60. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

46/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 12koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira “Alokairu Poltsa” izeneko etxebizitza programan sartzeko Navarra de Suelo y Vivienda SAri (NASUVINSA) etxebizitza lagatzen dioten etxejabeei dirulaguntza emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 441177.

Espainiako Konstituzioaren 47. artikuluak aitortzen du espainiar guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dutela eta horrek, halaber, botere publikoei esleitzen die eskubide hori gauzatzeko zeregina.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan ezartzen denez, Nafarroako Foru Komunitateak etxebizitzari buruzko eskumena dauka eta, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aplikatuz, etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubide konstituzionala bermatzeko behar diren neurriak hartzen ditu.

Lege horren 13. artikuluak Alokairu Poltsaren programa aurreikusten du, zeinaren bidez etxebizitza hutsak dituzten etxejabeek NASUVINSAri lagatzen dizkioten, ondoren arrazoizko prezioetan errentan emateko.

Egiaztatu denez etxebizitza babestuaren eskaintza ez dela nahikoa eskaera osoari erantzuteko, ekimen honen bidez Alokairu Poltsako etxebizitzen eskaintza nagusitu edo sustatu nahi da. Beraz, foru agindu honen xedea da Alokairu Poltsan sartzeko eta ondoren arrazoizko prezioetan beharra duten pertsonei eta familiei errentan emateko etxebizitza hutsa lagatzen duten etxejabeei laguntza ekonomiko zuzenak, ordainketa bakarrekoak, emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, espedienteak tramitatu eta ebatziko baitira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak ikusirik, non agerian gelditzen baita laguntzak ematea egokia eta interes sozialekoa dela eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, eta ikusirik, orobat, Nafarroako Gobernuaren 2019ko otsailaren 6ko Erabakia, laguntza hauek banakako ebaluazio araubidearen bitartez tramitatzea baimentzen duena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Alokairu Poltsa” izeneko etxebizitza programan sartzeko Navarra de Suelo y Vivienda SAri (NASUVINSA) etxebizitza lagatzen dioten etxejabeei dirulaguntza emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Deialdiaren testua foru agindu honen I. eranskinean erantsi da.

2. 200.000 euroko gastua baimentzea 2019ko gastuen aurrekontuko “Alokairu Poltsari atxikitako etxebizitzen jabeendako dirulaguntzak” izeneko 900007-91200-4809-261402 partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari, Etxebizitza Zerbitzuari, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak departamentuan duen delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2019ko otsailaren 12an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, etxebizitza alokairu poltsarako lagatzen duten etxejabeei dirulaguntza emateko

Lehena.–Erabilera publikoko xede eta helburua.

Oinarri hauen helburua da etxejabe partikularren etxebizitzak lortzeko dirulaguntzen arauak ematea, etxebizitza horiek Alokairu Poltsan sartzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legearen 13. artikuluak xedaturikoarekin bat.

Etxebizitzak errentan eta arrazoizko prezioetan eskuratzeko eskari handia dago, hazten ari da gainera eskaria, Alokairu Poltsaren bidez etxebizitza hutsak lortzeak ez baititu erdiesten bilatzen ziren helburuak. Areago, Nafarroan alokairuen prezioak igoera nabarmena izan du.

Premia hori asetzea da gaur gaurkoz Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politikaren zeregin nagusia. Hori dela kausa, neurri sorta bat hartu da eskura dauden etxebizitzen parkea zabaltzeko eta arrazoizko prezioetan errentan emateko. Baina emaitzak ez dira esperotakoak izan.

Horregatik, dirulaguntza honekin xedea da sustatzea NASUVINSAri etxebizitzak lagatzea, “Alokairu Poltsa” izeneko etxebizitza programan sartzeko. Erabilera publikoko xedea da etxebizitzak errentan eta arrazoizko prezioetan eskuratzeko dagoen eskari handiari hobeki erantzun ahal izatea.

Bigarrena.–Onuradunak eta diruz lagungarria den jarduketa.

Laguntzen onuradun izanen dira NASUVINSArekin (hura baita Alokairu Poltsaren organo kudeatzailea) etxebizitza lagatzeko kontratua sinatzen duten etxejabeak, Alokairu Poltsan sartua izan dadin, betiere etxebizitza gehienez ere hiru hilabeteko epean alokatzen bada, alde batera utzi gabe bederatzigarren klausulan ezarritakoa.

Hirugarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Deialdiaren zenbatekoa 200.000 eurokoa da. Diru hori 2018ko gastuen aurrekontuko “Alokairu Poltsari atxikitako etxebizitzen jabeendako dirulaguntzak” izeneko 900007-91200-4809-261402 partidan izanen da eskuragarri.

3.2. Etxebizitza bakoitzaren titularrak dirulaguntza gisa jasoko duen zenbatekoa NASUVINSArekin adosturiko errentaren hiru hileko kuotaren baliokidea izanen da, eta ordainketa bakarrean ordainduko da.

3.3. Etxebizitzaren titularrari hileko errenta gisa ordaindu beharreko kopuruak zehazteko, prezio hauek ezartzen dira:

UDALERRIAK

ETXEBIZITZA

GARAJEA

TRASTELEKUA

Iruñerria, Tutera, Lizarra eta Tafalla

5 euro/m² erabilgarri

50 euro

2 euro/m² erabilgarri

10.000 biztanletik beherako beste udalerri batzuk

4 euro/m² erabilgarri

30 euro

1 euro/m² erabilgarri

Prezio horiek zehaztu ziren Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiaren abenduaren 14ko 2354/2018 Ebazpenaren bidez onetsi zenean NASUVINSAri esleitzea erabilitako etxebizitzak alokatzeko programa garatzeko lanak 2019rako, aurkezturiko proposamenarekin eta klausula arauemaileen agiriarekin bat.

Etxebizitzaren titularrari hileko errenta gisa ordaindu beharreko gehieneko zenbatekoa erdietsiko da taulan adierazitako prezioak bider etxebizitzaren metro baliagarriak egitean (90 metro gehienez ere), gehi garaje bakar bati dagokion zenbatekoa (halakorik balego) eta gehienez ere 15 metro baliagarriko trastelekua. Zenbateko hori bider hiru izanen da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. NASUVINSAk ondoren etxejabeei hileko errenta gisa ordaintzen dien prezioan gertatzen diren gorabeherek inola ere ez dituzte aldatuko hemen dirulaguntza gisa ezarrita dauden zenbatekoak.

“Iruñea eta Iruñerria” izeneko multzoan sartutako udalerriak Iruña bera eta Nafarroako Lurralde Estrategiako 10. eremuko 10.4 azpieremuan dauden udalerriak dira (Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur, Eguesibar, Galar, Uharte, Noain (Elortzibar), Oltza, Orkoien, Iruña, Atarrabia, Zizur Nagusia).

Laugarrena.–Onuradunen baldintzak

Dirulaguntza jasotzen duten pertsonek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Pertsona fisikoak eta adinez nagusiak izatea, bere buruari beharkizunak jartzeko gaitasunarekin.

b) Beren jabetzako etxebizitza lagatzeko kontratua sinatu izana NASUVINSArekin, etxebizitza Alokairu Poltsan sartzeko. Frogatzeko, eskabidean kontratuaren kopia aurkeztu beharko da.

c) Eskabidea 90 egun naturalen barruan egitea, etxebizitza lagatzeko kontratua NASUVINSArekin sinatu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Eskaera aurkeztu arren aurrekontua agortzearen ondorioz dirulaguntza aurreko deialdiko aurrekontuaren kargura ematea ezinezkoa izan den kasuetan, eskaera horiek deialdi honetan aurkeztutzat joko dira, eskaerak sartzeko hurrenkerari zorrotz jarraituz.

d) Salmenta eta errenta prezioan mugarik ez duen etxebizitza baten titularrak izatea. Salmenta eta errenta prezioa mugatua duten babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, bost urte iragan beharko dira behin betiko kalifikaziotik, oinarri hauek osorik edo laburturik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik.

e) Eguneratuak izatea Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak eta zerga arlokoak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzekoak ere.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko gainerako betebeharrak betetzea.

Bosgarrena.–Laguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak banakako ebaluazio sistemaren bidez emanen dira, eskabideak aurkezteko ordenari zorrozki jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, eta osoki ordainduko dira baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak, kreditu erabilgarria agortu arte.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1. Laguntza-eskabideak, eskatzaileak eta, zein den kasua, bere ordezkariak bete eta sinatuak, eredu normalizatuan aurkeztuko dira (II. eranskinean dago), eskatzen den dokumentazioarekin batera.

2. Eskabideak aurkezteko epea 2019ko abenduaren 2an bukatuko da. Eskabideak Etxebizitza Zerbitzuaren Erregistroan (Alondegi kalea 1, 1.a, 31002 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako tokietan aurkez daitezke, Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduta.

3. Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun baliodunetan okerra zuzendu dezan, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozedura antolatzeko eginkizunak, eta eskaeren ebaluazioa ofizioz egin beharko du, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

Zortzigarrena.–Ebazpena.

Dirulaguntzak Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak hala proposaturik (azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikulua, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikulua eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren 4. artikulua). Eskabidearen sarrera datatik hiru hilabeteko epean arrazoitutako ebazpena eman beharko du. Aipaturiko epean berariazko ebazpenik ez bada, ezetsita geldituko da eskabidea, bederatzigarren klausulan ezarritakoari deusetan kalterik egin gabe.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza nola eta noiz ordainduko den.

Behin dirulaguntzak ematea erabaki dela, ordainketa ofizioz eginen da, ordainketa bakarrean, Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak hala proposaturik (Nafarroako Foru Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikulua, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat), behin NASUVINSAren eta dagokion maizterraren artean sinaturiko errentamendu kontratua ikus-onetsita dagoenean.

Ez da dirulaguntza ordainduko errentamendu kontratua 2019ko abenduaren 20a baino beranduago aurkezten bada ikus-onetsia izateko. Egun horretarako dirulaguntza emateko ebazpena ez duten eskaerak baztertutzat joko dira.

Prozedura hasten duen eskaera aurkeztu eta hiru hilabete iragan direnean ez bada errentamendu kontratua aurkeztu administrazioaren ikus-onespenerako, ez da dirulaguntza ordainduko.

Hamargarrena.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntza bateraezina da berak edo beste erakunde batzuek etxebizitza hutsak programa publikoen bidez merkaturatzea eta errentamenduan paratzea errazteko eman ditzaketenekin.

Hamaikagarrena.–Onuradunaren betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Etxebizitza NASUVINSAri bost urte eta sei hilabeteko tarterako laga beharko zaio. Maizterrak etxebizitza uzten badu lagatze kontratuko hiru urteko epea iragan aurretik, etxebizitzaren titularrak lagatze kontratu berri bat sinatu beharko du, berriz ere bost urte eta sei hilabeteko tarterako. Bestela, jasotako dirulaguntza itzuli beharko du, oso-osorik.

Hamabigarrena.–Itzulketa.

Onuradunak oinarri hauetan berariaz ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako kausak gertatuz gero, hartutako diru kopurua itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoen araubidea.

1. Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da Administrazio Publiko ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, jakinarazi eta hilabeteko epean, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Eskubide Sozialetako Departamentuak etxebizitza gaietarako informazio webgunean (www.vivienda.navarra.es) argitaratuko ditu 2019. urtean zehar emandako dirulaguntzak, onuradunak (IFZ eta izen-deiturak) eta jasotako kopurua behar bezala identifikaturik.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

II. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1902489