253. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

148/2019 FORU AGINDUA, azaroaren 28koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana. Honen bidez Erakunde Ordaintzailearen Jarraipen Batzordea sortzen da Nafarroako Foru Komunitatean.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 9ko 486/2007 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitatean Erakunde Ordaintzailea sortu zen, nekazaritza politika erkidearen finantzazioari buruzko Kontseiluaren ekainaren 21eko 1290/2005 Erregelamenduarekin bat etorriz eta Batzordearen ekainaren 21eko 885/2006 (EE) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Europako Batzordearen ekainaren 21eko 885/2006 (EE) Erregelamenduak zenbait xedapen ezartzen ditu Kontseiluaren 1290/2005 (EE) Erregelamendua aplikatzeko, bai erakunde ordaintzaileak eta beste organo batzuk baimentzeari dagokionez, bai Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontuak likidatzeari dagokionez. Horrez gain, erakunde ordaintzaileen baimentze irizpideak finkatzen ditu, besteak beste, erakunde ordaintzailearen informazioari eta komunikazioari buruzkoa.

Landa garapeneko programak programatzeko aldi berriaren harira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EE) Erregelamenduak ezartzen du honako hauek izanen direla erakunde ordaintzaile: estatu kideetako zerbitzu edo organismoetatik NBEUF eta LGENF funtsekin finantzatutako dirulaguntzen gastuak kudeatzeko eta kontrolatzeko ardura duten horiek. Erregelamendu hori Nekazaritza Politika Erkidearen finantzazioari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa da, eta, haren bitartez, indarrik gabe uzten dira Kontseiluaren erregelamendu hauek: 352/78 (EE) Erregelamendua, 165/94 (EE) Erregelamendua, 2799/98 (EE) Erregelamendua, 814/2000 (EE) Erregelamendua, 1290/2005 (EE) Erregelamendua eta 485/2008 (EE) Erregelamendua.

Bestalde, Batzordearen martxoaren 11ko 907/2014 (EB) Erregelamendu Delegatuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen du hainbat alderditan (hala nola erakunde ordaintzaileak eta beste organo batzuk, kudeaketa finantzarioa, kontuen likidazioa, bermeak eta euroaren erabilera). Erregelamendu delegatu horretan, erakunde ordaintzaileak baimentzeko irizpideak finkatu dira, besteak beste, erakunde ordaintzailearen gainbegiratzeari, informazioari eta komunikazioari buruzkoak.

Urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari baimena eman zion bera izateko, Nafarroako Foru Komunitatean, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bitartez finantzaturiko gastuen erakunde ordaintzailea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri zituen. Aipatutako Foru Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenez, Erakunde Ordaintzailearen Zuzendaritzak bere organoak koordinatuko ditu NBEUFren eta LGENFren kargurako laguntzak kudeatzeari dagokionez.

Aldaketa ugari izan ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 9ko 486/2007 Foru Aginduak, Nafarroako Foru Komunitatean Erakunde Ordaintzailearen Jarraipen Batzordea sortu zuenak; horien artean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 83/2011 Foru Aginduaren bidez egindakoak, Landa Garapeneko, Industriako, Enpleguko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 9ko 111/2012 Foru Aginduaren bidez egindakoak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren urriaren 27ko 119/2015 Foru Aginduaren bidez egindakoak, eta, azkenik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 11ko 84/2016 Foru Aginduaren bidez egindakoak. Aldaketa horiek eragina izan dute Batzordearen egituran, kideen kopuruan eta bileren aldizkakotasunean.

Segurtasun juridiko handiagoa lortze aldera, Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuak proposatzen du, azaldutakoarekin bat etorriz, xedapen berri bat onar dadin, bide emanen duena aldaketa horiek bateratzeko eta ezagutzera emateko, eta Erakunde Ordaintzailearen esparruan egindako jarduera guztien berri emateko, txostenak egiteko, koordinatzeko eta jarraipena egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua ezarri ziren.

Ondoren, urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onartu zen, eta urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuaren bidez, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsen (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsen (LGENF) bidez Nafarroako Foru Komunitatean finantzaturiko gastuak ordaintzen dituen erakundea baimendu eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen dituen urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak ahalmena ematen dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, foru dekretu hori garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatean Erakunde Ordaintzailearen Jarraipen Batzordea sortzea.

Nafarroako Foru Komunitatean Erakunde Ordaintzailearen Jarraipen Batzordea sortzen da, eginkizun hauek betetzeko:

a) Erakunde Ordaintzailearen jarduerei buruzko informazioa eta komunikazioa.

b) Jarraipena egitea jakiteko noraino betetzen diren Erakundearen kontrol organoek, barne kontrolekoek, ziurtapen organismoetakoek, Europako Batzordekoek, Europako Kontuen Auzitegikoek eta abarrek emandako gomendioak.

c) Erakunde Ordaintzaileak kudeatutako laguntzen zordunen jarraipena egitea.

d) Laguntzen kudeaketa koordinatzeko barne prozedurak onartzea.

e) Erakunde Ordaintzailearen Prestakuntza Plana onartzea.

f) Erakunde Ordaintzaileari egotzitako finantza zuzenketak aztertzea.

g) Nafarroako Landa Garapenerako Programaren exekuzioaren jarraipena egitea.

h) Erakunde Ordaintzailearen funtzionamenduarekin zerikusia duen beste edozein eginkizun.

2. artikulua. Erakunde Ordaintzailearen Jarraipen Batzordearen osaera.

Erakunde Ordaintzailearen Jarraipen Batzordeak kide hauek izanen ditu:

1. Batzordeburua: Erakunde Ordaintzaileko zuzendari izendatutako pertsona.

2. Batzordeko kideak:

a) Landa Garapenerako Programa kudeatzeko agintaritza.

b) Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko arduraduna.

c) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko arduraduna.

d) Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko arduraduna.

e) Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko arduraduna.

f) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko arduraduna.

g) Nekazaritza Zerbitzuko Zuzendaritzako arduraduna.

h) Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko Zuzendaritzako arduraduna.

i) Nekazaritza Azpiegituren Zerbitzuko Zuzendaritzako arduraduna.

j) Industria Sustatzeko Zerbitzuko Zuzendaritzako arduraduna.

k) Abeltzaintza Zerbitzuko Zuzendaritzako arduraduna.

l) Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Zuzendaritzako arduraduna.

m) Biodibertsitatearen Zerbitzuko Zuzendaritzako arduraduna.

n) Barne Auditoretzako Ataleko arduraduna.

ñ) Koordinazio Ataleko arduraduna, idazkari lanak eginen dituena.

3. artikulua. Bileren aldizkakotasuna.

Erakunde Ordaintzailearen Jarraipen Batzordea lau hilean behin eginen du bilera arrunta, eta batzordeburuak deialdia egiten duen bakoitzean eginen du bilera berezia.

4. artikulua. Batzordekide ez diren pertsonek Batzordearen bileretan parte hartzea.

Aztertu beharreko gaien arabera, Batzordeko kide ez badira ere, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko edo beste departamentu batzuetako pertsonak gonbidatu ahal izanen dira Batzordearen bileretara.

Lehen xedapen indargabetzailea.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 9ko 486/2007 Foru Agindua berariaz indargabetzea.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 9ko 486/2007 Foru Agindua indarrik gabe uzten da. Foru agindu horren bidez Erakunde Ordaintzailearen Jarraipen Batzordea sortu zen Nafarroako Foru Komunitatean.

Bigarren xedapen indargabetzailea.–Klausula indargabetzailea.

Indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko azaroaren 28an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F1915627