik %99ra bitarte exekutatu bada: 15 puntu.

–Emandako dirulaguntzaren %50ean edo hortik behera exekutatu bada: 10 puntu.

IV. ERANSKINA

11.4 oinarria aplikatzeko adierazleak

11.4 oinarria aplikatuko da honako adierazle hauek oinarrizko eskualde bakoitzean duten garrantziaren batezbesteko haztatua kalkulatuz:

–2018an Errenta Bermatuaren prestazioa hartu duten familia-unitateen kopurua (%50).

–2018an urtean batez beste langabezian egon diren pertsonen kopurua (%50).

Iragarkiaren kodea: F1902672