253. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza fiskala, Muñoz Sola arte modernoko museoan
bisita gidatuak eta beste jarduera batzuk egiteko 2020ko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2019ko urriaren 7an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Muñoz Sola arte modernoko museoan bisita gidatuak eta beste jarduera batzuk egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala, 2020ko urtarrilaren 1ean indarra har zezan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2019ko 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 17an, baita Udalaren ediktu-taulan paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluan dauden aginduak bete beharrez, behin betiko onetsitako testua osorik ematen da argitara, ondoko eranskinean jasotzen den moduan.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen aldaketa hauen aurka –xedapen administratibo orokorra baitira– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tuteran, 2019ko abenduaren 2an.–Ogasuneko zinegotzi ordezkaria, Irene Royo Ortín.

ERANSKINA

ORDENANTZA FISKALA, MUÑOZ SOLA ARTE MODERNOKO MUSEOAN BISITA GIDATUAK ETA BESTE JARDUERA BATZUK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Tasa hauek martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100.5 artikuluari jarraituz ezarri dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatu baitzuen, tasen eta prezio publikoen gaietan, eta Muñoz Sola museoari aplikatuko zaizkio, Tudela-Cultura enpresa-entitate publikoaren estatutuen 41.1.c artikuluan ezarritakoari jarraikiz, museoa entitate horri atxikia baitago.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Hauek dira ordenantza honetako zergapeko egintzak:

a) Museoko bisita gidatuak.

b) Ikastaro, ikasgela, tailer, mintegi, bisita berezi edo bestelako jardueretan parte hartzea.

Subjektu pasiboak

3. artikulua. Subjektu pasiboak dira museoko bisita gidatua egiten dutenak edo 2. artikuluko b) apartatuan adierazitako jardueretan parte hartzen dutenak.

Tarifak

4. artikulua. Aplikatuko diren tarifak ordenantza honetako eranskinean agertzen dira, eta indarra izanen dute Udalak osoko bilkuran aldatzen ez dituen bitartean.

Salbuespenak eta hobariak

5. artikulua. Honako hauek ez dute ordaindu beharko 2. artikuluko a) apartatuan ezarritako tasa:

–18 urtetik beherakoek.

–Ikastetxeekin eta unibertsitateekin hitzartutako bisita gidatuetan parte hartzen dutenek.

Tasen sortzapena

6. artikulua. Bisita gidatuetan edo ikastaro, ikasgela, tailer, mintegi, bisita berezi edo bestelako jardueretan izena emateko unean sortuko dira tasak.

Diru-bilketa

7. artikulua. Museoa bisitatzeko tasak horretarako izendatzen diren langileek bilduko dituzte. Aldian behin, horretan aritzen diren langileek kontuak emanen dituzte Tudela-Cultura tokiko enpresa-entitate publikoan, adieraziko zaizkien formalidadeak beteta.

Tudela-Cultura tokiko enpresa-entitate publikoak ezarritako moduan egin beharko da ordainketa.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrean eta aplikatzen ahal diren xedapen guztietan ezarritakoari jarraituko zaio.

Bigarrena.–Ordenantza honek 2019ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

TARIFAK

a) Museoko bisita gidatua.

18 urtetik gorakoak: 3 euro pertsonako.

b) Ikastaro, ikasgela, tailer, mintegi, bisita berezi edo bestelako jardueretan parte hartzea.

Haiek egitea erabakitzen den unean onetsitako tasak aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: L1915516