51. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15E/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita “Zinemagintzako enpresa eta profesionalei laguntzak emateko deialdia Nafarroan egiten diren jaialdi eta lehiaketak antolatu eta garatzeko (Generazinema Festivales 2019)”. DDBN identifikazioa: 439212.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin du, eta bertan eskatu du onets dadila “Zinemagintzako enpresa eta profesionalei laguntzak emateko deialdia Nafarroan egiten diren jaialdi eta lehiaketak antolatzeko (Generazinema Festivales 2019)” eta deialdi horren oinarri arautzaileak, 30.000,00 euroko gastua baimen dadila eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela; eta, kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroan egiten diren jaialdi eta lehiaketak antolatu eta garatzeko zinemagintzako enpresa eta profesionalei laguntzak emateko deialdia (Generazinema Festivales 2019) onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2510-4709-334103: ARTEM EXPORTA: arte eszenikoen arloko ekitaldiak, jaialdiak eta lehiaketak egiteko laguntzak

2019

30.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko otsailaren 7an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

NAFARROAN EGITEN DIREN ZINEMAGINTZAKO JAIALDI ETA LEHIAKETAK ANTOLATU ETA GARATZEKO ENPRESA ETA PROFESIONALEI LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA (GENERAZINEMA FESTIVALES 2019). OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroan 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31 arte egiten diren zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak antolatzeko enpresa eta profesionalentzako laguntzak arautzea.

1.2. Zinemagintzako jaialdi eta lehiaketak dira zinema ekoizpena eta ikus-entzunezkoak Nafarroan sustatu eta hedatzeko asmoz egiten diren agerraldi, erakusketa eta, oro har, antzeko ekitaldi guztiak. Zinemagintzako jaialdi eta lehiaketek izaera kultural edo artistikoa izan beharko dute, eta gutxienez bi edizio eginak izan beharko dituzte.

1.3. Enpresa edo profesional bakoitzak proiektu bakar bateko proposamen bat baino ezin izanen du aurkeztu.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Nafarroako Foru Komunitatekoak diren edo gutxienez ere 2017ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik dauden pertsona fisikoak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun komunitateak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Entitate horiek helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez ere 2017ko urtarrilaren 1etik.

2.2. Aurreko atalean aipatutako pertsona fisikoek eta entitateek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, ekonomia jardueren gaineko zergan.

2.3. Laguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2019ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak, entitateak, sindikatuak eta lanbide elkargoak.

2.4. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.5. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren baten dauden pertsona eta entitateei.

3. Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek, guztira, 30.000 euroko diru kopurua izanen du, 2019an onetsitako aurrekontuko partida honen kargura: “ARTEM EXPORTA: arte eszenikoen arloko ekitaldi, jaialdi eta lehiaketetarako laguntzak” izeneko A20002 A2510 4709 334103 partida.

3.2. Laguntzak ez dira inolaz ere izanen onartutako aurrekontuaren %65 baino handiagoak. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa 10.000 eurokoa izanen da gehienez ere.

Onartzen den aurrekontua kalkulatzeko, eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuari honako diru kopuru hauek kenduko zaizkio: batetik, deialdi honen 5. oinarriaren arabera diruz lagungarriak ez diren gastuen zenbatekoa, eta bestetik, balorazio batzordearen ustez, proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdiaren xedekoak ez diren jarduerei dagozkien diru kopuruak.

3.3. Aurreko muga horiek betez gero, eta, bidezko denean dagokion deskontua eginda, laguntzaren zenbatekoa enpresak edo profesionalak eskatutakoa izanen da.

3.4. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu, betiere.

3.5. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezala, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion dirulaguntzara egokitzeko. Balorazio batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

4. Eskabideak eta nahitaezko agiriak aurkeztea.

4.1. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (http://www.navarra.es/home_eu/). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

4.2. Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

4.3. Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoko fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4.4. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Telematika bidez aurkeztuz gero, agiriak eskaneaturik aurkeztuko dira, dokumentu bereizitan, nork bere izena behar bezala dakarrela.

a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanik egotearen frogagiria (egoki den udalak emana).

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

1) Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

2) Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

3) Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia; estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

c) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa.

d) Memorian proiektuari buruz agertzen diren datu ekonomikoak III. eranskineko ereduari jarraikiz bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

e) Eskabidea telematika bidez bidali ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.5. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurreko puntuko b.1, b.2 eta b.3 ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.6. Dirulaguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, bost egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.7. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

4.8. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, deialdian ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Sustapeneko materialetan egindako gastuak, hala nola esku-orriak, kartelak, argazkiak, prentsako dosierrak, laburpenak egitea irratian, telebistan, Interneten eta abarretan hedatzeko; ekitaldia dela-eta beharrezko diren kopuruak baino ez.

b) Publizitate eta sustapen kanpainetan hedabide hauetan egindako gastuak:

–Irratia eta Internet, haietan iragarkiak eta banner-ak sartuta.

–Zinemagintzaren edo ikus-entzunezkoen sektoreko aldian aldiko argitalpen idatzi espezializatuak, nazionalak edo nazioartekoak.

–Espainiako eguneroko prentsa idatzia, ekitaldia dagoen egunetan.

–Kanpoko publizitatea, ekitaldia gertatzen den hirian.

c) Emanaldiko aretoak alokatzeko gastuak.

d) Proiekziorako eta/edo azpititulaziorako ekipamendua alokatzeko gastuak.

e) Filmen eskubideei lotutako gastuak.

f) Parte-hartzaile gonbidatuen bidaia-gastuak: joan-etorrien gastuak, bi lagunenak gehienez ere film bakoitzeko, turista-mailan, ekonomikoan edo antzekoan.

g) Parte-hartzaile gonbidatuen ostatu gastuak, dietak eta otorduak, bi lagunenak gehienez film bakoitzeko, pertsona eta egun bakoitzeko 150 euroko muga gainditu gabe.

h) Hitzaldietan edo antzeko ikuskizunetan parte hartzen duten gonbidatuen eskersariak, bost lagunenak gehienez, pertsona bakoitzeko 250 euroko muga gainditu gabe.

i) Sariak emateko ekitaldiak antolatzeko gastuak, azkenik emandako laguntzaren %30 gehienez ere.

j) Sariak.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higigarrien eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) 5.1 puntuan adierazitako arloei ezin egotzi zaizkien gastu kontzeptuak, zentzuz jokatuta proiektuarentzat beharrezkoak ez direnak edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus). Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikari bat eta, hori izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat.

c) Batzordekideak: Zinematografiaren eta/edo kultur kudeaketaren arloan entzute handikoak edo adituak diren 2 lagun; eta Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, edo hori izan ezean, Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua.

6.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. fasea.–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.

2. fasea.–Balorazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko.

3. fasea.–Ondoren, batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskaeren puntuazioa emanen du, eta dirulaguntza banatuko du 7. oinarrian aipatzen den puntuazioa gainditzen duten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren arabera, 3. oinarriko 2. eta 3. ataletan ezarritakoari jarraikiz. Aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera banaketa egin ondoren, azken onuradunari dagokion dirulaguntza eskatu duena baino txikiagoa bada, 3. oinarriaren 5. atalean aipatzen den moduan jokatuko da, balorazio batzordeak eskaera berregina onetsi arte, betiere lortutako puntuazioari jarraituta.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

4. fasea.–Azkenik, batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.4. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1.1. Enpresa edo profesional eskatzailearen ibilbidea, egitura eta gaitasuna (15 puntu gehienez):

a) Enpresaren edo profesionalaren ibilbidea: ikus-entzunezkoen sektorean jarduten egin dituen urte osoen kopurua (4 puntu gehienez).

–15 urtetik gora: 4 puntu.

–11 urtetik 15 urtera bitarte: 3 puntu.

–5 urtetik 10 urtera bitarte: 2 puntu.

–Urte 1etik 4 urtera bitarte: puntu bat.

b) Enpresaren edo profesionalaren jarduera: ikus-entzunezkoen arloarekin zerikusia duten zabalkunde eta prestakuntza jarduerak, azken hiru urte naturalean eginak (8 puntu gehienez).

c) Jaialdiak egindako edizioen kopurua (3 puntu gehienez):

–10 edizio baino gehiago: 3 puntu.

–6 ediziotik 10 arte: 2 puntu.

–3 ediziotik 5 arte: puntu bat.

7.1.2. Proiektuaren kalitate artistikoa eta interesa (45 puntu gehienez).

a) Proiektuaren kalitate orokorra. Balorazio batzordeak honako alderdi hauek hartuko ditu kontuan: proiektuaren laburpena, proiektuaren interes kulturala (helburuak, ikuspegia, kalitatea, berrikuntza, berezitasuna), proiektuak Espainiako zinemaldien testuinguruan duen garrantzia eta egokitasuna, proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia, proiekzioa, eta abar (30 puntu gehienez).

b) Talde artistikoaren eta betearazlearen osaera eta gaitasuna (10 puntu gehienez).

c) Zinemagile nafarren sustapena (5 puntu gehienez).

7.1.3. Proiektuaren hartzaileei loturiko kudeaketa estrategiak (15 puntu gehienez).

a) Marketin, komunikazio, merkaturatze eta salmenta ekintzak (5 puntu gehienez).

b) Proiektuari erantsitako ekintza pedagogikoak (5 puntu gehienez).

c) Zailtasun fisikoak edo psikosozialak dituen jendea hurbiltzen laguntzeko ekintzak. Ekintza hauetan sartzen dira, oztopo arkitektonikoei lotutakoez gainera, edukietara iristeko berdintasuna sustatzen duten guztiak (5 puntu gehienez).

7.1.4. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa (25 puntu gehienez).

a) Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, eskatzen den dirulaguntzaren portzentajea (5 puntu gehienez).

–%55 arte: 5 puntu.

–%55etik gora %60 arte: 3 puntu.

–%60tik gora %65 arte: 2 puntu.

b) Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, bermatuta edo berretsita dagoen finantzaketaren portzentajea, dirulaguntza hau kenduta (baliabide propioak, maileguak, babesleak, dirulaguntza berretsiak eta abar). (10 puntu gehienez).

–%55etik gora %60 arte: 10 puntu.

–%40tik gora %55 arte: 9 puntu.

–%35etik gora %40 arte: 8 puntu.

–%30etik gora %35 arte: 7 puntu.

–%25etik gora %30 arte: 6 puntu.

–%20tik gora %25 arte: 5 puntu.

–%15etik gora %20 arte: 4 puntu.

–%10tik gora %15 arte: 3 puntu.

–%5etik gora %10 arte: 2 puntu.

–%5etik behera: puntu bat.

c) Diru-sarreren eta gastuen arteko koherentzia (10 puntu gehienez).

7.2. Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian aurkeztuko da.

7.3. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, 100 puntu gehienez emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

7.4. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Dirulaguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio bakoitzak eskabide-orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jakitera emanen da (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/), baita Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren iragarki-taulan ere (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.5. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, posta elektronikoko helbide honen bidez: cooperacion.innovacion@navarra.es.

9. Diruz lagundutako proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak, baldin eta helbide fiskala Nafarroan duten pertsona fisikoek eta entitateek egiten badituzte eta horiek ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean alta emanda badaude (legearen 4.f) atalean aipatzen dira), interes sozialekotzat hartuko dira, foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere. Ondorio horretarako, eskatzaileek V. eranskina bete beharko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Halaber, proiektuak egiten laguntzeko mezenasgoko edo babesletzako ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea 10.12 oinarrian aipatzen den ebaluazio txostenean, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeko izan duten eragina ebaluatzea.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraupena eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

10. Onuradunen betebeharrak.

10.1. Interesdunek (salbu eta pertsona fisikoak direnak) dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, telematika bidez, dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo komunikazio zuzeneko ekintzetan.

10.5. Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik adostasuna eman dezan, betiere aldaketak, balorazio batzordearen ustez, funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde-euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

10.7. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

10.8. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

10.9. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

10.11. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

10.12. Enpresak edo profesionalak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

10.13. Proiektuko informazioaren osagarri, enpresak edo profesionalak generoari buruzko memoria bat erantsiko du, helburu izanen duena ezagutzea zein den Nafarroako kultura sektorearen errealitatea genero-ikuspegitik. Horretarako, datu hauek bilduko dira:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa organo zuzendarietan eta masa sozialean.

–Lanak zer gairi heltzen dion nagusiki, eta adieraztea ea edukiak indarra egiten duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Parte-hartzea:

  • Erakutsitako obren egiletza (emakumezko egilea, gizonezkoa edo ezezaguna). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.
  • Zuzendaritza (gizona edo emakumea). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.

10.14. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena:

http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Ordainketa

Oro har, behin onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazio hori proiektua bukatutakoan egin beharko da. Horretarako, onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data, guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta, kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira. Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, erreziboak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketa guztiak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

d) Egindako jarduera azaltzen duen memoria.

e) Hedapenerako elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

11.2. Aurrerakina

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere. Horretarako, entitateak Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari eskatu beharko dio, aurrerakina eskatzeko IV. eranskina aurkeztuz, eta frogatu beharko du dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela (diruzaintzako egoera-orria edo bankuko kontuen saldoa, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda eta proiektuari lotuta ez dauden ordaintzeko eta kobratzeko konpromisoak).

11.3. Aurreko ataletan aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntza likidatzeko, onuradunek 11.1 oinarrian aipatzen diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte proiektua bukatu eta bi hilabeteko epean; betiere, azken eguna 2019ko urriaren 31 izanen da, egun hori barne. Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina dagoen kasuan, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

11.4. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea galduko da.

11.5. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, ordaindu izanaren frogagiria badute, betiere.

11.6. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12. Beste dirulaguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Dirua itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabidea.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. ERANSKINA

Proiektuaren aurrekontu zenbatetsia (Excela).

IV. ERANSKINA

Aurrerakinaren eskaera.

V. ERANSKINA

Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1902138