253. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

191/2019 FORU AGINDUA, azaroaren 27koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Administrazioak Eskubide Sozialetako Departamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordean izanen dituen ordezkariak izendatzen dituena.

Laneko arriskuak prebenitzeko araudia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparrura egokitzen duen apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretuaren 9.8 artikuluak ezartzen duenez, Eskubide Sozialetako Departamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordea osatuko dute esparru horretan izendatutako prebentzioko ordezkariek (departamentu horri atxikitako erakunde autonomoetakoak barne) eta departamentuaren beste horrenbeste ordezkarik, departamentuko titularrak izendatuak.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen, eta gizarte gaien arloko eskumenak Eskubide Sozialetako Departamentuari esleitu zitzaizkion. Urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren bidez eta azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez Eskubide Sozialetako Departamentuari atxiki zitzaizkion Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzia eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua izeneko erakunde autonomoak.

Egitura organiko horrekin bat, bidezkoa da Eskubide Sozialetako Departamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordean Administrazioak izanen dituen zortzi ordezkariak izendatzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, laneko arriskuen prebentziorako araudia Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremurako egokitzen duen apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretuari dagokionez,

AGINTZEN DUT:

1. Administrazioak honako ordezkari hauek izanen ditu Eskubide Sozialetako Departamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordean:

–Idazkari tekniko nagusia.

–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Kudeaketaren eta Baliabideen zuzendariordea.

–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Langileria Ataleko burua.

–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Inbertsio, Obra eta Hornidura Ataleko burua.

–San José Zentroko zuzendaria.

–El Vergel zahar etxeko zuzendaria.

–Santo Domingo zahar etxeko zuzendaria.

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren Ataleko burua.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusira, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira eta interesdunei.

Iruñean, 2019ko azaroaren 27an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F1915886