253. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

164/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 10ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak, hain zuzen ere 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko euri-jasen eta uholdeen ondorioz nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan kaltetutako elementuak konpontzeko laguntzak emateko, foru agindu honen I. eranskinean jaso bezala. DDBN identifikazioa: 486140.

Uztailaren 8an euri erauntsi eta ekaitz indartsuak gertatu ziren, gerora uholdeak eragin zituztenak Zidakos ibaiaren arroan, Nafarroako Erdialdean; mota guztietako azpiegiturak, eraikinak eta instalazioak kaltetu zituzten (baratzeak, errepideak eta bide publikoak, industrialdeak, nabeak, bizitzak, saltokiak, urak eramandako ibilgailuak eta abar).

Nafarroako Gobernuak, 2019ko uztailaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Erdialdean 2019ko uztailaren 8an izandako uholdeen ondorioz gertatu zena hondamendi egoera zela deklaratu zuen, lehen aipatutako urriaren 30eko 11/2009 Foru Legean ezarritakoarekin ondorioetarako, eta, horrekin batera, Estatuko Administrazio Orokorrari eskatu zion inguru hori babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremu deklara zezala presako izaeraz, zehazki udalerri hauek: Barasoain, Beire, Ezporogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Erriberri, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx eta Tafalla, bai eta uholde horien kalteak jasan dituztela frogatzen duten beste batzuk ere.

Erabaki hori honakoak aintzat hartuta hartu zen: Babes Zibilaren Zerbitzuko zuzendariaren 2019ko uztailaren 10eko txostena, zeinetan azaltzen baita Zidakos ibaiaren arroan, Nafarroako Erdialdean, euri erauntsiak eta ekaitz indartsuak gertatu zirela, gerora uholdeak eragin zituztenak; Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendariaren 2019ko uztailaren 10eko txostena, zerbitzu horrek mobilizatu zituen operatiboen berri ematen duena; Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren 2019ko uztailaren 11ko txostena, aipatutako uholdeek ukitutako udalerrietan eragindako kalteen berri ematen duena; eta Barasoain, Beire, Ezporogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Erriberri, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx eta Tafallako udalek hartutako erabakiak, zeinen bidez eskatzen baitzaio, batetik, Nafarroako Gobernuari 2019ko uztailaren 8an izandako uholdeak hondamendizko gertaera deklaratzeko, baita hondamendi eremua ere, bidezkoa bada, eta, bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Estatukoari, Nafarroan duen Gobernu Ordezkaritzaren bidez, gertatutako kalteak erabaki horien azalpen zatian deskribatutako araudian jasotzen diren laguntzen esparruan sartzeko.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak 2. artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izan ditzaketen laguntzekin batera. Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 30eko 210/2019 Foru Aginduaren bidez, 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko euri-jasek eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda onetsi zen (2019ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 14koa). Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 31n egindako bilkuran berretsi zuen erabaki hori. Foru agindu horren bidez onetsitako udalerri ukituen zerrenda honako hau da: Barasoain, Beire, Caparroso, Eslaba, Ezporogi, Garinoain, Ibargoiti, Itzagaondoa, Leotz, Lerga, Elo, Murillo el Cuende, Erriberri, Oloritz, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx, Tafalla, Uxue, Untziti eta Urrotz-Hiria.

Nafarroako Gobernuak abian jarritako neurriak eta Espainiako Gobernuak segur aski ezartzen dituenak koordinaturik egonen dira, eta Europar Batasunak dirulaguntza mota honetarako ezarritako arau-esparruarekin bat datoz. Bestalde, Nafarroako Gobernuak ezarri dituen laguntzak Estatu osorako ezartzen direnen osagarritzat eta subsidiariotzat hartu behar dira. Foru agindu honen bidez onesten dira natura hondamendi horien kalteak jasan zituztenei laguntzak emateko oinarri arautzaileak, 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko euri-jasen eta uholdeen ondorioz nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan kaltetutako elementuak konpontzeko.

Nafarroako Gobernuak 2019ko irailaren 4an hartutako Erabakiaren bidez jarduketa plan bat onetsi zen, 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Foru Komunitatean ohiz kanpoko euri-jasek eta uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko xedea duena, eta baimena eman zitzaion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari hura gauzatzeko urte anitzeko gastuaren konpromisoa hartzeko.

Hondamendi naturalek eragindako kalteak konpentsatzeko laguntza hauek Europako Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasota daude, izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Batasunaren erregelamendu horren 2.9 artikuluan jasotako hondamendi naturalen artean agertzen dira elur-jausiak, luiziak eta uholdeak. Aldez aurretik laguntza hauen araubidea jakinarazi zaio Europako Batzordeari, eta hark hartu izanaren berri eman du, SA.55332 laguntza-zenbakiaren bitartez.

Konpentsatu beharreko kalteak apartekoak direla ikusita, bidezkoa da laguntza hauen interes publikoa deklaratzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen ondorioetarako.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio foru agindu honi.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko euri-jasen eta uholdeen ondorioz nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan kaltetutako elementuak konpontzeko laguntzetarako deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen I. eranskinean jaso den bezala.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea. Eredua helbide honetan eskuratzen ahal da:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

3. Laguntzen eskabidearen ereduak eta erreferentziako gehieneko prezioak onestea; foru agindu honen III. eta IV. eranskinetan jasota daude.

4. Foru agindu honek dakartzan konpromisoei aurre egiteko, 500.000,00 euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2019rako aurrekontu orokorren “Ohiz kanpoko uholdeek azpiegitura pribatuetan eragindako kalteei eta errenta galerari aurre egiteko laguntzak” izeneko 710000-71210-7700-412100 partidaren baliokide gisa 2020ko aurrekontuan gaitzen den partidaren kargura.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluan ezarritako baldintzekin bat, hasieran baimendutako zenbatekoa ez bada nahikoa gastu osoa ordaintzeko, 200.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez deialdi honi. Kopuru gehigarriaren eraginkortasuna kreditu gehigarrirako baimena izatearen menpe dago, lehen adierazitako inguruabarraren ondorioz.

Gehieneko zenbateko hori gainditzen bada edo ezin bada kreditu gehigarria baimendu, hainbanaketa aplikatuko da, erreferentziatzat hartuta departamentuak aitortutako inbertsio diruz lagungarria.

5. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren esku uztea laguntza hauen kudeaketa eta kontrola, haien xedeari, indarraldiari, esleitutako kudeaketaren norainokoari eta betebeharrei dagokienez, foru agindu honetan aurreikusita dagoen bezala.

6. Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak izanen dira beti, ordena horretan, baita Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako izan daitezkeen beste laguntza batzuenak ere, eta zehazki, Espainiako Gobernuak ezarritako laguntzenak. Horiek abiarazteko, behar bezala koordinatu beharko dute bi administrazio publikoek, gainjartzeak edo irizpide desberdintasuna saihesteko, horrek zaildu egiten baitu baliabide publikoak modu efizientean kudeatu ahal izatea.

7. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Foru agindu honetan arautzen diren laguntzak emateko, salbuespen eskaera argitaratu beharko da Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 9.1 artikuluarekin bat.

9. Foru agindu hau igortzea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura eta Ekonomia Aferetarako Bulegora.

10. Foru agindu hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB) erregistratzea.

11. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitara ematen denetik hasi eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2019ko abenduaren 10ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan kaltetutako elementuak konpontzeko laguntzen oinarri arautzaileak.

Lehen oinarria.–Laguntza araubide honen xedea eta baldintzak.

1. Eranskin honen xedea da oinarri arautzaile batzuk ezartzea, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 29ko 210/2019 Foru Aginduak zehaztutako lurralde eremuan dauden nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietako elementuen kalteetarako laguntzak emateko; izan ere, foru agindu horren bidez onetsi zen 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko euri-jasen eta uholdeen ondorioz kaltetutako udalerrien zerrenda (2019ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 14koa).

2. Laguntza hauek Nafarroako Gobernuak 2019an hartutako Erabakiaren eranskineko 3.4 puntuan daude aurreikusita. Erabaki horren bidez, jarduketa plan bat onetsi zen 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Foru Komunitatean izandako ohiz kanpoko euri-jasek eta uholdeek eragindako kalteak konpontzeko, eta baimena eman zitzaion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari hura gauzatzeko urte anitzeko gastuaren konpromisoa hartzeko.

3. Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

4. Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremutik baztertuta daude kasu hauek:

a) Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, berreskuratze agindu baten zain dauden enpresentzako banakako laguntzak ordaintzen diren kasuan.

b) a) letran jasota dauden enpresei ad hoc emandako laguntzen kasuan.

c) Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.14) artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzako laguntzak direnean.

5. Laguntzen araubide honek 2020ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

Bigarren oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntzen hartzaileak nekazaritza ustiategi txiki eta ertainen titularrak izanen dira, betiere ustiategiek enpresa txiki eta ertainen izaera badute, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinarekin bat, eta Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta badaude. Ustiategiaren zati handiena beste erkidego batean duten ustiategien kasuan, ustiategiak kasuan kasuko erkidegoko nekazaritza ustiategien erregistroan inskribatuta egon beharko du.

2. Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako elementuetan eragindako kalteei aurre egiteko laguntza eskatzen denean, horien xede diren lurzatiek Nafarroan egon beharko dute, eta 2019ko urtarrilaren 1ean Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta, edo, ustiategiak Nafarroatik kanpo azalera handiagoa baldin badu, kasuko autonomia erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan.

3. Ustiategi bateko lurzatiengatik eskabide bakarra aurkezten ahal da.

4. Hirugarrenek egiten dituzten eta bidezko fakturen bidez frogatzen diren lanak baino ez dira diruz lagungarriak izanen.

Hirugarren oinarria.–Eskabideak aurkezteko tokia.

1. Eskabideak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira, ahal dela, (González Tablas kalea, 9, Iruña), departamentuko eskualdeko langeletan eta arlokoetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

2. Foru agindu hau argitaratu aurretik aurkeztutako kalteen jakinarazpenak ez dira laguntza eskabidetzat hartuko, eta interesdunek foru agindu honetan aurreikusitako oinarriei jarraikiz aurkeztu beharko dituzte beren eskabideak.

Laugarren oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

2. Dirulaguntza horiek emanen dira Nafarroako Aurrekontu Orokorretako kasuan kasuko aurrekontu-aplikazioan kreditu egoki eta aski baldin badago.

Eskuragarri dagoen kreditua gainditzen bada, hainbanaketa aplikatuko da, erreferentziatzat hartuta ebazteko eskumena duen organoak aitortutako inbertsio diruz lagungarria.

Bosgarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza hauen bidez nekazaritza lurzatietako egituran eta nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiko elementu iraunkorretan, jarduera betetzeko beharrezkoak direnetan, izaniko kalteak konpondu edo aldatzeko kostua pagatuko da. Berotegietako egitura eta instalazioetan izaniko kalteak kanpo geldituko dira.

2. Eragindako kalte materialak kalkulatzeko, konponketaren kostua hartuko da aintzat, edo hondamendiaren aurretik ukitutako aktiboek zeukaten balio ekonomikoa. Laguntzak ez du konponketaren kostua gaindituko, ez eta hondamendiak eragin duen merkatuko balio justuaren jaitsiera ere, zehazki, ondasunak hondamendia gertatu aurretik eta gertatu ondoren duen balioaren arteko aldea.

3. Laguntza hauen osagarritasuna eta subsidiariotasuna ordena honi jarraikiz ezartzen da: lehenik eta behin, izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioak, eta gero, beste laguntza batzuk, hain zuzen ere Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako egon litezkeenak, eta, zehazki, Espainiako Gobernuak ezarritakoak.

4. Elkargo bateko peritu batek emandako memoria tekniko batean deskribatzen diren konponketa edo aldaketaren kostuen %100erainoko dirulaguntza ematen ahalko da, gehienez ere 20.000 euro ustiategi bakoitzeko.

5. Ustiategietako aktiboetan izandako kalte moten artean, diru-laguntza jaso dezakete soilik honako hauek, nekazaritzako jarduera betetzeko beharrezkoak badira, betiere:

–Garbiketa, hondakinak, legarra eta kanpotik etorritako beste material batzuk kentzea.

–Lur-geruza goldagarria galdu denean, lurra gehitzea.

–Lurzoruaren eta ekoizpenerako gaitasunaren behin betiko galera.

–Galerak edo kalteak soro-mailetan, terrazetan, hormetan eta lurzatiak eratzeko eta higadura geldiarazteko beste elementu batzuetan.

–Erretenak, ubideak eta uhateak.

–Hodien lurpeko kondukzioak eta ponpaketarako eta ureztatzea aplikatzeko elementuak.

–Lurzati eta instalazioetako sarbideak.

–Erregai biltegiak edo beste mota batekoak.

–Goi eta behe tentsioko sare elektrikoak, transformadoretik putzura edo ustiategiko beste elementu batzuetara.

–Kalteak etxoletan.

–Labore iraunkorrei eusteko egituretan izandako kalteak.

6. Aurreko puntuan aipatzen diren kalteak foru agindu hau onetsi aurretik presaka lehengoratu behar izan badira, diru-laguntza jaso dezakete halere, baldin eta ustiategiaren titularrak erregistro publiko batean kalte horiei buruzko nahikoa informazio utzi badu, seigarren oinarrian aipatzen den memoria tekniko baloratua egiteko oinarria izan dadin foru aginduaren IV. eranskinean ezarritako mugarekin.

7. Babesteko moduko gutxieneko kopurua 500 eurokoa izanen da, eta gastu diruz lagungarrien artean sartzen ahalko dira memoria tekniko baloratua egiteko eta obren bitarteko aholkularitza teknikoa emateko lansariak.

8. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ez da diruz lagungarria izanen, salbu eta ezin bada berreskuratu BEZaren arloko foru legearekin bat.

Kalteak arintzeko jasotako laguntzen eta bestelako ordainketen zenbatekoak baturik (batez ere aseguru polizetatik datozen ordainketak), ezin izanen da kostu diruz lagungarrien %100 gainditu.

Seigarren oinarria.–Eskabidea aurkezteko epea eta harekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

1. Hilabeteko epea dago laguntza eskabideak aurkezteko, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Interesdunek diru-laguntzarako eskabideak, behar bezala beteta, aurkeztuko dituzte agiri hauekin batera:

a) Eskatzailearen IFZren edo IFKren fotokopia eta, Europar Batasunetik kanpoko lurralde bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoak badira, egoitza-baimen iraunkorrarena.

b) Pertsona juridikoak badira, eskaera izenpetzen duenaren identifikazio fiskaleko zenbakiaren eta legezko ordezkaritza frogatzen duen dokumentuaren fotokopiak.

c) Ondasun-erkidegoak badira, identifikazio fiskaleko zenbakiaren fotokopia aurkezteaz gain, ordezkari bat izendatu, eta eskaerarekin batera haren izendapenaren fotokopia aurkeztu beharko da.

d) Enpresa edo lanbide jarduera frogatzeko, interesdunek berariazko baimena emanen diote organo kudeatzaileari administrazio eskudunetik jaso dezan enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen erroldako informazioa (foru agindu honen III. eranskina).

e) Kalteei buruzko memoria tekniko baloratua, elkargo bateko peritu batek egina; bertan frogatuko da azpiegiturek kalteak jasan zituztela 2019ko uztailaren 8ko ohiz kanpoko eurite eta uholdeen ondorioz; zehatz-mehatz deskribatu eta baloratuko dira kalte horiek konpontzeko beharrezkoak diren jarduketak, foru agindu honen IV. eranskinean sartutako erreferentziako gehieneko prezioekin bat, bai eta TRAGSA enpresa publikoak horrelako jarduketetarako ezarrita dauzkan indarreko prezioekin bat ere.

Memoria teknikoak adieraziko du proposatzen diren konponketa obrak aurretik daudenetara egokitzen direla edo horiek aldatzea dakartela. Kasu horretan, bakarrik izanen dira diruz lagungarriak teknikoki hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren aldaketak edo kostuak murriztea dakartenak; zirkunstantzia horiek bertan frogatu beharko dira. Horrekin batera, galdutzat emandako labore azaleren deskribapena eta balorazioa ere jasoko dira.

f) Adierazpen bat, zeinaren bidez jakinaraziko baita eskabidea aurkezten den egunean beste entitate batzuei xede bererako laguntzarik eskatu zaien eta/edo jaso den, edo aseguruaren konpentsaziorik izan ote den, eta laguntzak jaso badira, horiek zenbatekoak izan diren.

g) Organo eskudunari emandako baimena, datu fiskalak eta Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak egiaztatzeko (foru agindu honen III. eranskina).

h) Galdutzat emandako labore azalera duten lursailak Ebroko Konfederazio Hidrografikoari jabari publiko hidraulikoan sar ditzala eskatzeko agiriaren fotokopia, kontzeptu horretarako laguntza eskatzen bada.

Zazpigarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena eta laguntzen ordainketa.

1. Eskaerak harturik, egiaztatuko da seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazioa aurkeztu dela. Agiri guztiak ez badaude, gehienez ere hamar eguneko epean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak kalteen balioa eta dagokion laguntza doituko ditu, foru agindu honen IV. eranskinean ageri diren erreferentziako gehieneko prezioei jarraikiz eta TRAGSA enpresa publikoak jarduketa hauetarako ezarritako dituen indarreko prezioak ere kontuan hartuz.

4. Eskaerak ebaluatu ondoren, zerbitzu eskudunak laguntzak emateko ebazpen proposamena igorriko dio Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari, eta hark ebazpen arrazoitua emanen du. Bertan berariaz aipatuko dira ezetsi diren eskaerak.

5. Laguntzak emateko ebazpena jakinarazi gabe hiru hilabeteko epea iraganik, ezetsitzat jotzen ahalko da eskaera, isiltasun administratiboaren ondorioz.

6. Laguntza eskaeraren xede diren ondasunen konponketak edo aldaketak egin ondoren eta egindako gastua eta ordainketa justifikatu ondoren emanen da betebeharra onartu eta ordaintzen duen ebazpena. Horretarako, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, eta behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egiten ahalko dira, baita laguntzen onuradunei beharrezkotzat jotzen duen informazioa eskatu ere. Jarduketak egin eta ordaindu direla frogatzen duten agiriekin batera, onuradunak adierazpen bat ere aurkeztu beharko du; haren bidez jakinaraziko du beste entitate batzuei xede bererako laguntzarik eskatu zaien eta/edo jaso den, edo aseguruaren konpentsaziorik izan ote den laguntzak ordaintzeko eskaera aurkezten den egunean, eta laguntzak jaso badira, horiek zenbatekoak izan diren.

7. Diruz lagundutako jarduketak gauzatzeko eta onuradunak horiek justifikatu eta aurkezteko duten epea 2020ko martxoaren 31n amaituko da.

8. Ezarritako epean jarduketak ez gauzatzeak eta funtsak diruz lagundutako jarduketetan ez erabiltzeak kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko dute.

Zortzigarren oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

Laguntza hauen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntzaren xedeko nekazaritza ekipamenduetako kalteak konpontzea.

b) Funtsak dirulaguntzaren xederako erabiltzea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onartu edo ematen dituen laguntzen gainean egiten dituen egiaztapenak onartzea.

d) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea xede bererako emandako beste dirulaguntzarik edo laguntzarik jaso ote den, izan beste administrazio publiko batzuenak edo bestelako entitate publiko edo pribatu batzuenak, Espainiakoak nahiz nazioartekoak, barnean sartuta aseguruen konpentsazioak.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritakoa betez, onuradunak dirulaguntzaren helburu zehatzerako erabili beharko ditu ondasunak. Gutxienez zazpi urte iragan arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak badira, edo bi urte iragan arte, bestelako ondasunak badira.

Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

f) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntzak jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

g) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitateak beharturik daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta horiek gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Edozein kasutan, foru lege horren 3. artikuluko c) letran jasotako entitateen kasuan, ebazpen honen 2. puntuan aipatzen den gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren arabera, honako hauei buruzko informazioa jasoko da, jendaurrean jarri ahal izateko: gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaketa; karguen zerrenda eta haien dedikazio araubidea, lansari gordinak eta entitateak kargu bakoitzarengatik jasotzen dituen diru konpentsazioak, kontzeptuen arabera zehaztuta, eta urteko kontuak.

2. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak. Ez-betetzeen kontrola eta mailaketa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak dirulaguntzak emateko baldintzak betetzen diren eta inbertsioak behar bezala egiten diren begiratuko du, eta horretarako behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egiten ahalko ditu; bidezkotzat jotzen duen informazioa ere eskatzen ahalko die laguntzen onuradunei.

2. Foru agindu honetan ezarritako konpromisoak ez betetzeak ekar dezake emandako dirulaguntza ukatzea edo jasotako laguntzak itzuli behar izatea, osorik edo hein batean, kasuaren arabera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

4. Deialdi honen zortzigarren oinarriko e) letran ondasunen xedeari buruz ezartzen den baldintza bete ezean, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli beharko da, 11/2005 foru legearen II. tituluko I. kapituluan ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita egonen da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu justuz eskuratu direla edo merkataritza- zein industria-establezimendu batean eskuratu direla, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan.

5. A posteriori egindako egiaztapenetan atzematen bada xede bererako beste dirulaguntza edo konpentsazio batzuk jaso direla eta ez dela halakorik jakinarazi (zortzigarren oinarriko d) atalean jasotako betebeharra), jasotako laguntza osorik itzuli beharko da.

6. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamaikagarren oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, Nafarroako Foru Komunitatean 2019ko uztailaren 8an izandako ohiz kanpoko euriteek eta uholdeek nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako elementuetan eragindako kalteei aurre egiteko laguntzei buruzko fitxan.

Hamabigarren oinarria.–Bateragarritasuna.

1. Laguntza hauek bateragarriak eta subsidiarioak dira Foru Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin. Onuradunak jakinarazi egin beharko ditu bai helburu bererako eskatzen dituen laguntzak bai azkenean lortzen dituenak.

2. Aurreko paragrafoko laguntzen metaketa gertatuz gero, 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 8. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

3. Laguntza horiei, beste hauek gehitzen ahalko zaizkie: a) Estatuko beste edozein laguntza, baldin laguntza-neurri horiek beste kostu diruz lagungarri eta identifikagarri batzuetarako badira; b) Estatuko beste edozein laguntza, kostu diruz lagungarri berberetarako, izan partez edo izan osoki gainjarrietarako, soil-soilik baldin metaketa horrek berekin ez badakar laguntza horri aplika dakiokeen gehieneko laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea, kontuan izanik erregelamendu honen arabera aplikatu beharrekoa. 5. oinarriko 3. atalean ezartzen denez, laguntza hauen osagarritasuna eta subsidiariotasuna ordena honi jarraikiz ezarriko da: lehenik eta behin, izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioak, eta gero, beste laguntza batzuk, hain zuzen ere Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako egon litezkeenak, eta, zehazki, Espainiako Gobernuak ezarritakoak.

4. Laguntzak ez zaizkie gehituko, kostu diruz lagungarri berberetarako, 1305/2013 Erregelamenduaren (EB) 81.2 eta 82. artikuluetan jasotako ordainketei, baldin metaketa horrek berekin badakar Erregelamendu honetan ezarritako laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

5. Estatuaren laguntza horiek ez zaizkio gehituko kostu berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 30. artikuluan ezarritako laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

6. Nekazaritzako ekoizpen potentziala berreskuratzeko inbertsioetarako laguntzak –14.4.e) artikuluan jasoa– ez zaio gehituko 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 30. artikuluan jasotako kalte materialak konpentsatzeko laguntzari.

III. ERANSKINA

Datuak biltzeko baimena (PDFa).

IV. ERANSKINA

Erreferentziako gehieneko prezioak

KALTEAREN DESKRIBAPENA

GEHIENEKO PREZIOA

UNITATEA

Parrala hondatzea mahastietan

4.235

euroak/ha

Parrala hondatzea olibadietan

4.235

euroak/ha

Parrala hondatzea fruta-arboletan

3.176

euroak/ha

Alor landuak arrastatzea: Ureztalurrak

2,12

euro/m³.

Alor landuak arrastatzea: Lehorreko alorrak

0,53

euro/m³.

Harri, legar eta lur pilaketak

5,29

euro/m³.

Uztaren hondar pilaketak.

3,18

euro/m³.

Lurzatiak berdintzea (laserra): < 5 ha

191

euroak/ha

Lurzatiak berdintzea (laserra): 5-10 ha

159

euroak/ha

Lurzatiak berdintzea (laserra): >10 ha

127

euroak/ha

Ezpondak narriatzea, erretenak 1m-ko garaieraraino lurreztatzea

1,59

euroak/m

Ezpondak narriatzea, erretenak 1m-ko garaieraraino lurreztatzea: arroz-soroak

0,79

euroak/m

Ezpondak narriatzea, erretenak 1 eta 3 m arteko garaieraraino lurreztatzea

5,29

euroak/m

Ezpondak narriatzea, erretenak 3 m-tik gorako garaieraraino lurreztatzea

21,18

euroak/m

Bide partikularrak konpontzea

1,06

euroak/m²

Erretenak garbitzea eta lurretako hustubideak

1,50

euroak/m

Harriak eta lurra kentzea hormigoizko erretenetan

5,29

euro/m³

Hormigoizko erretenak haustea (0,5 × 0,5 × 0,15)

42,35

euroak/m

Galdutzat emandako labore azalerak: Ureztalurrak

15.986

euroak/ha

Galdutzat emandako labore azalerak: Lehorreko alorrak

6.551

euroak/ha

Oharra.

prezioak erabat amaiturik dauden obra unitateei buruzkoak dira, eta horiek gauzatzeko behar diren material guztiak, laneskua eta makinak hartzen dituzte barnean.

Prezio horiek neurketei aplikatzetik ateratzen den emaitzari BEZa baino ez zaio aplikatuko.

Un.: memoria tekniko baloratua egitea (obra gauzatzeko aurrekontuaren gaineko %2,00 edo 1.250 euro gutx. 250 euro)

Un.: obren bitarteko aholkularitza teknikoa ematea (obra gauzatzeko aurrekontuaren gaineko %2,00 edo 1.250 euro gut. 250 euro)

Iragarkiaren kodea: F1916022