60. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, sukaldari lanpostuan (C maila/taldearen parekoa) aritzeko izangaien bi zerrenda oposizio-lehiaketa bidez osatzeko, bata prestakuntzarako eta bestea aldi baterako kontratuarekin aritzeko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren

Alkatetzaren otsailaren 14ko 356/2019 Ebazpenaren bitartez, deialdia eta oinarriak onetsi ziren sukaldariaren lanpostuan (C maila/taldearekin parekatuan) aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda bat eratzeko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren, zerrenda eratu eta ondoko bi urteetan.

Oposizio hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta ondoko oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:OINARRIAK (I. eranskina)

I.–Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak

1.–Izaera: aldi baterako kontratatzeko langileak/prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko langileak.

2.–Izena: sukaldaria (C maila/taldearekin parekatua).

3.–Kokapena egitura organikoan: Hiri Bizitzaren Kalitaterako Alorra (Hezkuntza).

4.–Bete beharreko eginkizunak: bete beharreko eginkizunetan sartuko dira dagokion haur eskolako haurrendako eta langileendako janari osasuntsua eta orekatua eskaintzeko ardurari dagozkion guztiak, bai eta emanen duen zerbitzuari berez dagokion beste edozein ere.

II.–Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuan sukaldariaren lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko zerrenda eratzeko

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da aldi baterako kontratazioaren bitartez sukaldariaren lanpostuan aritzeko zerrenda bat eratzea, oposizio-lehiaketa bidez, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzuteko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1.–Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea. Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartu ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude, eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Sukalde Zuzendaritzako goi mailako teknikariaren titulua edo Jatetxe arloko goi mailako teknikariarena (Ostalaritza eta Turismoko lanbide arlokoa) edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

D) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean elikagaiak erabiltzeko karneta izatea, edo hura eskuratzeko baldintzetan egotea.

E) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

F) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

G) Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2.–Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

2.3.–Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Kopia konpultsatuak aurkeztuko dira horretarako. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

2.4.–Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat, IV. apartatuan zehazten baitira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoari jarraituz, haren bitartez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraituz ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

III.–Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuko sukaldari gisa prestakuntzan aritzeko izangaien zerrenda eratzeko

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da sukaldari lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat oposizio-lehiaketa bitartez eratzea, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1.–Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Udal honen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C, D edo E mailakoa.

B) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Sukalde Zuzendaritzako goi mailako teknikariaren titulua edo Jatetxe arloko goi mailako teknikariarena (Ostalaritza eta Turismoko lanbide arlokoa) edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

D) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean elikagaiak erabiltzeko karneta izatea, edo hura eskuratzeko baldintzetan egotea.

E) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten sukaldari lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu.

2.2.–Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta aldi baterako kontratuak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat, IV. apartatuan zehazten baitira.

4.–Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dituzte, Osoko Bilkurak hartutako erabaki horretan ezarritakoari jarraituz, bai eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoari jarraituz ere.

IV.–Bi deialdietarako arauak

1.–Eskabideak.

1.1.–Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo El Frontón kalea, 1) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

1.2.–Eskabideak aurkeztuko dira deialdi honen III. eranskineko ereduari jarraituz, aldi baterako kontratazioetarako izangaien kasuan, eta IV. eranskineko ereduari jarraituz, berriz, formakuntzarako zerbitzu berezietan ari diren izangaien kasuan. Ereduak HLZ-Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskuratu ahalko dira (Plaza Vieja, 1) edo Escós Catalán kaleko 1 zenbakiko bulegoetan, bai eta internet bidez ere, www.tudela.es helbidean. Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

1.3.–Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren bat.

–Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

1.4.–Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

Izangaiei oroitarazten zaie ezen, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenaren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko dela, baldin eta hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

1.5.–Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.6.–Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzendu ahalko dira, noiznahi ere.

2.–Izangaien onarpena.

2.1.–Onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak onartu eta baztertuen zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Udalaren iragarki-taulan (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es web-orrian argitara dadila aginduko du. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

2.2.–Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1.–Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Silvia Cepas Medina, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: José Ángel Andrés Gutiérrez, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Mahaikidea: Elena Barea Serrano, “Santa Ana” 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako Ikastetxeko zuzendaria.

Ordezko mahaikidea: Teresa Gil Galarreta, “María Reina” 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako Ikastetxeko zuzendaria.

Mahaikidea: Mª Ángeles León Barrero, Santa Ana 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako Ikastetxeko sukaldaria.

Ordezko mahaikidea: Mª Jesús Laplaza García del Pozo, Santa Ana 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako Ikastetxeko sukaldaria.

Mahaikidea: M.ª Paz Urdániz Hernández, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezko mahaikidea: Marta Burgos Ausejo, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Idazkaria: Belén Serrano Cornago, Langileen ataleko administrari-ofiziala.

Ordezko idazkaria: Jesús Miguel Zueco Sánchez, Langileen ataleko administrari-ofiziala.

3.2.–Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo dei egileari hala adierazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasota dauden arrazoiak suertatzen direnean. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

3.3.–Epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak egiteko eguna, ordua eta tokia finkatuko ditu eta argitara emanen, behar den denboraz. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

3.4.–Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

3.5.–Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emaemanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: oposizioa.

4.1.–Hautapen prozesua oposizio bidez gauzatuko da.

4.2.–Oposizioaldia:

Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

–Lehen ariketa: teorikoa eta praktikoa. Deialdiko II. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 45 galderari idatziz erantzutea. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Okerrengatik puntuak kenduko dira. Lehen ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 60 minutu izanen dituzte.–Bigarren ariketa: buruz buruko elkarrizketa.

4.3.–Oposizioko ariketen balorazioan 50 puntu lor daitezke gehienez, honela banatuak:

–Lehen ariketa: gehienez 45 puntu.

–Bigarren ariketa: gehienez 5 puntu.

4.4.–Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Baztertuta geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak. Bigarren ariketa ez da baztergarria izanen.

4.5.–Lehenengo ariketa plika sistemaren bidez eginen da.

4.6.–Epaimahaiak erabaki dezake lehenbiziko eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea. Hala gertatuko balitz, epaimahaiak horretarako antolakuntzarik hoberena xedatuko luke.

4.7.–Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaituta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udaleko iragarki-taulan, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda www.tudela.es helbidean ere kontsultatu ahalko da, “Lan eskaintza” izeneko atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

4.8.–Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.9.–Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.10.–Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1.–Azken ariketaren kalifikazioa eman ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Udaleko iragarki-taulan eta udal webgunean, bereizirik:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

–Prestakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

5.2.–Zerrenda bakoitzean, probak gainditu dituzten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuraren erabakian araututako irizpidearen arabera ebatziko dira (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioa gailenduko da eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoaren bitartez ebatziko da afera.

5.3.–Ondotik, epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautapen prozesuko probak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

7.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2019ko otsailaren 11n.–Alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Lan eremuak. Ganberak, biltegiak, garbi-zikin zirkuitua. Elikagaien prestakuntza. Ekoizpena, akabera, garbiketa eta hondakinak.

2. gaia.–Elikagaiak jaso, biltegiratu, kontserbatu eta manipulatzea. Elikagaiak lehengoratzea: birberotzea, desizoztea. Elikagaien gaineko segurtasuna.

3. gaia.–Elikagaiak jasotzea Salgai ezberdinen tratamendua, ezagutza eta kontrola: elikagai galkorrak, izoztuak eta kontserbak.

4.gaia.–Janariak kontserbatzea. Kontzeptuak. Kontserbazio metodoak. Metodoari lotutako ikastaro teknikoak eta ekipoak. Higiene eta osasun arloko araudia.

5. gaia.–Elikagaiak. Kontzeptua eta sailkapena. Nutrizio osagaiak eta nutrizio funtzioa.

6. gaia.–Trebetasun irizpideak elikagaiak prestatzean. Egitea eta prestatzea. Egosketa eta sukaldaritzako beste lan batzuk. Elikadura motak.

7. gaia.–Menuen plangintza. Dieten kodea. Aniztasuna. Txandakatzea.

8. gaia.–Oinarrizko menua. Ezaugarriak. Menu pediatrikoa eta eskolaurrekoa. Dieta bereziak.

9. gaia.–Platerak hautatzeko irizpidea. Plateren fitxa teknikoak. Plateren estandarizazioa. Gramajeak.

10. gaia.–Lehengaiak. Sailkapena, ezaugarri fisikoak, tasun organoleptikoak.

11. gaia.–Kontrol kalitatea elikakatean zehar. Aholkularitza tekniko-sanitarioa.

12. gaia.–Elikadurako intoxikazioak. Motak, arrazoiak eta haiei lotutako aurreneurriak.

13. gaia.–Garbiketa plan orokorra. Desinfekzioa, intsektu kentzea, arratoi garbiketa. Puntu kritikoak, ebaluazioa eta arriskuak. Aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratu ahalko ditu epaimahaiak.

III. ERANSKINA

Eskabide eredua. Aldi baterako kontratatzeko izangaiak (PDFa).

IV. ERANSKINA

Eskabide eredua. Prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezietako egoeran (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1902582