51. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

PUIU

Aldaketa, Etxeko animaliak, oro har, eta arriskutsuak izan daitezkeenak edukitzea arautzen duen ordenantzaren 5., 19., 21., 22., 23., 26., 27. eta 28. artikuluetan. Behin betiko onespena

Puiuko Udalak, 2018ko azaroaren 21ean egin osoko bilkura berezian, erabaki zuen hasiera batean onestea aldaketa, Etxeko animaliak, oro har, eta arriskutsuak izan daitezkeenak edukitzea arautzen duen ordenantzaren 5., 19., 21., 22., 23., 26., 27. eta 28. artikuluetan. Iragarkia jendaurrean egon zen, argitara eman baitzen 2018ko 247. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 26an, eta Puiuko Udalaren iragarki-taulan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratzen da, eraginkortasun juridikoa izan dezan.

Puiun, 2019ko otsailaren 9an.–Alkatea, Nekane Salaberria Etxeberria.

ORDENANTZA, ETXEKO ANIMALIAK, ORO HAR, ETA ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEENAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Etxeko animalien inguruan ezarritako Nafarroako Foru Komunitateko araudiak (animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea) ezartzen du udalek eskumena dutela arriskutsuak izan daitezkeen animalien inguruko zehapen espedienteak instruitzeko eta ebazteko. Horrez gain, estatuan, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak izateari buruzko Araubide Juridikoa ezartzen duen abenduaren 23ko 50/1999 Legeak eta hori garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuak halako animaliendako lizentziak ematera eta erregistro bat sortzera behartzen dituzte udalak.

Azaldutakoa ikusirik, eta kontuan izanik herritarrengan nolabaiteko eragina izan dezakeela etxeko animaliekin eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliekin bizitzeak, eta animaliok bide publikoa eta erabilera publikoko espazioak erabiltzeak, beharrezkotzat jo da halako animalien jabeen eta/edo halako animaliak dituzten pertsonen jokabideak eta erantzukizunak arautzea. Horretarako, dagokion ordenantza egin da.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek honako hau du helburu: etxeko animaliak, oro har, eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzea eta legeak ezarritakoa Puiuko udalerrian aplikatzea. Lege hauek dira aplikagarri kasu honetan: 7/1994 Foru Legea, maiatzaren 31koa, animalien babesari buruzkoa; 50/1999 Legea, abenduaren 23koa, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeari buruzko Araubide Juridikoa ezartzen duena; eta 287/2002 Errege Dekretua, martxoaren 22koa, 50/1999 Legea garatzen duena.

I. TITULUA

Etxeko animalientzat oro har ezarritako xedapen orokorrak

2. artikulua. Definizioa.

Etxeko animaliak dira gizakiak lagun egiteko dituen edo baliabideak lortzeko hazten dituen animaliak.

3. artikulua. Mota guztietako etxeko animalien jabeen eta/edo edukitzaileen betebeharrak.

a) Administrazio publikoek ezartzen dituzten prebentziozko osasun neurriak eta gainerakoak aplikatu beharko dituzte.

b) Administrazio publikoak nahitaezko gisa ezartzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, udal agintaritzak hala eskatzen dienean.

c) Neurriak hartu beharko dituzte animaliak ez daitezen joan, libreki eta inork eraman gabe, etxebizitzen edo lokalen kanpoaldera, bide publikora edo erabilera publikoko lekuetara.

d) Behar diren neurriak hartuko dituzte animaliek hirugarrenei edo horien ondasunei ez kalterik ez trabarik ez egiteko.

e) Identifikatuta izan beharko dituzte etxeko animaliak eta, bereziki, txakurrak, administrazio publikoak adierazten duen moduan.

f) Puiuko herrigunean, txakurrek lotuta ibili behar dute beti, gehienez ere 2 metroko hede sendo edo kate batekin, arduradun batek eramanda.

Artzain txakurrek ez dute betebehar hori izanen artzain lanetan ari direnean, baldin eta animalia ez bada arriskutsua izaten ahal, ordenantza honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoaren arabera.

g) Puiuko herrigunetik kanpo, txakurrak hede edo katerik gabe ibiltzen ahal dira, baldin eta beren arduradunarekin badaude. Hala ere, txakurrarekin batera doan arduradunak gehienez 2 metroko uhala edo katea eraman beharko du beti aldean, txakurra lotzeko, halako kasuetan non jendeari traba edo kalte egin diezaiokeen, edo beste animaliei, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, ingurune naturalari.

h) Ez diete kaka egiten utziko animaliei, bereziki txakurrei, espaloietan, galtzadetan, parterreetan, berdeguneetan eta nagusiki jendea igarotzeko eta/edo jolasteko diren bide publikoko edo erabilera publikoko bide pribatuko elementuetan, ezta herrigunearen inguruko bideetan ere.

i) Animalien eta bereziki txakurren gorotzak bildu eta bota beharko dituzte, aipatutako lekuetan daudenean. Hain zuzen, bide publikoan dauden edukiontzietan botako dituzte, poltsa edo bilgarri baten barruan, eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratuko dira.

j) Txakurrak, zaintza lanetan, jabego partikularreko barrutietan soilik ibili ahalko dira aske, baldin eta barruti horiek eremu publikotik bereizteko erabat itxita badaude eta txakurrak hesitik kanpora jauzi egiterik ez badu. Jabea beharturik dago ohartaraztera txakur zaindaria dagoela, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai jarriz zaintzapeko barrutiko sarrera guztietan.

k) Animaliek zaunkak eta iskanbilak sortu ohi badituzte maiz, jabeek eta/edo edukitzaileek berehala isilarazi behar dituzte, eta aurrerantzean auzokideei halako eragozpenik ez sortzeko neurriak hartu, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortzietara bitartean gertatzen bada.

4. artikulua. Etxeko animalia guztientzako debekuak.

Debeku da:

a) Administrazio publikoak nahitaezko gisa ezartzen dituen prebentziozko edo bestelako osasun baldintzak betetzen ez dituzten animaliak kalean ibiltzea.

b) Animaliak sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

c) Animaliak sartu eta egotea elikagaiak saltzeko edo kontsumitzeko establezimenduetan.

d) Animaliak sartzea establezimendu publikoetan edo erabilera publikoko establezimendu pribatuetan, hala nola igerilekuetan, mediku kontsultategietan, ikastetxeetan eta abar.

e) Jendeari ostatu ematen dioten eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduetan, haien maila edo kategoria edozein dela ere, jabeen esku gelditzen da animaliak sartzea eta egotea debekatzea. Kasu horretan, egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea jarri beharko dute.

f) Animaliak edukitzea beren arduradunek behar bezala kontrola ditzaketen lekuetan.

g) Animaliei uztea erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edaten.

h) Animaliei bide publikoetan jaten ematea, bereziki katuei, etxekoak zein kalekoak izan.

b), c) eta d) letretan ezarritako debekuek ez diete eraginen behar bereziak dituzten pertsonen lagun egiteko animaliei, beren ohiko bizitzarako beharrezkoak badira; hots, itsu-txakurrei eta antzekoei.

5. artikulua. Etxeko animaliak abandonatzea.

Etxeko animalia bat abandonatua dagoela uste izanen da inor gabe dabilenean erabilera publikoko bide edo jabari publiko zein pribatu batean, bere jatorriaren edo jabearen identifikaziorik gabe.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien kasuan, animalia abandonatua dagoela uste izanen da inor gabe dabilenean erabilera publikoko bide edo jabari publiko zein pribatu batean, bere jatorriaren edo jabearen identifikaziorik eraman zein ez.

Udal agintaritzak animalia bere gain hartu eta atxiki eginen du, harik eta dagokionak jaso, norbaiti utzi edo heriotza ematen zaion arte.

Puiuko Udalak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin, beste tokiko erakunde batzuekin, animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteekin edo horretan aritzen diren beste pertsona batzuekin adostu ahal izanen du abandonatutzat jo diren animaliak bertan uztea edo zaintzea.

Identifikatuta badaude, jabeari abisu emanen zaio animalia jaso dezan, gehienez 10 eguneko epean. Identifikaziorik izan ezean, 8 eguneko epea izanen dute animalia berreskuratzeko.

Jabeak ordainduko ditu animaliak sorrarazitako gastu guztiak, berreskuratu aurretik.

6. artikulua. Etxeko animalien eraso eta gaixotasunen kasuan.

Animalia batek norbaiti eraso egiten badio, pertsona horrek gertatutakoa jakinaraziko die osasun zerbitzuei, eta medikuaren partea aurkeztuko dute.

Edozein herritarrek ikusten badu animalia batek pertsona bati edo beste animalia bati eraso egin diola, udal agintaritzari jakinarazi beharko dio.

Jendeari edo beste animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animaliak, baita amorrua edukitzearen zantzuak dituztenak ere, albaitariaren kontrolpean egonen dira hamalau egunean. Behaketan eman beharreko denbora hori Udalak edo dagokion osasun agintaritzak adierazitako zentroan eginen da.

Animalia erasotzailea txakur bat bada, haren jabeek eta/edo edukitzaileek inplikatutako animaliaren datuak eman beharko dizkiote erasoa jasan duen pertsonari edo haren legezko ordezkariei eta agintaritza eskudunei, hala eskatuz gero. Gainera, beharturik daude animalia bere ohiko aterpean edukitzera, osasun zerbitzuek bildu arte. Espresuki debekaturik dago hura inora eramatea edo hiltzea.

Jabeak eskatzen badu eta albaitari zerbitzuek aldeko txostena emanez gero, txakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egiten ahalko da, baldin eta animaliak agiri egokiak baditu eta kasuan kasuko urteko txertoa eta identifikazioa jasota badaude.

Jabeek ordainduko dituzte aipatu animaliak atxiki eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastu guztiak.

7. artikulua. Lagun egiteko etxeko animaliak saltzen, zaintzen edo hazten dituzten establezimenduak.

Lagun egiteko etxeko animaliak saltzen, zaintzen edo hazten dituzten establezimenduek bete behar dituzte une bakoitzean indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak, animaliak higiene, osasun, elikadura eta albaitaritza baldintza onetan egon daitezen. Halaber, animalien kontrol egokia egin beharko dute, aipatutako baldintzak jasotzen dituen erregistro espezifiko baten bidez.

Puiuko Udalak izanen du establezimendu horiek zaintzeko eta ikuskatzeko eskumena, zuzenean edo Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan.

II. TITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak

8. artikulua. Definizioa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartuko dira:

a) Animalia basatiak, etxeko animalia gisa edo lagun egiteko erabiliak direnak, pertsonei zein beste animalia batzuei heriotza eman edo lesioak eragiten ahal dizkieten espezie edo arrazetakoak, edo ondasunetan kalteak sor ditzaketenak, erasokorrak izan ala ez.

b) Edozein espezietakoak izanik, erasorako eta defentsarako entrenatu edo trebatu diren animaliak.

c) Edozein espezietakoa izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diotenak.

d) Arriskutsuak izan daitezkeen txakurtzat hartuko dira:

–Arraza hauetako txakurrak: pit bull terrier, staffodshire bull terrier, american staffodshire terrier, rottweiler, dogo argentinarra, fila brasildarra, tosa inu, akita inu eta horien arteko gurutzatze guztiak.

–Honako ezaugarri hauek guztiak edo gehienak dituzten txakurrak: muskulatura sendoa, itxura indartsua, gorpuzkera mardula, forma atletikoa, bizkortasuna, indarra eta erresistentzia, izaera nabarmena eta kemen handia, ile motza, 60 eta 80 zentimetro arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetro arteko soingurutzeko garaiera eta 20 kg-tik gorako pisua, eta bolumen handiko burua, kuboidea, sendoa, garezur zabal eta handikoa, eta masail gihartsu eta konkortuak dituena. Baraila handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona; lepo zabala, gihartsua eta motza. Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra. Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelu ez oso handia egiten dutenak.

–Ezaugarri horiek betetzen ez badituzte ere, izaera erasokor nabarmena duten animaliak edo pertsonei nahiz beste animalia batzuei eraso dietenak, baldin eta eskumeneko agintaritzak arriskutsuak izan daitezkeela hauteman badu, albaitari baten txostena ikusita eta irizpide objektiboak kontuan hartuta.

I. KAPITULUA

Aldez aurreko lizentzia

9. artikulua. Nahitaezkotasuna.

Puiuko udal-mugartean animalia arriskutsuak izateko, saltzeko edo hezteko, beharrezkoa izanen da aldez aurretik udal lizentzia eskuratzea.

Lizentzia hori arriskutsua izan daitekeen animalia eskuratu baino lehen eskatu eta lortu beharko da.

10. artikulua. Lizentzia eskatu behar duten pertsonak.

Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izaten ahal diren animalien jabeak eta/edo edukitzaileak, baldin eta Puiun bizi badira edo animaliak salerosi nahiz trebatzeko jarduera Puiun egiten bada.

Era berean, lizentzia hori eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabeek eta/edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez gutxienez Puiun egon behar badu.

11. artikulua. Lizentzia eskuratzeko baldintzak.

a) Adinez nagusia izatea.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, nahitaezkoa da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak izateko eskubideaz gabetua ez egotea ebazpen judizial bidez; hori egiaztatzeko, eskumeneko agintaritzak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

c) Arau-hauste astun edo oso astunengatik abenduaren 23ko 50/1999 Legearen (Arriskutsuak izan daitezkeen animalien araubide juridikoari buruzkoa) 13. artikuluko 3. apartatuan ezarritako zehapen osagarririk jaso ez izana, bat etorriz abenduaren 23ko 50/1999 Legea (Arriskutsuak izan daitezkeen animalien araubide juridikoari buruzkoa) garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoarekin. Baldintza hori egiaztatzeko, agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

d) Ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko. Hori egiaztatzeko, agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

e) Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura duena (120.000 euro).

f) Ildo horretan, indarrean dagoen udal tasa ordaindu izana.

12. artikulua. Prozedura.

Aldez aurreko lizentzia eskatu beharko da Udalaren erregistroko bulegoetan, arriskutsua izaten ahal den animalia eskuratu aurretik, ordenantza honen eranskinean jasotako eredu normalizatuari jarraikiz.

Hasiera batean arriskutsua ez den animalia batek erasoren bat egin badu eta, horregatik, eskuratu ostean arriskutsua izan daitekeen animalia gisa sailkatu bada, jabeak kapitulu honetan zehaztutako lizentzia eskatu beharko du 5 eguneko epean, eta bat etorriz aipatutako eredu normalizatuarekin.

Eredu normalizatu horiek herritarren eskura egonen dira Puiuko Udalaren webgunean eta udal bulegoetan.

Aipatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute jabeek, dagozkien ziurtagiri eta dokumentuen bidez.

Dokumentu guztiak aurkeztu ezean, errekerimendua eginen zaio 10 eguneko epean, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Dokumentazioa aurkeztu ezean, lizentzia ukatu eginen zaio.

Dokumentazioa aurkeztuz gero, dagokion lizentzia emanen zaio.

13. artikulua. Ebazteko eskumena.

Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Puiuko Udaleko Alkatetzak izanen du lizentzia emateko eskumena.

14. artikulua. Indarraldia.

Lizentziak bost urterako balioko du, eta berritzen ahalko da iraupen bereko beste aldi batzuetarako.

Lizentziak indarra galduko du titularrak ordenantza honen 11. artikuluan ezarritako baldintzetako edozein betetzen ez duen unetik beretik.

15. artikulua. Aldaketak lizentziaren datuetan.

Lizentziako daturen bat aldatzen bada, titularrak Puiuko Udalari jakinarazi beharko dio, hamabost eguneko epean, aldaketa gertatzen den egunetik hasita.

Indarra duen administrazio lizentziaren inguruko esku-hartzea, etenaldia edo kautela-neurria, bide judizial edo administratiboan erabakia, beste lizentzia bat ez emateko edo lizentzia ez berritzeko arrazoi izanen da, neurri hori indarrik gabe uzten ez den bitartean.

II. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa

16. artikulua. Sorrera.

Puiuko Udalak arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistro bat sortuko du, animaliak espezieka sailkatuta. Erregistroan, gutxienez, datu hauek jasoko dira: jabeen eta/edo edukitzaileen datu pertsonalak, animalia identifikatzeko aukera ematen duten ezaugarriak eta ohiko helbidea (zehaztu beharko da gizakiekin bizi den edo beste helburu batzuetarako erabiltzen den, hala nola zaintza, babesa edo besteren bat).

Erregistro hori sortzeko orduan, datuak babesteko araudian ezarritakoari jarraituko zaio:

a) Ordenantza honek indarra hartzen duenean datu pertsonalen fitxategi bat izan beharko da, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak eta/edo edukitzaileak erregistratzeko.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek, animaliak erregistroan inskribatzeko, Puiuko Udalari jakinarazi beharko dizkiote ordenantza honetan adierazitako datuak.

c) Erregistroaren helburua izanen da Udalak ordenantza honetan adierazten diren betebeharrak betetzea, eta Puiuko Udalak baino ezin izanen du erabili erregistro hori.

d) Erregistroa kudeatzeko lege-oinarria honako hau da: abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta bestelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.

e) Interesdunen datu pertsonalak zein helbururekin jaso ziren, horiek betetzeko behar den denboran edukiko dira, Udalen eskumen eta eginkizunak erabiliz eta, betiere, legeak kontserbaziorako, preskripziorako eta egon daitezkeen erantzukizunak zuritzeko aurreikusten duen epean.

f) Datuen hartzaileak. Erregistroan jasotzen diren datu pertsonalak ez zaizkie emanen Udal honetakoak ez diren hirugarrenei, ez bada eskatutako zerbitzua emateko beharrezkoak direla, gaian eskumena duten administrazio publikoei emateko, beharrezkoa denean edo agintari publiko eskudunek eskatzen dituztenean, une bakoitzean aplika daitezkeen legezko eta erregelamenduzko xedapenekin bat etorriz.

g) Nahitaezkoa da ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea.

h) Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

i) Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, lizentzia artxibatu eginen da.

j) Fitxategian erregistraturik dauden pertsonek aukera izanen dute sartu, zuzendu, deuseztatu, datuen tratamendua mugatu, kontra egin edo eramateko eskubideak erabiltzeko, Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean araututakoaren arabera.

k) Datuak deuseztatzeko edo ezabatzeko eskaera eginez gero, galdu eginen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien lizentziari eusteko eskubidea.

17. artikulua. Erregistratzeko betebeharra.

II. tituluko I. kapituluan aipatzen den aldez aurreko lizentzia eskuratzen dutenek betebeharra izanen dute arriskutsua izan daitekeen animalia oro erregistratzeko, eskuratu eta hurrengo 15 egun baliodunean. Epe hori zenbatuko da lizentzia jakinarazten zaien egunetik aurrera.

Animalia erregistratu ondoren, Udalak ziurtagiri bat eginen du, eta hor adieraziko da arriskutsua izan daitekeen animalia erregistroan inskribatu dela.

18. artikulua. Erregistroko datuak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek Puiuko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek, animaliak erregistroan inskribatzeko:

a) Animalia espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, behar izatera.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Jaiotze data.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintzarako, babeserako edo aipatuko den beste xede baterako den.

g) Jabearen izen-abizenak eta NANa.

h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bilakatzen duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

j) Hazkuntza zentroaren datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

m) Erantzukizun zibileko aseguru bat egin izanaren frogagiria, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura duena (120.000 euro).

Jabeak eta/edo edukitzaileak adierazitako datuetan izaten ahal den edozein aldaketaren berri eman beharko du, aldaketa gertatu eta hurrengo 15 egun balioduneko epean. Erasoren bat gertatzen bada, aldiz, horren berri eman beharko da erasoa gertatu den egunean bertan.

III. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeen eta/edo edukitzaileen betebeharrak eta debekuak

19. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeen eta/edo edukitzaileen betebeharrak.

Ordenantza honen I. tituluko I. kapituluan etxeko animaliak, oro har, izateko adierazitako betebeharrez gain, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honen II. tituluko I. kapituluan aipatu bezala.

b) Ordenantza honen II. tituluko I. kapituluan aipatzen den lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

c) Erregistroan sartzea arriskutsuak izan daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Animaliaren lapurreta edo galeraren berri ematea Udalari, gertatzen denetik 48 orduko epean, baita hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost egun balioduneko epean, animalia identifikatzeko datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aurretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost egun balioduneko epean gehienez, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Edonola ere, erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere 15 egun balioduneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko dute, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko dituzte, urtea bukatu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria, bai eta animalia arriskutsuak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko primaren kopia konpultsatuak ere.

i) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Puiura ekartzen bada, denbora mugarik gabe edo hiru hilabetetik gorako denbora baterako, jabea eta/edo edukitzailea beharturik egonen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia 3 hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak frogatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurri egokiak hartu beharko ditu.

j) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat berarekin darabilen pertsonak berekin izan beharko du beti ordenantza honen II. tituluko I. kapituluan aipatutako lizentzia, baldin eta animaliarekin batera badago espazio publikoetan edo erabilera publikoko espazio pribatuetan. Kasu horietan, berekin izan beharko du, halaber, animalia hori arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria.

k) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliek loturik egon beharko dute finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio eta mugaturiko edozein tokitan daudenean –behar bezalako azalera, altuera eta itxitura dituen barnealde batean daudenean izan ezik–, halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren.

l) Arriskutsuak izan daitezkeen animalia gisa sailkatutako txakur guztiek muturreko homologatua eraman beharko dute, beren arrazarako egokia, espazio publikoan edo erabilera publikoko espazio pribatuan dabiltzanean.

m) Arriskutsuak izan daitezkeen txakur guztiek identifikatuta egon beharko dute mikrotxip batekin.

n) Puiuko udal-mugarteko erabilera publikoko toki eta eremu publiko zein pribatuetan, arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eraman eta kontrolatuko dira.

Eginbehar horiek betetzeko epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, 15 egun baliodunekoa izanen da.

20. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeen eta/edo edukitzaileen debekuak.

Etxeko animaliak, oro har, edukitzeko debekuez gain, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek eta/edo edukitzaileek debeku hauek izanen dituzte:

a) Animaliak heztea borroka eta erasoetan oldarkorrago izan daitezen lortzeko xede hutsez.

b) Pertsona bat arriskutsua izan daitekeen txakur bat baino gehiagorekin ibiltzea.

c) Adingabe bat arriskutsua izan daitekeen txakur batekin ibiltzea.

III. TITULUA

Zehapenak

21. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

a) Etxeko edozein animalia abandonatzea, arriskutsua izan daitekeen ala ez kontuan izan gabe.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak lizentziarik gabe edukitzea.

c) Animaliak heztea oldarkorrago izateko xedez.

d) Gainerako arau-hauste oso astunak, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean jasotakoak, edo horiek aldatu, garatu edo ordezkatzeko araudietan ezarritakoak.

22. artikulua. Arau-hauste astunak.

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak identifikatzeko araua ez betetzea.

c) Erregistroan ez inskribatzea.

d) Arriskutsua izan daitekeen txakur bat muturrekorik gabe eta/edo lotu gabe ibiltzea leku publikoetan edo erabilera publikoko leku pribatuetan, eta/edo adingabeko batekin ibiltzea.

e) Udal agintaritzak eskatzen dituen eta ordenantza honetan ezartzen diren nahitaezko datuak ez ematea, edo datu osatu gabeak edo dokumentazio faltsua ematea.

f) Arriskutsua izan daitekeen animaliari uztea pertsonei edo beste animalia batzuei eraso egiten, edota edozein ondasuni kalte egiten, edukitzailearen egitez zein ez-egitez, hala bide publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

g) Puiuko Udalak egindako eskakizun bat edo ordenantza honetan ezarritako betebehar bat horretarako zehaztutako epetik kanpo betetzea.

h) Gainerako arau-hauste astunak, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean jasotakoak, edo horiek aldatu, garatu edo ordezkatzeko araudietan ezarritakoak.

23. artikulua. Arau-hauste arinak.

a) Txakurrekin Puiuko herrigunean ibiltzean, txakurrei hede edo katerik ez jartzea, edo jarritako hedea 2 metro baino luzeagoa izatea.

b) Puiuko herrigunetik kanpo txakurrekin ibiltzean, haiek lotzeko 2 metroko hede edo katerik gainean ez izatea.

c) Espazio publikoak edo erabilera publikoko espazio pribatuak etxeko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.

d) Bere txakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

e) Ordenantza honetako beste edozein arau ez betetzea, arau-hauste astuna edo oso astuna ez bada.

f) Gainerako arau-hauste arinak, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean jasotakoak, edo horiek aldatu, garatu edo ordezkatzeko araudietan ezarritakoak.

24. artikulua. Delitua edo falta dakarten arau-hausteak.

Arau-hausteak delitu edo faltatzat har daitezkeen kasuetan, Puiuko Udalak edo hark eskuordetzen duen erakundeak edo dagokionak erabaki dezake animalia konfiskatzea, agintaritza judizialak adierazitakoari jarraikiz, eta berehala organo jurisdikzional eskudunari eman beharko zaio egitateen berri.

25. artikulua. Arau-hausteen erantzulea.

Arau-haustearen erantzuletzat hartuko da animaliaren jabea eta/edo edukitzailea, eta egitez nahiz ez-egitez arau-haustean parte hartu duena.

Administrazio-erantzukizunak ez du deusetan ukatzen bide penalean edo zibilean ere eska daitekeena.

26. artikulua. Zehapenak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliei dagozkien arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arau-hauste oso astunak, 2.404,06 eurotik 15.025,30 eurora bitarteko isunarekin.

b) Arau-hauste astunak, 300,52 eurotik 2.404,05 eurora bitarteko isunarekin.

c) Arau-hauste arinak, 150,25 eurotik 300,51 eurora bitarteko isunarekin.

Gainerako animaliei dagozkien arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arau-hauste oso astunak, 601,02 eurotik 3.005,06 eurora bitarteko isunarekin.

b) Arau-hauste astunak, 150,26 eurotik 601,01 eurora bitarteko isunarekin.

c) Arau-hauste arinak, 60,10 eurotik 150,25 eurora bitarteko isunarekin.

27. artikulua. Zehapenak mailakatzeko irizpideak.

Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan isunen zenbatekoa mailakatzeko eta zehapenak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.

b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

28. artikulua. Zehapen prozedura.

Puiuko Udalak izanen du zehapenak ezartzeko ahalmena; zehazki, Puiuko Udaleko Alkatetzari dagokio zehapenak jartzeko eskumena.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Alkatetzak alda ditzake ordenantza honen eranskinak, baldin aldaketa horiek berarekin badakarte karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua erraztea eta arintzea, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatuari jarraitzen badiote. Horrenbestez, honetarako ahalmena ematen zaio Alkatetzari:

1. Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horrek barne har dezake, besteak beste, eskaera eredu normalizatuak onestea eta aldatzea, bai eta aurkeztu beharreko dokumentazioa zein den ere, berariaz adierazita haren edukia zein izanen den.

2. Behar diren xedapenak ematea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Arriskutsua izan daitekeen animalia bat lehendik dutenek 2 hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Indarrik gabe gelditzen da Puiuko Udalaren Txakurrak edukitzearen gaineko ordenantza, 2014ko 126. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 30ean.

Bigarrena.–Ordenantza honetan ezarri gabeko alderdi guztietarako, honako hauetan zehaztutakoa aplikatuko da: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; 4/2005 Foru Legea, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzkoa, eta hori garatzeko erregelamendua (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua); 7/1994 Foru Legea, maiatzaren 31koa, animalien babesari buruzkoa; 50/1999 Legea, abenduaren 23koa, Arriskutsuak izan daitezkeen animalien Araubide Juridikoari buruzkoa, eta hori garatzeko erregelamendua (martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua); eta ordenantza honen goragoko xedapen guztiak, baldin eta ordenantza honen helburuari eragiten ahal badiote.

Hirugarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

I. ERANSKINA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak izateko aldez aurreko lizentziaren eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1902031