51. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

30E/2019 EBAZPENA, otsailaren 18koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita “Lehentasunez lanean ari direnei zuzendutako eta Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutako prestakuntza programak” dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 440447.

Nafarroako Gobernuak borondate argia azaldu du jarduera ekonomikoa sustatzeko eta enplegua sortzeko behar diren jarduketei heltzeko, praktika egokiak bultzatuz elkarrizketan eta lankidetzan oinarrituta. Horrela langileen enplegagarritasunaren hobekuntza zainduko da, horixe baita enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren azken helburua.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak (Lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzen duena) eta geroko uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuak, aipatu legea garatzen duena, sistemaren erreforma integralari ekin diote, eta deialdi honetan kontuan hartu da.

694/2017 Errege Dekretuak aurreikusten duena garatzeko, deialdi honetan diruz laguntzen dira lehentasunez lanean ari direnei zuzendutako eta Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutako prestakuntza programak.

Ebazpen honen eranskinetan jasotako ekintzen katalogoa Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin bat definitu da. Izan ere, estrategia horrek balio erantsi handiko jarduerak eta aukera hobeak ematen dituztenak identifikatu ditu, Nafarroaren lehiakortasuna handitzeko funtsezko arlo ekonomikoetan.

Bestalde, enplegurako lanbide prestakuntzaren kudeaketa eraginkorrago eta efizienteago bat lortze aldera, 2019. urterako dirulaguntzak aurrerapenarekin jasotzeko aukera biltzen da.

Deialdi honen finantzaketa osoa Enplegu eta Lan Aferen Sektoreko Konferentziak emandako funtsen kargura izanen da.

Ebazpen honek arautzen dituen laguntzek Batzordeak ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamendua betetzen dute. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Dirulaguntza publikoen deialdia onestea, 2019an lehentasunez lanean ari direnei zuzendutako eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutako prestakuntza programak egiteko.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak eta gainerako eranskinak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

3. Guztira, 275.000 euroko gastua baimentzea 2019ko gastuen aurrekontuko “Lanean ari diren lanbide prestakuntzarako laguntzak” izeneko 950002 96200 4819 242104 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko otsailaren 18an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da batik bat lehentasunez lanean ari direnei zuzendutako eta Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutako prestakuntza programei dirulaguntzak emateko prozedura arautzea, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

2.–Dirulaguntzen zenbatekoak.

2.1.–Modalitate presentzialean prestakuntza ekintza bakoitzagatik emanen den dirulaguntza ez da 13 euro baino handiagoa izanen, parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko.

2.2.–Teleprestakuntza modalitatean, prestakuntza ekintza bakoitzagatik emanen den dirulaguntza ez da 6,5 euro baino handiagoa izanen, parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko.

2.3.–Modalitate mistoan (presentziala eta teleprestakuntza) prestakuntza modalitate mota bakoitzaren ordu kopuruaren arabera aplikatuko dira moduluak.

2.4.–Gehieneko gastua 40.000 eurokoa izanen da, programako eta entitateko. Finkatutako mugak entitate eskatzaile bakoitzari aplikatuko zaizkio, kontuan hartu gabe deialdira banaka edo batasun batean (beste entitate batzuekin) aurkezten den.

3.–Entitate onuradunak.

3.1.–Prestakuntza entitate publiko zein pribatuak izan daitezke oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean enplegurako lanbide prestakuntza emateko behar den erregistroan inskribaturik badaude prestakuntza ekintzaren dibulgazio jarduerak egiten hasi aurretik, barnean direla titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak.

Halaber, inskribatuak dauden prestakuntza entitateen elkarteek ere parte hartzen ahalko dute deialdian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Elkarte horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, onuradun den aldetik dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen izan beharko duena. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio epea bukatu arte elkartea ezin da desegin.

Nafarroan inskribatutako lokalak edo instalazioak izan arren prestakuntza beste toki batzuetan eman nahi duten entitateek eskabidean zehaztu beharko dituzte zer instalazio edo lokaletan emanen duten prestakuntza, eta horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu. Betiere, eskatutako prestakuntza ekintzetarako akreditutaturik edo inskribaturik egon beharko dute lokal edo instalazio horiek deialdia argitaratzen den egunean.

3.2.–Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak.

4.–Prestakuntza programak eta prestakuntza ekintzak.

4.1.–Deialdi honen babesean dirulaguntzak ematen ahalko dira III. eranskinean aipatzen diren prestakuntza ekintzek osatzen duten prestakuntza programak burutzeko, baldin eta errespetatzen badira prestakuntza emateko modalitateak eta eranskinean ezarritako gehieneko prestakuntza-orduak.

4.2.–Prestakuntza programa bat bakarrik finantzatuko da entitate bakoitzeko. 3.1 oinarrian aurreikusitako elkarteetako kideei ere aplikatuko zaie muga hori.

4.3.–Prestakuntza programak dirulaguntza ematen den egunetik 2019ko azaroaren 30era arte egiten ahalko dira.

4.4.–Prestakuntza programa osatzen duten prestakuntza ekintzak garatzeko eta emateko, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak eguneko gehienez.

4.5.–Modalitate presentzialean antolatzen diren prestakuntza ekintzak gehienez 30 ikasleko taldeetan egiteko programatuko dira.

Teleprestakuntzaren modalitatean, tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko, gehienez. Tutore-prestatzaileek prestakuntza edo esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.

Ekintza mistoetan muga horiek errespetatu eginen dira, prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

4.6.–Teleprestakuntzako plataformak on-line ikasteko sistema bat izan beharko du, nahikoa ahalmena duena ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta bermatzeko. Baldintza hauek bete beharko ditu, gutxienez:

–Aplikatzekoa den arau teknikoan adierazten diren mailak izatea, honako hauei dagokienez: fidagarritasuna, segurtasuna, irisgarritasuna eta elkarreragina.

–Ikasle guztiak aldi berean sartzea ahalbidetzea, segurtatuta plataformaren banda-zabalera uniformea dela kurtsoaren etapa guztietan.

–Plataforma erabiltzeko behar diren lizentziak izatea.

–24 x 7 erabiltzeko prest egotea.

–Backupa, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratzen ahalko direla bermatzeko behar den aldizkakotasuna duena.

–Ikasleen eta egiten diren jarduera guztien erregistroak, eta txostenen edizioa.

Entitate onuradunak plataformarako sarbidea emanen die Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langile teknikoei, dagokion gakoaren bidez, prestakuntza ekintza guztien kontrola eta jarraipena egin ahal ditzaten.

Teleprestakuntza plataformari dagokionez, oinarri arautzaile hauetan jaso ez den orotarako, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2014ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren I. eranskina beteko da, hots: Teleprestakuntza plataformaren eta ikaskuntza-eduki birtualaren baldintza teknikoak profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez dauden eta teleprestakuntzako modalitatekoak diren prestakuntza espezialitateetarako. Aipatu ebazpenaren bidez, teleprestakuntzako modalitatean eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren kudeaketa esparruan enplegurako lanbide heziketa ematen duten prestakuntza zentro eta entitateen akreditazioa eta inskripzioa arautzen da.

4.7.–Proposatutako jarduketak ez-gauzatzeak berekin ekarriko du zigorrak izatea etorkizunean egiten diren hurrengo deialdietan, ehuneko hauek aplikatuz:

–%10era arteko ez-gauzatzeak: ez dago zigorrik.

–%10etik gorako ez-gauzatzeak: %40ra arteko zigorra, baremoan lortutako puntu guztien gainean. Zigorra proportzionalki kalkulatuko da.

5.–Prestakuntza programetako parte-hartzaileak.

5.1.–Honako hauek parte hartzen ahalko dute deialdi honetan aurreikusten diren prestakuntza programetan:

a) Zerbitzua administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan ematen dutenak, betiere Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntza gisa kotizatzen badute.

b) Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.

c) Besteren kontura ari diren nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuak daudenak; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.

d) Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren bestelako enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.

e) Langabezian daudenak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean aurreikusitakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

Deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan pertsona horiek izanen duten parte-hartzea gehienez ere %30 izanen da prestakuntza programa osoan, hartan prestakuntza hasten duten pertsonen kopuru osoarekin alderatuta.

Langabetzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran langileak dauden lan egoerari jarriko zaio arreta.

f) Administrazio publikoetako langileei dagokienez, prestakuntza programetan parte hartzen ahalko dute, baina gehienez ere plan bakoitzean parte hartzen dutenen %10 izanen dira.

g) Prestakuntza entitatearen plantillako pertsonek entitateak kudeatzen dituen prestakuntza ekintzetan parte hartzen ahal dute, betiere gainditu gabe parte-hartzaile guztien %10eko muga eta plantilla guztiaren %10eko muga.

Landunek Nafarroako Foru Komunitatean bizi beharko dute, edo bertan eduki lantokia.

5.2.–Eskatzaileek soilik behin parte hartzen ahalko dute prestakuntza ekintza bakoitzean. Ondorio guztietarako, parte-hartzaileak betebehar hori betetzen duela aitortuko du eskaeran.

Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

5.3.–Entitate onuradunak hautatuko ditu parte-hartzaileak, honako hauek kontuan hartuta: prestakuntza programaren lehentasunak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak langabeei buruz identifikatzen dituen beharrak eta berdintasun eta objektibotasun irizpideak.

Entitate onuradunak hautaketaren ardura izanen du, baita parte-hartzaileek prestakuntza ekintzan sartzeko baldintzak edo hura egiteko oinarrizko gaitasunak dituztela segurtatzeko ardura ere, kasuan kasuko ekintzaren errekerimenduen arabera.

5.4.–Pertsona hauek izanen dute lehentasuna prestakuntzan sartzeko: emakumeak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzutik deribatutako pertsonak, 45 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherako gazteak, luzaroko langabeak eta enpresa txiki eta ertainetako langileak.

Luzaroko langabetzat hartuko dira hautapenaren aurreko 18 hilabeteetan gutxienez 12 hilabetez egon direnak enplegu agentzia batean inskribatuak.

5.5.–Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute parte hartu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako beste prestakuntza ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Ikaslea bidalia izan bada, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea bidaltzen denetik zenbatzen hasita.

6.–Bekak eta laguntzak.

6.1.–Prestakuntza programetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren III. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradunak izaten ahalko dira baldin arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen badituzte.

Bekak zuzenean emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko betebeharrei buruz, bai eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduak ere. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.navarra.es), tramiteen atalean, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskabide ereduak.

Lanik ez dutenek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak eskaerak jasoko ditu, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura bidaliko ditu 10 eguneko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleen frogagiriak, prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Hiru hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskabidearekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

6.2.–Bekak eta laguntzak:

a) Desgaitasunen bat dutenentzako beka.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko erakundeak akreditaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzan bertaratzen diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleek izena emana duten enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute. Hiriarteko lekualdaketan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen helbidetik zentrorako joan-etorrirako garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek ordutegi erregular bat ez badu prestakuntza ekintzarako egokia, norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntzarako eskubidea izan daiteke. Gorabehera hori laguntzaren ordainketan eskudun den organoak aztertu beharko du. Norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

c) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez garatzen diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa) eta bizilekua ekintza ematen deneko herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

d) Ostaturako edo mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta joan-etorriak klaseak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aitortu beharko du. Gehienez ere 60 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu honengatik. Behar den moduan eta epean, alokairuaren edo ostatuaren faktura edo beste edozein frogagiri aurkeztu beharko da. Gainera, langabeak hasierako eta bukaerako joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 15 euro, biak baturik.

e) Lana eta familiako eginkizunak bateratzeko laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo 2. mailarainoko mendekotasuna duen ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, betiere horiek onuradunarekin bizi badira, eta prestakuntza jarduera hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana.

–Lan igoera, prestakuntza edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-sorospena edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.

–IPREM-Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, IPREMaren ehuneko 75 gainditzen ez badu, martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren 27. artikuluarekin bat.

Lana eta familiako eginkizunak bateratzeko laguntzaren zenbatekoa eguneko IPREMaren %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

6.3.–Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ikasleak ez du eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertu ez den egunei dagokien laguntza edo beka jasotzeko.

7.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

7.1.–Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (http://www.navarra.es/home_eu/), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

7.2.–Aurkezten den eskaera bakoitzak prestakuntza programa bakar bat izan beharko du.

7.3.–Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela dioen adierazpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo harturiko dirulaguntzen adierazpena.

c) Adierazpena, dioena badituela behar adina instalazio eta giza baliabide Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren espezialitateen katalogoko edozein espezialitate irakasteko, profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez daudenean.

d) Entitatearen adierazpena, dioena eskaeran emandako informazioa eta datuak benetakoak direla.

7.4.–Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Entitate eskatzaileak garatu beharreko prestakuntza programa, martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren 16.2 artikuluan ezarritako informazioa izanen duena.

c) Programaren laburpena, aurreikusitako prestakuntza bakoitza adierazita, Nafarroako Atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

d) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beste zeinahi dokumentu edo informazio eskatzen ahalko du, baldin eta espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen badu.

Ez da beharrezkoa izanen dokumentu horiek igortzea, aurrez beste edozein administraziotan aurkeztu badira. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datuen bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

7.5.–Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

8.1.–Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu ondoren, eskabideak deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei eskatuko zaie akatsak zuzen ditzatela, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

8.2.–Ez dira tramitera onartuko deialdian ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

9.–Balorazio irizpideak.

9.1.–Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikorako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

A) Parte-hartzaile landunen portzentajea.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa: pertsona landunen portzentajea ehuneko 70 eta ehuneko 100 bitartean dagoenean, 0-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

B) Parte hartzen duten emakumeen portzentajea.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa: emakumeen portzentajea ehuneko 40 eta ehuneko 70 bitartean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

C) Parte-hartzaileak, eskaintzen den prestakuntza ekintzaren arabera.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Puntuazioa proportzionalki kalkulatuko da, eta gehieneko puntuazioa emanen da prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileen portzentajea ehuneko 100 denean, dagokion katalogoan aipatzen diren gehieneko orduak eta programazioa eginez.

D) Entitate eskatzaileak programa garatzeko gaitasun frogatua.

3.1. oinarrian aurreikusitako elkarteen kasuan, entitatearen gaitasuna era independentean baloratuko da, eta emanen den puntuazioa izanen da taldea osatzen duten entitateen puntuazioen batezbestekoa.

Irizpide honen gehieneko balorazioa 15 puntukoa izanen da, xehakapen honen arabera:

D.1.–Gaitasun finantzarioa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Zenbaketa honela eginen da: entitate eskatzaileak prestakuntzaren arloan edozein administrazio publikotatik lortu dituen dirulaguntzen bolumena zati entitatearen negozio bolumen osoa eginen da (bi kasuetan aurreko ekitaldia hartuko da aintzat). Portzentajea ehuneko 50 eta ehuneko 10 bitartean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Entitate baten aurreko ekitaldiko negozio bolumena 0 bada, batez besteko puntuazioa emanen zaio.

D.2.–Berdintasuna.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Zenbaketa honela eginen da: 5 puntu emanen zaizkie honako entitate eskatzaile hauei: estatutu edo helburu sozialetan berdintasuna sustatzea dutenak; berdintasun plan bat dutenak; zuzendaritza batzordean sexuen arteko oreka dutenak; berdintasunaren arloko langile delegatuak dituztenak edo gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko entitate gisa ofizialki aitortuta daudenak.

E.–Efizientzia ekonomikoa:

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Zenbaketa honela eginen da: 2,5 puntu emanen dira 2.1 eta 2.2 oinarrietan ezartzen diren modulu ekonomikoei portzentajean egiten zaien prezioen beherapen-puntu bakoitzarengatik. Ehunekoak osoak ez badira, egoki den zati proportzionala emanen da.

F.–Aniztasuna.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Zenbaketa honela eginen da: programan bildu diren ekintza desberdinen kopurua baloratuko da, ekintza bakoitzean zenbat taldek parte hartuko duen alde batera utzita, ondoren zehazten den moduan:

–3 ekintza desberdin: 2 puntu.

–4 ekintza desberdin: 3 puntu.

–5 ekintza desberdin: 4 puntu.

–5 ekintza desberdin baino gehiago: 5 puntu.

G.–Bakartasuna.

Irizpide hau prestakuntza-ekintza bakoitzeko emanen da, eta 5 puntuko gehieneko balorazioa izanen du.

Zenbaketa honela eginen da: deialdian eskatzen diren prestakuntza ekintza guztiak alderatuko dira, eta behin bakarrik eskatu direnei 5 puntuko puntuazioa esleituko zaie. Lortuko den puntuazioa izanen da kontzeptu honengatik programa osatzen duten ekintza guztien batezbestekoa.

H.–Zonifikazioa.

Irizpide honek 10 puntuko balorazioa izanen du prestakuntza ekintza bakoitzeko.

Zenbaketa honela eginen da: modalitate presentzialaren edo mistoaren prestakuntza ekintzetan, 10 puntu emanen zaizkie enplegu agentziaren baten eragin-eremuan (Agoitz, Altsasu, Doneztebe, Lizarra, Lodosa, Tafalla eta Tutera) garatzen diren ekintzei, Iruña bazter utzita. Lortuko den puntuazioa izanen da kontzeptu honengatik programa osatzen duten ekintza guztien batezbestekoa.

9.2.–Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako programetan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

10.–Esleitzeko irizpideak.

10.1.–Prestakuntza-programak balorazio teknikoan lortutako puntuen lehentasun-ordenaren arabera esleituko dira, dagoen aurrekontua agortu arte.

Aurrekontu erabilgarria ez bada aski finantzatzeko, gutxienez, azken entitate onuradunak eskatu duen dirulaguntzaren ehuneko 30, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskaintzen ahalko du, puntuazio ordenaren arabera, onuradunak suertatu diren programak handiagotzeko aukera.

Baldin eta programa guztiak onuradun suertatzen badira eta aski aurrekontu badago, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskaintzen ahalko du, hurrenez hurreneko txandatan, puntuazio ordenaren arabera, programa horiek handiagotzeko aukera, aurrekontua agortu arte. Txanda bakoitzean hasieran eskatutako dirulaguntzaren ehuneko 100 eskainiko da, ez bada programa handiagotzeko entitate bakar bat baino ez dagoela. Orduan, eskaintza erabilgarri dagoen aurrekontua agortu artekoa izanen da.

10.2.–Puntuazioan berdinketa gertatzen bada, berdinketa hausteko irizpidetzat hartuko da parte-hartzaile gehien aurreikusten dituen programa.

11.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

11.1.–Norgehiagokako araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan jasotako moduan.

11.2.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

11.3.–Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

11.4.–Eskaeren Ebaluazio Batzordea eratuko da, eta osatuko duten kideak hauek izanen dira:

a) Batzordeburutza: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaritza.

b) Kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio Batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio handienetik puntuazio txikienera ordenatuta.

11.5.–Ebaluazio Batzordearen txostenean aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa eskaerakoa baino txikiagoa denean, 10 eguneko epea emanen da programa berriz formula dezaten. Epe horretan programa berriz formulatzen ez bada, aurreikusitako dirulaguntza mantenduko da. Edonola ere, formulazio berria eginen da balorazio-aldian lortutako puntuazioa mantenduz.

11.6.–Instrukzio organoak, ebaluazioaren eta, halakorik balego, ondorengo alegazioen emaitza ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio.

11.7.–Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

12.1.–Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Deialdi honetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako doakotasuna errespetatzea.

b) Irakasleei hilero saria ordaintzea.

c) Entitate onuraduna behartuta dago deialdi honetan jasotako prestakuntza jardueretara joateak dakarren arriskua estaltzera; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren orduetan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean, bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (joan-etorria edozein garraiobidetan izaten ahal da). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, irteeretan eta in itinere joan-etorrietan sortzen badira.

d) Entitate onuradunak bertaratze ziurtagiri bat luzatu eta eman beharko dio prestakuntza ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, edo bestela, diploma bat prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditzen duen parte-hartzaile bakoitzari.

Bertaratze ziurtagiriak edo diplomak parte-hartzaileei emateko gehieneko epea bi hilabetekoa da, prestakuntza ekintza bukatzen den egunetik aurrera.

e) Prozedura instruitzeko eta prestakuntza ekintzak gauzatu eta justifikatzeko faseetan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea.

f) Prestakuntza ekintzak abian jarri, gauzatu eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa (parte-hartzaileek jasotzen ez dituzten bertaratze ziurtagiriak eta aprobetxamendu diplomak barne) zentroan gorde beharko da, ikuskapen eta kontrolaren eskura, gutxienez 4 urtez. Epe hau zenbatuko da entitate onuradunak dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, organo eskudunari igorri beharko diote dokumentazioaren kopia.

h) Deialdi honen babesean antolatzen diren ekintzen gaineko informazio eta publizitate jardueretan adieraztea finantzaketa publikoa izan dutela, eta, horrekin batera, dirulaguntza zein administraziok eman duen.

12.2.–Gardentasun betebeharrak:

12.2.1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuta daude ezarritako gardentasun betebeharra betetzera baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, urtebetez, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du noiz eta Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12.2.2. Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiek unitate kudeatzaileari beharrezkoa den informazio guztia emateko betebeharra izanen dute, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, horrek gardentasun eskakizunak bete ditzan, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotakoarekin bat.

Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, isun hertsatzaileak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari oharra egin eta entzunaldia eman ondoren. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

13.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

13.1.–Entitate onuradunak gauzatuko ditu prestakuntza programak, martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren 4. eta 17. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

13.2.–Prestakuntza talde bakoitzaren hasiera IRIS aplikazio informatikoa erabiliz jakinaraziko da, prestakuntza ekintza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez.

Ekintzaren hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, taldea/ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko da, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo taldea/ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo taldea/ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Ekintza noiz hasi den epe horietan jakinarazten ez bada, prestakuntza taldea “ez egintzat” joko da, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada. Kasu horretan behar bezala frogatu beharko da, eta arrazoi horiek gertatzen diren unean jakinarazi beharko dira.

13.3.–Entitateak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura bidali beharko du ikastaroa hasten duten parte-hartzaileen zerrenda prestakuntza ekintzaren orduen ehuneko 25 eman aurretik, IRIS aplikazioa erabiliz horretarako. Ondorio hauetarako, baliozkotzat joko da portzentaje hori gainditzen den egun berean egiten den komunikazioa.

13.4.–Entitateek aldaketak egiten ahalko dituzte prestakuntza ekintzetan, betiere horien ondorioz balorazio fasean lortutako puntuazioa gutxitzen ez bada. Entitateak aldaketa horien berri eman behar die Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari prestakuntza ekintza hasi baino 15 egun lehenago gutxienez, aldaketak egin eta gero lortutako puntuazioaren justifikazioarekin batera.

13.5.–Prestakuntza ekintza hasi ondoren, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, “Agirien taula. Landunak” agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Agiri hori Nafarroako Atariko tramiteen atarian (www.navarra.es), deialdiaren fitxan, dago eskuragarri.

14.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

14.1.–Dirulaguntzaren justifikazioa, moduluen bidezko egiaztapen moduan eginen da, hurrengo ataletan ezarritakoari jarraikiz.

14.2.–Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Aurrerakina ez da inoiz izanen guztira emandako zenbatekoaren %25etik gorakoa. Aurrerakina 60.000 eurotik goitikoa bada, bermeak jarri beharko dira nahitaez, non eta entitate onuraduna ez den administrazio publiko bat edo sektore publikoko entitate bat.

b) Konturako ordainketa. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta konturako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren ehuneko 60; gainerako ehuneko 40 diruz lagundutako prestakuntza jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

14.3.–Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela justifikatzeko jarduketa memoria, egindako jarduerak, lortutako emaitzak eta prestakuntzaren kalitatearen ebaluazio eta kontrol lanak zein izan diren azalduko duena.

2. Justifikatzeko memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek bilduko dituena:

a) Onuradunaren egiaztapena edo, hori ez bada, adierazpena modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, kalkulatua jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

14.4.–Dirulaguntza justifikatzeko gehieneko epea hilabete batekoa izanen da, prestakuntza programa bukatu eta hurrengo biharamunetik, abenduaren 15a baino lehen betiere.

Justifikatutako gastua ez bada iristen aldez aurretik edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, bidezko izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aldez aurretik edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

14.5.–Frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean dokumentazio hori aurkezten denetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzeko, edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnenak. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

14.6.–Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea iraganik, entitate onuradunak ez baditu aurkeztu frogagiriak, organo eskudunak onuradunari eskatuko dio 15 eguneko epe luzaezinean haiek aurkez ditzan. Nolanahi ere, aurkeztutako agiriak justifikaziorako aski ez badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak atzemandako akatsak jakinaraziko dizkio entitate onuradunari, 10 eguneko epe luzaezinean zuzen ditzan.

Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

14.7.–Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen ehuneko 75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera. Pertsona langabeen kasuan, lana, beka edo lanetik kanpoko praktikak lortzeagatik prestakuntza ekintza utzi behar izan dutenek ekintza bukatu dutela ondorioztatuko da, baldin eta prestakuntza ekintzaren ehuneko 25 egin badute gutxienez. Horretarako, ezin dira 5 egun natural baino gehiago pasa langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

Prestakuntza uzten bada, beste pertsona batzuk sar daitezke hartan, joandakoen ordez. Ordezpen hori prestakuntza ekintzaren iraupenaren %25era iritsi baino lehen eginez gero, onartu eginen da.

Prestakuntza orduen %25 eman ondoren parte-hartzaileren batek ekintza uzten badu, eta arrazoia lana, beka edo lanetik kanpoko praktikak aurkitzea ez bada, prestakuntza ekintzen ondoriozko desbideratzeak onartuko dira, gehienez ere ekintza hasi duten parte-hartzaileen %10enak.

15.–Prestakuntzaren ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

15.1.–Eskaintzako prestakuntza programa gauzatzeko ardura duten entitateek beren prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola eginen dituzte.

Horretarako, lagin adierazgarri bat hartu beharko da, prestakuntza jaso dutenen taldeen %5ekoa, gutxienez. Lagin horrek prestakuntza programako ekintzak hartuko ditu bere baitan, kasuan kasuko eremuan lehentasuna dutenak nahiz zeharkakoak, bai eta programan agertzen diren ikaskuntzaren modalitate guztiak ere.

Egin beharreko jarduketen artean, honako hauek daude:

a) Kontrol jarduketak:

–Alderdi hauei dagokienez, denbora errealean prestakuntza modu egokian ematen dela egiaztatzea: lokalak, irakasleak, ordutegia, programaren egokitasuna, etab.

–Prestakuntza zentroek beren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak egiaztatzea: bertaratzearen kontrola, prestakuntzaren doakotasuna eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren/Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren publizitatea, besteak beste.

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan egin behar diren tramiteak eta egin behar zaizkion komunikazioak betetzen diren egiaztatzeko barne-kontroleko bisitak prestakuntza programa antolatzen edo kudeatzen den bulegoetara.

–Aurrekoen osagarri den beste edozein jarduketa, telefonozko errekerimenduen bidez, zirkularren bidez edo bestelako baliabideak erabiliz.

b) Ebaluazio jarduketak: parte-hartzaileek prestakuntza ekintza bakoitzaren bukaeran prestakuntza ekintzen kalitateari buruz bete behar duten galde-sorta aztertu eta ustiatzea.

Entitate onuradunek prestakuntza programen eraginkortasuna, efizientzia eta kalitatea segurtatzeko egokitzat jotzen duten beste edozein jarduketa egiten ahalko da.

14.3 oinarrian aipatzen den jarduketa memorian, entitateak emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak bilduko ditu oinarri honetan aipatzen diren kontrol eta ebaluazo jarduketei buruz.

15.2.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

a) “Denbora errealeko” jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, ematen den tokian bertan eta egiten den bitartean, froga fisikoak eta testigantzak erabiliz, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta prestatzaileei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko asmoz prestakuntza ekintza nola egin den, emandako edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, argitalpenetan eta bestelako hedabideetan ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzaturik antolatu direla adierazi ote den begiratuko da.

b) “Ex post” jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira, entitate onuradunei, prestakuntzako arduradunei, ikasleei eta/edo prestatzaileei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, besteak beste, honako hauek teknikoki egiaztatzeko:

–Prestakuntza ekintzak egin direla.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen dela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrol ekintzen ondorioz ez-betetzeak antzematen badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartuko dira etorkizuneko deialdietako balorazioetan, II. eranskinean ezarritakoaren arabera (Ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko zigorren araubidea).

15.3.–Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako “Kalitatea ebaluatzeko galdetegia” erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.navarra.es).

Entitate onuradunek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko. Galde-sortan jasotako galdera bakoitzaren tabulazioa bi modutara aurkeztuko da: batetik, programako prestakuntza ekintzetan eratzen den talde bakoitzeko, eta bestetik, programa osoari buruzkoa.

Era berean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza guztiaren kanpoko ebaluazioa egiten ahalko du, enplegurako lanbide prestakuntzako azpisistema hobetzeko asmoz.

16.–Azpikontratazioa.

16.1.–Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza ekintza gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioak pertsona fisikoen kontratazioari bakarrik egiten dio aipamena. Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.

16.2.–Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntza programaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

17.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.

17.1.–Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak eta emate-ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta/edo, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

17.2–Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Prestakuntza programa ez betetzea.

Guztizko ez-betetzea izanen da diruz lagundutako prestakuntzaren ehuneko 35 gauzatzera ez iristea; halakoetan, dirulaguntza deuseztatu eginen da. Prestakuntza partez gauzatzen bada, gauzatu ez den zatian gutxituko da, betiere hori %35 baino gehiago bada.

b) 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen ez-betetzea.

Programa diruz laguntzeko baloratu diren irizpideak osorik edo baten bat betetzen ez bada, programa horri dagokion azkeneko likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortutako eta egin gabeko puntuen proportzioan. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek azken balorazioan, eta ehuneko hori kenduko da azken justifikaziotik.

c) Ikasle langabeen portzentajea ez betetzea.

Likidazio ondorioetarako, parte hartzen duten langabeak %30 baino gehiago badira, portzentaje horretatik goiti parte hartzen duten langabetuak kenduko dira, parte hartzea ezarritako mugaraino iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

d) Ebaluazio eta kontrol jarduketak ez betetzea.

Baldin 15.1 oinarrian ezarritako ebaluazio eta kontrol jarduketa horiek egiten ez badira, honako murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Ebaluazio eta kontrol jarduketak gutxienez prestakuntza taldeen ehuneko 2,5ean egin ez badira, azken likidazioan ehuneko 3ko murrizketa aplikatuko da.

–Ebaluazio eta kontrol jarduketak prestakuntza taldeen ehuneko 2,5etik ehuneko 5era egin badira, azken likidazioan ehuneko 1,5eko murrizketa aplikatuko da.

17.3.–Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

17.4.–Atal honetan ezarritako itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei buruz ezarritakoa.

17.5.–Entitate onuradunen batek uko eginen balio dirulaguntzari, organo emaileak erabakiko du, deialdi berria egiteko beharrik gabe, puntuazioaren arabera ezarritako lehentasun ordenan hurrengo dauden eskatzaileei ematea, betiere proiektuak eskatutako gutxieneko puntuazioa jaso badu eta onuradunek laguntzari uko egitearen ondorioz aski kreditu askatzen bada gutxienez ere ukatutako eskaeretako bati erantzuteko.

18.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Entitate onuradunek dirulaguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu badituzte, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, hartutako zenbatekoan gutxituko da.

19.–Datuak babestea.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa, baita gainerako garapen-araudiak ere.

Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

20.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan agertzen ez den orotan honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 7ko TAS/718/2008 Agindua (errege dekretu horren bidez arautu zen enplegurako lanbide prestakuntzaren azpisistema), irailaren 9ko 30/2015 Legea (lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzen duena) eta uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua (irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena).

Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea; Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea; eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein araudi.

21.–Dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako atarian (www.navarra.es), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta programak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Betiere, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatu beharko dira (Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen foru dekretua da hori).

22.–Errekurtsoak.

Gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioan ematen diren egintzen aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo haiek jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko zigorren araubidea

Aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko zigorren araubide hau ezartzen da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketen esparruan (deialdi honen oinarri arautzaileetan zehaztu dira):

1) Ez-betetzeengatiko zigorra deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren ehuneko 30era artekoa izan daiteke gehienez, honako mailaketari jarraikiz:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: zigorraren %1.

–Ez-betetze larri bakoitzagatik: zigorraren %5.

–Ez-betetze oso larri bakoitzagatik: zigorraren %10.

2) Aipatutako ez-betetzeak metatu egiten dira, eta, denak batera, ezin dira sekula izan baremoan lortutako puntu kopuru osoaren penalizazioaren %30etik gorakoak.

3) Aurkitutako gabeziak zuzenduz gero, 1. puntuan aurreikusitako zigorra %50 murriztuko da.

4) Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskabiderik ez izatea.

–Emandako material didaktikoaren hartze-agiririk ez izatea.

5) Hauek izanen dira ez-betetze larriak:

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Asistentzia-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura.

–Ikasleari “gai” kalifikazioa ematea nahiz eta prestakuntza modulu bakoitzeko orduen %75era ez bertaratu.

–Modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzek 30 parte-hartzaileko gehieneko kopurua gainditzea, edo 25 parte-hartzailekoa profesionaltasun ziurtagiriaren kasuan.

6) Hona hemen ez-betetze oso larriak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Asistentzia-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gordailukoak.

III. ERANSKINA

Prestakuntza ekintzen zerrenda (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1902431