51. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SARTAGUDA

Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Sartagudako Udalak, 2018ko abenduaren 21ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, eta hura argitaratu zuen 2019ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 10ean, gisa hartara jendaurreko epea irekirik, hogeita hamar egun baliodunean interesdunek espedientea azter zezaten eta erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkez zitzaten. Aurkezturiko alegazioak ebatzi ondoren, Sartagudako Udalaren osoko bilkurak behin betiko onetsi du “Sartagudako herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza” berriaren testua.

SARTAGUDAKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Sartagudako herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izango. Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izango, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Sartagudako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri-lurretako ondasunen inguruan Sartagudako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Sartagudako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiek lehentasunezko aukerak baitira.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren akordioetan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Sartagudako Udalaren ondarera itzuliko dira herri-lurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Sartagudako Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzeaz arduratuko da, eta aurka egingo dio edozein pribatizazio saiori edo horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Sartagudako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-lurretako ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Nafarroako Gobernuari Sartagudako Udalak, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.

10. artikulua. Sartagudako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Sartagudako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izango da.

12. artikulua. Sartagudako Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, osoko bilkuran interpretatuko ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Sartagudako Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. 1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako:

a) Adinez nagusia edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua izatea.

b) Sartagudako Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urte lehenagotik.

c) Sartagudan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

Sartagudako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Familia-unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izango dira. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Sartagudako Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurretako aprobetxamenduak

16. artikulua. Sartagudako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan egingo dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Udalak zuzenean ustiatzea.

Sartagudako Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

17. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia-unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia-unitatean desgaitasun fisikoa edo mentala duten kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan familia-unitateko pertsona fisiko bakoitzaren errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

Aprobetxamendu mota honetarako aukerarik ez dute izango 17.1 artikuluko baldintzak bete arren adjudikazio berria hasten den egunean herri-lurren errentamenduak indarrean dituztenek (bazkalekuak izan ezik), ez bada errentamendu horiei aldez aurretik uko egiten dietela eta gainerako balizko onuradunen baldintza berdinetan parte hartzen dutela.

Salbuespen bakarra da indarrean dituzten errentamenduen azalera adjudikazio berriaren zuzeneko adjudikazioko lotea baino txikiagoa izatea, eta kasu horretan aukera izango dute aldea osatzeko lote baterako.

18. artikulua. 1. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 146. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, ahalegina egingo da oinarrizko lotearen azalera izan dadin gutxi gorabehera 9 hektareakoa lehorreko lurrean eta hektarea 1ekoa ureztalurrean. Onuradunek aukera izango dute lotea eskatzeko lehorreko lurrean edo ureztalurrean.

Zenbateko horiek adjudikazio berri bakoitzean aldatzen ahalko dira. Udalak balorazioa emango dio lote bakoitzari, eta horren arabera dagokion kanona ezarriko.

2. 17. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emango zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio loteari:

a) 3 kide bitarteko familia-unitateak, lote bat.

b) 4 eta 6 kide bitarteko familia-unitateak, 2 lote.

c) 7 eta 9 kide bitarteko familia-unitateak, 3 lote.

d) 9 kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 lote.

19. artikulua. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia-unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Sartagudako Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, ordenantza honen 17. eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratu ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 10 urtekoa izango da. Errentamendu orokorraren hasieran luzapena eskatu ahalko da urte anitzetako laboreen kasuan, aldez aurretik Udalaren idatzizko baimen espresua edukita, eta epe hori 10 urte gehiagora arte luzatu ahalko da, adjudikatu zeneko baldintza berak betetzen jarraituz gero.

Aipatu luzapena eskatzen bada errentamendu orokorra hasi ondoren, mugaegun orokorrerako geratzen diren urte kopuruaren bestekoa izango da luzapena, eta inolaz ere ezingo da epe hori gainditu.

21. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

–Lehorreko lurrak: 25 euro/hektarea/urtea.

–Ureztalurrak:

  • Gobella: 100 euro/hektarea/urtea.

–Gainerako ureztalurrak: 190 euro/hektarea/urtea.

Onuradunek ordaindu beharreko kanonari dagozkion zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen (KPI) igoerarekin bat.

Onuradunen kontura izango da uraren kuota arrunta. Kuota hori errentamenduaren kuotari gehituko zaio. Udalak lehenbizi Ureztatzaileen Sindikatuari ordainduko dizkio kuotak eta, ondoren, kopuru hori adjudikazio-hartzaileari, hura baita ordaintzearen azken arduraduna.

Lurzatien barnean instalazio orokorrak ez diren instalazio guztien, halakorik bada, etxolak eta ubide txikiak barne, mantentze-lanak adjudikazio-hartzailearen kontura izango dira. Instalazio orokorrei dagokienez, onuradunen kontura izango dira mantentze-lanen kuota eta sistemetako eta instalazio orokorretako matxuren konponketagatik Sartagudako Ureztatzaileen Sindikatuak Udalari igortzen dizkion kuotak. Zenbatekoa kalkulatuko da urtea bukatu ondoren eta ur kontsumoaren arabera, kontagailuak baldin badaude edo, halakorik ezean, errentamenduan hartu den azalera osoaren arabera, eta gehien kontsumitzen dutenek gehiago ordaindu beharko dute. Kuota hori errentamenduaren kuotari gehituko zaio.

Udalak lehenbizi Ureztatzaileen Sindikatuari ordainduko dizkio kuotak eta, ondoren, kopuru hori adjudikazio-hartzaileari, hura baita ordaintzearen azken arduraduna.

Nolanahi ere, kanonak Sartagudako Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

22. artikulua. Herri-lurretako lurzatiak onuradunek berek zuzenean landu beharko dituzte, eta ezin izango dituzte errentan eman edo ustiatu norberaren lana ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egiten denean ere laborantza zuzenean eta norberak egina dela ulertuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 17. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, laborantza zuzenean eta norberak egina dela ulertzeko, adjudikazio-hartzaileak edo haren familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 17. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izango dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritzako ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Sartagudako Udalaren Osoko Bilkurari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren Osoko Bilkuraren iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurrak norberak zuzenean lantzen ahal ez baditu, ondoko artikuluan xedatzen dena aplikatuko da.

24. artikulua. Laborantza norberak zuzenean egiteko ezintasun fisiko hori Osasun administrazioaren ziurtagiriaren bidez frogatu beharko da, eta adjudikazioaren unean nahiz lurrez baliatzen ari diren bitartean kasu horretan gertatzen diren titularren lurzatiak herri-lurrak aprobetxatzeko hurrengo moduan adjudikatuko ditu Udalaren Osoko Bilkurak, esan nahi baita, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez, eta hala ez bada, beste modu batean, hau da, Udalak berak ustiapena eginez edo enkante publikoaren bidez.

Sartagudako Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Udalaren Diruzaintzan.

25. artikulua. Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahalko ditu edozein unetan, lurzatien laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko, eta horretarako beharrezko agiriak eskatuko ditu.

Honako kasu hauetan ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, berari adjudikaturiko herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.

b) Nekazaritza Batzordearen ustean, adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honetako 22, 23 eta 24. artikuluetan xedatzen denaren arabera, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta Udalak agindutako epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Nekazaritzako norberaren konturako langileen sistema berezian alta emanda ez daudenak.

Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko ondorioetarako, urtero, errenta aitorpenaren kanpaina bukatu ondoren, hilabete bateko epean, erantsi beharko dira nekazaritzako jarduerengatiko diru-sarreren aitorpena azaltzen den errenta aitorpenaren apartatuaren kopia, eta aurreko hilabeteko alta nekazaritzako araubidean. Eginbehar hau betetzen ez bada, hasiera emango zaio espedienteari errentamenduan dauden lurzatien desjabetzarako, Udalak horretarako errekerimendua egin ondoren.

f) Adjudikaturiko lurzatiaren %80 bederen lantzen ez dutenak.

2. ATALA

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa

26. artikulua. Lurzatiak Lehen Atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta adjudikazio berriaren egunean herri-lurretako errentamenduak indarrean ez dituzten familia-unitateko titularrak diren herritarren artean, ez bada errentamendu horiei aldez aurretik uko egiten dietela eta gainerako balizko onuradunen baldintza berdinetan parte hartzen dutela.

Salbuespen bakarra da indarrean dituzten errentamenduen azalera adjudikazio berriaren zuzeneko adjudikazioko lotea baino txikiagoa izatea, eta kasu horretan aukera izango dute aldea osatzeko lote baterako.

Oinarrizko lotearen azalera izango da gutxi gorabehera 9 hektareakoa lehorreko lurrean, eta hektarea 1ekoa ureztalurrean. Hala ere, erabil daitekeen lurraren arabera eta kontuan hartuz eskatzaile kopurua lur mota bakoitzerako (lehorreko lurra edo ureztalurra), Udalak loteen neurria aldatu ahalko du, ahalik eta onuradun gehienek balia ditzaten. Onuradunek aukera izango dute lotea eskatzeko lehorreko lurrean edo ureztalurrean.

27. artikulua. Familia-unitate bakoitzari dagozkion loteak adjudikatzeko, alderantzizko proportzian hartuko dira kontuan adjudikazio-hartzailearen diru-sarrera garbiak. Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 17.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

28. artikulua. Adjudikazioaren epeak 20. artikuluan adierazitako berberak dira.

29. artikulua. Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean egingo du laborantza eta, horretarako, 22, 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

30. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

–Lehorreko lurrak: 50 euro/hektarea/urtea.

–Ureztalurrak:

  • Gobella: 200 euro/hektarea/urtea.

–Gainerako ureztalurrak: 380 euro/hektarea/urtea.

Onuradunek ordaindu beharreko kanonari dagozkion zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen (KPI) igoerarekin bat.

Onuradunen kontura izango da uraren kuota arrunta. Kuota hori errentamenduaren kuotari gehituko zaio. Udalak lehenbizi Ureztatzaileen Sindikatuari ordainduko dizkio kuotak eta, ondoren, kopuru hori adjudikazio-hartzaileari, hura baita ordaintzearen azken arduraduna.

Lurzatien barnean instalazio orokorrak ez diren instalazio guztien, halakorik bada, etxolak eta ubide txikiak barne, mantentze-lanak adjudikazio-hartzailearen kontura izango dira. Instalazio orokorrei dagokienez, onuradunen kontura izango dira mantentze-lanen kuota eta sistemetako eta instalazio orokorretako matxuren konponketagatik Sartagudako Ureztatzaileen Sindikatuak Udalari igortzen dizkion kuotak. Zenbatekoa kalkulatuko da urtea bukatu ondoren eta ur kontsumoaren arabera, kontagailuak baldin badaude edo, halakorik ezean, errentamenduan hartu den azalera osoaren arabera, eta gehien kontsumitzen dutenek gehiago ordaindu beharko dute. Kuota hori errentamenduaren kuotari gehituko zaio.

Udalak lehenbizi Ureztatzaileen Sindikatuari ordainduko dizkio kuotak eta, ondoren, kopuru hori adjudikazio-hartzaileari, hura baita ordaintzearen azken arduraduna.

Nolanahi ere, kanonak Sartagudako Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

31. artikulua. Azpiatal honetan aipatzen diren adjudikazio horiek egitean, toki entitateek kontuan hartu beharko dute herri-lurretako loteak gorde beharra onuradun berrientzat; horien azalera hasierakoaren ehuneko bosta izango da gehienez ere.

3. ATALA

Sartagudako Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

32. artikulua. Sartagudako Udalak aurreko banaketa prozedurak aplikatu ondoren laborantzarako lurren loteak sobera baldin badaude, Udalak enkante publikoan adjudikatuko du zehaztuko den epe jakin baterako; hain zuzen ere, banaketa berria egin artean. Era berean, enkantean jarriko dira onuradun berriei erantzuteko egindako erreserbak (31. art.). Azken kasu horretan, beren helburua betetzeko beharrezkoak diren unean adjudikazio-hartzaileari desjabetu ahal izateko moduan jarriko dira enkantean, eta soilik erabili ahalko dira urtebeteko laboreetarako.

Enkantearen baldintzak horretarako onesten den agirian jasoko dira.

Enkantea egin ondoren laborantzako lur sobera bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Lehentasunezko eta zuzeneko adjudikaziorako prozedura

33. artikulua. Sartagudako Udalak osoko bilkuran aldez aurretik erabakia hartuta, 15 egun naturaleko epea irekiko da eskubidea izan uste dutenek herri-lurretako lurzatien lehentasunezko eta zuzeneko adjudikazioa eska dezaten, eta ediktua argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan.

34. artikulua. 1. Lehentasunezko aprobetxamenduen eskatzaileek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ezarriko den ereduaren araberakoa, ondoko zehaztapenak bilduko dituena:

a) Sartagudako herritarra izatea, bi urte lehenagotik bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabetez udalerrian bizitzea.

b) Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

c) Zein diren familia-unitatea osatzen duten kideak eta, lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak eskatzen dituztenen kasuan, desgaitasun fisikoa edo mentala duten kideak.

d) Udalerri honetan eta besteetan zenbat erreguren jabe diren, baita errentan edo beste titulu baten bidez dauzkatenak ere, eta laborantza motak.

e) Hiri-lurreko ondasunaren zerga-oinarriak, Udal honetakoak eta besteetakoak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta.

f) Nekazaritzarako eskura duen makineriaren zerrenda zehaztua.

2. Aitorpen horri erantsiko diote familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken ekitaldiko aitorpenaren kopia eta nekazaritzako araubide berezian ari diren langile autonomoen kotizazioaren azken ordainagiria, edo aipatu araubide horretan emandako altaren kopia, araubide horretan alta berria bada.

3. Zinpeko aitorpen hori egiaztatzeko, Udalak ahalmena du eskatzaileari beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eskatzeko, 17.3 artikuluan ezartzen den moduan. Eskatutako epean agiri horiek aurkezten ez badira, eskabidea ezetsi egingo da.

35. artikulua. Udalak adjudikazio modu bakoitzeko onartuen behin-behineko zerrenda onetsiko du osoko bilkuran. Zerrenda hori Udalaren iragarki-taulan emango da argitara eta interesdunei jakinaraziko zaie, egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko, hamar eguneko epean. Alegaziorik aurkezten bada, haiek ebatzi eta behin betiko zerrenda onetsiko da. Alegaziorik ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe, eta Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da.

36. artikulua. Lehentasunezko aprobetxamendurako eta herritarrendako adjudikaziorako eskubidea duten familia-unitateko herritar titularren behin betiko zerrenda ateratakoan, Udalak zehaztu egingo ditu lurzatien loteak, haien ezaugarriak, azalerak, kanona eta abar.

37. artikulua. Loteak zozketaren bidez adjudikatuko dira. Lehentasunez edo zuzenean adjudikatzeko prozeduraren bidez adjudikazioa jaso duten onuradunek baino ez daukate aprobetxamenduari uko egitea. Urte bakoitzeko azaroan izango da, Udalari idazki batean horren berri emanda. Aipatu epe hori iraganik, urtekoa osorik ordaindu beharko dute. Adjudikatutako lurzatiari uko egiten dioten onuradunek ez dute banaketa modu horretako lurretan beste lurzatirik hartzeko eskubiderik izango, beste adjudikazio bat egiten den arte.

Halaber, uko egin nahi duten onuradunek uko egingo diete lehentasunez edo zuzenean adjudikatzeko modalitatean adjudikatu zaizkien lote guztiei.

Gainera, ez da zilegi aprobetxamenduaren titulartasuna partikularren artean eskualdatzea, adjudikatzeko modalitatea edozein dela ere.

38. artikulua. Sartagudako Udalak beretako gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %5 baino gehiago izango ez den azalera, lehentasuna duten onuradun berriei zuzenean adjudikatzeko.

39. artikulua. Zortzi urteko adjudikazioaldi orokorra hasi ondoren, aprobetxamendurako eskubidea dutela uste dutenek Udalari eskatu ahalko diote, abenduaren 1etik 20ra bitartean, urtero.

40. artikulua. Lehen bi aprobetxamendu moduetako lurzatiak adjudikatzeko gertatu diren baldintzei eutsi behar zaie adjudikazioaldi osoan eta gerta litezkeen aldaketen berri eman beharko zaio Sartagudako Udalari. Alde horretatik, Udalak noiznahi egin ahalko ditu beharrezkoak iruditzen zaizkion egiaztapenak.

Horren harira, herritarren arteko lehentasuneko aprobetxamenduen onuradunen diru-sarrerak aldatzen direnean, ordenantza honen 17. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritakoa baino handiagoak badira, adjudikatzeko epean berrikusi egingo da aprobetxamendu horietarako ezarritako kanona, eta onuradun horiek herritarren arteko zuzeneko adjudikazioari dagokion kanona ordaindu beharko dute.

41. artikulua. Ordaindu beharreko zenbatekoa lehenbiziko urterako proposatutako kanonari dagokio. Urtero eguneratuko da erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumoko prezioen indizearekin bat eta adjudikatzeko modalitatearen arabera. Udalak urtero eguneratuko du kanona, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraituz. Kanona nekazaritzako urteko lehen hiruhilekoan ordainduko zaio Udalari, abenduaren 20a baino lehenago. Ulertzen da nekazaritzako urtea irailean hasi eta bukatzen dela.

42. artikulua. Adjudikazio-hartzaileek adjudikazioaren %10 utzi beharko dute, fidantzatako, 10 egun naturaleko epean.

Fidantza aprobetxamenduaren epea bukatu ondoren itzuliko da.

5. ATALA

Zuzenean ustiatu eta enkante publikoan adjudikatzeko prozedura

43. artikulua. Udalak osoko bilkuran onetsiko ditu enkante eta loteetarako baldintzak, eta argitara emango Udalaren taulan, gutxienez ere enkanteak egiteko data baino 15 egun natural lehenagotik.

Hastapenean banatzeko hasierako prezioa izango da herritarren arteko zuzeneko adjudikazioari dagokion kanona (30. artikulua) eta urtero eguneratuko da erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumoko prezioen indizearekin bat.

44. artikulua. Enkante irekiak izango dira eta ahozko posturen bidez egingo dira. Bigarren eta hirugarren enkanteak egiten ahalko dira, %10 eta %20 merkeago. Udalaren iragarki-taulan emango dira argitara, gutxienez ere enkante bakoitza egin behar den data baino bost egun natural lehenagotik.

45. artikulua. 1. Enkanteen emaitza berehala jakinaraziko da Udalaren iragarki-taulan.

2. Adjudikazioaren proposamena jasotzen duen eskaintza, gutxienez zenbateko osoaren seiren bat gehituz hobetzen ahalko da. Sesteoa emateko, arau hauei jarraituko zaie:

a) Enkanterako iragarritako ordutik hasi eta ondoko sei egunean egin beharko da, seigarren egunean ordu berean amaituko baita, jaiegunak ere barne direla.

b) Enkantean lehiatzaile izan ez bada ere, legezko ahalmena duen edonork egiten ahalko du; betiere, aldez aurretik behin-behineko bermea jarri badu.

c) Idatziz nahiz idazkariarengana joz egiten ahalko da. Dena dela, interesdunak sinatutako eginbidea jaulkiko du idazkariak, aurkezpenaren eguna eta ordua bertan adierazita.

d) Sesteoa amaitu ondoren, beste enkante bat egingo da horretarako jarritako epea bukatu eta ondoko lau egun baliodunean. Toki entitateak adjudikazioaren proposamenaren hartzaileari bere postura seiren batean hobetua izan dela jakinarazi beharko dio eta behin betiko enkantea noiz egingo den espresuki adierazi.

e) Behin betiko enkantea egiteko tasazio preziotzat, egindako hobekuntzatik ateratakoa hartuko da eta dagokion iragarkia jarriko Udalaren iragarki-taulan, hurrengo enkantea, ahozko posturen bidez egingo baita, zein egun eta ordutan izango den gutxienez bi egun natural aurretik zehaztuta. Lehiatzailerik ez badago, kontratua sesteo-emaleari adjudikatu dakiola proposatuko da.

f) Enkante berriari dagokion akta prestatuko da eta artikulu honetako 1. zenbakian jaso bezalaxe iragarriko da emaitza.

3. Adjudikazio proposamenaren ondorengo hiru egun baliodunean edonork erreklamatzen ahalko du idatziz, lehiatzaile izan gabe ere, lehiaketaren baliogarritasunaren edo lehiatzaileen gaitasun juridikoaren kontra, eta bere iritziz adjudikazioa egiteko bidezko den erabakia har dadila eskatzen ahalko du.

46. artikulua. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean adjudikatu ahalko da; betiere, prezioa azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa ez bada. Lehentasunezko eta zuzeneko adjudikazioak eta enkante bidezkoa egin ondoren, laborantzako lur sobera gelditzen bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du osoko bilkuran erabakitzen den moduan.

47. artikulua. Adjudikazio-hartzaileek adjudikazio edo errematearen %10 utzi beharko dute, fidantzatako, 10 eguneko epean.

48. artikulua. Udalak urtero eguneratuko du errematea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraikiz. Prezioa nekazaritza urteko lehen hiruhilekoan ordainduko zaio Udalari.

III. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurretako aprobetxamenduetarako arauak

49. artikulua. Laborantzako herri-lurrak Sartagudako ohiturei jarraikiz aprobetxatuko dira, eta baliatzen direnek kalterik sor ez dezaten, ondoko baldintzak ezartzen dira:

1. Herri-lurren adjudikazio-hartzaileek, hiru moduetako edozeinetan zerealak lantzeko lurretan, tratamendu fitosanitarioak egin ahalko dituzte abuztuaren 15etik aurrera, beharrezkoa denean berazaina edo soberako belarkia dagoelako, bazkalekua aprobetxatzen duen abeltzainari horren berri emanda.

2. Edonola ere, herbizidak erabili, lurra landu eta aprobetxamendua egiterakoan, ENP arautzen duten xedapenei edo aplikagarria den maila altuagoko edozein araudiri jarraituko zaie.

3. Debeku da herbizidak botatzea bideetan, areketan, larre-utzietan, altxonbideetan eta halakoetan, salbu eta Udalak espresuki baimendu badu, kasu berezietarako.

4. Ureztatzeko eta herbizidak botatzeko ura, baimendutako eta horretarako bereziki prestatutako tokietatik eta idoietatik baizik ez da aterako. Ez da zilegi erabiltzea aziendak edan dezan prestatutako ura.

5. Zerealetan lastoa uztaren parte da, eta nekazariak abuztuaren 15era arte dauka denbora, uzta bildu ondoren, lastoa fardeletan jaso eta handik kentzeko, errentamenduek mugaeguna betetzen duten kasuetan.

6. Herri-lurretan, Udalak espresuki baimendu ezean, ez da zilegi lasto fardoak, simaurra, egurra edo bestelako materialak biltegiratzea.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

50. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua dagokion foru araudian ezarritakoari jarraikiz egingo da.

51. artikulua. Ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Udalak prestatzen dituen baldintza-agiriek zuzenduko dituzte. Arloan indarra duten xedapenek arautuko dituzte erlauntzak jartzeari buruzko gorabeherak; betiere, Udalaren baimena beharko da, eta hark zehaztuko du non jarriko diren. Gainera, beharrezkoa izango da kasu horietan jendaurrean jartzea eta Nafarroako Gobernuaren onespena, hala behar denean.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

52. artikulua. Sartagudako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu herri-lurren gainean dauden aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xede hauek baldin badituzte:

a) Herri-lurren gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

53. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen proiektuak Udalak berak edo herritar interesdunek sustatuko dituzte, eta lehentasunezkoak izango dira.

54. artikulua. 1. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

2. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte-galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu egingo zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

3. Sartagudako Udalak onesten duen araubide berezia egokitu beharko da, arautu gogo den proiektuaren ezaugarrien eta xedearen arabera, eta iraungo du proiektuak lortu nahi dituen helburuak betetzeko behar den denbora guztian. Indarraldia iragandakoan, proiektuak ukituriko herri-lurrak sartuko dira berriz ere ordenantza honetan ezarritako aprobetxamenduaren prozedura orokorrean.

4. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

VI. TITULUA

Bestelako xedapen orokorrak

55. artikulua. Ureztatzeko herri-lurzatien adjudikazio-hartzaileek erretenak eta ubideak zaindu beharko dituzte eta aldian-aldian garbitu. Adjudikazio epea bukatzean, adjudikazioa hartu zuteneko baldintza berdinetan eta laborantzarako erabiltzeko moduan utziko dituzte lurzatiak, haietan egon daitezkeen zuhaitzak, mugarriak, sustraiak, adarrak eta abar kenduta.

56. artikulua. Lehorreko lurzatia ereina bada, fruitua aurreko adjudikazio-hartzailearena izango da uzta bildu arte, eta orduan adjudikazio-hartzaile berriak okupatuko du. Hori soilik gertatuko da lurzatien adjudikazioaren mugaeguna betetzen den urtean. Urte horretako kanonean uzta jaso arteko denbora kenduko da.

VII. TITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

57. artikulua. Sartagudako Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, ordenantza honetan xedatua betetzen dela ziurtatzeko.

58. artikulua. Alde batera utzita adjudikaziodunari kalteak eta ordainak erreklamatzea eta sortutako erantzukizunak finkatzea, Udalak jarraian azalduko diren zehapenak ezartzen ahalko ditu, dagokion zehapen espedientea instruituta.

59. artikulua. Zehapen ahalmena erabiltzeko, arau hauei jarraituko zaie: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. artikulua eta ondorengoak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluaren I. kapitulua eta aplikatzekoa den araudia.

60. artikulua. Arau-hauste administratiboak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

b) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

c) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

d) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, mahastiak, zainzuriak etab.) udal baimenik gabe egitea.

e) Beste lurzatietatik bereizteko ezpondak laboratzea.

f) Lurrak goldatzean ildoa irekia uztea bide edo areka baten ertzean.

g) Simaurra, harriak, egurra, lastoa edo bestelako materialak uztea bideetan, erretenetan, altxonbideetan edo herri-lurretako edozein tokitan, ez bada bereziki prestatu erabilera horietarako.

h) Finketan behar diren oharrak ez ematea edo seinaleak ez jartzea.

i) Ordenantza honetan xedatuaren aurkako beste edozein gertakari edo egintza, arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkatu ez dena.

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Adjudikazioa eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea edo ordenantza honen arabera ezinbestez aurkeztu beharreko dokumentazioa ez aurkeztea, Udalak aldez aurretik hala eskatu badu.

b) Aprobetxamendua norberak zuzenean ez egitea.

c) Adjudikatutako larreak lagatzea edo azpierrentamenduan ematea, ordenantza honetan aipatzen diren kasuetan eta baldintzetan izan ezik.

d) Asmo gaiztoz, Sartagudako Udalari ez jakinaraztea adjudikazio baldintzetan gerora izandako aldaketen berri.

e) Abereek edateko idoietatik ura hartzea, ureztatzeko edo herbizidak botatzeko.

f) Arekak, erretenak eta abar inbaditzea.

g) Ureztatzeko erretenak ez garbitzea behar diren bandoen bidez aditzera emango diren denbora eta epeetan.

h) Ezarritako borondatezko epeetan ez ordaintzea kanonari eta ur kontsumoari dagozkion kuotak eta instalazio orokorretan egindako konponketen kostuak, borondatezko epea iraganda, ordaintzeko errekerimendua egin ondoren.

i) Bi urteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Mugarriak kentzea edo haien egoera aldatzea.

b) Herri-lurretako lurzatietan nekazaritza lanak egitea Udalaren adjudikaziorik izan gabe.

61. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteengatik, zehapen ekonomiko hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinak egiteagatik, 60,10 eurotik 300,50 eurora bitarteko isuna izango da.

b) Arau-hauste larriak egiteagatik, 300,51 eurotik 601,01 eurora bitarteko isuna izango da.

c) Arau-hauste oso larriak egiteagatik, 601,02 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko isuna izango da.

Zehapen horiek mailakatu egingo dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko azaroaren 1eko 40/2015 Legean ezarritako irizpideei jarraikiz.

62. artikulua. Ezartzen ahal diren zehapen ekonomikoak eta egindako kalte-galerak ordaindu beharra deusetan ukatu gabe, kalte-galerak benetakoak eta banan-banan bereizteko modukoak badira eta haien balio ekonomikoa kalkulatzen ahal bada, Udalak, inguruabarrak aztertu ondoren, zehapen osagarri hauek ezartzen ahalko ditu:

Arau-hausteak larriak edo oso larriak direnean, adjudikazioa kendu eta beste bi adjudikazio alditan herri-lurretako aprobetxamenduak eskuratzeko aukeratik baztertzen ahalko da.

Arau-hauste oso larri batzuen kasuan, inguruabarrak kontuan izanik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio-hartzaile izateko eskubidea kentzen ahalko da.

63. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak aprobetxamenduaren titularrak izango dira, esku hartzeagatik edo esku ez hartzeagatik, edo, kasua denean, egintzetan parte hartu duten pertsonak.

64. artikulua. Alkatea izango da zehatzeko organo eskuduna.

65. artikulua. Zehapen-ahalmena erabiliko da Administrazio Publikoen Prozedurari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako prozeduraren bidez.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ikusirik Sartagudako herri-lurretako aprobetxamenduen ordenantza berriak indarra hartzeko daukan data, salbuespen gisa, ezarri da ordenantza honen babesean egiten diren adjudikazioen errentamenduaren kanona, 2019. urteari dagokiona, 2019ko ekainaren 1etik abenduaren 31ra sortuko dela, eta urtearen bigarren seihilekoan (ekaina/iraila) igorriko dela.

2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, kanona eta sortzeko modua ordenantza honen artikuluetan (21. eta 30.ean) ezarritakoa izango da. Enkante bidezko adjudikazioak arautuko dira enkanteak arautzen dituzten agirietan ezarritako prezioen arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira Sartagudako Udalaren laborantzako herri-lurrak arautzen dituzten ordenantza honen aurreko ordenantzak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Ordenantza honetan xedatzen edo biltzen ez den orotan, arau hauek aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, orokorrak eta sektorialak, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren bilduma, eta oro har eta kasu honetan berariaz aplikatzeko diren gainerako arauak. Ordezko zuzenbide gisa, Estatuko legeria aplikatuko da.

Bigarrena.–Sartagudako Udalak ordenantza hau eta honen babesean emandako adjudikazioak interpretatuko ditu, bai eta ordenantza betetzean sortzen diren zalantzak argituko ere. Interpretazioaren gainean hartzen diren erabakiak berehala betearaztekoak izango dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorio juridikoak izango ditu behin haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratu eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko epea iragan ondoren; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatua betez, eta ohartarazten da behin betiko onespen honen aurka bide hauetako bat erabil daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Argitara ematen da.

Sartagudan, 2019ko otsailaren 26an.–Alkatea, Paolo Albanese Weiss.

Iragarkiaren kodea: L1902832