253. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

142/2019 FORU AGINDUA, azaroaren 26koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, ureztatzaile-elkarteek nekazaritzako azpiegiturak konpontzen eginiko gastuak estaltzeko salbuespenezko dirulaguntzen oinarri arautzaileak onesten dituena, foru agindu honen I. eranskinean ageri den moduan. Nafarroako Erdialdean 2019ko uztailaren 8an izandako ohiz kanpoko eurite eta uholdeen ondorioz egin ziren gastu horiek. DDBN identifikazioa: 486162.

Uztailaren 8an euri erauntsi eta ekaitz indartsuak gertatu ziren, gerora uholdeak eragin zituztenak Zidakos ibaiaren arroan, Nafarroako Erdialdean; mota guztietako azpiegiturak, eraikinak eta instalazioak kaltetu zituzten (baratzeak, errepideak eta bide publikoak, industrialdeak, nabeak, etxebizitzak, saltokiak, herrestan eramandako ibilgailuak, etab.).

Nafarroako Gobernuak, 2019ko uztailaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Erdialdean 2019ko uztailaren 8an izandako uholdeen ondorioz gertatu zena hondamendi egoera zela deklaratu zuen, lehen aipatutako urriaren 30eko 11/2009 Foru Legean ezarritakoaren ondorioetarako, eta, horrekin batera, Estatuko Administrazio Orokorrari eskatu zion inguru hori babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremu deklara zezala presako izaeraz, zehazki udalerri hauek: Barasoain, Beire, Ezporogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Erriberri, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx eta Tafalla, bai eta uholde horien kalteak jasan dituztela frogatzen duten beste batzuk ere.

Erabaki hori honako hauek aintzat hartuta hartu zen: Babes Zibilaren Zerbitzuko zuzendariaren 2019ko uztailaren 10eko txostena, zeinetan azaltzen baita Zidakos ibaiaren arroan, Nafarroako Erdialdean, euri erauntsiak eta ekaitz indartsuak gertatu zirela, gerora uholdeak eragin zituztenak; Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendariaren 2019ko uztailaren 10eko txostena, zerbitzu horrek mobilizatu zituen operatiboen berri ematen duena; Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren 2019ko uztailaren 11ko txostena, aipatutako uholdeek ukitutako udalerrietan eragindako kalteen berri ematen duena; eta Barasoain, Beire, Ezporogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Erriberri, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx eta Tafallako udalek hartutako erabakiak, zeinen bidez eskatzen baitzaio, batetik, Nafarroako Gobernuari 2019ko uztailaren 8an izandako uholdeak hondamendizko gertaera deklaratzeko, baita hondamendi eremua ere, bidezkoa bada, eta, bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Estatukoari, Nafarroan duen Gobernu Ordezkaritzaren bidez, gertatutako kalteak erabaki horien azalpen zatian deskribatutako araudian jasotzen diren laguntzen esparruan sartzeko.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak 2. artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izan ditzaketen laguntzekin batera. Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 30eko 210/2019 Foru Aginduaren bidez, 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda onetsi zen (2019ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 14koa). Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 31n berretsi zuen foru agindu hori. Foru agindu horren bidez onetsitako udalerri ukituen zerrenda honako hau da: Barasoain, Beire, Caparroso, Eslaba, Ezporogi, Garinoain, Ibargoiti, Itzagaondoa, Leotz, Lerga, Elo, Murillo el Cuende, Erriberri, Oloritz, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx, Tafalla, Uxue, Untziti eta Urrotz-Hiria.

Nafarroako Gobernuak abian jarritako neurriak eta Espainiako Gobernuak ezartzen ahalko dituenak koordinaturik egonen dira, eta Europar Batasunak dirulaguntza mota honetarako ezarritako arau-esparruarekin bat datoz. Bestalde, Nafarroako Gobernuak ezarri dituen laguntzak Estatu osorako ezartzen direnen osagarritzat eta subsidiariotzat hartu behar dira. Nafarroako Gobernuak 2019ko irailaren 4an hartutako Erabakiaren bidez, onetsi zen 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Foru Komunitatean aparteko eurite eta uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko jarduketa plana eta baimena eman zitzaion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari hura gauzatzeko urte anitzeko gastuaren konpromisoa hartzeko.

Hondamendi naturalek eragindako kalteak konpentsatzeko laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasota daude; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Batasunaren erregelamendu horren 2.9 artikuluan jasotako hondamendi naturalen artean agertzen dira elur-jausiak, luiziak eta uholdeak. Aldez aurretik laguntza hauen araubidea jakinarazi zaio Europako Batzordeari, eta hark hartu izanaren berri eman zuen, SA.55331 laguntza-zenbakiaren bitartez.

Foru agindu honen bidez, ureztatzaile-elkarteek nekazaritzako azpiegiturak konpontzen eginiko gastuak estaltzeko salbuespenezko dirulaguntzen oinarri arautzaileak onesten dira, 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek kaltetu baitzituzten azpiegitura horiek. Konpentsatu beharreko kalte horien izaerak, halaber, laguntza horien interes publikoa justifikatzen du.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio foru agindu honi.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ureztatzaile-elkarteek nekazaritzako azpiegiturak konpontzen eginiko gastuak estaltzeko salbuespenezko dirulaguntzen oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen I. eranskinean ageri den moduan. Nafarroako Erdialdean 2019ko uztailaren 8an izandako ohiz kanpoko eurite eta uholdeen ondorioz egin ziren gastu horiek.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea. Eredua helbide honetan eskuratzen ahal da:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

3. Laguntza eskaeraren gutxieneko edukia onestea, III. eranskinean zehaztu bezala, eta erreferentziako gehieneko prezioak jasotzen dituen IV. eranskina onestea.

4. Ureztatzaile-elkarteek nekazaritzako azpiegiturak konpontzen eginiko gastuak estaltzeko salbuespenezko laguntzen deialdia onestea. Nafarroako Erdialdean 2019ko uztailaren 8an izandako ohiz kanpoko eurite eta uholdeen ondorioz egin ziren gastu horiek.

5. 420.000,00 euroko gastua baimentzea foru agindu honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretako 720000-71510-7819-414100 “Ureztatzaileen elkarteen nekazaritza azpiegiturak konpontzea, aparteko uholdeak direla-eta” izeneko partidaren baliokidea izanen den 2020ko partidaren kargura.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluan ezarritako baldintzekin bat, hasiera batean baimentzen den zenbatekoa ez bada aski gastu osoa estaltzeko, deialdi honi 200.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez. Kopuru gehigarriaren eraginkortasuna kreditu gehigarrirako baimena izatearen menpe dago, lehen adierazitako inguruabarraren ondorioz.

Gehieneko zenbateko hori gainditzen bada edo ezin bada kreditu gehigarria baimendu, hainbanaketa aplikatuko da, erreferentziatzat harturik ebazteko eskumena duen organoak aitorturiko inbertsioaren zenbateko diruz lagungarria.

6. Laguntza hauek izenpetutako aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak dira betiere, ordena horretan, baita Estatuaren edo Europar Batasunaren esparruan egon daitezkeen beste laguntza batzuenak ere, eta, bereziki, Espainiako Gobernuak aplikatuta ezartzen direnenak. Horretarako, koordinazio egokia izan beharko da bi administrazio publikoen artean, baliabide publikoak modu eraginkorrean kudeatzea zailtzen duten gainjartzeak edo irizpide desberdinak egon ez daitezen.

7. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

8. Foru agindu hau igortzea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura eta Ekonomia Aferetarako Bulegora.

9. Foru agindu hau eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

10. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2019ko azaroaren 26an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 30eko 210/2019 Foru Aginduan ezarritako lurralde-esparruan dauden ureztatzaile-elkarteen nekazaritzako azpiegituretako kalteak konpontzeko salbuespenezko dirulaguntzen oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Laguntza araubide honen xedea eta baldintzak.

1. I. eranskinaren xedea da oinarri arautzaileak ezartzea laguntzak emateko, ureztatzaile-elkarteen nekazaritzako azpiegituretako kalteak konpontzea diruz laguntzeko. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 30eko 210/2019 Foru Aginduak zehaztutako lurralde eremuan egon beharko dute toki entitate horiek (aipatutako foru aginduaren bidez onetsi zen Nafarroako Erdialdean 2019ko uztailaren 8an izandako ohiz kanpoko euriteek eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda, eta 2019ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, abuztuaren 14koan).

2. Laguntza hauek aurreikusita daude Nafarroako Gobernuak 2019an hartutako Erabakiaren eranskineko 3.2 puntuan, horren bidez onetsi baitzen 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Foru Komunitatean izandako ez ohiko euriteek eta uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko jarduketa plana eta baimena eman baitzitzaion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari hura gauzatzeko urte anitzeko gastuaren konpromisoa hartzeko.

3. Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

4. Laguntza hauek Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremutik baztertuta daude kasu hauetan:

a) Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, berreskuratze agindu baten zain dauden enpresentzako banakako laguntzak ordaintzen diren kasuan.

b) a) letran jasota dauden enpresei ad hoc emandako laguntzen kasuan.

c) Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.14) artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzako laguntzak direnean.

5. Laguntzen araubide honek 2020ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

Bigarren oinarria.–Onuradunak.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 30eko 210/2019 Foru Aginduan zehaztutako lurralde eremuko ureztatzaile-elkarteentzat izanen dira laguntzak, konponketak egin badituzte ureztatzeko azpiegitura guztiak berriz ere behar bezala funtzionatu dezan. Foru agindu horren bidez onetsi ziren Nafarroako Erdialdean 2019ko uztailaren 8an izandako ohiz kanpoko euriteek eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda (2019ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 14koa).

Hirugarren oinarria.–Eskabideak aurkezteko tokia.

1. Eskabideak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira ahal bada (González Tablas kalea 9, Iruña), departamentuaren arloko eta eskualdeko bulegoetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

2. Foru agindu hau argitaratu aurretik aurkeztutako kalteen jakinarazpenak ez dira laguntza eskabidetzat hartuko, eta interesdunek foru agindu honetan aurreikusitako oinarriei jarraikiz aurkeztu beharko dituzte beren eskabideak.

Laugarren oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira.

2. Dirulaguntza hauek emanen dira Nafarroako Aurrekontu Orokorretako kasuan kasuko aurrekontu-aplikazioan kreditu egoki eta aski baldin badago.

Kreditu erabilgarria gainditzen bada, hainbanaketa aplikatuko da, erreferentziatzat harturik ebazteko eskumena duen organoak aitorturiko inbertsioaren zenbateko diruz lagungarria.

Bosgarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza hauen bidez, ureztatzaile-elkarteen nekazaritzako azpiegituretan uholdeek eragindako kalteak konpontzen eginiko gastuak konpentsatuko dira. Jarduketa horien helburua inola ere ez da izanen azpiegiturak hobetzea.

2. Onuradun bakoitzak izandako kalteak kalkulatuko dira. Eragindako kalte materialak kalkulatzeko, konponketaren kostua hartuko da aintzat, edo hondamendiaren aurretik ukitutako aktiboek zeukaten balio ekonomikoa. Laguntzak ez du konponketaren kostua gaindituko, ez eta hondamendiak eragin duen merkatuko balio justuaren jaitsiera ere, zehazki, ondasunak hondamendia gertatu aurretik eta gertatu ondoren duen balioaren arteko aldea.

3. Laguntza hauek izenpetutako aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak dira betiere, ordena horretan, baita Estatuaren edo Europar Batasunaren esparruan egon daitezkeen beste laguntza batzuenak ere, eta, bereziki, Espainiako Gobernuak aplikatuta ezartzen direnenak.

4. Diruz laguntzen ahalko da eskumena duen teknikari batek egindako memoria tekniko batean deskribaturiko kostuen %100. Kostu horiek konponketaren edo berritzearen ondoriozkoak izan daitezke.

5. Diruz lagungarritzat joko dira, bakar-bakarrik, ureztatzaile-elkarteen nekazaritzako azpiegituretan eginiko jarduketa mota hauek:

–Ureztaketako uhateak, erretenetako kaxak eta sekzio osoak, eta deribaziorako presa txikien sekzioak berritzea eta hondakinez garbitzea.

–Erretenetatik eta hustubideetatik legarra eta harea kentzea.

–Euskarrirako eta babeserako lubetak eta harbetak eraikitzea.

–Presio-hodiak eta presioko ureztaketako elementu bereziak berritzea.

–Bide-zoruak eta bideetako errodadura-geruzak berritzea.

–Ureztatzaile-elkarteen ustiategiei atxikitako bestelako azpiegiturak.

6. Foru agindu hau onetsi aurretik urgentziaz egindako jarduketak laguntzen ahalko dira, baldin eta ureztatzaile-elkarteak behar bezala dokumentatu badu eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko teknikari batek egiaztatu baditu kalteak, konponketaren aurretik.

7. Babesteko moduko gutxieneko kopurua 500 eurokoa izanen da, eta gastu diruz lagungarrien artean sartzen ahalko dira memoria tekniko baloratua egiteko eta obren bitarteko aholkularitza teknikoa emateko lansariak, IV. eranskineko muga kontuan hartuta.

8. BEZa ez da diruz lagunduko, salbu eta ezin bada berreskuratu BEZaren arloko foru legeriarekin bat.

9. Kalteak konpontzeko jasotako laguntzen eta bestelako ordainketen zenbatekoak baturik (batez ere aseguru polizetatik datozen ordainketak), ezin izanen da kostu diruz lagungarrien %100 gainditu.

Seigarren oinarria.–Eskabidea aurkezteko epea eta harekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

1. Hilabeteko epea dago laguntza eskabideak aurkezteko, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Interesa duten ureztatzaile-elkarteek dirulaguntzarako eskabideak aurkeztuko dituzte, behar bezala beteta, eta, horiekin batera, agiri hauek:

a) Eskatzailearen IFZren fotokopia.

b) Ureztatzaile-elkartearen Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia eta eskabidea izenpetzen duen pertsonaren legezko ordezkaritza egiaztatzen duen agiriaren fotokopia.

c) Ureztatzaile-elkarteko idazkariak emandako ziurtagiria, konpondu behar diren azpiegiturak elkarte horri atxikiak direla egiaztatzen duena.

d) Kalteei buruzko memoria tekniko baloratua. Memorian frogatuko da 2019ko uztailaren 8an izandako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek kaltetu dituztela azpiegiturak, eta zehatz-mehatz baloratuko da zer jarduketa behar diren horiek konpontzeko.

Ureztatzaile-elkarteko gobernu batzarrak onetsi behar du memoria hori.

Memoria teknikoak adieraziko du proposatzen diren konponketa obrak aurretik daudenetara egokitzen direla edo horiek aldatzea dakartela. Kasu horretan, diruz lagungarriak izanen dira, soilik, kostuak murriztea dakartenak; inguruabar hori memorian frogatu beharko da.

e) Honako hau adierazten duen deklarazioa: beste entitate batzuei xede bererako bestelako laguntzarik eskatu ote zaien eta/edo laguntza horiek jaso diren, edo aseguruaren konpentsaziorik izan ote den, eta, hala bada, laguntza horiek zenbatekoak izan diren.

f) Datu fiskalak eta Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak egiaztatzeko Nafarroako Gobernuari emandako baimena.

Zazpigarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena eta laguntzen ordainketa.

1. Eskaerak harturik, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak egiaztatuko du seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazioa aurkeztu dela. Agiri guztiak ez badaude, gehienez ere 10 egunean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak daudenean, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak egiaztatuko du betetzen direla eskatutako baldintzak. Horretarako, bidezkoak diren kontrolak egiten ahalko ditu, bereziki egiaztatzeko ea kalteen memoria baloratuak bat egiten duen oinarri arautzaileen xedearekin.

3. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikari batek ebaluatuko du memoria teknikoa, eta zehaztuko du kalteak konpontzeko aurrekontu babesgarria zein den eta zenbateko laguntza dagokion, foru agindu honen IV. eranskinean jasotako erreferentziako gehieneko prezioak kontuan harturik.

Kalteak konpontzeko behar diren obra unitateen prezioak ez badaude IV. eranskinean, TRAGSA enpresa publikoak 2019an indarrean dituen prezioak hartuko dira erreferentziatzat.

4. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ebazpen proposamena eginen du, laguntzak emateko, eta ebazpen arrazoitua emanen da. Berariaz aipatuko dira ezetsi diren eskaerak.

5. Laguntzak emateko ebazpena jakinarazi gabe hiru hilabeteko epea iraganik, ezetsitzat jotzen ahalko da eskaera, isiltasun administratiboaren ondorioz.

6. Laguntza eskaeraren xede diren ondasunen konponketak edo aldaketak egin ondoren eta egindako gastua eta ordainketa justifikatu ondoren emanen da betebeharra onartu eta ordaintzen duen ebazpena. Horretarako, fakturak eta ordainketen ziurtagiriak aurkeztuko dira Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuan, eta behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egiten ahalko dira, baita laguntzen onuradun diren ureztatzaile-elkarteei beharrezkotzat jotzen den informazioa eskatu ere.

7. Diruz lagundutako jarduketak gauzatzeko eta onuradunek horiek justifikatu eta aurkezteko duten epea 2020ko uztailaren 31n amaituko da.

Jarduketak gauzatu eta ordaindu direla justifikatzen duen dokumentazioarekin batera, onuradunak deklarazio bat aurkeztu beharko du, eta hartan adieraziko du eskaera aurkeztu den egunerako beste entitate batzuei xede bererako bestelako laguntzarik eskatu ote zaien eta/edo laguntza horiek jaso diren, edo aseguruaren konpentsaziorik izan ote den, eta, hala bada, laguntza horiek zenbatekoak izan diren.

8. Ezarritako epean jarduketak ez gauzatzeak eta funtsak diruz lagundutako jarduketetan ez erabiltzeak kobratzeko eskubidea galtzea ekarriko dute.

Zortzigarren oinarria.–Onuradun diren ureztatzaile-elkarteen betebeharrak.

Laguntza hauen onuradun diren ureztatzaile-elkarteek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntzaren xedeko nekazaritza azpiegituretako kalteak konpontzea.

b) Funtsak dirulaguntzaren xederako erabiltzea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak onartu edo ematen dituen laguntzen gainean egiten dituen egiaztapenak onartzea.

d) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, baldin eta beste administrazio publiko batzuei edo estatuko nahiz nazioarteko entitate publiko edo pribatuei bestelako laguntzak eskatzen bazaizkie, xede bererako, edo laguntza horiek jasotzen badira. Halaber, aseguruaren konpentsaziorik izan ote den ere jakinarazi beharko da.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritakoa betetzeko, zer helburu zehatzetarako eman zen dirulaguntza, onuradunak helburu horretara bideratu beharko ditu ondasunak. Gutxienez zazpi urte iragan arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak badira, edo bi urte iragan arte, bestelako ondasunak badira.

Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

f) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

g) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitateak beharturik daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta horiek gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Edozein kasutan, foru legearen 3. artikuluko c) letran jasotako entitateen kasuan, ebazpen honen 2. puntuan aipatzen den gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren arabera, honako hauei buruzko informazioa jasoko da, jendaurrean jarri ahal izateko: gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaketa; karguen zerrenda eta haien dedikazio araubidea, lansari gordinak eta entitateak kargu bakoitzarengatik jasotzen dituen diru konpentsazioak, kontzeptuen arabera zehaztuta, eta urteko kontuak.

2. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarren oinarria.–Ez-betetzeen kontrola eta graduazioa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak begiratuko du ea dirulaguntzak emateko baldintzak betetzen diren eta inbertsioak behar bezala egiten diren, eta horretarako behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak egiten ahalko ditu; bidezkotzat jotzen duen informazioa ere eskatzen ahalko die laguntzen onuradunei.

2. Foru agindu honetan ezarritako konpromisoak ez betetzeak ekar dezake emandako dirulaguntza ukatzea edo jasotako laguntzak itzuli behar izatea, osorik edo hein batean, kasuaren arabera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3. Deialdi honen zortzigarren oinarrian diruz lagundutako ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli beharko da, 11/2005 Foru Legearen II. tituluko I. kapituluan ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita egonen da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu justuz eskuratu direla edo merkataritza- zein industria-establezimendu batean eskuratu direla, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan.

4. A posteriori egindako egiaztapenetan atzematen bada ez dela jakinarazi xede bererako bestelako dirulaguntzak edo konpentsazioak jaso direla, zortzigarren oinarriaren d) apartatuan adierazi bezala, jasotako laguntza osorik itzuli beharko da.

5. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamaikagarren oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, Nafarroako Foru Komunitatean 2019ko uztailaren 8an izandako aparteko euriteek eta uholdeek ureztatzaile-elkarteen nekazaritzako azpiegituretan eragindako kalteei aurre egiteko laguntzei buruzko fitxan.

Hamabigarren oinarria.–Bateragarritasuna.

1. Laguntza hauek bateragarriak eta subsidiarioak dira Foru Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin. Onuradunak jakinarazi egin beharko ditu bai helburu bererako eskatzen dituen laguntzak bai azkenean lortzen dituenak.

2. Aurreko paragrafoko laguntzen metaketa gertatuz gero, 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

3. Honako hauei gehitzen ahal zaizkie laguntza hauek: a) Estatuaren beste edozein laguntza, baldin laguntza-neurri horiek beste kostu diruz lagungarri eta identifikagarri batzuetarako badira; b) Estatuaren beste edozein laguntza, kostu diruz lagungarri berberetarako, izan partez edo izan osoki gainjarrietarako, soil-soilik baldin metaketa horrek berekin ez badakar laguntza horri aplika dakiokeen gehieneko laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea, kontuan izanik erregelamendu honen arabera aplikatu beharrekoa. 5. oinarriaren 3. apartatuan ezarrita dagoen bezala, osagarritasuna eta subsidiariotasuna ezartzeko, ordena honi jarraikiko zaio: lehenik eta behin, izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioak, eta gero, bestelako laguntzak; hots, antzeko egoeretarako Estatu mailan edo Europar Batasunean egon litezkeenak eta, zehazki, Espainiako Gobernuak ezarritakoak.

4. Laguntzak ez zaizkie gehituko, kostu diruz lagungarri berberetarako, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 81.2 eta 82. artikuluetan jasotako ordainketei, baldin metaketa horrek berekin badakar Erregelamendu honetan ezarritako laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

5. Estatuko laguntza horiek ez zaizkio metatuko kostu berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan ezarritako laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

6. Nekazaritzako ekoizpen potentziala berreskuratzeko inbertsioetarako laguntza –14.4.e) artikuluan jasoa– ez zaio metatuko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasotako kalte materialak konpentsatzeko laguntzari.

III. ERANSKINA

Laguntza eskaeraren gutxieneko edukia

Identifikazioa: .....................................................................................

Izena, IFK: ..........................................................................................

Posta helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa: ................................

Honako hau eskatzen dut: Ureztatzaile-elkartearen nekazaritzako azpiegituretan izandako kalteak konpontzeko laguntza (zenbatekoa, guztira: ...............). Eransitako memoria tekniko baloratuan deskribatzen dira kalte horiek.

Baimena ematen diot Nafarroako Gobernuari nire datu fiskalak eta Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak egiaztatzeko eta aurkezturiko dokumentazioari buruzko datuak administrazio eskudunetik jasotzeko, foru agindu honen I. eranskinaren 6. oinarrian aipatzen diren horiek, hain zuzen. Hitz ematen dut Nafarroako Gobernuak laguntza hauen inguruan egiten dituen kontroletan lagunduko dudala.

Helburu bererako beste laguntzarik eskatu da? Adierazi BAI/EZ. Erantzuna baiezkoa bada, eskabideari, emandako zenbatekoari eta, hala denean, jasotakoari buruzko dokumentazioa aurkezten dut.

Tokia, eguna eta sinadura: .................................................................

IV. ERANSKINA

Erreferentziako gehieneko prezioak

OBRA UNITATEAREN DEFINIZIOA

euro/unitatea

Botatako erretenetako kaxa eta sekzio osoetatik heldu diren materialak kentzea, m³ bakoitzeko

10,00

Hustubideetatik legarrak mekanikoki kentzea, m³ bakoitzeko

2,00

Erretenetatik (<0,05 m³/ml) legarrak kentzea, metro lineal bakoitzeko

2,00

Jalkinez beteta dauden eta sarbide zaila duten erretenetik legarrak eskuz kentzea, metro lineal bakoitzeko

8,00

Jalkinez beteta dauden erretenetatik legarrak mekanikoki kentzea, metro lineal bakoitzeko

5,00

Kareharrizko babes-lubeta, m³ bakoitzeko

35,00

Saneatzeko errefus-boloak, m³ bakoitzeko

18,00

Material hautatuarekin egindako lubeta trinkotua, erretenen eta hodien oinarrietarako, betelan berezietarako eta bideen zoladurarako, m³ bakoitzeko

22,00

Berreskuratutako eta hautatu gabeko materialarekin egindako lubeta, erretenen estaldurarako, m³ bakoitzeko

3,00

Toki zehatz bateko erauzketa mekanikoa, botatako erreten-kaxak lehengoratzean eta estradosaren hutsunea betetzean, m³ bakoitzeko

9,00

Kofratua, botatako erreten-kaxak lehengoratzean, m² bakoitzeko

18,00

HM-20 hormigoia, erreten-kaxak lehengoratzean, m³ bakoitzeko

75,00

HM-20 hormigoizko erretena osorik lehengoratzea, gehienez ere 90 x 53 cm-ko sekzioa, eskuzko kofratuaren bidez, edo sekzio baliokidea. Metro lineal bakoitzeko

93,00

Gehienez 1.000 mm-ko hormigoizko tutua, metro lineal bakoitzeko

77,00

Gehienez 600 mm-ko hormigoizko tutua, metro lineal bakoitzeko

33,00

HM-20 hormigoia, erretenetako euskarri zehatzetan, m³ bakoitzeko

70,00

Bidearen zoladura harrotzea, profilatzea eta trinkotzea, bertan materiala bota gabe, m² bakoitzeko

0,52

Bidearen zoladura harrotzea, profilatzea eta trinkotzea, bertan materiala bota gabe, m² bakoitzeko

0,25

Bideko zoladuran betegarria (e=2 cm), m² bakoitzeko.

0,44

Oharra.

Prezioak erabat amaiturik dauden obra unitateei buruzkoak dira, eta horiek gauzatzeko behar diren material guztiak, laneskua eta makinak hartzen dituzte barnean. Prezio horiei BEZa aplikatuko zaie.

Un.: memoria tekniko baloratua egitea (obra gauzatzeko aurrekontuaren gaineko %2, gehienez, edo 1.250 euro, gutxienez 250 euro)

Un.: obren bitarteko aholkularitza teknikoa ematea (obra gauzatzeko aurrekontuaren gaineko %2, gehienez, edo 1.250 euro, gutxienez 250 euro)

Iragarkiaren kodea: F1916020