60. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

46/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 22ko 456/2016 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak ezarri ziren.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak abenduaren 22an emandako 456/2016 Foru Aginduaren bidez (2017ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 12koa), Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak ezarri ziren.

Aipatu foru agindu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak apirilaren 23an emandako 124/2018 Foru Aginduaren bidez aldatu zen (2018ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 9koan).

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egituraren aldaketa egin da. Aldaketa honetan datza: Informazioa Integratzeko eta Ezagutza Sortzeko Atala amortizatu da, eta Estatistika Atala-Lurraldearen eta Jasangarritasunaren gaineko Datuen Ekosistemaren Behatokia sortu da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Kontseilaritzari atxikia.

Egitura berriak dakar Departamentuko bulegoen egitura berrantolatu behar izatea. Estatistika Atala-Lurraldearen eta Jasangarritasunaren gaineko Datuen Ekosistemaren Behatokia sortu denez, beharrezkoa da Estatistika Bulegoa amortizatzea, bulego honen eginkizunak atal berriak hartu baititu bere gain.

Informazioa Integratzeko eta Ezagutza Sortzeko Atala amortizatu denez, atal honek kudeatzen zuen ingurumenari buruzko informazioaren edukia tokirik gabe gelditu da. Informazioa Integratzeko eta Ezagutza Sortzeko Atalak eta Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak gai beretan lan egin dute azken bolada honetan.

Hori dela-eta, bi eduki multzoak bulego berri batean sartu dira, Ingurumen Hezkuntza eta Informazioaren Bulegoan, alegia. Gauzak horrela antolatzeak posible eginen du bulego horrek ingurumen hezkuntzako ekimenak koordinatzea eta komunikatzea, eta informazio hau hiritar guztiei helaraztea.

Halaber, Lurzoru eta Klimatologia Bulegoa Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuari zuzenean atxikitzea proposatu da, baita Klima Aldaketaren Bulegoa Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalari atxikitzea ere.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak proposatu du Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Araubide Juridikoaren Atalari atxikiriko Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa amortizatzea, eta Diziplinaren eta Kontrol Juridikoaren Bulegoa sortzea. Bulego hau Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalari atxikiko zaio. Halaber, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuari atxikiriko Administrazio Laguntzako Bulegoaren eginkizunak aldatzea proposatu du, baita Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari atxikiriko Kontrol eta Kalitate Bulegoaren eta Uholdeen aurkako eta Ibai Inguruneko Jarduketen Bulegoaren eginkizunak aldatzea ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.4 artikuluak kontseilari bakoitzaren esku uzten du bere departamentuko bulegoak sortu, aldatu edo kentzeko eskumena.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 59. artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

1. 2. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“2. artikulua. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusian bulego hauek ezarriko dira:

a) Ingurumena Zaintzeko Atalari atxikita: Baliabideen Kudeaketarako eta Laguntzarako Bulegoa, Plangintza eta Garapen Bulegoa eta Administrazio Laguntzako Bulegoa.

b) Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuari atxikita: Lurzoru eta Klimatologia Bulegoa.

c) Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalari atxikita: Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoa, Europako Proiektuen eta Lankidetzaren Bulegoa, Klima Aldaketaren Bulegoa eta Ingurumen Hezkuntza eta Informazioaren Bulegoa.

d) Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari atxikita: Administrazio Laguntzako Bulegoa.

e) Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalari atxikita: Baimen Bulegoa.

f) Ekonomia Zirkularraren Plangintza Estrategikorako eta Kontrolerako Atalari atxikita: Kontrol eta Kalitate Bulegoa eta Baliabide Atmosferiko eta Hidrikoen Kontrol Sareen Bulegoa.

g) Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalari atxikita: Uholdeen aurkako eta Ibai Inguruneko Jarduketen Bulegoa eta Arrantza Kudeatzeko Bulegoa.

h) Ingurune Naturalaren Zerbitzuari atxikita: Administrazio Laguntzako Bulegoa.

i) Pirinioaldea Kudeatzeko Atalari atxikita: Basoko Suteei Aurrea Hartzeko Bulegoa.

j) Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalari atxikita: Basoak Lehengoratzeko Bulegoa.

k) Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalari atxikita: Ekosistema Mediterraneoen Bulegoa.

l) Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari atxikita: Ingurune Naturaleko Plan eta Programen Bulegoa, Espezieen eta Habitaten Bulegoa eta Ehiza Baliabideen Bulegoa.

m) Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari atxikita: Administrazio Laguntzako Bulegoa.

n) Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari atxikita: Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoa, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoa eta Paisaiaren Bulegoa.

o) Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari atxikita: Udalez Gaindiko Planen Bulegoa eta Landa-lurzoruaren Bulegoa.

p) Hirigintza Atalari atxikita: Hirigintzaren arloko Lankidetza Bulegoa.

q) Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalari atxikita: Diziplinaren eta Ingurumenaren Kontrol Juridikoaren Bulegoa.

r) Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Araubide Juridikoaren Atalari atxikita: Diziplinaren eta Kontrol Juridikoaren Bulegoa.”

2. 36.bis artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“36.bis artikulua. Administrazio Laguntzako Bulegoa.

Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zerbitzuko zuzendaritzari lagundu eta harekin elkarlanean aritzea.

b) Basozaintzaren hilabeteroko lanak kudeatzea: jaiegunak, konpentsazioak, foru dekretuak, dietak, etab.

c) Langileen kudeaketa: basozaintzako altak eta bajak.

d) Barrutien eta unitate teknikoen arteko posta elektronikoa kudeatzea.

e) Zerbitzuari buruzko agirien sarrera-irteerak kontrolatu eta erregistratzea.

f) Kanpoko eta telefono bidezko eskaerei arreta ematea.

g) Basozaintzako salaketei alta ematea Extr@n.

h) Ibilgailuak kudeatzea: hileko parteak, IATak, etab.

i) Basozainak jantzi, oinetako eta hainbat materialez hornitzeko (prismatikoak, frontalak, tabletak, etab.) kudeaketan laguntzea.

j) Materialen maileguen (teleskopioak, bertexa, etab.) kontrol eta kudeaketan laguntzea.

k) Dekomisoak kudeatzea.

l) Aurrekontuen betetze-mailaren egoera-orriez arduratzea.

m) Basozaintzako ezagutzaren kudeaketarako tresna administratzea.

n) Departamentuko Kabinetearekin koordinatzea, sare sozialak kudeatzeko.

o) Ingurumena Zaintzeko Atalaren lan administratiboa antolatzea.”

3. 38. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“38. artikulua. Ingurumen Hezkuntza eta Informazioaren Bulegoa.

Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ingurumen hezkuntzako planen eta programen koordinazioa eta jarraipena.

b) Ingurumenaren eta lurraldearen jasangarritasunari buruzko programak eta jarduerak, prestakuntzakoak, zabalkundekoak eta hezkuntzakoak, koordinatu eta jarraitzea.

c) Ingurumena zaintzeko laguntzaile eta boluntarioen jarduerak sustatu eta kudeatzeko behar diren ekintzak egitea natur inguruneko eta hiri inguruneko eremu guztietan, hala nola lankidetza sareak, komunitate birtualak, zientzia herritarra eta sare sozialak.

d) Atalaren ardurapekoa den ingurumen hezkuntzarako ekipamenduen kudeaketa.

e) Nafarroako ingurumen-elkarteetatik sortu diren ingurumen hezkuntzako eta boluntariotzako jarduerei sustapena eta laguntza ematea.

f) Ingurumen hezkuntzari ikastetxeetan sustapena ematea.

g) Atalak sustatzen dituen ingurumen hezkuntzako eta boluntariotzako proiektuetan esku hartzen duten aholkularitza teknikoak koordinatzea eta kudeatzea.

h) Departamentuaren barruan eta bereziki basozaintzan sortzen diren ingurumen hezkuntzako ekimenak koordinatzea eta haiei laguntza ematea.

i) Web aplikazio tematikoak sustatu, bultzatu eta kudeatzea, teknologia berriak komunikabide tradizionalen ordez ezartzeko eta departamentuarekiko komunikazioa, informazioa eskuratzea eta partaidetza errazteko teknikari, populazio-sektore edo, oro har, herritarrei.

j) Herritarrek egindako informazio eskaerei eta kontsultei erantzuna ematea eta haiek ebaztea, lurraldearen, ingurumenaren eta hirigintzaren arloetan, kalitatezko arreta eta erantzun gardenak bermatuz.

k) Nafarroako lurraldeari buruzko informazio sistemetan Departamentuaren partaidetza kudeatu eta koordinatzea, eta sistema horietako informazio geografikoa mantentzeko laguntza ematea.

l) Ingurumenaren arloko barne eta kanpo informazio eta ezagutzaren nukleo informatzailea: web-orria, GIS eta informazioa antolatu eta zabaltzeko beste tresna batzuk.

m) Web aplikazio tematikoak sustatu, bultzatu eta kudeatzea, teknologia berriak komunikabide tradizionalen ordez ezartzeko eta departamentuarekiko komunikazioa, informazioa eskuratzea eta partaidetza errazteko teknikari, populazio-sektore edo, oro har, herritarrei.

n) Informazio alfanumerikoko eta geografikoko sistemak sustatzea, bultzatzea eta kudeatzea departamentuko informazioa ekoizteko, eguneratzeko, ustiatzeko eta zabaltzeko, esaterako SIUN eta SIAN.

o) Nafarroako lurraldeari buruzko informazio sistemetan departamentuaren partaidetza kudeatzea, eta sistema horietako informazio geografikoa mantentzeko laguntza ematea, galarazi gabe erakunde ordaintzailearekin lotutako eskumenak.

4. 44. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“44. artikulua. Kontrol eta Kalitate Bulegoa.

Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ingurumena Zaintzeko Atalak jasotako txostenak tramitatzea, baita ingurumen-kontrolaren eremuan eskumena duten autoritateek jasotakoak ere, ingurumen-jarraipena bermatzeko, ezarritako koordinazio protokoloen arabera.

b) Ingurumenaren arloko kudeaketa eta ikuskapenerako Europar Batasuneko sistemaren (EMAS) erregistroa mantentzea.

c) Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren erregistroa mantentzea.

d) Ikuskapen lanetan, akreditatutako kontrol organoek egindako txostenak tramitatzea, eta behar diren kontrol jarduketak egitea.

e) Industria eta abeltzaintza jarduerei dagozkien ingurumen ikuskapeneko planetarako proposamenak egin eta gauzatzea.

f) Industria eta abeltzaintza jarduerak kontrolatzearen eta ikuskatzearen ondoriozko txostenak tramitatzea. Kontrol eta ikuskatze horiek gauzatzen dira atmosferara egiten diren isurketak direla eta, eta horren barrenean daude berotegi efektuko gasak, isuri likidoak, hondakinak sortzea eta kudeatzea eta hotsak eta dardarak sortzea.

g) Ingurumen-kontrolaren arloan eskumenak dituzten agintariekin koordinatzea.

h) Babes Zibilari aholkularitza ematea isuri likidoen eta atmosferarako emisioen arloan, batez ere larrialdietako egoeretan.

i) Atalak haren esku uzten dituen beste guztiak.”

5. 46. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“46. artikulua. Uholdeen aurkako eta Ibai Inguruneko Jarduketen Bulegoa.

Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Uholde arriskuari buruzko espedienteei buruzko txostenak egitea, kontrolatzea eta tramitatzea.

b) Nafarroan ibai inguruneko jarduketei buruzko ingurumen-txostenak egitea, ur konfederazioek eskaturik.

c) Ibaiak lehengoratzeko eta uholdeetatik babesteko proiektuak egitea eta kontrolatzea.

d) Ibaiak lehengoratzeko eta uholdeetatik babesteko lanak kontrolatzea, bereziki azpiegitura berdeei dagozkienak.

e) Parte-hartze aktiboko organoen kudeaketa eta horiei babesa ematea.

f) Babes Zibilari aholkularitza ematea uholdeak prebenitzeko eta jarraipena egiteko, batez ere larrialdietako egoeretan.

g) Atalak haren esku uzten dituen beste eginkizun guztiak.”

6. 61. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“61. artikulua. Diziplinaren eta Ingurumenaren Kontrol Juridikoaren Bulegoa.

Eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ingurumenaren arloan jarritako errekurtso administratiboei buruzko txostenak egitea eta tramitazioa egiteko lankidetzan aritzea.

b) Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalaren jarduketei buruz aholku emateko eta txosten juridikoak egiteko lankidetzan aritzea.

c) Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalean instruitutako espedienteen kontrola eta horietarako laguntza.

d) Ingurumenaren arloko araudia biltzea, Foru Komunitatekoa, Estatukoa eta Europar Batasunekoa.

e) Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko buruak agindutako beste edozein.”

7. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko martxoaren 6an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1903332