251. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

227E/2019 EBAZPENA, abenduaren 10ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Zuntz optikoaren linea kanalizatzeko eta ezartzeko proiektua, A-21 adarra-Esa”, Esako udal-mugartean. Sustatzailea NASERTIC da.

2019ko irailaren 6an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuko jarduketaren xedea da lurpeko kanalizazio bat ezartzea, zuntz optikoaren bidez konektatzeko A-21 autobidean, 47+610 KPan (TRP-18S) dagoen 100x100 kutxatila eta NA-2420 errepideko 38+870 KPan, Esako osasun etxearen parean, dagoen D motako kutxatila (TRP-01). Horretarako, lurpeko 58 metroko kanalizazio bat erabiltzea aurreikusten da, egun dagoena, azpiegiturari itsatsitako kanalizazioa egitea 90 metrotan, eta mikrozangak egitea 367 metrotan (0,8x0,40 cm). Kanalizazio horrek 40mm-ko diametroko PEAD hodi hirukoitza izanen du, hondoan hormigoiztatua eta gurutzatzen duen inguruaren araberako estalkiarekin. Horrez gain, kablea pasatzeko kutxatilak trazaduran zehar jartzea ere aurreikusten da. Kanalizazio berria A-21 eta NA-2420 errepideetan barna doa (horien bermetan eta bazterbideetan barna).

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren eta Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txostena jaso da espedientean. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Zuntz optikoaren linea kanalizatzeko eta ezartzeko proiektua. A-21 adarra-Esa”, Esako udal-mugartean. Sustatzailea NASERTIC da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

Proiektuko kanalizazioa Erronkariko Errege Altxonbidea abelbidearen gainean joateak berekin ekarriko du Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuak dagokion okupazio kanona kobratzea. Kalte-ordainak bost urtean behin ordainduko dira. Ordainketa bakoitzean, 157,50 euro pagatuko dira, eta, lehenengoan, gainera, 159,25 euroko zenbatekoa ere bai; hartara, guztira 316,75 eurokoa izanen da lehendabiziko ordainketa hori. 30 urte iraganda hasierako baimena eman zenez geroztik, baimena berritu beharko da, edota aldi bateko okupaziorako baimena bertan behera geldituko da.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Kablea kanalizatzearen eta ezartzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

Hirigintza arlokoak:

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Sustatzaileak behar diren baimenak lortu beharko ditu instalazioak Nafarroako Foru Komunitatearen jabetzapeko ondasunetan eragiten dituen ukipenetarako. Baimen horiek Ondare Zerbitzuan tramitatzen dira.

–Trazadurak errepide sarea ukitzen duenez, lanei ekin aurretik sustatzaileak beharrezko baimena eskuratu beharko du Herri Lanen Zuzendaritza Nagusian.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Esako Udalari, Basozainei (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitateari) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 10ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F1915866